BOSGARREN KAPITULUA

Gure zaldunaren nahigabea

kontatzen jarraitzen duena

 

Egiazki ezin mugi zitekeela ikusirik, erremedio ohitu baten babespean sokorritzea deliberatu zuen, bere liburuetako irakurgai batez pentsatzea, eta bere zorakeriak gogora ekarri zion Maldobinos eta Mantuako Markesarena, Karlotok mendian zauriturik utzi zuenean, haurrek jakindako, mutilek ez ignoratutako eta agureek ere zelebratutako eta are sinetsitako historia, eta hala ere Mahometen mirakuluak baino ez egiazkoagoa. Hau iruditu zitzaion, beraz, moldez zetorkiola aurkitzen zen pausorako; eta honela, dolumin haundiekin, lurretik hasi zen zilipurdika, eta arnasa ahulduarekin esaten oihaneko zaldun zaurituak zioena berbera:

 

                «Nire anderea non zaude,

                nire gaitza jakin gabe?

                Hemen ikusi banauzu

                oso desleiala zare».

 

        Eta honela kantatu zituen bertako bertso guztiak, azken erremateko punturaino:

 

                «Nire osaba propio

                Mantuako Markes noble».

 

        Eta patuaren gutizia izan zen, kopla hau bukatu zuenean, bertatik igaro egin zela bere basa-herriko nekazari bat, bere auzokoa bera, eiherara gal-zama bat eramatetik bihurtzen zena; eta honek gizon hura han hala etzanik ikusirik, hurbildu egin zitzaion eta nor zen eta zer gaitz zuen galdatu zion, hain tristero kexatzen baitzen. Jaun Kixotek dudarik gabe sinetsi egin zuen, hura zela Mantuako Markesa, bere osaba, eta hala ez zion inolako arraposturik eman, eta bere bertsoekin segitu zuen, hala ematen ziola bere nahigabearen notizia, eta Enperadorearen semeak bere emaztearekin zituen amodioena, bertsoek kantatzen zuten bezalaxe.

        Halako disparateak entzutearekin miretsirik zegoen nekazaria; eta makilakaden indarrez apurtuta zegoen bisera alde batera apartaturik, hautsez betetako aurpegia garbitu zion, eta garbitu zion bezain laster, berehala ezagutu zuen eta egin zion esan:

        — Kijada jauna —honela irizten baitzen zentzu onean zegoenean aiton-seme sosegatutik zaldun ibiltarira oraindik bilakatu ez zenean—, nork jarri du berorren mesedea hala tankera itsusi horretan?

        Baina galdetzen zitzaion edozeri bere bertsoekin aurrera jarraitzen zion berak. Hau ikusirik, ahalik ongien erantzi zion bular eta bizkarraldea, ea zauriren bat zeukan; baina ez zuen ez odolik ez seinalerik ikusi. Lurretik jaso zuen, eta ez lan gutirekin astoaren gainera jaso zuen, zamari baretsuagoa iruditu baitzitzaion. Armak bildu zituen, baita lantzaren ezpalak ere, eta Rozinanteren gainean lotu zituen, mutur-hedetik eutsi zion honi, eta astoari kabestrotik, eta hala hartu zuen basa-herrira bidea, jaun Kixotek esaten zituen zentzugabekeriekin gogoetari; eta ez gutiago zihoan jaun Kixote, hain nekatu eta deskalabraturik zegoenez gero, ezin baitzegokeen astoaren gainean, eta noizean behin zeruraino heltzeko heiagorak jaurtikitzen zituen; honela berriro galdarazi zion laborariari esanen ziola zer gertatzen zitzaion; eta bakarrik zirudien deabruak zekartzala gogora bere nahigabeen antzeko ipuinak; zeren tenore hartan, Maldobinosez ahazturik, Abd-ind-arraez mairuaz gogoratu baitzen Errodriko Narbaez Antekerako alkateak bahitu eta katepean gatibatu zuenean. Eta honela nekazariak galdatu zionean nola zegoen eta zer sentitzen zuen, Abentzerraje gatibuak Errodriko Narbaezi erantzun zizkion hitz berberekin erantzun zion, hala nola irakurrita zeukan historia Jurgi Montemaiorren Diana zelakoan; eta hartaz hain apropos baliatzen zenez gero, laboraria deabruari ematen zitzaion hainbeste ergelkeria entzunik; eta honela ezagutu zuen zororik zegoela bere auzoa, eta presa zeukan herrira heltzeagatik, bere Bolas luzearekin jaun Kixotek eragiten zion arrangura arintzegatik. Eta azkenean esan zion:

        — Jakin ezazu, nire jaun Errodriko Narbaez, nik esandako andere eder hori Tobosoko Dultzinea xarmagarria dela, harengatik egin, egiten eta eginen baitizkizut munduan ikusi, ikusten eta ikusiko diren zaldierizko egintzarik famatuenak.

        Honi erantzun zion nekazariak:

        — Begira beza berorrek, jauna, ni bekatari hori ez naizela ez jaun Errodriko Narbaez, ez Mantuako Markesa, ezpada Betiri Alontso, berorren auzokoa, ez eta berori ere ez Maldobinos, ez Abd-ind-arraez, ezpada jaun Kijada aiton-seme prestua.

        — Badakit nik nor naizen —ihardetsi zuen jaun Kixotek— eta jakin badakit zer izan naitekeen ere, ez bakarrik aipatu ditudanak, ezpada baita ere Frantziako hamabi Pare guztiak, eta are Famako bederatziak ere, zeren batera edo banan-banan egin zituzten eginkari guztiak baino goragokoak izanen baitirade nireak.

        Solas hauetan eta antzeko beste batzuetan, gaua erortzeko tenorean ailegatu ziren basa-herrira; baina laborariak gau iluna izan arte itxaron zuen, hain zaldun urrikaria zela inork ez lezan ikus. Ongi iruditu zitzaion orena iritsita, basa-herrira sartu zen, eta gero jaun Kixoteren etxera, hau zarataz eta iskanbilaz beterik aurkitu zuela; eta bertan basa-herriko apaiza eta barberoa kausitu zituen, jaun Kixoteren adiskide maiteak biak, inudeak aldarrika ziotsenak:

        — Zer deritza berorrek, Pero Perez jaun lizentziatu horrek —hala baitzeritzan apaizak— nire jaunaren desgraziari? Hiru egunean ez dira hemendik agertu, ez bera, ez zaldia, ez ezkutua, ez lantza, ez gainerako armak. Ene zorigaiztokoa! Ederki entenditzen baitut, eta hala egia da nola hiltzeko jaio nintzela, berak dauzkan eta hain maiz irakurri ohi dituen zaldierizko liburu madarikatu horiek aldatu diotela zentzua; orain gogoratzen bainaiz askotan entzun niola, hagin-artean mintzatzen zela, zaldun ibiltaria izan nahi zuela, eta munduz mundu mentura-bila joan nahi zuela. Gomendatuak izan bekizkio Satanasi eta Barrabasi halako liburuok, Mantxa guztian zegoen adimendurik argiena honela eman baitute galtzera. Gauza berberak eta gogorragoak esaten zituen ilobak:

        — Jakin beza Nikolas maisu jauna —hau baitzen barberoaren izena—, askotan gertatu zitzaiola nire osaba jaunari bi egunetan eta bi gauetan irakurtzen zituela arimarik gabeko liburuotan, eta eskua ezpataren gainean jartzen zuela, eta paretei ganibetkada ekiten ziela; eta nekaturik zegoenean, lau dorre bezalako lau gigante haundi hil zituela esaten zuen, eta nekeetatik zetozkion izerdia gatazketan hartu zituen zaurietako odola zela, eta gero pitxer bete ur hotz edaten zuen, eta sendorik eta baketurik gelditzen zen, esaten zuela ur hura beraren adiskide eta enkantari haundi Ezkife jakintsuak ekarritako edari guztiz preziatu bat zela. Baina guzti honen errua nirea dut, oraingo tamainara heldu baino lehen erremedia zenitzaten eta liburu deskomekatu guztiok erre zenitzaten, nire osaba jaunaren zorakeriaz ez baitzintuztedan gaztigatu; herejeak balira bezala erreak izan behar luketen asko baititu.

        — Hala diot nik ere —esan zuen apaizak—, eta bai fedea biharko eguna ez dela pasatuko haien gainean jendaurreko judizio bat egin gabe, eta surtara kondenatuak izan gabe, ez diezaieten berriz ere nire adiskide onak egin duena gero ere irakurriko dutenei egiteko paradarik eman.

        Hau guzti hau entzun zuten nekazariak eta jaun Kixotek, eta bere auzoaren eritasuna konpreniturik, garrasika hasi zen esaten:

        — Zabal bezaiete beroiek Maldobinos jaunari, Mantuako Markes jaunari, gaizki zauriturik baitator, eta Abd-ind-arraez mairu jaunari, Antekerako alkate Errodriko Narbaez kementsuak gatibu baitakar.

        Deiadar honetara guztiok jalgi ziren, eta batzuek beren adiskidea eta besteek beren ugazaba eta osaba ezaguturik, ezin zukeelako astoagandik oraindik jautsi ez zela, besarkatzera laster egin zioten. Eta hala esan zuen berak:

        — Zaudete guztiak, nire zaldiaren kulpagatik gaizki zauriturik bainator. Nire ohera naramazue, eta ahal balitz, dei iezaiozue Urganda jakintsuari, nire zauriak senda eta osa ditzan.

        — Begira ezazue, ordu gaixoan —esan zuen orain inudeak—, ea ez zidan niri nire bihotz onak zein oinetan zeukan nire jaunak herrena. Igo beza berorrek ordu onean, urdanga hori etorri gabe sendatuko baitizkiogu zauriak. Madarikatuak izan bitez birritan eta milatan zaldierizko liburu horiek, halako trantze gogorrera ekarri baitute berori!

        Hala eraman zuten ohera, eta haren zauriak bilatu ondoren, ez zioten bat ere aurkitu; eta berak esan zuen neke hutsa zela guztia, Rozinante bere zaldiagandik erori baitzen, hamar morroskorekin borrokan zegoela, lurraren parterik gehienean aurki litekeen eskergaitz eta ausartenekin.

        — Bai, bai! —esan zuen apaizak—. Morroskoak dantza-lekuan? Nire seinaleagatik bihar gautu baino lehen guztiak erreko ditudala.

        Mila galdera egin zizkioten jaun Kixoteri, eta ezeri ez zion ezer erantzuten, ezpada jaten emateko eta lotara uzteko, hori baitzen gehien inporta ziona. Hala egin zuten, eta apaizak informe hartu zuen luzaro laborariagandik nola aurkitu zuen jaun Kixote. Guztia kontatu zion, kausit eta ekart-orduan esan zituen erakeriekin, eta biharamunean egin zuena egiteko gogoak piztuago zitzaizkion, bere adiskide maisu barbero Nikolasi deitzeko, eta jaun Kixoteren etxera berriz etortzeko.

 

 

 


www.susa-literatura.eus