EUSKALDUN BATEN KONTSEILUAK
MONTEVIDEO-KO PRESIDENTARI

 

                Airea: «Gernikako arbola...»

 

Mila-zortzi-lau-hogoi-hamalaugarrena

Montevideo-ko jendia oroituko dena:

President bat hautatzen izan dute lana [1],

Gaizki ateraturik aintzinetik plana,

Denentzat ezin izan, baten behar dena.

 

Hogoi-ta-bi egunez izan da partida;

Bakotxa bere alde okupatu dira;

Azkenian bat igan da beheretik gora;

Presidentzialeko kaderean hor da

Ohore handietan Idiarte Borda [2].

 

Orai jarria zira guzien gainian,

Gauzen ontsa ikusteko leku ederrian.

Zenbait gaizki ibilirik zu ziren lekuian,

Lautarikan hiru gaude miserian,

Zure beharra dugu artzeko lanian.

 

Zure esperantzan gaude guziak begira,

Bertzek baino hobeki dezakezun gida.

Lehengo urratsetan ibiltzen bagira,

Republika huntarik joan beharko gira,

Bertzetan xerkatzera laneko segida.

 

Hori guziendako malur heldu baita,

Ontsa gida gaitzazu, zu zira gure aita,

Makurren xuxentzaliak egiten du falta:

Ez zazula nehori, gaizki eginik barka,

Injustuki ez dezagun nehor gaizki trata.

 

Zuretzat on ez dena, atxik azu urrundik,

Gorri ala zuri den ein gabe kasurik,

Izan nahi baduzu errespetaturik.

Justizia egiteko ez izan beldurrik,

Bertzela ez duzu izanen herrian bakerik.

 

Legiak einak dira munduan guzien;

Justiziako «vara» atxik-azu zuzen,

Pobrendako bezala berdin aberatsen,

Denek jakin dezagun gaizki eitia zer den,

Nehork erraitekorik izan ez dezaten!

 

Zuhaurek ekarzkitzu aldeko lagunak,

Beren herria maite duketen gizonak!

Ontsa atera zaitzu aintzinetik planak,

Bertzek baino hobeki egiteko lanak,

Zuretzat izan diten obrak eta famak!

 

Karga handien azpian jarria zirade,

Izan duzun kargua gora izanik ere;

Lurrian dena ezin altxa laguntzarik gabe,

Ein ahala egizu herriaren alde,

Zure obra ederren, denak beha gaude.

 

Zure baitan daukagu gure esperantza,

Laguntzalerik gabe ez gitazke altxa,

Beharretan girela badakizu ontsa.

Jendeak hartuz geroz zutan konfiantza,

Zuk ere ez dukezu laguntzalia falta.

 

Ez duzu aise eginen guzien gogora,

Jelosian daudener ez zitela fida,

Nahi dutena egiten usatuiak dira.

Ontsa erakusteko jin zaizu tenora,

Pasatzera ez utzi. orai da denbora.

 

Lur hau baino hoberik nehun ez da ageri,

Hunek eman dezake jatera orori;

Fruituia emaiten du, landatuz nun nahi;

Zaintzen ahal baduzu, zu zira nagusi;

Ontu gabe jatera ez utzi nehori!

 

Eiten ahal baduzu hoi, zer balentria,

Bertzerenaren uzten zuk erakustia!

Ez duzu aise eginen zenbaiten zaintzia;

Axeriaren pare dute malezia;

Nekez ahanzten zaie behin ikasia.

 

Ez zaitela fidatu, egin zazu kasu!

Makur xerkatzailiak izanen dituzu,

Heiek zure menian beti atxik zaitzu!

Tzarrak onen aldetik urrun ezarzkitzu!

Sagar usteldu batek, on hainitz galtzen du.

 

Hainitz ariko zaitzu, gostura xerkatzen,

Sekulan ez baitute gauza onik pentsatzen:

Xistera bat eskuan zaituzte pintatzen,

Zenbait puntan har-eta has zaite botatzen,

Zuretzat on ez dena kanporat igortzen.

 

Nahi gabe ezartzen zaituzte ohoretan,

Euskal Herrietako moda ederretan,

Erakus diezozute, obra guzietan,

Ez zirela bakarrik «vasco» arropetan,

Euskaldunen odola duzula zainetan!

 

Euskaldunen sinestia, hau da zuretako,

Makurrak dituzula ontsa arranjatuko;

Uste dugu ez girela hortan tronpatuko,

Denbora jinen denian obren ikusteko,

Oihu eginen dugu: «Emak-hor, Juazinto!».

 

Gizonek egin obrak ez ditazke gorda,

Guziek bistan dugu Artigas-en obra [3],

Konfidantzan emana, zure eskuian hor da:

Hori, behar bezala ditaken kontserba,

Entsegu bat egizu, Idiarte Borda!

 

Barneko eta kanpokoek elgar hartu-eta,

Nehor ibili gabe kontrario keta,

Luma eta ezpata elgarrekin junta,

Ideia on batian gauzak ontsa planta,

Holako gobernuak egiten du falta.

 

Kopia hau har zazu Euskaldunetarik,

Mendiague-ek emanik, San Jose herritik [4]:

Estimatzen zaitugu, guk gure aldetik,

Ez dugu esperantza zu baino hoberik,

Kontent gira izanen zutaz gidaturik.

 

Jose Mendiague

 

        [1] Zinez «lanak izan zituzten» deputatuek Montevideon, 1894eko martxoan, president bat ezin hautatuz, 22 egunen buruan, 32. itzulian, hautatu zutenaz geroz Juan Idiarte Borda, 50 urteko enpresa-gizon euskalduna.

        [2] Uruguay-ko Mercedes hirian, 1844eko apirilaren 20ean sortua zen Juan Idiarte-Borda, Pierre Idiart-Borda Armendariztarraren eta Marie Soumastre Donibane-Lohizundarraren semea. Bere anaia Pedro-rekin pilotari fama handikoa izana zen gaztetan. Bestalde bai 1867ko izurritean, bai 1870eko gerlan, kuraie gaitza erakutsi omen zuen. 1872an Matilde Baños-ekin ezkondu zen eta behin aitaren ondotik etxeko ontasuna zuhurki gobernatu zuen. Gero sartu zen politikan, aitaren bidetik, «gorrien» alde, deputatu, senatari eta azkenik president gisa. Komunikabideen ontzeko eta gobernuaren larderia finkatzeko lan gogorra egin omen zuen; gogorregia menturaz. Dena den, 1897ko abuztuaren 25ean, Montevideoko katedraletik ateratzean, tiroz hil zuen, Avelino Arredondo gazteak.

        [3] Artigas Jose (1764-1850) izan zen Uruguay-ko lurraldea Argentina-tik bereiz jarri zuen Montevideoko semea. 1814tik 1820 arte ihardoki zuen buruzagi bezala, bainan gero Argentinarrek eta Brasildarrek behartu zuten ihesi joaitera, Paraguay-ko Asuncion herrira, eta azkenean desherrian hil zen, 1850ean, Uruguay-ko errepublikaren aita.

        [4] San Jose departamenduko hiri nagusia da «San Jose de Mayo» deitzen den hiria, 100 bat kilometro Montevideotik. Hiri horren historia aski ongi ezagutzen duen Daniel Ramela jaunari esker jakin dugu, San Jose hiriko katedralean Jose Mendiague ezkondu zela Margarita Gandolla-rekin, 1881-ko martxoaren 29an eta eliza berean bataiatu zituztela ere haien lau haurrak: 1882an Julia, 1883an Maria, 1885ean Martin eta azkenik Francisco; aitabitxi eta amabitxi bezala agertzen direlarik Mendiaguen aldetik Martin Mendiague eta Marie Mendiague. Bagenekien bestalde Jose Mendiaguek eta haren emazte «Margot»-ek hotel bat izan zutela beren gain hiri horretan, bainan oraikoan jakiten dugu ere beste xehetasunik: hala nola 1887an elkarte berri bat sortu zen «Euskaldunak bat» izenekoa, Martin Mendiague buru zuela, Remigio Galdos lehen idazkari eta Jose Mendiague bigarren idazkari. 1888ko azaroan, «El Pueblo» deitu San Jose-ko egunkariak jakinarazten du pilota partida gaitza izanen dela «Mane»ko plaza berria estreinatzeko: Luis Sorhuet eta Pedro Arretche alde batetik, Jose Mendiague eta Belisario Lerena bestetik. 1894eko maiatzean egunkari berak salatzen digu Jose Mendiague partzuergoan sartu dela ja aipatua dugun Remigio Galdos adiskide Gipuzkoarrarekin, tabako lantegi berri bat idekitzeko «Colon» karrikan. 25 langile hartzen omen zituen lantegiak; ez baita guti.

 

 

 


www.susa-literatura.eus