EUSKO GUDARI BATI

 

                        (8+7)

 

Mendietan izan zinan euskaldun gudaria,

orain ditadurapean goseak bizi zera.

Tori abertzale onek dagizun oparia,

alai, betargi ta baikor zakusadan ostera.

 

Zapalduta egon arren, ezazu beti kemen

ta Euskadi'k baduke zor zaion askatasuna.

Ekin! zeure buruaren iabe gerta zaitezen,

gau beltzaren ondorengo badatorke eguna.

 

Naiz bost bider porrot egin, bere burua makur

egiten duen koldarra utsaren urren daite.

Erriaz iabetu diran mausari eta lapur,

txapel-oker eta iauntxo ezin ditugu maite.

 

Ziegako astinduek auts dezakete soina

izerdi-odol-tantaka negarra dariola:

askatasunak lorretan sendotu oi du oina,

mina abertzale-azi gertatu zan beinola.

 

Eztaite burdinetan lot gure euskal-gogoa,

naiz eta erri osoa morroilopean lotu:

bere buruaren iabe, zabal-zabal egoa,

ara ta ona badabil, naiz-ta besterik otu.

 

Utikan gure artean dugun sasi-bakea

Euskadiko bertsolari matxinada-zale naiz;

latza eta gogorra da gerlarion legea,

atzetik datorkidana il-urrean date maiz.

 

Aberriarren iltea zein ederra lizaken!

ezta gurean atertu euskaldunon burruka:

arrotzak goitu duela amestu izan arren,

gurenda ustela dala ezin lezake uka.

 

Mendietan ildakoen oroitzapen goxoa

gurean gal ezpaledi, Erria zutik date:

egoaizek darabilen udazkenek(o) ostoa

ezpedi gerta erriko abertzalien kate.

 

Erbestean euskaldunon ogiaren garratza!

emen nauzute gogoan euskaldun-errimina:

biotzez maiteagatik asabaen baratza

aberritik iaurti naute bainintzaken gaizkina.

 

Badu euskal-ezbearrak here andizurena:

guduan izan nai gendun euskaldunok garaile:

aberriarren il zedin euskal-gudari urena

Españi erri geiena izan gendun iltzaile.

 

Guatemala'n 1962' gko. Otsailak 15

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus