HIRUGARREN KAPITULUA

Don Kixotek

zaldun armatua izateko bilatu zuen era ederra

kontatzen duena

 

Eta honela, pentsamendu honek nekaturik, ostatu hartako bere afari laburra laburtuago zuen; eta behin bukatu ondoren, ostalariari deitu zion, eta berarekin zalditegian sarturik, beraren aurrean belaunikatu zen, honela esaten zeraukala:

        — Nagoen lekutik ez naiz inoiz altxatuko, zaldun kementsua, berorren gizalegeak eskatzera noakizun dohain bat eskain diezadan arte, zure laudorioan eta gizadiaren alde etorriko baita.

        Ostalariak, beraren ostatatua bere oinetara ikusi eta halako arrazoiak aditurik, duda haundiekin begiratzen zeraukan, zer egin edo zer esan jakin gabe, eta temaz eskatzen zeraukan jaikitzeko, baina eskatu zitzaion dohaina agindu arte ez zuen besteak nahi ukan.

        — Berorren bihotz haunditasunetik ez nuen nik gutxiagorik espero, nire jauna —erantzun zuen Don Kixotek— eta honela diotsut zein den eskatu derauzudan dohaina, berorren liberaltasunak agindu deraudana, bihar goizean zaldun armatuko nauzula, gaur zure gaztelu honetako kaperan armak begiratuko ditudala, eta bihar, lehen esan derauzudan bezala, nire gogo haundi hau beteko da, behar dudan bezala, munduko lau haizeetatik joan nadin, mentura bila, behartsuen alde, hala baitago zaldieriaren eta zaldun ibiltarion kontu, nerau bezala, halako zereginetara dagoelako nire gutizia makurturik.

        Ostalariak, lehen esana daukagun bezala, maltzur hutsa zelako eta beraren ostatatuaren zuhurtasun faltaren aieruak zituelako, arrazoiak aditu zerauzkanean, guztia sinetsi zeraukan, eta gau hartan zeri barre egin edukitzeagatik, umoreari jarraitzea deliberatu zuen; eta hala esan zeraukan, deseatzen eta eskatzen zuena deseatu eta eskatzearekin guztiz zuzen zebilela, eta beraren antzeko eta irudiko jaun printzipaletan oso propio eta natural zela asmo hura; eta bera, bere aldetik, bere gazte denborako urteetan, portaera ohoragarri hartan ibilia zela, munduko bazter askotan mentura bila, Malagako Pertzeletan, Harriarango Uharteetan, Sebillako Konpasean, Segobiako Azoke tikian, Balentziako Olibadietan, Granadako Errondan, Sanlukarko Plaian, Kordobako Potroan eta Toledoko Bentasetan eta beste anitz lekutan, erakutsi zuela bere hanken azkartasuna eta eskuen bizkortasuna, oker asko eginez, alargun asko irainduz, zenbait dontzeila deseginez eta apopilo batzuk engainatuz, eta, azken fin batean ia Espainia guztian dauden audientzia eta tribunaletan bere burua ezagutzera emanez; eta azkenean, bere gaztelu hartara biltzera etorri zela bertan bere ondasunekin eta lagun hurkoarenekin bizi izatera, barrenean ostatua emanez edozein kondiziotako zaldun ibiltari guztiei; hain zaletasun haundia edukitzen baitzien, eta bere borondate onaren pagu berekin parti zitzaten beren ondasunak.

        Esan zeraukan, halaber, bere gaztelu hartan ez zegoela kaperarik non armak begira, berriz egiteagatik lurrera jota zeukatelako; baina premia zegoenean edonon begira litezkeela zekiela berak, eta gau hartan gazteluko pareta-arte batean begira zitzakeela; goiza urratuarekin, Jainkoa zerbitzatu ondoren, beharrezko zeremoniak eginen zirela, horrela hura zaldun armatua gera zedin, guztiz armatua, munduan armatuagorik ez egoteko moduan.

        Dirurik zekarren galdetu zeraukan; Don Kixotek zuririk ez zekarrela, berak ez baitzuen zaldierizko ezein liburutan irakurri inork dirurik zekarrenik. Honi ihardetsi zeraukan ostalariak engainaturik zegoela, baldin eta irakurgaietan horrelakorik eskribatu ez bazuten, iruditu zitzaielako eskritoreei ez zela beharrezkoa halako gauza argi eta garbirik idaztea, nola baitira dirua eta alkandora garbiak eraman behar direla, baina horregatik ez zegoela zergatik sinets ez zeukatela; eta horrela, segurtzat eta ongi probatutzat eduki behar zuela, hainbeste liburu beterik eta mukuruturik dagoen zaldun guztiek ongi horniturik zeramatzatela poltsak, badaezpada zer gertatuko ote zaien; eta era berean, alkandorak zeramatzatela, eta kutxatila tiki bat, ungentuz betea, hala errezibitutako zauriak senda litezen, beren gudukietako zelai eta eremuetan ez baitzegoen beti nork senda eta osa, adiskidetzat baldin ez bazeukaten jakintsu enkantariren bat, sokorri zitzan, airetik, hodeiren batean dontzeilaren edo nanoren bat ekarriko zeraukalarik dohain larregizko ontzi bete ur, bertatik tantaren bat zurrupatu ondoren berehala geratzen ziren bere zauri eta sakietatik sendaturik, inoiz lehenago batere gaitzik ukan ez balute bezala; baina horrelakorik eduki ez artean, gauza egokitzat hartu zuten lehenagoko zaldunek beren ezkutariek eraman zitzatela diruak eta antzeko beste gauza beharrezko asko, hala nola ziren sendatzeko hariak eta gantzuak; eta aipatutako zaldunek ezkutaririk ez zeukatenean (oso bider gutxi eta bakanetan), berek berberek eramaten zituzten guztiak, ikusi ez usteko alforja oso mehe, zaldiaren kontrakoetan, hala baitzuen inportantzia haundia esandako eginkizunak; bestela, halako parada bortitzean ez ezik, zaldunen artean alforjak eramatea ez zen ongi ikusia izaten; eta horregatik ematen zeraukan harako burubide hura, aitabitxi batek bere haur besoetakoari bezala, berehala izanen baitzen, ez zedila aurrerantzean munduko bazterretatik dirurik eta aipatutako prebenimendurik gabe, ikusiko baitzuen zein ongi aurkituko zen haiekin, gutxien usteko zuenean.

        Halaxe agindu zeraukan Don Kixotek, esandakoari amore emanen zeraukala aurrerantzean, batere ahaztu gabe, eta honela manatu zeraukan ostatuaren aldean zegoen ukuilu batean armak begiratzeko; eta guztiak putzu baten ondoko aska batean jarririk, bere ezkutua besoan harturik, lantza goraturik, liraintasun ederrarekin baratu zen aska haren aurretik paseatzen; eta bere paseada hura hasi zuenean, gaua erortzen hasi berria zegoen.

        Ostatuan zeuden guztiei kontatu zerauen ostalariak bere ostatatuaren zorakeria, armen gaineko begira hura, eta espero zuen zaldun-armatzea. Zoramen suerte hartaz miretsi ziren guztiak, eta urrutitik behatzera joan zitzaizkion, eta horrela ikusi zuten, nola soseguzko patxadarekin, batzuetan zen paseatzen; besteetan, bere lantzara arrimaturik, bere begiak jartzen zituen armetan, eta luzarotxoan ez zituen bertatik apartatzen. Guztiz egin zen gautu; baina ilargiaren argitasun haundiarekin, nonbait zirudien ematen zeraukanak baino gehiago zuela; eta honela zaldun berriak zer ere egiten baitzuen, guztiek ikusten zuten. Halako batean, mandazain batek, ostatuan ostatatu batek, bere zamariei ura eman nahi ukan zerauen, eta askaren gainean zeudelako, Don Kixoteren armak kendu behar izan ziren handik; eta honek, heltzean ikusiz, boz lodiarekin esan zeraukan:

        — Ai, hire, nornahi haizen, zaldun ausart hori, inoiz ezpatarik esku artean hartu nuen zaldun ibiltaririk balienteenaren armak ukitzera hatorrena. So egik zer egiten duan, eta ez itzak uki, hire ausartziaren pagu hire bizitzaren galerarik nahi ez baduk.

        Mandazaina ez zuten halako arrazoiok arduratu (eta hobe zukeen arduratu, horrela gero bere osagarriagatik ez arduratzeko); aldiz aitzitik ere hedeei eutsiz, oso urrutira jaurtiki zituen. Eta Don Kixotek hura ikusirik, zerura altxatu zituen begiak eta, irudi zenez, pentsamendua Dultzinea bere andreagan ipinirik, honela esan zuen:

        — Lagun zakizkit, ene anderea, zure mende-mendeko bular horri gertatzen zaidan lehen afrentu honetan: zure mesedeak eta anparoak ez bezait huts egin nire lehen trantze honetan.

        Eta honelako eta bestelako arrazoiak esanez, alde batera babesa utzirik, esku biekin jaso zuen lantza, eta hain kolpe haundia eman zeraukan mandazainari buruan, non deskalabru nabarmenean lurreratu baitzuen, non bigarren baten laguntza egon balitz, ez legokeen maisu sendagilearen premiarik. Hau egin eta gero, bere armak bildu zituen eta lehengo patxada berberarekin itzuli zitzaion paseadari. Handik gutxira oraindik inork gertatua jakin gabe (are ez baitzuen mandazainak ganorarik koberatu), beste bat etorri zen mandoei eradan egiteko asmoz, eta aska libratu nahirik eskuak armetara hedatzean, Don Kixotek, hitzik esan gabe eta inori laguntzarik eskatu gabe, alde batera utzi zuen bere ezkutua berriz ere, berriz ere egin zuen lantza jaso, eta hau bi zatitan apurtu gabe, hiru zatitan baino gehiagotan apurtu zuen mandazainaren burua, lau zatitan apurtu baitzeraukan. Zarata haren hotsera, benta hartan zeuden guztiak bildu ziren bertara, eta haien artean ostalaria bera ere. Hau ikusirik, Don Kixote ezkutuaz estaldu zen, eta eskua ezpatara hedatzearekin batean, honela mintzatu zen:

        — Ai, edertasun ederrezko andere ederra, neure bihotz debildu eta ahuldu eta flakatuaren ahalegin eta kemen bortitza. Ordua dugu orain, halako mentura harrigarri honi kontu ematen deraukodan zure zaldun gatibu honexeri haunditasunezko begiok bihur zenitzadan!

        Perpausa honekin gogo haundiak hartu zituen, eta bere iritzian munduko mandazain guztiak oldartuko baziren beraren kontra, ez zukeen oinik atzeratuko. Zaurituen lagunek, hauek honela ikusirik, urrutitik hasi zitzaizkion Don Kixoteri harrika, eta hau, ahal bezain ongi, bere ezkutuaren atzean ezkutatzen zen, eta askatik apartatzera ez zen atrebitzen, armak ez desanparatzeagatik. Ostalariak deiadarka esaten zerauen bakean uzteko, zororik zegoela esana baitzerauen, eta guztiak hiltzen bazituen ere, bere zorotasunaren amorez, ez zuen azken fin batean bere kulparik ordainduko. Deiadar haundiagotan etoiak eta traidoreak deitzen zerauen Don Kixotek, eta gaztelu hartako jauna oso zaldun doilor eta gaizki jaioa zela, zaldun ibiltariei halako tratamendurik eman zekiela permititzen baitzuen, zaldieriaren ordena harturik balego, berak emanen baitzeraukan aditzera beraren etoikeria; «Baina zuetaz, populuska lizun eta likits horretaz, ez dut ezein jaramonik egiten; bota, hel, etor eta ahal bezainbat ofendi nazazue; zuen ergelkeriatik eta endemasiatik hartuko duzuen ordaina zeroiek ikusiko baituzue».

        Hau hain kementsu eta temoso esaten zuenez gero, haren etsaiei beldur eta herabe haundia eragin zerauen; eta beldur honengatik edo ostalariaren eskariengatik, harriak jaurtikitzeari utzi zeraukaten; eta berak zaurituak erretiratzea permititu zuen, eta aurreko arta eta sosegu berberarekin, armen begirara itzuli zen.

        Ostalariari ez zitzaizkion ongi iruditu bere ostatatuaren burlak, eta guztia laburtzea erabaki zuen, eta beste nahigaberen bat gertatu baino lehen zaldieriaren ordena beltza sarri ematea. Eta honela, harengana jaitsirik, berak ezer jakin gabe halako jendatzar ezain hark agertu zeraukan lotsagabekeriaz desenkusatu zen; baina ongi zigorturik geratzen zirela beren ausartziagatik. Lehen ere esana zeraukan bezala gaztelu hartan kaperarik ez zegoela esan zeraukan, eta geratzen zen apurragatik ere ez zela behar; zaldun armatua izateko bakarrik behar zela belar-ondoko eta bizkar-ondoko bat, hala baitzen, bere ezagumenduen arabera, ordenaren zeremonieria, eta hau zelai-erdi batean egin zitekeela; eta armen begiramenduaren obligazioarekin kunplituta zegoela, bi ordurekin kunplitzen baitzen komunzki, eta berak lautan begiratu zituen.

        Dena sinetsi zuen Don Kixotek, eta bera obeditzeko prest han zegoela esan zuen, eta ahalbait lasterren buka zezala, zeren, behin zaldun armatua izanez gero, berriz ere atakatua izanen balitz, beraren amoreagatik eskatutakoak baizik, ez baitzukeen gaztelu guztian jende bizirik utziko.

        Honetaz, beraz, ongi konturaturik eta beldurturik, mandazainei emandako lastoaren eta garagarraren kontuak eramateko liburu bat ekarri zuen ostalariak, eta mutil batek hurbiltzen zeraukan kandela punta batekin, eta lehen aipatutako bi dontzeilekin, Don Kixote zegoen lekurat heldu izan zen, eta belaunikatzeko agindu zeraukan; eta bere esku-liburutik irakurriz (otoitz deboten bat irakurriko bailuen), irakurgaiaren erdian eskua jaso zuen, eta lepoaren gainean kolpe galanta eman zeraukan, eta honen ondoan, beraren ezpata berberarekin, bizkar-ondoko galantagoa, beti ezpain-artean zurrumurruka otoitz eginen bailuen. Honez gero, dama haietatik bati ezpata jantz zezala agindu zeraukan, eta hau arreta eta zuhurtzia handiaz egin zuen, zeremonia haietatik bakoitzaren bakoitzean barrez ez lehertzeko tikiagoa ez baitzen behar; baina zaldun berriagandik ikusitako azañek aparte zeduzkaien barre-nahia. Eta ezpata janzten zeraukan bitartean, honela esan zeraukan andre urrikariak:

        — Jainkoak egin beza berorren mesedeagandik zaldun zoriontsu bat. Begio zorion gudukietan.

        Nola irizten zitzaion galdetu zeraukan Don Kixotek, berak jakin zezan handik aurrerantzean noren zorrean legokeen hartutako dohainagatik, bere besoaren indarrez irabazitako ohorearen parte bat eman beharko baitzeraukan. Tolosa zeritzala ihardetsi zeraukan besteak umilki, Anso Bienaiaren dendatxoetan bizi izandako toledar zapatari baten alaba zela, eta non-ere egonen bailitz, zerbitzatuko lukeela, eta jauntzat aitortuko lukeela. Don Kixotek erantzun zeraukan, beraren amorearren, handik aurrerantzean izenaren aurretik andere jartzeko eta Andere Tolosa deitzeko. Hala prometitu zeraukan, eta besteak ezporea jantzi zeraukan, eta ezpataren elkarrizketa berbera gertatu zen hemen ere; izena galdatu zeraukan, eta Errotari deitzen zela, Antekerako errotari prestu baten alaba baitzen; eta honi ere eskatu zeraukan aurretik andere jartzeko, eta Andere Errotari deitzeko, zerbitzu eta dohain berriak eskaintzen zerauzkala.

        Arrapaladan eta presaka han artean inoiz ikusi gabeko zeremoniak egin eta gero, bere burua zaldiaren gainean eta mentura-bila ikusteko ez zekusan Don Kixotek; eta Rozinante zelatu ondoren, beraren gainera igo zuen, eta beraren ostatu-emaileari besarkatuz, hain gauza bakanak esan zizkion zaldun armatzeko faborea eskertzeagatik, non haiek guztiak kontatzeko modurik ez bainuke bilatuko. Ostalariak, ostatutik kanpoan ikustearren, ez erretolika apurragoarekin, baina bai hitz gutiagorekin, erantzun egin zion, eta ostatatzearen kostarik eskatu gabe, ordu onean joaten utzi zion.

 

 

 


www.susa-literatura.eus