HEINRICH HEINE
(1797-1856)
Harzeko
bidaia (1826) kronikak (gerora gehiago argitaratu zituen,
Ingalaterran eta Frantzian bidaiatu zela, Bidaia irudiak) ospea
eman zion, baina arrakasta poema liburu batekin erdietsi zuen: Kantu-liburua
izeneko poemarioarekin (Buch der Lieder, 1827). Liburu honetako
poema askori Franz Schubertek jarri zien musika. Baina beste hainbat
konpositorek ere baliatu dituzte Heineren hitzak kantuak egiteko.
Frantziako Iraultzaren ideien zale, Alemaniako literatura eta boterea
kritikatu zituen eta Alemania Gaztea literatur mugimenduaren sortzaile
eta sustatzaileetakoa izan zen. Alemanian lan egitea zaila zeukala,
1831n Parisa jo zuen, eta hantxe gelditu. Idazle aleman
erromantikoekiko kritiko, monarkiko eta elizkoitzat jotzen zituelako,
bere lanak Alemaniako hainbat aldizkaritan —debekatu zizkioten arte—
eta Frantzian argitaratu zituen, bi herrien arteko zubitzat
kontsideratua izan dela. Parisen bizi zela han orduan ziharduten
sortzaileekin harremanik izan zuen: Balzac, Sand, Berlioz, Chopin...
1856ko otsailaren 17an hil zen, Parisen. Heine
euskaraz
Trapagarango Zuhaiztietan jaiotako Joseba Arregi Txingudik
hainbat aldizkari eta egunkarietan idatzi zuen, hala sortzezko lanak
nola itzulpenezkoak. Eta 1919tik aurrera Heinrich Heine euskaratzeari
lotu zitzaion. Bitarte eta Itzulia poemarioetako
olerkiak itzuli zituen eta horietarik 17 Hermes aldizkarian
argitaratu 1919 eta 1922 bitartean. Bost urte geroago, 1927an,
Rementeria moldiztegian, Heine'ren olerkiak liburua plazartu
zuen, idazle alemanaren Bitarte eta Itzulia poemarioak
euskaratuta (Hermes aldizkarian publikatutakoak badaude, noski,
gutxi batzuetan aldaketa txiki batzuk eginda). Liburua Kepa Moreno
marrazkilariaren irudiek apainduta dator. Osorik eskaintzen dizugu Heine'ren
olerkiak liburua.
Txingudi ez zen izan, ordea, Heineren lanak euskarara ekarri zituen
bakarra. Garai bertsuan ekin zion lan horri Klaudio Sagarzazu Satarka-k
ere. 1920ko abuztuan Argentinan egiten zen La Baskonian
publikatu zuen Ezin det poematik hasi, eta beste lau argitaratu
zituen Satarkak, Euskal Esnalea eta Euzko Deya
aldizkarietan (Euskal Esnalea-n, bitxia da, hilabeteko tarteaz, Zu
bakarrik eta Heu bakarrik izenburu diferenteaz poema bera
plazaratu zuen —edo plazaratu zioten, konposizioa ere desberdina
dakarte-eta—). 1920, 1921 eta 1922an argitaratu zituen Euskal
Esnalea-koak, eta 1947an Euzko Deya-koa. Euskal Esnalean
ere, 1926an, Martin Oiartzabalek Heinrich Heineren poema bat euskaratu
zuen, Zorionik ez. Euzko Gogoak
hartu zuen, 50etan, Heine euskaraz plazaratzeko txanda. 1951n
argitaratu ziren Jokin Zaitegik eta Anbrosio Zatarainek egindako
itzulpen bana, Balekiye
eta Nere
atsekabe haundi. 1983an, azkenik, Olerti aldizkarian
Sabin Muniategik "Arregi-tar
Joseba Heine, doixtar olerkariaren itzultzaille" artikulua kaleratu
zuen. Artikulu honetan Joseba Arregiren beraren eta bere itzulpenaren
berri emateaz gain —Heine'ren olerkiak liburuaren hitzaurrea ia
osorik eta hainbat poema dakartza—, Heinrich Heineren itzulpenei buruz
ere aritzen da, eta esaten du aipatutakoez gain Jon Mirande eta Bingen
Aizkibel-ek ere Heinrich Heine euskaratu zutela. Bingen Aizkibelek,
hainbat aldizkaritan lanak plazaratutakoa, La Nación
Argentinako aldizkarian plazaratuko zituela pentsatzekoa da.
Aldizkarietatik at, Julen Urkizak egindako Bertso eta Olerkien Bibliografian
Egin egunkarian azaldutako zati baten berri ere ematen da,
Kaekus-ek sinatuta datorrena. Horiez gain, 1991n Joseba Sarrionandiak
ere euskaratu zuen Heineren poema bat, Filosofia, Hezurrezko
xirulak liburuan argitaratua.
Aizkibel eta Miranderenak ez, beste guztiak eskaintzen dizkizugu
(grafia gaurkotuaz). Heinrich Heineri buruz, bere lanak irakurtzeko batez ere baina orokorrean ere bai —musika, biografia, bibliografia...—, www.heinrich-heine.net webgunea da sarean topa daitekeen osatuenetako bat.
|