EUSKALDUN GUZIAK BAT

 

                Airea: «Ume eder bat...»

 

Lapurdi eta Baxenabarre, Xuberoa eta Nabarra,

Gipuzkoa eta Bizkaia, zazpigarrena Araba,

Guziek elgar atxik dezagun; neholere ahal bada,

Aiten kostumak segi ditzagun, galdu ez dezagun Ama.

 

Zazpiek elgar atxik dezagun, denek eskuak emanik,

Hiru Frantzian, lau Espainian, aparte izanagatik,

Lehenagoko arrengurak utz, elgar maita bihotzetik,

Euskal Herriak anaiak dira, mundurat sortuz geroztik.

 

Nahiz Frantzian ala Espainian, joan den denbora handian,

Gure mintzaia nahiz galerazi ari dirade lanian;

Ama utzi-eta, Amaizuna har, gerta liteke orduian;

Geldi gaitezen gure Amarekin, hoberik ez da munduian.

 

Horiek hola emanagatik gure kontrako legiak,

Ez dira behar utzi burutik, ttipitikan ikasiak;

Gure lenguaiaz mintza gaitezen Euskaldun kasta guziak,

Gutaz irririk ein ez dezaten Frantziak ez Espainiak.

 

Ikus dezaten oraino ere ez dela arras galdua,

Elgarretarik urrundugatik, hurbil dugula gogua;

Izanagatik bi erresumek Euskal Herria hartua,

Ez dugu behar utzi galtzera elgarren amodiua.

 

Euskal Herriak gaizki gabiltza, joan den aspaldi handian,

Batzu Kastillaz, bertziak Frantsesez ari gira solasian;

Denen ikastia gizonak on du, aise ibiltzeko munduian,

Bainan euskara atxik dezagun ahantzi gabe buruian.

 

Aita euskaraz mintzo da eta semeak arrapostuia:

«Soy vascongado, pero... ahantzi zait, ttipitikan ikasia!».

Ez deia hori, Amarendako, bihotz-erdiragarria?

Berak mundurat eman ondoan, semeak ez ezagutzia!

 

Ama euskara, bihotza triste, nigarrez urturik dago,

Ikusiz semek ez diotela kasurik eiten gehiago;

Eri da eta lagun dezagun; senda ditake oraino;

Orai sendatuz, bizi litake, medeak mende direno.

 

Nigarrez atzo, nigarrrez egun, nigar egiten du beti,

Bere semeak galdu tuela eta nehun ezin kausi;

Hori ez daite mundu hunetan gure aldian baizik bizi;

Zertan gabiltza, nere anaiak, gure Amaren ihesi?

 

Abia gaiten, Ama gaixoari erremedio eitera!

Egin ahala egun dezagun, ez dezagun utz hiltzera!

Gure gatikan bizi da era badugu horren beharra,

Hiltzen bazaiku Ama euskara, guziak galduak gira!

 

Gure semeak, sortu orduko, Euskaldun legean ezar!

Ez diten gure kontra atera hoiek egun edo bihar;

Lehenagokoek erakutsiak ez ditugu ahantzi behar,

Bertze mundutik, guri behatuz, egin ez dezaten nigar.

 

Asko gabiltza, mundu kurritzen, sortu lekuiak utzirik,

Bertze lurretan aberasteko ilusionez beterik;

Bure herriak tristerik daude, beren semeak galdurik,

Gu berriz hemen, hara eta hung, ezin kausituz deus onik.

 

Mendi artian sortuagatik Euskal Herriko jendia,

Norat nahi den atera dadin, denek ontsa ikusia;

Mundu guziak ezagutzen du, guk daukagun noblezia,

Gure aiten aitek, odola ixuriz, guretzat irabazia.

 

Zorioneko itsas-bazterra, Kantabriako [1] zokua,

Gure Jainkoak Euskaldunentzat hori dauka hautatua,

Orai eta lehen mundu guzian beti fama handikua,

Guziek indar egin dezagun izan ez dadin galdua!

 

Denbora batez, gerlari hainitz han ibili izan dira,

Euskal Herriko jendia nahiz bere lurretik atera;

Egin ahalak egin zituzten bainan gaizki joan zaien afera;

Mendi artean dagon lehoina, handik kentzea neke da.

 

Zezar-en ordrez tropak jin ziren Kantabriarat milaka,

Kostumatuak denen ibiltzen beren aintzinean lasterka,

Gero tristerik itzuli ziren gerlari hainitz utzi-eta,

Ez zirotela apal, ikusiz, Euskaldunaren kopeta.

 

Euskal Herriak eman izan'tu biziki gizon handiak,

Bihotzez noble, burua gora, nehoren beldur gabiak,

Beti oihuka: «libro edo hil!» [2], hauk dira gure legiak.

Romano jaunek ikusi'tuzte heiek egin balentriak.

 

Ez deia bada dolueingarri, holako arraza galtzia?

Lehen, gureak ziraden lurrak, bertzen eskutan uztia?

Bakoitza bere lurren nagusi jartzen ari da jendia,

Ez dugu behar galdu esperantza, jin daite gure aldia.

 

Asko presunek erranen dute, burutik joana naizela,

Ilusionez betea, kantuz ari naizelakotz hola,

Bainan ez bada ur bilakatzen Euskaldunaren odola,

Elgarri fidel egon gaitezen, jinen da gure denbora.

 

Gure Aitamen aitek erranak behar ditugu sinetsi:

Ez dela behar gure Herrian euskara baizik onetsi;

Euskaldun sortu, Euskaldun bizi, Euskaldun hil eta ehortzi,

Munduan hori eiten duenak, zerua duke merezi.

 

Mendiague-ren partetik horra Euskal Herrier, goraintzi!

Montevideo-ra gaztetik jina, ez naiz itzuliko naski [3];

Nihaurek ere hortaz badaukat neure baitan pena aski;

Urrun naiz bainan ene bihotza zurekin bizi da beti.

 

Jose Mendiague

«Euskal-Erria», 1912-VIII-04; nº 1

 

        [1] XIX. mendean jakintsun gehienek —nola ez beraz bestek— uste zuten Erromatarren aroan gure Euskal Herria eta «Cantabria» lurralde bera zirela. Gaurregun badakigu behialako «Cantabria» hura, Bizkaiaren haraindian aurkitzen zela eta beraz orduko euskaldun zaharrak ez zirela «Kantabreak», «Uaskonak» baizik.

        [2] «Libro edo hil»; menturaz Uruguay-ko gudari ospetsuenei mailebatu zien Jose Mendiaguek, bere arbasoentzat, oihu hori. Geroztik ordea, «libertatearen» orde «iraultza» oihukatzen ziguten zenbaitzuk.

        [3] Urrunago datorren Kadet Oxandabatatz-i Mendiaguek bidali kantuari esker, zehazten ahal dugu, 18 urte zituela gure bertsulariak, Mon tevideora etorri zelarik, Hazparne bere herritik.

 

 

 


www.susa-literatura.eus