ARGIA ILUNPEAN AGERI DA
Gauak soineratu du
soineko zabala:
beltzez badatorkigu
bildurik egala.
An ditu edergailu
ilargi garbala
ta begi-betegarri
izarrez magala.
Belen'go bazterretan
gauaren betea!
Artzainak zeuden ernai
zaintzen artaldea.
Aingeruen bitartez
ezagupidea
entzunda, gurtu zuten
Mari'ren Semea.
Gau betean eztugu
eguzki ederrik:
ontan badakusagu
Belen'en sorturik:
Gabeko amabiek
io-ala, zerutik
etorri zan Iainkoa
gizargi eginik.
Alakoxe gau batez,
iluna bazterra,
Nikodemo'k badakus
Iesu'ren ederra:
Gaulen zoragarrian
dirdaika eskerra,
Iaungoikoagana zan
bildurti ankerra.
Zorionekoa zu,
urrungo laguna,
gaupean argi-bila
zinan sinestuna!
Egundo ez bezala
gauean eguna
arkitu baitzenuen
Iaungoiko biguna.
Gau ortako argiak
damaizu aintzina,
egun batez dukezun
adore gordina.
Gurutzean ildako
Iesu, zam(a) arina,
besoetan ietxiko,
gogoan zotina.
Argi biurtuz gaua
badator Pazkoa,
Iesukristo pizturik
ager zanekoa.
Gau orrek aizatzen du
beingoz gorrotoa
ta sortzen zeru-lurren
adiskidegoa.
Gau berandu minean
neronek orobat
zeruko Eguzkia
idoro ba'zintzat!
Ogendun dan gizonak
al duen bezainbat
laungoiko laztanakin
izan ba'nendi bat!
Ilunpean dagoen
euskaldun ergela
argitan iar dezadan
kendurik ustela.
Legorretik ezera
badabil igela,
norberak iabe baitu
betiko sabela.
Gau erditsuan ixil
entzuten dut eztai
deia: gogo gurbila
atera da ernai.
Buruko adatsean
intz-tantoak dirdai,
ate-ioka dut Iauna,
noiz irikiko zai.
Iainkoaren inguru
ilargi-larraina
bezala gaua omen,
zoragarri baina.
Sartuko ba'nintz bertan
murgiltzeko aina,
itsaso zabalean
iduri arraina!
1961 Miarritze'n
© Iokin Zaitegi