LEHEN KAPITULUA
Don Kixote Mantxakoaren
kondizio eta ofizioaz
tratatzen duena
Zeukan izenik gogora ekarri ere nahi ez dudan Mantxako basa-herri batean, orain denbora asko ez dela, aiton-seme bat bizi zen, armatokian lantza gordetzeko, eta ezkutu zaharra, zaldi argala eta galgo-zakur korrikalaria zeukaten horietatik bat. Ahariki baino behiki gehiagoko lapikoak, gau gehienetako okela ozpineztatuak, larunbatetan artzainek ekarritako ardi hilengatik emandako damuek eta intziriek, eta igandeetako usakumeren batek, beraren ondasunaren hiru laurdenak jaten zituzten. Belarte-ehunezko kapusaiek, jaietarako tertziopelozko galtzek eta zapatek, eta aste arteko belori-ehun fin eta eder batek, berekin eramaten zuten laugarren laurden urria. Berrogei urteetatik gorako inude bat, hogei urteetatik beherako iloba bat, eta berdin zaldia zelatzeko edo arbola adarrak ebakitzeko morroi bat zeuzkan etxean. Gure zaldunaren edadea berrogeita hamar urteen ingurunean zebilen: gorputz sendokoa, haragi lehorrekoa, aurpegi argalekoa, oso goizean goizik jaikitzen zen eta ihizizalea zen. Batzuek esan nahi dute Kijada edo Kesada zeritzala (kasu honetaz eskribatzen duten eskritoreen artean eztabaida bortitza sortu baita honen gainean), nahiz eta guk Kijano zeritzala aditzera hartzen badugu ere, egia hutsa diruditen aieruengatik. Baina guzti honek gure kontuari gutxi inporta dio; nahikoa da beraren gaineko historian egiatik apartatzen ez bagara.
Jakitekoa da, beraz, aipatutako aiton-semea bere aisian eta lanik gabe zegoen orduetan (urtean gehienak ziren-eta) zaldierizko liburuak irakurtzera ematen zela. Afizio eta zaletasun honengatik, ihiziaren afizio eta ofizioa ahaztu zuen, eta bere ondasunaren kontu-eramaitza, halaber; eta zorakeria honetan jakin-nahiak hartuta, ereiteko lur-anega anitz saldu zituen, zaldierizko liburuak erostearren; eta honelaxe, aurkitu ahal ukan zituzkeen guztiak eraman zituela etxera; eta haiek guzti haien artean, bat ere ez zitzaion iruditzen hobea, Feliziano Silbakoak konposatu zuena baino, bertako hitz-bidearen argitasunak eta han emandako arrazoi bakan haiek perlak iruditzen baitzitzaizkion; eta are gehiago, hitz-aspertu haiek eta erakeriaz betetako gutun haiek irakurtzen zituenean, honako hau bezalako solasak aurkitzen baitzituen eskribaturik: «Neure arrazoiari egiten zaion desarrazoiaren arrazoia, halako moldez neure arrazoia flakatu eta ahultzen duen, non arrazoiarekin kexatzen naizen zure edertasunaz». Eta baita, hau irakurtzen zuenean ere: «Zure jainkotasunaren izarrekin jainkoki indartzen zaituzten zeru altuek, merezient egiten zaituzte zure haunditasunak merezi duen merezimenduaren».
Zaldun urrikariak zentzua galtzen zuen arrazoi hauekin, eta iluntasun hartako erraiak edo muinak ikusteagatik, adimenduaren gaineko oihalak urratzen zituen; asmo bakar honekin Aristoteles bera ere piz baledi ber, ez bailituzke ez esplikatuko, ez konprenituko ere. Ez zegoen oso akort Don Belianisek hartu eta ematen zituen zauriekin, ongi konprenitzen zuelako, munduko barbero edo medikurik hoberenek osatzen baldin bazizkioten ere, derrigor eduki behar zuela aurpegia, eta gorputz guztia ere, markez eta tatxez beterik; baina guztiarekin ere, beraren egileagan, gora-behera ausart eta bukaerarik gabeko haren promesarekin akabatze hura laudatzen zuen; eta sarri askotan, pluma hartzeko, eta bertan prometitzen den bezalaxe heriotza emateko gutizia sortzen zitzaion; eta duda batere gabe eginen zuen, eta azken fin on batera eramanen zuen, baldin eta pentsamendu haundiago eta sarriagoek eragotzi ez baliote.
Maiz ukan zuen eztabaida bere herriko erretorearekin (txit gizon eskolatua, eta Siguentzan gradoa hartua), ea zein izanen zen zaldun hobea, Palmerin Ingalaterrakoa edo Amadis Gaulakoa; baina maisu Mikolasek, herri hartako barberoak, esaten zuen ezein ez zela Feboko Zaldunaren antzekoa, eta baldin baten bat konpara ahal balekio, bat hori Jaun Galaor, Amadis Gaulakoaren anaia, izanen litzatekeela, trebetasun oso haundia baitzuen erremedio guztietarako; ez zela gizon beldurtia, ez zela bere anaia bezain negartia, eta bien adorea kontuan hartuz gero, bata ez zihoala bestearen atzean.
Hitz batean, gehiegi liluratu zen bere irakurgaietan, eta gauak argi-bila iragaten zituen, eta egunak ilun-bila; eta horregatik, gehiegi irakurriagatik eta gutxiegi lo eginagatik, buruko sesoak sikatu zitzaizkion, eta zentzua galdu.
Bere fantasia liburuetan irakurri zuenaz bete zitzaion, sesioz, gatazkaz, desafioz, zauriz, hitz hanpatuz, ekaitzez eta mila zorakeria eroz; eta irakurtzen zituen asmazioetako makina hura egia zela irudipenean sartu zitzaiolako, munduan ez zegoen beretzat gauza gertuagorik.
Side Ruiz Diaz oso zaldun ona izan zela esaten zuen; baina Suzko Ezpataren Zaldunarekin konparaziorik ez zeukala, honek kolpe bakar batez bi gigante haundi eta izugarri erdibitu baitzituen. Hobeki zegoen Bernardo Karpiokoarekin, Orreagan, besartean, Anteo Lurraren Semea ito zuenean Herkulesek zeukan abildadeaz baliaturik, Erraldoi enkantatua hil zuelako. Oso ederki hartzen zuen ahotan Morgante gigantea, arraza hain harro eta neurririk gabeko erraldoitar hartakoa izanagatik ere, bera bakarrik zelako atsegin eta azkurri onekoa. Baina guztien gainetik, Reinaldos Montalbangoarekin zegoen, eta are gehiago bere gaztelutik irten eta inkontratzen zituen guztiak arrobatzen ikusten zuenean, eta Handi-Itsasoan, historiak dioenez, urre hutsezko Mahomaren jainko-aizun hura ebatsi zuenean. Emanen zukeen berak zeukan inudea eta are iloba bera ere erregaloz, Galalongo traidoreari ostiko-aldi bat emateagatik.
Hala gertatu zen, bere adimendua guztiz galduta, munduan ezein zorok hartu ez duen pentsamendura etorri zen, komenientea eta beharrezkoa iruditu zitzaion, nola bere honraren emendatzearentzat, hala bere errepublikaren zerbitzurako ere, zaldun ibiltaria bere burua bilakatzea, mentura-bila bere armak eta zaldiarekin mundu guztitik joatea zaldun ibiltariak ihardukitzen ziren zereginetan ihardukitzera, irain klase guztia desegitera, haiek akabatu ondoren izen eta fama eternoa irabazteko okasio eta parada topatzera, eta bere burua arriskuetan paratzera.
Trapisondako inperioaren koroarekin, bere besoaren indarrari eskerrak ikusten zuen urrikariak bere burua koroatua; eta honela, pentsamendu atsegin hauekin, horietan sentitzen zuen laket bakanak eraginda, gutiziatzen zuena buru batera eramatera abiatu zen; eta lehenen, bere asabenak izan ziren arma batzuk garbitu zituen, goroldioz eta zikinkeriaz beterik, mendeak zehar etxeko zoko batean baztertuak eta ahaztuak izan zirenak. Ahal bezain ongi garbitu eta apaindu zituen; baina bertan akats haundi bat ikusi zuen, zelatarik ez zeukatela, bisera sinple bat baizik; baina honi bere trebetasunak bilatu zion erremedioa, zelat-erdi bat egin baitzuen kartoiez, biseran sartuta, zelata oso baten antza ematen zuena. Gogorra eta sendoa zenentz, edo ganibetkada baten ezkutura aurkituko zenentz, bere ezpata aterarik, kolpe pare bat eman zion, eta lehendabizikoan aste betean egindako lana desegin zuen. Eta zatituta utzi zion erraztasuna ez zitzaion hain txarki iruditu; eta arrisku hartatik bere burua gordetzearren, berriz egitera prestatu zen, barrenetik burdin-barra batzuk jarri zizkiolarik haren sendotasunagatik kontent geratu zen arte; baina berriz probatu nahi izan gabe, zelata txit on eta fintzat hartu eta harrarazi zuen.
Gero bere zaldia ikustera joan zen, eta erreal batek kuarto baino aitzakia gehiago bazuen ere, Gonelaren zamariak baino tatxa gehiago bazuen ere, Tantum pellis et ossa fuit, Alexandroren Buzefalo eta Sideren Babieka ere beraren parera heldu ez zirela iruditu zitzaion. Nolako izenarekin bataiatuko zuen pentsatzen, lau egun igaro zitzaizkion; bere buruari ziotsan bezalaxe, hain zaldun on eta famatuaren zaldiak izen ezagunik eraman ez zezala, ez zen arrazoia; eta honela bilatzen zion, zaldun ibiltaria izan baino lehen zer eta nor izan zen deklara zezan moduan; oso arrazoiaren barrenekoa baitzen, bere jabea estatuz mutatzen zenez gero, bera ere izenez alda zedila, eta ordena berriari eta lege berriari zegokion bezala, ospetsu eta sonadun bat har zezala; eta honela, bere memorian eta enteleguan formatu, kendu eta apartatu, gehitu, egin eta desegin eta berregin zituen izen askoren ondoren, azken fin batean, Rozinante deitzera akordatu zen, bere iritzian, oso izen altu, ozen eta adieraduna, aditzera ematen baitzuen zaldia zer zen munduko zaldi guztietarik lehena, printzipalena eta hoberena izan baino lehen.
Bere zaldiari hain izen bere gogarakoa ipini ondoren, beste bat jarri nahi ukan zion bere buruari; eta pentsamendu eta delibero honetan zortzi egunetan iraun zuen, eta haien buruan, Don Kixote deitzera konformatu zen; hortik, lehen esan dugun bezala, oin hartu dute, kontaera hain egiazko honen autoreek, batere duda gabe Kijada zeritzala esateko, eta ez Kesada, beste askok esan duten bezala. Baina nola Amadis balientea ez baitzen kontentatu Amadis huts batekin iriztearekin, eta iritzi izan baitzen Amadis Gaulakoa, hala berak ere, zaldun onaren moduan, bere herriaren izena gehitu nahi ukan zion bereari, eta iritzi izan zen Don Kixote Mantxakoa, modu honetan, bere ustean, bere leinu eta herria argi eta garbi aipatzeagatik, beraren deitura hartzearekin honratzeagatik.
Bere armak, beraz, garbirik, bisera zelata bihurturik, zaldia bataiaturik, eta bera ere konfirmaturik, dama bat bilatu besterik gelditzen ez zitzaiola konprenitu zuen. Bere buruari esaten zion: «Nik, neure bekatu gaiztoengatik edo zorte onagatik, hain sarritan zaldun ibiltariei gertatzen zaien bezala, giganteren bat aurkitzen baldin badut hortik, eta kolpe batez lurreratzen baldin badut, edo gorputza erdibitzen baldin badiot, eta azkenean bentzutu eta garaitzen baldin badut, ez al da gauza egokia izanen nori presentarazi edukitzea, bere aurrera sar ledin, eta nire andrearen aurrean belauniko finka ledin, eta boz guztiz umilaz esan liezaion, errendaturik: Ni, andere, Karakulianbro gigantea nauzu, Malindrania uharteko jauna, Don Kixote Mantxako zaldun ez inoiz behar bezala laudatuak bentzutu nauena, eta zuri presentatzen natzaizu, berak honela agindu didalako, zure haunditasunak nire gainean beraren gogo eta gustura mana dezan». Ene! Nola dostatu zen gure zaldun ona hitzaldi hau bururatu zuenean, eta are gehiago bere damaren izena nori eman kausitu zuenean! Eta gertatu zen, uste izaten denez, beste basa-herri hurbil batean, andre nekazari itxura oneko bat zegoela. Aldonza Lorenzo zeritzan, eta honi akordatu zitzaion anderetzarekin hornitzea; eta berearekin ongi neurtuko zen izena bilaturik, printzesa edo andere printzipal baten trazan paratzeagatik, bertakoa baitzen, Dultzinea Tobosoko iritzi zion. Izen hau, bere ustean, ozen, eder eta adieraduna, bere buruari eta bere gauza guztiei jarri zizkien guztiak bezalakoa.