SEIGARREN KAPITULUA

Gure aiton-seme argitsuaren liburutegian

apaizak eta barberoak egindako

azterketa dohatsu eta zehatzaz

 

...hau oraindik loak harturik zegoela. Ilobari eskatu zizkion liburu kaltearen egileak zeuden gelako giltzak, eta honek oso gogo onean eman zizkion. Barrenean sartu ziren guztiak, eta inudea haiekin, eta ehun liburu lodi eta are gehiago mehe aurkitu zituzten, guztiak larru dotoreen barrenean; eta inudea, ikusi zituen bezain laster, agudo jalgi zen gelatik, eta gero katilu bete ur benedikatu eta hisopo batekin itzuli zen, eta honela esan zuen:

        — Har beza berorrek, lizentziatu jauna; gela hau busti beza ur honez, ez bego hemen liburu hauetan daudenetatik batere belagile, eta mundu honetatik jaurtiki nahi ditugula, ez gaitzatela enkanta.

        Barre-nahi eragin zion apaizari inudearen tolesgabetasunak, eta barberoari agindu zion banan-banaka eman ziezazkiola liburu haiek, ea zertaz tratatzen zuten, zeren haien artean surtarako kondena merezi ez zutenak ere baileudekeen.

        — Ez —esan zuen ilobak—, ez da bat ere barkatu behar, guztiak izan baitira kaltegarriak; hobe leihotik kanpora botatzen baditugu guztiak, eta etxaurrean pila bat eginik, guztiak erretzen baditugu; edo are hobeki oilategira eramaten baditugu, bertan surtarako keak ez baitigu minik emanen.

        Hura berbera esan zuen inudeak, hain bortizki gutiziatzen baitzuten erru-gabe haien heriotza; baina apaiza, liburuen izenik jakin gabe, ez zen konformatu, eta maisu Nikolasek eskuartera eman zion lehena, Gaulako Amadisen laurak izan ziren, eta esan zuen apaizak:

        — Gauza misteriotsua dirudi honek; zeren, esaten entzun dudanez gero, Espainian inprentaratu zen zaldierizko lehen liburua hau baitzen, eta gainerako guztiek harengandik hartu dute hatsa eta oinarria; eta horrela iruditzen zait, hain erlijio gaiztoaren dogma-emalea bezala, batere desenkusarik gabe, surtara kondenatu behar dugula.

        — Ez, jauna —esan zuen barberoak—, idatz-taxu honetan konposatu direnen artean hoberena dela ere entzun baitut; eta honela, arterio horretan bakarra bezala, barkatu egin behar dugu.

        — Hala da egia —esan zuen apaizak—, eta arrazoi horregatik oraingoz bizitzea gordetzen zaio. Beraren ondoan dagoen beste hori ikusagun orain.

        — Esplandianen zergak dira —esan zuen barberoak—, Gaulako Amadis legezko semea.

        — Baina egiaz —esan zuen apaizak—, ez da semea aitaren ondadeaz baliatuko. Har ezazu, inude andrea: leiho hori zabal ezazu, eta oilategira jaurtiki ezazu, eta eginen dugun surtarako pilari emaiozu hasiera.

        Bozkario haundiarekin egin zuen horrela inudeak, eta Esplandian urrikaria hegaz joan zen oilategira, mehatxatzen zion suari pazientki itxarotera.

        — Aitzina —esan zuen apaizak.

        — Orain datorren hau —esan zuen barberoak— Greziako Amadis duzu; eta alde honetako guztiak Amadis horren leinu berekoak ditugu.

        — Bihoaz guztiak oilategira —esan zuen apaizak—; erregina Pintikiniestra, eta artzain Darinel, eta beraren eglogak, eta beraren egilearen arrazoi deabru eta nahasi guztiak erretzeagatik, zaldun ibiltariaren itxuran balebil, bizitza eman zidan nire aita bera erreko bainuke nik.

        — Iritzi horretako naiz ni ere —esan zuen barberoak.

        — Eta ni ere —gehitu zuen ilobak.

        — Hala baldin bada —esan zuen inudeak—, betoz guztiak oilategira.

        Eman egin zizkioten, anitz baitziren, eta eskailerari nekea gorderik, leihotik behera bota zituen guztiak.

        — Nor da upel hori? —galdatu zuen apaizak.

        — Hori da —erantzun zuen barberoak— Jaun Olibante Laurako.

        — Liburu honen egilea —esan zuen apaizak— Loreetako Baratzea eskribatu zuena berbera zen; eta egiatan ez nukeela esaten jakinen bietatik zeinek dituen egia gehiago, edo zeinek dituen gezur gutiago; ergela eta harroa delako hau ere oilategira joanen dela dakit bakarrik.

        — Orain datorren hau Hirkaniako Florismarte da —esan zuen barberoak.

        — Florismarte jauna dagoa hor? —ihardetsi zuen apaizak—, alafedea berehala gertatuko dela oilategian bere jaioera eta eginkari sonatuak gora-behera; bere eskribaeraren gogorkeriak eta lehorkeriak besterako motiborik ez baitu ematen. Oilategira hau, eta horko beste hori ere, inude andrea.

        — Atsegin dut, nire jauna —erantzun zuen emakumeak; eta alaitasun haundiarekin kunplitzen zuen agindua.

        — Hau Platir Zalduna da —esan zuen barberoak.

        — Liburu zaharra da hori —esan zuen apaizak—, eta bertan perdunantza merezitzeko bertuterik ez diot ikusten. Gainerakoei lagun bekie, batere aitzakiarik gabe.

        Eta hala egina zen. Beste liburu bat zabaldu zuten eta izenburutzat Gurutzearen Zalduna zeukala ikusi zuten.

        — Liburu honek duen izen hain santuagatik, beraren ez-jakintasuna barkatuko nioke; baina atsotitza dago «Gurutzearen atzean deabrua dagoela»: Surtara bihoa.

        Barberoak beste liburu bat hartu zuela, honek esan zuen:

        — Hau Zaldierien Miraila da.

        — Ongi ezagutzen dut hori —esan zuen apaizak—. Hor Reinaldos Montalban jauna dabil, bere adiskide eta lagunek, guztiak Kako baino lapurragoak, eta hamabi Pareak, egiazko Turpin historiagilearekin; eta egiaz bakarrik kondenatuko nituzkeela betiko deserrira, Mateo Boiardo ospatuaren imintzioan bere partea dutelako baizik baldin bada ere, hortik ere irun zuelako bere ehuna Ludobiko kristau poetak ere; eta hori ere, hemen aurkitzen baldin badut, eta berea ez den hizkuntzaz mintzatzen baldin bada, ez diot batere errespeturik gordeko; baina bere hizkuntza naturalaz mintzatzen baldin bada, nire buruaren gainetik jarriko dut.

        — Nik, bada, italianoz daukat —esan zuen barberoak—, baina ez dut ulertzen.

        — Zuk ulertzea ez legoke ongi —erantzun zuen apaizak—, eta bere izaerazko balioa gutitu zuela, hemen barkatuko genioke, eta, Espainiaratu eta gaztelaniaratu zuen kapitainari; berdin portatuko baitira beste hizkuntza batera bertso-liburuak itzuli nahi dituztenak orok; arta eta trebetasun haundia erakusten badute ere, beren aurreneko jaioeran lortu zuten puntura ez baitira inoiz ailegatuko. Hala diot, beraz, liburu hau eta Frantziako gauza horiez tratatzen duten guztiak, hortik edireten ditugunean, putzu lehor batean jaurtiki eta bil daitezela, begiramendu gehiagorekin ikus dezagun arte haiekin zer egin behar dugun; baina ez hortik dabilen Bernat Karpioko bat eta Orreaga izeneko beste bat; zeren hauek, nire eskuetara hel daitezenean, nireetatik inudearenetara igaroko dira, eta harenetatik surtara, batere gupidarik gabe.

        Hau guzti hau konfirmatu zuen barberoak, eta ontzat eta oso gauza zentzuduntzat hartu zuen, hala iritzi baitzuen apaiza hain kristau on eta egia-zalea zenez gero, munduko gauza guztien truk, ez zuela egia baizik inola esanen. eta beste liburu bat ireki zuela, Palmerin Olibako zela ikusi zuen, eta beraren aldean Palmerin Ingalaterrako izeneko beste bat zegoela; eta lizentziatuak hau ikusita, hala esan zuen:

        — Oliba hau zerratan apur bedi gero, eta erre bedi, ez dadin haren hautsik ere gera; eta Ingalaterrako palma hori gauza bakar bat bezala gorde eta kontserba bedi, eta horretarako Darioren hondakinen artean Alexandrok ediren zuena bezalako beste kutxa bat egin bedi, hark Homero poetaren lanak gordetzeagatik eratu baitzuen. Liburu honek, nire pontekide jauna, arrazoi birengatik dizu agintaritza: lehena, berez delako ona; eta bestea, erantzutea dagoelako Portugalgo errege zuhur batek idatzi zuela. Miraguardako gazteluko azaña guztiak guztiz onak ditugu, eta arterio nabarmenekoak; arrazoiak, giza-legezkoak eta argiak, garbitasun eta adimendu haundiarekin mintzatzen den prestutasuna begiratzen eta gordetzen baitute. Hala beraz, zure iritzia bestelakoa baldin ez bada, Nikolas maisu jauna, hau eta Gaulako Amadis libra ditzagun surtatik, eta gainerako guztiak, luzamendu gehiagorik gabe, gal bitez.

        — Ez. pontekide jauna —ihardetsi zuen barberoak—; hemen daukadan hau Belianis jauna sonatu hura baituzu.

        — Horrek, baina —erantzun zuen apaizak—, beraren bigarren, hirugarren eta laugarren parteekin, daukan kolera gehiegia purgatzeagatik, arroxina apur bat behar du, eta Famaren gazteluaren hura eta garrantzia gehiagoko gainerako marrukeriak kendu behar zaizkio, eta horretarako epe luzea ematen bazaie ere, zentzatu eginen dira, eta orduan miserikordia eta justizia eginen zaie; eta bitartean, zuk eukizu, pontekide horrek, zure etxean; baina inori ez iezaiozu irakurtzen utz.

        — Atsegin dut —esan zuen barberoak.

        Eta zaldierizko liburu gehiago irakurtzean nekatu nahi gabe, haundi guztiak har zitzala eta oilategira eraman zitzala agindu zion inudeari. Ez zion ero edo gor bati esan, haundia eta mehea izan arren oihal bat bota baino erre nahiago zituen bati baizik; eta zortzi batera harturik, leihotik jaurtiki zituen. Hainbeste hartuagatik, bat erori zitzaion barberoaren oinetara, eta honek zein zen ikusteko gogoak eraginda egin zuen hartu, eta zein zen egin zuen ikusi: Tirante Zuria zaldun ospetsuaren Historia.

        — Jainkoa bekit balia! —esan zuen apaizak, aldarri haundi batean—, hemen baitago Tirante Zuria! Ekar ezazu hona, pontekidea; kontu egiten baitut horrekin pozkidazko gordailu bat eta denbora-pasazko meha bat ediren dudala. Hementxe diagotzu Montalbango Kirieleison jaun balenta, eta Montalbango Tomas beraren anaia, eta Iturrilehor zalduna, Alanorekin Tirante adoretsuak ukan zuen guduarekin, eta Nirebizitzakoatsegina neskatxaren zorroztasunak, Atsedendua alargunaren maitasun eta enbusteekin, eta Hipolito bere ezkutariaz amoraturik zegoen Enperatriz anderea. Egia diotsut, pontekide jauna, bere edertasunagatik munduko libururik hoberena dela hau; hemen zaldunek jan egiten dizute, bere oheetan hiltzen dituzu, eta hil baino lehen testamentua ematen dizute, eta taxu honetako gainerako liburuak gabeturik dauden beste gauza askorekin. Honekin guzti honekin, merezia zeukala, diotsut, eskribatu zuenak, artazko hainbeste ergelkeria ez baitzizun egin, bere bizitzako egun guztietarako, galeretara igor zezatela. Etxera eramazu, eta irakur ezazu, eta diotsudan guztia egia dela ikusiko duzu.

        — Hala izanen da —erantzun zuen barberoak—; baina, hor geratzen diren horiekin zer eginen dugu?

        — Horiek, agian —esan zuen apaizak—, ez dituzu zaldierizkoak, poesiazkoak baizik.

        Eta bat zabaldurik, Jurgi Montemaiorren Diana zela ikusi zuen, eta gainerako guztiak taxu horretakoak zirela ustean, honela esan zuen:

        — Hauek ez dute erretzerik merezi, besteek bezala, zaldierizkoek egin duten bezainbeste kalte ez baitute egiten, ez baitute eginen; hirugarren baten kalterik gabe, adimenduzko liburuak baitira.

        — Ai, jauna! —esan zuen ilobak—, Besteak bezala horiek erretzea egin beza berorrek; ez bailitzateke asko, nire osaba jauna zaldierizko eritasunetik sendatu ondoren, hauek irakurririk, gogora etor lekiokeela bere burua artzaintzat hartzea, eta oihan eta basoetatik kantuz eta txistuz ibiltzea, eta are gauza gaitzagoa, bere burua poetatzat hartzea, sendatzerik gabe eta kutsutasun haundiko eritasuna baita, omen.

        — Egia dio neska honek —esan zuen apaizak—, eta gure lagunari aurretik behaztopa eta okasioa kentzea ona izanen da. Eta Montemaiorren Dianarekin hasi baikara, erre ez dezazula deritzat, baina ken dezagun bertatik Felizia jakintsuaz eta ur enkantatuez dioena, eta bertako bertso nagusi gehienak, eta ordu onean gera bedi hitz-lauzkoa, eta horrelako liburuen artean lehena izateko ohorea.

        — Hemen datorren hau —esan zuen barberoak—, Salamankatarraren bigarrena deitutako Diana da; eta beste hau, izen bereko beste bat da, eta Gil Polo da haren egilea.

        — Salamankatarrarenak —esan zuen apaizak— lagun eta gehi bitza oilategian daudenak, eta Gil Polorena, Apolorena berberarena balitz bezala, gorde bedi; eta aurrera zoaz pontekide jauna; eta arin gabiltzan; berant egiten baitzaigu.

        — Liburu hau —esan zuen barberoak beste bat zabaldurik—, Maitasunezko Zorionaren hamar liburuak dira, Antonio Lofraso sardiniar poetak eratuak.

        — Errezibitu nuen sakramentuagatik —esan zuen apaizak—, Apolok Apolorena, musek musena eta poetek poeten izena merezi ukan zutenetik hau bezalako liburu graziatsu eta zentzugaberik ez dela inoiz idatzi, eta, bere bidean, molde honetan munduko argitara jalgi direnetatik hoberena eta bakarrena dela; eta irakurri ez duenak kontu atera behar duela gogarako gauzarik ez duela sekula irakurri. Ekar iezadazu hona, pontekidea; Florentziako arraiazko sotana bat eman balidate baino areago estimatzen baitut hau.

        Oso atsegin haundiarekin apartatu zuen alde batera, eta honela segitu zuen barberoak esaten:

        — Segituan datozen hauek Iberiako Artzaina, Henaresko Ninfak eta Jelosiazko Desengainoa dira.

        — Inudearen beso sekularrari entregatu baizik —esan zuen apaizak— ez dugu beste zereginik, bada; eta ez bekit galda zergatik, ez bukatzeko arrazoiak bailirateke.

        — Heldu den hau Filidako Artzaina da.

        — Ez da hori artzaina —esan zuen apaizak—, guztizko gorte-gizon zuhurra baizik; joia preziatutzat gorde bedi.

        — Hemen datorren haundi honi —esan zuen barberoak—, Zenbait Poesiaren Trezaurua deritza.

        — Hainbeste ez balira —esan zuen apaizak—, gehiago estimatuko nituzke: haren grandezen artean edireten dugun zenbait bajezagatik jorratu eta garbitu behar litzateke liburu hau. Bego, beraren egilea nire adiskidea baita, eta eskribatu dituen beste lan heroikoago eta jasoago batzuen errespetuz.

        — Hau —jarraiki zuen barberoak— Lopez Maldonadoren Kantutegia da.

        — Liburu honen egilea ere — ihardetsi zuen apaizak— nire adiskide mamia da, eta haren ahotik bertsoek entzuleak miresten dituzte; eta kantatzen dituen bozaren biguntasunak lilura ematen du. Eglogetan luzexkoa da; baina ona ez da anitz izaten; hautatuen artean gorde bedi. Baina haren alboan dagoen liburu hori, zein da?

        — Mikel Zerbantesen Galatea —esan zuen barberoak.

        — Urte asko dira nire adiskide maitea dela Zerbantes hori, eta bertsotan baino nahigabeetan maisuago dela badakit; asmaketa ederrak dauzka haren liburuak; bidea darakusa, baina ez xedea; agintzen digun bigarren parteari itxaron beharko zaio; agian, emendarekin, orain ukatzen zaion gupida lortuko du, eta horrelakorik ikusiko ez den bitartean, zure ostatuan guarda ezazu preso.

        — Pontekide jauna, atsegin dut —erantzun zuen barberoak—. Eta hiru heldu dira hemen, hirurak batera: Alonso Ertzillaren Araukana, Joane Rufo Kordobako juratuaren Austriada eta Kristobal Vernes balentziar poetaren Montserrat.

        — Hiru liburu hauek guztiok —esan zuen apaizak—, gaztelaniazko bertso heroikoetan eskribatu diren hoberenak dira, eta Italiako ospetsuenekin konpara litezke; Espainiak dituen poesiazko prendarik aberatsenak balira bezala gorde bitez.

        Hainbeste liburu ikusirik, nekatuta zegoen apaiza, eta honela, zama sarri batean erre nahi ukan zituen guztiak; baina barberoak esku artean zabalik zeukan bat, Angelikaren negarrak izenekoa.

        — Guztiak isuriko nituzke nik —esan zuen apaizak izen hura entzunez gero—, honelako liburua erretzea agindu banu; munduko, eta ez bakarrik Espainiako, poetetatik famatuen bat izan baitzen haren egilea, eta Obidioren alegia batzuen itzulpenean oso merezimendu haundikoa.

 

 

 


www.susa-literatura.eus