LAUGARREN KAPITULUA

Ostatutik irten zuenean

gure zaldunari gertatu zitzaiona

 

Oilaritearen ordua izanen zen jaun Kixotek ostatutik irten zuenean, hain kontent, hain lirain, hain alai jadanik bere burua zaldun armaturik ikusteagatik, non bozkarioa zaldiaren hedeetatik lehertu egiten baitzitzaion. Baina gogora etorri zitzaizkiola bere ostalariaren burubideak, aldean zer eraman behar zuen, bereziki diruak eta alkandorak, etxera bihurtzea erabaki zuen, eta bertan aipatutako guztiez hornitzea, eta ezkutari batez, honetarako delibero egiten zuela bere auzoan zegoen laborari bat hartzeko, guztiz pobrea eta haurduna; baina zaldieriaren ezkutal-ofiziorako txit egokia. Pentsamendu honekin Rozinante gidatu zuen basa-herrirantz, eta honek, hain ongi etxera-bidea ezaguturik, hain gogo haundiarekin hasi zen ibiltzen, non baitzirudien lurrean oinik pausatzen ez zuela.

        Ez zen luzaroegi ibili eta hala iruditu zitzaion bere eskuin aldean, bertan zegoen oihan bateko sarritasunetik, boz intzirigarriak jalgitzen zirela, kexatzen zen norbaitenak bezalakoak; eta entzun zituela bezain fite, honela esan zuen bere kolkorako:

        — Egiten didan mesedeagatik eskerrak ematen dizkiot zeruari, hain pronto jartzen baitizkit aurrean nire ofizioari zor diodana kunplitzeko eta nire gurari onetako fruitua biltzeko paradak. Nire faborearen eta laguntzaren behar den neskato edo mutiko behartsuren batenak dira, dudarik gabe, bozok.

        Eta zaldiaren sudur-hedeetatik tiratuz, bozak jalgitzen ziren lekurantz gidatu zuen Rozinante. Eta oihanetik egin zituen lehenbiziko urratsetan, arte bati loturik behor bat ikusi zuen, eta beste bati mutiko bat, gerritik gora biluzik, hamabost urte ingurukoa, deiadarrak, eta ez kausarik gabe, egiten zituena, laborari galant eta haundi batek zigor batez kolpe gogorrak ematen baitzizkion, eta kolpe bakoitza burubide edo kontseilu batekin laguntzen baitzuen. Esaten baitzuen:

        — Mihina geldi eta begiak list.

        Eta erantzuten zuen mutikoak:

        — Ez dut berriro eginen, gure jauna; Jainkoaren pasioagatik ez dudala berriro eginen, prometitu egiten dizut aurrerantzean begiramendu gehiago ukanen dudala.

        Jaun Kixotek, gertatzen zena ikusirik, boz haserretuz, esan zuen:

        — Zaldun gizatzarra, bere burua ezin defendi dezakeenari aurka egiteak gaizki dirudi; zure zaldiaren gainera igo zaitez, eta zure lantza har ezazu —lantza bat baitzeukan halaber, behorra loturik zeukan artearen kontra—; ezagutzera emanen baitizut kobardeek bakarrik egiten duzuela zuk egiten duzuna.

        Laborariak, bere aurpegiaren gainean figura hura ikusi zuela armak astintzen zituelarik, bere burua hiltzat eduki zuen, eta hitz suabeez erantzun zuen:

        — Zaldun jauna, orain zigortzen dudan mutiko hau nire morroi bat duzu, ingurune honetan daukadan artalde bat zaintzen didana; eta hain arta gutikoa denez geroztik, egunero ardi bat falta zait; eta bere deskuidoa edo litxarreria gaztigatzen diodalako, zikinkeriaz gaztigatzen diodala dio, zor diodan soldata ez pagatzeagatik, eta Jainkoagatik eta nire arimagatik gezurra dioela!

        — Gezurra, nire aurrean, likits alaena? —esan zuen jaun Kixotek—. Argitzen gaituen eguzkiagatik, gogoak egiten zaizkidala lantza honen bidez bularretik bizkarrera gorputza zulatzeko. Arraposturik gabe paga iezaiozu; bestela, gobernatzen gaituen Jainkoagatik, akabatu eta bukatuko zaitut berehala. Lokarriak iezazkiozu ken.

        Nekazariak burua makurtu zuen, eta hitzik erantzun gabe, bere morroia deslotu zuen, honi jaun Kixotek beraren ugazabak zenbat zor zion galdetzen zion bitartean. Bederatzi hilabete, seina erreal. Kontua atera zuen jaun Kixotek, eta hirurogei eta hiru erreal zirela aurkitu zuen, eta laborariari berehala poltsatik atera zitzala agindu zion, bertan heriotzarik topatu nahi ez bazuen, behintzat. Erantzun egin zion baserritar herabetuak zegoen pausarako eta egindako juramenduagatik (eta oraindik ez zuen ezer juratu), ez zirela hainbeste; kontu haietatik kendu behar baitzitzaizkion eman zizkion hiru zapata pareren balioa, eta gaixorik zegoela egin zizkion bi sangriarengatik erreal bat.

        — Ongi diagotzu guzti hori —ihardetsi zion jaun Kixotek—; baina izan bitez zapatak eta sangriak kulparik gabe eman derauzkiozun zigorren truk; berak apurtu baldin badizu zuk pagatutako zapatetako larrua, zuk beraren gorputzarena apurtu deraukozu; eta barberoak gaixorik zegoela odola atera bazeraukan, zuk sendorik dagoela atera deraukozu; honela, alde honetatik ez derautzu ezer zor.

        — Eragozpena diagotzu, zaldun jauna, hemen ez dudala dirurik; etor bekit nirekin etxera Andres, bertan pagatuko baiteraukot errealik erreal.

        — Ni harekin joan —esan zuen mutikoak— berriz? Urte gaiztoa! Ez, jauna, ezta pentsaturik ere; bakarrik nakusanean, Aita San Bartolomeo bat bezala larrutuko bainauzu.

        — Ez dik horrelakorik eginen —ihardetsi zuen jaun Kixotek—; nik mana diezaiodala aski duk errespeta gaitzan; eta nik ere hartu dudan zaldierizko legeagatik zin egiten baderaut, libre joaten utziko diat, eta honela pagamendua segurtatuko derauat.

        — Begira beza berorren mesedeak, jauna, zer dioen —esan zuen mutikoak—, nire ugazaba ez baita zaldun bat, eta batere zaldierizko ordenarik ez baitu errezibitu; Joane Haldudo baita, aberatsa bera, Quintanarreko auzokoa.

        — Horrek ez deraukok inporta —erantzun zuen jaun Kixotek— Haldudotarrak ere izan bailitezke zaldunak; are gehiago, nor bera egintzen semea delako.

        — Hala da egia —esan zuen Andresek—; baina nire ugazaba hau, zein egintzaren semea da, soldata, izerdia eta lana ukatzen didanez gero?

        — Ez dut ukatzen, anaia Andres —ihardetsi zuen nekazariak—; eta nirekin etortzeko mesedea egin bezait; munduan dauden zaldierizko ordena guztiengatik zin egiten baitiot, esana diadukadan bezala, errealik erreal pagatuko baitiot, eta nire borondaterik hoberenarekin.

        — Borondatea zuretzat gorde ezazu —esan zuen jaun Kixotek—; errealetan paga iezaiozu, eta horrekin kontent geratuko nauzu; eta kontu har ezazu, zin egin duzun bezala kunpli dezazun; bestela, zin horregatik berberorregatik, bilatzera eta zigortzera etorriko natzaizu, eta aurkitu eginen zaitut, sugandila bat baino gehiago ezkuta zaitezen arren. Eta hau nork agintzen derautzan jakin nahi baldin baduzu, kunplitzera beharturikago gera zaitezen, jakin ezazu jaun Kixote Mantxako balenta naizela, irainen eta desarrazoien desegilea, eta Jainkoarekin gera zaitez, eta ez ezazu akordutik aparta agindua eta zuri egina, aipatutako sententziaren pean.

        Eta hau esan eta gero, ezporeekin jo zuen Rozinante, eta agudo aldendu zen handik. Laborariak begiez jarraitu zion, eta oihanaren mugak igaro zituela ikusi zuen eta berriz ere ez zela agertuko, bere morroia Andresengana itzuli zen, eta honela esan zion:

        — Etor zaitez hona, ene semea, irain-desegile hark aginduta utzi zerautan bezala zor derautzudana pagatu nahi baiterautzut.

        — Hori zin egiten dut nik —esan zuen Andresek—; eta zein artez ibiliko da berorren mesedea zaldun on haren aginduak kunplitzearekin, mila urtetan bizi bedi bera; zeren, nola den balent eta judikari on, alafederiko, berorrek pagatzen ez badit, betor atzera eta esanak bete bitza!

        — Hala zin egiten dizut nik ere —esan zuen laborariak—; baina, hain maite zaitudanez gero, pagamendua gehitzeagatik, zorra gehitu nahi dizut.

        Eta besotik eutsirik, arteari lotu zion berriro, eta bertan kolpe asko eman ondoren, hiltzat utzi zuen.

        — Dei iezaiozu, Andres jauna, orain —zioen nekazariak— irain-desegileari; hau nola desegiten ez duen ikusiko duzu. Nahiz eta pentsatu dudan oraindik ez dela guztiz egin, herabe zinen bezala, bizirik larrutzeko gogoak hartzen bainauzu.

        Baina azkenean deslotu egin zuen, eta emandako epaia kunpli zezan, beraren jueza bilatzeko lizentzia eman zion. Aski larriturik abiatu zen Andres, jaun Kixote Mantxako kementsua bilatzera joatera, eta gertatutakoa puntuz puntu kontatzea zin egiten zuela, bederatzi bider pagatuko zizkiola diruak eta paloak. Baina guztiarekin ere, bera negarrez abiatu zen eta beraren ugazaba barrez geratu zen.

        Eta honela desegin zuen iraina Kixote jaun balentak; eta han gertatutakoaz guztiz pozik, beraren zaldieriei arras hats zoriontsu eta gorena eman ziola iruditzen zitzaiolarik, bere buruaren kontentamenduarekin ibiltzen zen bere basa-herrirantz, eztarri baxuan esaten zuela:

        — Lurraren gainen bizi direnen artean ongi iritz zaitezke zorioneko, oi, Dultzinea Tobosoko ederren gainean ederra! Gortean tokatu baitzitzaizun zure borondateari eta jasari loturik edukitzea hain zaldun kementsu eta sonatu bat nola den eta izanen den jaun Kixote Mantxakoa; mundu guztiak dakien bezala, bart errezibitu bainizkizun zaldierizko ordenak, eta egun desegin baitizut desarrazoiak formatu eta krudeltasunak kometitu zuen okerrik eta irainik haundiena; hain moldagaizki haur bigun hura kolpatzen zuen gupidarik gabeko etsai horri egun kendu deraukozu eskutik zigorra.

        Honekin, lau zatitan zabaltzen zen bide batera heldu izan zen, eta hala etorri zitzaizkion gogoetara zein bide hartuko zuten pentsatzera zaldun ibiltariak baratzen ziren bidegurutzeak; eta, haiek ihakindatzeagatik, luzarotxo geratu zen geldi, eta ongi pentsatu ondoren, libre utzi zuen Rozinante, bere borondate zaldiarenari makurturik, eta honek bere lehen abiadurari ekin zion, bere zamaltegira zuzenki joatearren.

        Eta bi milia inguruko bidea egin zuela, jentalde haundi bat ikusi zuen jaun Kixotek, gero jakin zuenez, Murtziara zeta erostera zihoazen merkatariez osatua. Sei ziren, eta bere parasolekin zetozen, zaldizko lau morroi eta oinezko hiru manda-mutil zekartzatela. Jaun Kixotek ikusi zituen bezain fite, mentura berriko egokiera zela hura etorri zitzaion burura; eta bere liburuetan irakurri zituen pauso guztiak ahalik eta posibleen ihakindatzeagatik, egin uste zuen bat moldez zetorkiola iruditu zitzaion. Eta honela, figura eta ausartzia berberarekin, zelaren oinetakoetan finkatu zen gogorrik, lantza estutu zuen, bularraren aurrean jarri zuen ezkutua, eta bidearen erdian baraturik, hala geratu zen zain, zaldun ibiltari haiek etor zekizkiola halakotzat edukitzen eta ezagutzen baitzituen eta ezagutzen jadanik; eta entzun eta ikusterrera hurbildu zitzaizkionean, boza loditu zuen jaun Kixotek, eta harrotasunezko aieruetan esan zuen:

        — Mundu guztia bedi lot, mundu guztiak ez badu aitortzen munduan ez dagoela Mantxako Enperatriza Dultzinea Tobosoko dontzeila baino ederragorik.

        Arrazoiok entzukorduan, gelditu egin ziren merkatariak, eta esaten zituenaren planta ikusirik, itxurengatik eta arrazoiongatik, berehala konturatu ziren bere jabearen zorokeriaz; baina geldiro ikusi nahi ukan zuten zertan gelditzen zen eskatzen zitzaien aitorrera hura, eta haietatik batek, oso burlati bera, baina ez oso zuhur, zion esan:

        — Zaldun jauna, zuk diozun andere on hori nor den guk ez dizugu ezagutzen; erakuts iezaguzu, aditzera ematen dugun bezainbat edertasunekoa baldin balitz, borondate onean eta batere bortxarik gabe aitortuko baitizugu, zure aldetik eskatua zaigun egia.

        — Erakutsiko banizue —ihardetsi zuen jaun Kixotek—, halako egia biribil bat aitortzearekin, zer merezimendu edukiko zenukete? Ikusi gabe, sinetsi, aitortu, zin egin eta defenditu behar duzue, bertutea ukan dezazuen; bestela, jendatzar harro eta urguilutsua, nirekin sartu beharko zarete gudutan. Bada, nahiz zatozkidaten banan-banaka, zaldierizko ordenak eskatzen duen bezala, nahiz zatozkidaten guztiok batera, zuen endakoon artean ohitura eta usadio gaiztoa den bezala, hemen itxaroten eta igurikitzen dizuet, nire aldean arrazoia dudala segurantzan.

        — Zaldun jauna —izan zen merkatariaren arrapostua—, berorren mesedeari eskatzen diot hemen gauden printzipe hauen guztien izenean, ez dezazula gure kontzientziarik karga guk inoiz ikusi eta entzun gabeko gauza bat aitortzearekin, eta batez ere Alkarriako eta Extremadurako enperatriz eta erreginen hain kalte nabarmenean datorrenez gero, berorren mesedeak andere horren erretraturen bat erakusteko zerbitzua egin bezaigu, gal-bihi baten tamainakoa baldin balitz ere; haritik aterako baita harilkoa, gu satisfazio eta segurantza osoan geratuko gara, eta berorren mesedea kontentamendu eta pagamendu zehatzean; eta are gehiago, zurekin gaudela uste dut, zeren, erretratuak erakusten baldin badigu ere begi bakar bat daukala, eta horri hauts gorria eta azufrezko harria dariola, hala eta guztiz ere, berorren mesedeari amore emateagatik, berorren alde nahi duen guztia esanen baitugu.

        — Ez deriotsu, litxar etoia —ihardetsi zuen jaun Kixotek koleratan pizturik—; ez deriotsu, diotsut, zuk diozun hori, ezpada kotoi-artean anbarea eta algedia; eta ez duzu ez begi-bakar ez txepadun, Guadarramako habe bat baino zuzenagoa baizik. Baina zuek, nire anderea bezalako edertasun neurrigabearen kontrako birao haundia pagatu eginen duzue!

        Eta hau esan ondoren, lantza zorrotzarekin oldartu zen hala mintzatu zenaren kontra, hain haserre eta amorru haundiarekin, non, zorionak nahi ukanen ez balu bide erdian Rozinante oztopo eginik amil zedila, gaizki igaroko zuen merkatari ausartak. Amildu egin zen Rozinante, eta luzaro joan zen beraren ugazaba zilipurdika zelaitik zehar; eta jaiki nahirik, ezin ukan zuen; arma zaharren pisuarekin, halako moldez lokarritu baitzuten lantzak, ezkutuak, ezporeek eta zelatak. Baina jaiki nahi eta ezin zuen bitartean, honela zioen:

        — Ez ihesik egizue, jende koldarra; jente doilorra, adi ezazue; ez nire kulpagatik, zaldiarenagatik bainago hemen etzanik.

        Bertatik zetozen manda-mutiletatik batek, ez bera hain borondate onekoa, erori urrikariari hainbeste harrokeria esaten entzunik, ezin soportatu zuen erantzuna saihetsean eman gabe. Eta harengana hurbildurik, lantza hartu zuen, eta hau zenbait zatitan apurturik, batekin hasi zitzaion jaun Kixoteri hainbeste makilakada ematen, non bere arma guztiak errotatik bihia baino ehotuagoa utzi baitzuen. Hain gogor ez emateko eta bakean uzteko agintzen zioten bere ugazabek; baina mutila guztiz haserreturik zegoen, eta bere amorru guztia iraungi arte ez zuen jokoa utzi nahi ukan; eta lantzaren gainerako zatiak bildu ondoren, guztiak desegin zituen erori urrikariaren gainean, zeinak, gainera jausten zitzaion makil-ekaitzagatik ere, ez baitzuen ahorik hersten, zerua eta lurra mehatxatzen zuela, eta batez ere gizatxar haiek, halakoak iruditzen baitzitzaizkion.

        Nekatu egin zen mutila, eta merkatariek bideari ekin zioten, urrikari makilakatuaren berri edonori emanez. Eta honek, bakarrik ikusi zen bezain fite, zutitu nahi ukan zuen; baina sendorik eta osagarriz ezin bazuen, nola ahal ukanen luke makilakaturik eta erdi-deseginda! Eta are zoriontsutzat zeukan bere burua, hura zaldun ibiltariaren desgrazia propioa iruditu zitzaiolarik, eta haren errua zaldiari botatzen zion; eta ezin jaiki zitekeen, hain zeukan gorputz guztia abaildurik.

 

 

 


www.susa-literatura.eus