BIGARREN KAPITULUA

Don Kixote argiak

bere lurretik egin zuen lehendabiziko irteeraz

tratatzen duena

 

Hau guzti hau, beraz, honela prebeniturik, bere pentsamendua burura eramateko ez zuen luzaroago iguriki nahi izan, bere tardaerak munduari egin uste zion kalteak bertara bultzatzen zuela, halakoak baitziren desegin behar zituen irainak, zuzendu behar zituen okerrak, hobetu behar zituen okerrak, arteztu behar zituen kalteak eta kitatu behar zituen zorrak. Eta honela, bere asmoaren parterik inori eman gabe, eta inork ikusia izan gabe, goiz batez, eguna urratu baino lehen (uztaren hileko beroenetatik bat izanen zena), bere arma guztiez armatu zen, Rozinanteren gainera igan zen, bere txarki konpondutako zelata jantzirik, ezkutua besarkatu zuen, lantza hartu zuen, eta korte bateko ate faltsu batetik kanpora atera zen, basora, bere deseo onari zein errazki hasiera eman zion ikustean oso pozik eta kontent. Baina zelaietan zehar bere burua ikusi zuenean, berehala asaldatu zuen pentsamendu ikaragarri batek, hasi berriko zereginari uzteko eragiten ziona; gogoratu baitzen ez zela oraindik zaldun armatua, eta zaldieriaren erregelek ziotenez, ezin zuela batere zaldunen kontra armarik har; zaldun berriaren moduan arma zuriak eraman behar zituela, eta, bere enpeinuarekin irabazi arte, ezkutuan armarririk jarri gabe.

        Pentsamendu hauek bere asmoan dudarazi zioten; baina beste edozein arrazoik baino bere zorakeriak gehiago ahal zuela, bidean aurkituko zuen lehendabizikoagandik zaldun armatuko zela erabaki zuen, hainbeste liburutan irakurri zien hainbeste zalduni ihakindaturik. Arma zuriak eraman behar bazituen, bereak garbituko zituen, gero armiñoa baino zuriagoak izan zitezen; eta honela sosegatu zen, eta ekin zion bere bideari, zaldiak hartzen zuen bidea harturik, menturaren indarra honela libratuko zela ustean. Bidean aurrera zihoala, gure zaldun ederrak bere buruarekin hitz egiten zuen manera galant honetan: «Nork edukiko du batere duda, etorkizuneko denboretan, nire egintza sonatuen egiazko kontaera argitara atera dadinean, eskribatuko dituen jakintsuak, hain goizean goizeko nire lehenbiziko irteera hau, ez duela modu honetan kontatuko?: Apolo begi-nabarrak lur zabal eta espaziotsuaren aurpegiaren gainean bere bilo ederren izpi urretsuak hedatu zituen bezain fite, txoritxo txiki eta pintatuek beren mihi harpatuekin egunsenti arrosatuaren etorrera salutatu zuten bezain fite (zeru-muga mantxatarraren balkoi eta ateetatik hilkorrei agertzen zitzaiona bere senar jelosaren ohe biguna utzi ondoren), Mantxako Don Kixote zaldun hain famatua, aisiako lumak bertan lagaturik, bere Rozinante zaldi ospetsuaren gainean igan zen, eta Montielgo Zelai zahar eta ezagunetik hasi zen ibiltzen». Eta bertatik zebilela egia zen; eta gehiago esan zuen: «Edade zoriontsua eta sekulu zoriontsua izanen da hura, nora aterako diren argitara neure azaña sonatu hauek, brontzeetan jartzeko duinak, marmoreetan eskulpitzeko duinak, oholetan pintatzeko duinak, etorkizuneko oroitgarri; ai!, zu, jakintsu enkantagarria, non ere izanen zaren, historia bakan honetako kronista izatea tokatuko zaizuna!, erregutu egiten dizut, ez zaitezela, arren, nire Rozinante onaz ahantz, nire bide eta korrikaldi guztietan laguntzat daramadan adiskide honetaz».

        Hauen artean, beste honelako disparate asko sartzen zituen, denak bere liburuek irakatsi zioten modukoak, ahal zuenean bertako hizkera ihakindaturik; eta honekin oso espazio-espazio zebilen, eta eguzkia oso agudo eta berotasun haundiarekin sartzen zitzaion, batere sesorik geratzen bazitzaion, apur hura ere janen ziona. Kasik egun hartan guztian ezer gerta lekion gabe iragan zitzaion, eta bera desesperatu egin zen, bere beso indartsuaren esperientzia norekin egin aurkitu nahi baitzuen.

        Batzuk diote bere lehenbiziko mentura Puerto Lapitzen gertatu zitzaiona izan zela; beste batzuk haize-errotena; baina kasu honetan arakatu dudanez, eta Mantxako historia-liburuetan irakurri dudanez, egun hartan ibili baizik ez zen egin, eta gaua erori zenean, bera eta bere zaldia nekaturik eta goseak hilda zeuden; eta leku guztietara begira, ea non zegoen gazteluren bat edo artzain-txabola bat, non iragan gaua, eta azkenean, zebilen bidetik ez hain urruti, benta bat ikusi zuen, izar bat bezalakoa izan zitzaiona, bere erredimizioaren, ez portaletara, ezpada dorreetara zeramana. Presa haundia hartu zuen bere bidean, eta gautu baino lehen heldu zen bertara.

        Agian, bi andre zeuden bertako atean, mandazain batzuekin zihoazenak Sebillara, gau hartan benta hartan suertatu zirenak; eta nola gure mentura-zaleari gertatzen zitzaion guztia, liburuetan irakurrita zeukan bezalaxe ikusten zuen edo iruditzen zitzaion, benta hura ikusi zuenean itxura hartu zuen gaztelu bat zela, bere lau dorreekin, zilar argizko kapitelekin, bere zubi jasakorra eta hobi sakona faltatu gabe, eta halako gazteluei gaineratzen zaizkien emendailu guztiekin.

        Geldi-geldiro hurbildu zen bentara (berari gaztelua iruditzen zitzaiona), eta handik guztiz hurbil zegoenean, zaldia gelditu zuen, almenen artean turutarekin zaldunaren etorrera iragarriko zuen nanoaren zain. Baina tardatzen zutela ikusirik, eta Rozinante zalditegira heltzeko urduri zegoela nabariturik, bentako atera joan zen, eta bertan zeuden bi andreak ikusi zituen, gazteluaren atearen aurrean solasean zeuden bi dama eder bezala. Baina orduan zerri-zain bat azaldu zen, sasi artean urdeak (barka ezazue baina honela deritzate) biltzen zituena, zerriak bil zitezen adarra jotzen zuena; eta horrela Don Kixoteri desio zuena iruditu zitzaion, beraren etorreraren seinalea jotzen zuela nanoren batek; eta honela, pozkida haundiarekin joan zitzaien bentari eta andreei, baina hauek, honelako trazarekin, lantzaz eta ezkutuz armatuta ikusi zutenean gizona, benta barrura abiatu ziren korrika; baina Don Kixotek, beren ihesagatik haien beldurra igarrita, atsegin haundiarekin eta boz pausatuarekin esan zien: «Beroien mesedeek ez begite ihesik, ez daitezela nire batere okerren beldur izan, Zaldierizko Ordenakook ez baitiogu inori ezein kalterik egiten, eta are gutiago beroien mesedeak diren hain dontzeila altu batzuei».

        Andreek begira egiten zioten, eta begiekin bilatzen zioten aurpegia, bisera gaizto harekin estalirik zeukana; baina dontzeilaren hitza entzun zutenean, ezin gorde izan zuten barrea, eta hain algaratsua izan baitzen, Don Kixote lotsatu egin zen, eta paperezko bisera altxaturik, bere aurpegi lehor eta hautseztatua erakutsi zuen, honela esaten ziela: «Ongi iruditzen zait anderearen zuhurtzia, eta astakeria haundia da motibo txikiko barrea; baina hau ez diotset kezka edo haserre daitezen; nire desioa beroien zerbitzua baita».

        Andreek zer esaten zien konprenitzen ez zutelako, eta zaldunak hain traza aldrebesa zuelako, haundiagotu egiten zen andreen barrea eta zaldunaren haserrea; eta askozaz gehiago grabetuko ziren, momentu hartan ez balitz benteroa atera, gizon oso lodia eta baketsua hura; eta figura trakets hura ikusi zuenean, hain arma desberdinez armatua, brida, lantza, ezkutu eta zelata, andreei beren barrean laguntzeko gogoak egin zitzaizkion; baina lanabes guzti haien beldur, neurriz mintzatzera deliberatu zen, eta honela esan zion: «Berorren mesedeak, zaldun jaunak ostatu bilatzen badu, baina ez ohea (ostatu honetan ez baitago batere), gainerako guztia ugari aurkituko du».

        Gazteluko alkatearen apaltasuna (honela iruditu baitzitzaizkion ostatua eta ostalaria) ikusirik, honela ihardetsi zion Don Kixotek: «Niretzat, gaztelu-zain jauna, edozer gauza da nahikoa, nire arrioak armak baitira, nire atsedena peliatzea», eta abar.

        Uste izan zuen ostalariak gaztelu-zaina deitu ziola Gaztelako lapurrengatik, nahiz eta bera andaluziarra zen, eta Sanlukarko plaiakoa, Kako baino ohoinagoa, estudianteak eta paxeak baino ebasleagoa; eta honela erantzun zion: «Horrela, berorren mesedearen oheak haitz gogorrak izanen dira, eta berorren loa bigiran egotea, eta horrela baldin bada, jaits bedi zalditik, segurantza ematen baitiot, ez bakarrik gau honetan, urte betean ere lorik ez egiteko okasio bat eta mila okasio gehiago aurkituko dituela hemen». Eta hau esan ondoren, zelatik eutsi zion Don Kixoteri, eta hau oso nekez eta trabailu haundiarekin jaitsi zen, egun guztian ez baitzen bere barautik aienatu. Esan zion gero ostalariari begiramendu haundia eduki behar ziola zaldiari, mundu honetan ogia jaten zuen mutilik hoberena baitzen.

        Begiratu zion benteroak zaldiari, eta Don Kixotek zioen bezain ona ez zitzaion iruditu, ez eta erdia ere; eta zalditegian sarturik, zaldunak zer nahi zuen jakitera itzuli zen; hau dontzeilek desarmatzen zuten (ordurako adiskidetu baitziren elkarrekin), armaduraren bularreko eta bizkarreko aldeak erantzi bazioten ere, lepokoa nola ken eta zelata itsusia nola atera inoiz jakin ez zuten, hau xingola berdeez loturik baitzetorren, eta apurtu behar ziren, korapiloak soltatzeko modurik ez baitzegoen; baina berak ez zuen amorerik eman; eta honela, gau guztia iragan zuen zelata jantzita, eta pentsa daitekeen giza-itxurarik bakanen eta barregarriena zen; eta desarmatu zutenean, nola berak uste zuen desarmatzen zutenak andere oso printzipalak zirela eta gaztelu hartako damak, grazia haundiarekin esan zien:

 

                «Ez zen inoiz batere zaldun

                damez hain ongi zerbitua,

                nola izan zen Don Kixote

                bere herritik atera zenean.

                Dontzeilek kuidatzen zuten,

                eta zaldia printzesek.

 

        Edo Rozinante neure zaldia, horrela baiteritza, andere neureak, ene zaldiari, eta niri, Don Kixote Mantxakoa; beroien alde eta fabore egindako azañek deskubri nazaten baino lehen, Lantzaroteren bertso zahar hau kontura ekartzeko premiak jakinarazi baitie nire izena, badakite orain nor naizen; baina egun batean beroien mesedeok agindu eginen dute, eta nik obeditu eginen dut, eta nire besoaren indarrak agerian utziko du zerbitzeko dudan gutizia».

        Andreek, honelako erretoliketara ohiturik ez baitzeuden, ez zuten tautik erantzuten; bakarrik galdetu zioten zer jan nahi zuen.

        «Edozer gauza janen nuke nik», erantzun zuen Don Kixotek, «uste dudanez, edozer gauzak egiten baitit on».

        Egun hura ostirala zen, eta ostatu hartan bakailao zati batzuk besterik ez zegoen.

        Galdetu zioten ea menturaz janen zuen berorren mesedeak bakailaoa, besterik ez baitzegoen etxean. Baina bakailaoaren izena aipatu gabe, amuarrainxka izendatu zuten arrain hura.

        «Amuarrainxka asko baldin badaude», erantzun zuen Don Kixotek, «amuarrain bakar baten lekua har dezakete; berdin baita niretzat errealeko zortzi pieza edo zortzi errealeko pieza bakar bat; dena dela, amuarrainxka horrekin txahalarekin gertatzen dena gerta liteke, behia baino hobea baita, eta ahuntz-umea, akerra baino hobea. Baina nola nahi den, betor bizkor; armen lana eta pisua ezin eraman bailiteke triparen gobernua gabe».

        Gauaren hotzagatik, bentako atera paratu zioten mahaia, eta ostalariak bakailao txarki kuratu eta txarkiago egosi zati bat ekarri zion, eta ogi oso beltz eta bere armak baino zaharrago bat. Baina oso barre egitekoa zen hura jaten ikustea, zeren, nola jantzita zeukan zelata, bere eskuekin ezin eraman zezakeen ezer ahora beste batek eramaten ez bazion; eta honela ematen zion andre batek borondatez; baina edaten ematea ez zen posible izan, eta ez zen posible izanen, baldin ostalariak ez bazuen kanabera bat hutsituko, eta punta bat ahoan sartuta bestetik botatzen zion ardoa; eta hau guzti hau pazientziarekin soportatzen zuen, xingolak ez apurtzeko amorearren.

        Honela zeudela, zerrietako albaitari bat iritsi zen bertara; eta iritsi zenean bere txilibitua jo zuen lauzpabost bider, eta horrela konformatu zen Don Kixote, gaztelu famaturen batean zegoela, musikarekin batera zerbitzatzen ziotela, bakailaoa amuarrainak zirela, ogi beltza gari onekoa, andraxka haiek dama ederrak, eta benteroa gazteluko alkatea; eta honekin ongi enplegatutzat ematen zuen bere deliberoa eta bere irteera. Baina damu gehien ematen zion zaldun armatua ez izateak, Zaldierizko Ordena errezibitu gabe, legez, batere menturatan sar ez zitekeela iruditzen baitzitzaion.

 

 

 


www.susa-literatura.eus