ZAZPIGARREN KAPITULUA
Mantxako Kixote
gure jaun zaldun onaren bigarren irteeraz
Honela zihardutelarik, aldarrika hasi zen Kixote jauna, tankera honetan zioela:
Hemen, hemen nire zaldun bortitzak; hemen probatu behar duzue zuen beso azkarretako indarra; gorte-gizonek guduan parterik hoberena baitaramate.
Hots eta zarata honetara oldartzeagatik, geratzen ziren liburuen azterketarekin ez zuten aurrera segitu; eta honela joan omen ziren surtara, ikusiak eta entzunak izan gabe, Karolea eta Espainiako Lehoia, Abilako Luis jaunak moldatutako Enperadorearen egintzekin, zeinak, dudarik gabe, geratzen zirenen artean baitzeuden, eta, agian, apaizak ikusi balitu, ez baitzuten halako epai gogorretik igaroko.
Kixote jaunari etorri zitzaizkionean, bera bazegoen ohearen gainean zutik, eta bere aldarriei eta ergelkeriei ekiten zien, edonora ganibetkada zuzenak eta zeharrak emanez, inoiz lorik egin ez balu bezain atzarrik zegoela. Hari besarkatu zitzaizkion, eta bortxaz eragin zioten etzatera; eta pixka batean sosegatu ondoren, apaizarekin mintzatzera bihurtu zela, honela esan zion:
Egiatan, Turpin artzapezpiku jauna, guk, mentura-gizonok aurreko hiru egunetan ohore guztiak eraman ondoren, gutiespen haundi da hamabi Pareen izenak dauzkagunontzat, hainbeste gabe gorte-zaldunei gudu honetako garaitza eramaten uztea.
Isil bedi berori, nire pontekide jauna esan zuen apaizak; Jainkoak atsegin hartuko baitu zortea alda dadila, eta egun galtzen duguna bihar irabaz dezagula, eta begira biezaio berorrek berorren osagarriari oraingoz; iruditzen baitzait, gaizki zauriturik ez dago, gehiegi nekaturik dagoela.
Zauriturik ez esan zuen Kixote jaunak, baina bai larruturik eta lurra jota, ez dago batere dudarik; Erraldoi jaun bort hark makilaka eiho bainau arte bateko enborrarekin, eta guztia, inbidiarren, haren balentrian kontrast bakarra neu naizela dakusalako. Baina ez litzateke nire izena Montalbango Reinaldo, nire ohe honetatik jaikitzen naizenean, beraren lilurakeria guztiak gora-behera, ez badit oro batera ordaintzen; eta oraingo jaten ekardazue, nire gaitzen erremediorik seguruena izanen baita, eta mendekantzaren kargua nire kontura bego.
Hala egin zuten; jaten eman zioten, eta gero loak hartu zuen, besteak haren zorakeriaz miresten ziren bitartean.
Gau hartaz inudeak oilategian eta etxe guztian zegoen liburu bedera erre eta kiskali zuen, artxibo betikorretan gordetzeko merezient zirenak ere; hala nahi ukan zuen haren zorionak eta aztertzailearen nagikeriak, hala bete zedin atsotitz zahar hura, gehienetan zuzenek pagatzen dituztela bekatarienak.
Bere adiskidearen gaitza sendatzeagatik orduan apaizak eta barberoak eman zituzten erremedioetatik bat hau izan zen, liburutegia karez eta adreiluz pareta zezatela, jaikiko zenean ez zitzan kausitu (kausa kenduz gero ondorioa iraungiko zela ustean), eta enkantatzaile batek guztiak eraman zituela esan ziezaiotela, gela eta guzti; eta horrela, bizkortasun haundiarekin kunplitu zuten oro. Ordurik bi egunera jaiki egin zen Kixote jauna, eta lehenik bere liburuen bila abiatu zen; eta lehen utzi zuen lekua ez zuelako gela hura edireten, batetik bestera zihoan haren bila. Atea zegoen lekura zetorren, eta eskuez ukitzen zuen, eta begiak edonondik nahasten eta mahasten zituen, ezer esan gabe; baina apur luzexko baten buruan, inudeari galdatu zion non zegoen liburutegia. Inudeak, zer erantzun behar zuen ongi ikasirik, honela esan zion:
Zer gela edo zer jaina bilatzen du berorrek? Etxe honetan orain ez dago ez gelarik ez libururik, oro eraman baitzuen deabruak berak.
Ez zen deabrua esan zuen ilobak, berori hemendik aldendu zen egunaren biharamunean, hodei baten gainean gauez etorri zen sorgin bat baizik, eta zaldun zetorren suge batetik jautsirik, gelan sartu zen, eta ez dakit barrenean zer egin zuen, baina handik gutira hegaz aienatu zen teilatutik, eta etxea kez beterik utzi zuen; eta zertan bukatu zuen begiratzera ausartu ginenean, ez genuen ez gelarik ez libururik ikusi; bakarrik gogoratzen gara guztiz ongi inudea eta biok, agure zahar hark irten zuenean esan zuela garraisi haundietan gero ikusiko zen gaizkia egina zeukala liburuen eta gelaren jabearenganako etsaitasun sekretuagatik. Munaton jakintsua zeritzala ere esan zigun.
Freston esanen zinan esan zuen Kixote jaunak.
Ez dakit esan zuen inudeak, Freston edo Frijiton zeritzanik; bakarrik hau dakit, haren izena ton-ekin amaitzen zela.
Hala duzu esan zuen Kixote jaunak, jakintsu liluragarri bat baituzu, nire etsai eta arerio haundia, begizkoa diadukadana, ongi baitaki, bere arterio eta eskribu ezkutuen bitartez, denborarekin batera etorri beharko naizela, berak behaztoparik ipini ezinik, berak laguntzen baderauka ere, garaitu eginen dudan zaldun batekin gudu bakanean peleatzera, eta horregatik etorrarazten dirauzkidazu ahal dituen buru-hauste guztiak; eta agindu egiten diraukadazu gaizki galarazi eta eragotziko duela zeruak ordenatu duena.
Hortaz, nork egin dezake dudarik? esan zuen ilobak. Baina, nork sartzen du berori, osaba jauna, errierta horietan? Ez litzateke hobe berorren etxean bakean egon, eta ez mundutik joan garia baino labore finagozko ogiaren bila, kontuan hartu gabe asko doazela artile-bila eta datoztela mozturik?
Oi, ene iloba erantzun zuen Kixote jaunak, zein gaizki ateratzen ditunan hire kontuak! Ni larrut nazaten baino lehen, moztuak eta ebakiak ukanen ditinat nire ilearen puntak ukitzera ausartuko zaizkidanen bizarrak.
Biek ez zioten besterik erantzun nahi ukan, amorru errabiatuan pizten zela zekusatelako.
Eta gero gertatu zen etxean egon zela guztiz sosegu trankilean hamabost egunean, bere aurreneko nahikundeak berriztatzeko gogorik erakutsi gabe; eta egun haietan apaiz eta barbero bere pontekideekin ipuinik irrigarrienak ukan zituen, berak esaten zuelarik munduak beharren dituela zaldun ibiltariak, eta berak berpiztu behar zuela zaldieri ibiltaria. Apaizak batzutan uko egiten zion, eta besteetan amore ematen zion, halako hitz-biderik erabiltzen baldin ez bazuen, ez zuelako haren konformidaderik edukiko.
Aldi horretan hitz-bidean sartu zen Kixote jauna beraren auzo nekazari batekin, gizon prestua bera (halako tratamendurik ematen baldin badiogu gizon pobre bati), baina buruaren barrenean oso gatz guti zeukana. Hitz batean, hainbeste esan, horrenbeste laudatu eta honenbeste agindu zionez gero, baserritar gaixoak berarekin jalgitzeko eta ezkutariaren enplegoa betetzeko deliberoa hartu zuen. Beste askoren artean, esaten zion Kixote jaunak, gogo onean joan zedila berekin, agian mentura onen bat gertatuko bailitzaieke, munduko gauzarik errazena bezala uharteren bat irabaziko zutela, eta orduan bertan gobernari izendatuko zuela. Horrelako eta bestelako aginduez, Anso Sabelek, hala baitzeritzan nekazariari, andrea eta seme-alabak abandonatu zituen eta bere auzoaren ezkutari bilakatu zen.
Diruak biltzeko deliberamendura etorri zen Kixote jauna, eta, gauza batzuk salduz eta beste batzuk bahituz, eta guztiak hondatzera botaz, sos-pila polita eskuratu zuen. Errodela batez ere hornitu zen, bere adiskide bati maileguan hartu zion batez; eta ahalik hobekien bere zelata apurtua atondurik, bidera abiatuko ziren orduaz eta lekuaz eman zion abisua Anso bere ezkutariari, behar zuenaz horni zedin hura ere; guztiz ere alprojak eramateko eskatu zion. Bai, esan zuen berak, eramanen zituela, eta berak zeukan astar oso on bat ere eramanen zuela, bera ez baitzegoen oinez ibiltzen ohiturik. Astarragatik erreparo egin zion Kixote jaunak, ea gogoratzen zitzaioan ezkutari astozkoren notiziarik; baina ez zitzaion bat ere oroitzapeneratu; baina hala eta guztiz ere amore eman zuen, parada gertatuko zenean zamari nobleagoaz hornitzeko asmoz, aurkituko zuen lehen zaldun doilorrari zaldia ostuko ziola. Alkandorez eta ahal ukan zituen gainerako gauzez hornitu zen, ostalariak eman zion kontseiluaren arabera; eta hau guzti hau kunplitu eta bururatu ondoren, Sabelek bere emazte eta haurrideengandik eta Kixote jaunak inudeagandik eta ilobagandik despeditu gabe, inortxok ikus zitzan gabe, gau batez atera ziren, eta biharamunean, horregatik, bilatuko bazituzten ere aurkituko ez zituztela segurantzan ezkutatu ziren.
Patriarka baten moduan zihoan Anso Sabel bere astoaren gainean, bere alproja eta zahatoarekin, bere ugazabak prometitu zion uhartean gobernatzeko gutizia haundiarekin. Bere lehen bidaian hartutako abio eta bidea hartuta zegoen Kixote jauna, Montielgo zelaietatik, eta aurreneko biderrean baino tristura gutiagorekin zebilen, goizeko tenorea baitzen, eta eguzkiaren printzek soslai erortzean nekatzen ez zirelako. Honela bere ugazabari esan zion Anso Sabelek:
Begira beu, zaldun ibiltari jauna, aginduta diadukadan uharteaz ez bedi ahantz; guztiz haundia baldin bada ere, gobernatzen jakinen baitut.
Honi erantzun zion Kixote jaunak:
Jakin behar duk, Anso Sabel lagun horrek, irabazten zituzten uharteetako gobernariak bere ezkutariak izendatzeko izan zela behinolako zaldun ibiltarien usadio oso ohitua; eta niregatik halako ekandu eskertuak hutsik eginen ez duela erabakita nagok. Aldez aurretik bertan oparo ekinen diat: zeren haiek, askotan, eta agian gehienetan, bere ezkutariak zahartzeraino igurikitzen baitzuten, eta honela, zerbitzatzeaz eta egun gaitzak eta gau gaitzagoak pairatzeaz nekatu eta aspertu ondoren, kontearen, edo gehienik markesaren titulua ematen ziraukatean, eta gainera erdipurdiko haran edo probintzia batena; baina, hi begiko bahaiz eta ni biziko banaiz, gauza erraza izanen duk sei egunean erreinu haundi bat irabaz dezadala, bere inguruan beste batzuk ukanen dituena, eta beraz horietatik baten erregetzat hautatuko haut. Eta ez eukak gehiegitzat; inoiz ikusi eta pentsatu gabeko kausengatik, ni bezalako zaldunoi halako kasu bakanak gertatzen zaizkigunez geroztik, aisia eman diezaiaket agindua baino haboro.
Horrela erantzun zuen Anso Sabelek, berorrek esaten dituen mirakulu horietatik bategatik erregea banintz ni, Joana Gutierrez nire uztarkidea erregina litzateke, eta nire haurrak printzipeak lirateke.
Baina, nork egiten du dudarik? erantzun zuen Kixote jaunak.
Nik ihardetsi zuen Anso Sabelek; nire iritzia baita Jainkoak erreinuzko euria isuriko balu ere lurraren gainean, batere ez litzatekeela eroriko Mari Gutierrezen buruaren gainean. Jakin beza, jaun horrek, erreginarako ez duela balio bi marai; kontesatzat hobeki ikusiko nuke, Jainkoa mediante.
Gomenda iezaiok hik Jainkoari, Anso erantzun zuen Kixote jaunak; berak gehien komeniko zaiona emanen baiteraukoat; baina ez ezak hire bihotza tipitu, eta adelantuarena baino titulu umilagoarekin ez hadi konforma.
Ez naiz konformatuko, ene jauna erantzun zuen Ansok, eta are gutiago berori bezalako hain ugazaba printzipala daukadanean, ongi etorriko zaidana, ongi eramanen dudana ematen jakinen didana.