HITZAURREA

HEINE'TAR ENDIKA

 

        Orain urte batzuk direla, nere buruan agertu zen asmoa eta nere

bihotzean sortu zen guraria gaur egiztu eta bete dira.

        Asmo eta gurari hori olerki-idazti hau argitaltzea zen.

        Olertizalea baldin bazara, irakurle maite hori, noiz edo behin

olerki ederren bat irakurri dozula edo irakurtzen zagozala-eta, zure bihotza dardaraka hasi eta zure ezpanetaraino irribarreak igotzen igarri edo dozuz.  Horixe da, Heine'tar Endika'ren olerki samur-irritsuok lehenengoz irakurri nituenean, nere bihotzetik eta nere oldazmenetik sortu eragin ebena.

        Horregatik ba, bihotz-dardarak eragitekoak eta gogamenetik irri-samartxuak sortuerazotakoak irizten dodazalako, olerkari ospetsu horren olerki txorta bat, euskaraz jantzita, zuri eskaintzea otu jat.

        Gure euskara gaizoan, zaharra bada ere, orain arte holako, idaztia egin denik ez dakit. Lehenengoa bada eta, hori dala eta, ausardiatxoa baderitzozu nere arlo honi,  asketsi irakurlea, lan hau daukozan hutsune eta akatsak  alde batera itxita, aurrean dozun idaztia, nahimen onenagaz egina delarik, ontzat hartu egizu; ikertu egizuz

astiro eta adeitsuz bere orriak, adipenez irakurri bere lerroak, Heinek egindako bide bigun-arantzatsuetan behin, sartu ezkero ondo zoazalako, eta ez jatzu damutuko.

        Baina ¿nor eta nongoa da olerkari hau?

        Entzun, irakurlea:

        Heine'tar Endika doixtar olerkari ospetsuenetarikoa da; Doitxerri eta gizaldiko olerki-ortzean izar distitsuenetarikoa. Dusseldorfen jaio zen 1797'ko Lotazila'ko 13'an. Ikasketxe Nagusi batzuetatik igaro eta gero, herririk herri ibili zen Doitxerritik, Englandetik eta Italia'tik, Paris'era jo-arte. Berak jasan zituen maite-saminak guztiz atsekabetu eben bere bihotza, eta bere olerkietan argiro ohartu liteke hori.

        Bitxi bakan-ederrak Heinek eginiko olerkiak!

        Gogamena eta zentzumena garbi-garbi banatzeko berak eukan ahalmena handia zen. Alde batetik bihotza  estutzen dau bere maitasunezko oinazeak abesten dauzanean; baina beste aldetik oinaz-samin horiek bere bihotza hozkatzen dabela-ta, irribarreka hasten da eta eztiki-maitero bere lepotik inaka zorrotzenak egiten dauz.

Horixe da bere izakera berarizkoa, eta horregatik Doitxerrian baina pantzetarren artean daukoz bere geltzale sutsuenak. Jaiotzez doixtarra bada, gogamenez pantzetarra dela esan liteke. Eta honek pantzetarrok, Heine adimen zolia eta gogamen sakon-argitsuduna delarik, euren olerkari maitea den Musset ondoan egin dautsoe toki bat.

        Luzaro egon zen gexorik gure olerkaria; gexo zital baten erpe pean. Baina heriotza poliki-poliki bereganatzen ikusi arren, ez zituen bere ezpainetatik irribarreak

ihes-egin, eta inaka zorrotz eta sotiltsuenak orduan  egiten zituen.

        Azkenez, 1856'ko otsaila'ko 17'an hil zan Paris'en olerkari ospetsu eta gelgarri hau.

        Hemen daukozuz ba, irakurlea, Heine'tar Endika olerkariaren zertzelada labur batzuk. Holako gizon berarizkoa ondo ezagutzeko gutxi direla esango edo dozu. Bai, zuzen zagoz, ez dira asko; baina zure jakingura zorroztu dela-ta gizona hobeto ezagutzea nahi badozu: zoaz aurrera, irauli egizu ondino alboko beste orri hau, eta hasi zaitez poliki-poliki bere olerki honek gogoz irakurtzen.

 

A'tar J.

 

 

 

Heinrich Heine euskaraz