EUSKAL-IKURRINARI

 

                        (8 ta 7'koa)

 

        OLERKARIAK

 

Iaiki, iaiki euskalduna, badator goizaldea:

oilaxkoak kukurruku, badoa goruntz kea.

Entzun eresi berri bat esan-naiez betea,

bertan ikusiko duzu euskal-gorabidea.

 

Ikurrina dut kantagai, zuri, gorri, muskarra.

Eramaten du aizeak sorgin-mandabelarra:

Ia eraman ba'deza nere amets bakarra,

neure euskal-leloetan ondu dut lengo marra.

 

Zaitegi olerkaria zaila ala mardula

dan aitortuko didazu, ezpaitzera mintzula:

izango da zer esana eta akiakula;

enaiteke arroarren ixil egon sekula.

 

Iaiki nadin, bazterrean utzita euskal-lotsa,

ta ekaitz-zurrunbiloan iaso dezadan otsa.

Badarabilt nahas-mahas adatseko mototsa,

oinak tinko, burua zut, zorrotz duket kokotsa.

 

Ikurrinakin izketan aita-semen mintzoa

entzungo baituzu zoli: urbil dut itsasoa.

Kurriloak lerro doaz, zabaldurik egoa,

aizeak goiko aldean ikurrina daroa.

 

Lur azaletik asita izar goietaraino

banoa bertan utzita emengo ur ta laino:

euskaldunen ikurrina beste guziak baino

laztanago baitukegu menderen menderaino.

 

Euskal-lelo berri onek utz beza lur azala

ta txairo egan io beza ozkarbiko zabala:

betor aita-semengana goiza argitu-ala

eta gora egin beza ikurrinak bezala.

 

Aoz-belarri datorren euskerazko neurtitza

entzun oial urdinetan errikoia ba'litza.

Errian bertan bizi naiz, aoan par-murritza,

ta ikurrinarena dut nere bertso bortitza.

 

Gizon soilaren asmoa t'aurren amets urdina

bilduz, eunduz piztuko dut olerki-errekina:

bertan ditut gudarien beruna ta burdina,

langile-nekazarien euskaldun-biotz-mina.

 

Txistuka zabalduko dut inguruan ta urrun;

adar-otsez esango dut «ator ona, euskaldun!:

orain eta gero erne! Zaude zutunik lagun!

Gure arbasoen deia ta irrintzia entzun!»

 

Badu nere deadarrak erriaren odola:

bertan bustita dioa, nik ezpaitakit nola:

gure bizi-nai sakona ta betiko axola

ikurrinakin burua bat egin edonola.

 

        IKURRINAK

 

Zatoz, euskal-olerkari, gero eta gorago!

Igo zaitez, ene gogo, ta zaude bertanago!

Atorkit aur laztan on eta neurekin ago,

lainotarteko argia baituzu bearrago.

 

        AURRAK

 

Zer da or ozkarbi goian deika dudana, aita?

Zer ote da? Emen beian olakorik ezpaita.

«Aur laztana», esaten dit,  «gogoz nazazu maita»

ta barnean biotza dut bertara ioan naita.

 

        AITAK

 

Utsaren urrerra duzu; ezer eztio, seme!

Begira inguru ontan: arre, arre, zanko-me!

Etxeak argitan daude, bertan dira bost ume.

Or badatoz antxumeak, iru ar ta bi eme.

 

        OLERKARIAK

 

Zuri, gorri eguzkia sortuz badoa gora:

artazika urdinean itsasoak birlora:

itsasoz gainka aizeak dirudi artzanora,

ardi-zuri ta olatu zabalduz edonora.

 

Beude bertan itsasoa ta eguzki gorria,

bego neskatxaren parraz doan aize zuria:

beude indarka dabilen sorgin-aize larria

ta lauorritan iarten dun eriotza oria.

 

Bearrik bertsolari au enauzu olakorik:

txorrotxioka diardut inork ikusi barik:

oianeko egaztiak senide baititut nik.

Nork esan ikurrin ori ta ni bat ezkeranik?

 

        AURRAK

 

Gauza on bizirik da. Ez al dugu asaba?

Inguruan ditu noski zazpi seme-alaba:

goian gurutzean dakust beraren Ugazaba.

Txutxumutxuka aurrekin ari da gure aba.

 

Badantzut: itz egiten dit. Aren itzen ederra!

Aita, egan azkar doa: io du ango bazterra!

Zabalduz, edatuz dabil: aren urrats lasterra!

Ozkarbia estali du. Ezta noski kalderra.

 

        AITAK

 

Zaude ixilik, enetxo: etzaitez izan ero.

Kezkaz iarri nauzu, seme, itzok entzun ezkero.

Begira ezazu ona, ederra duzu gero.

Utz ezazu ikurrina, emen baikabiltz bero.

 

        IKURRINAK ETA IKURRIN-MAKILAK

 

Euskadiren izenean mintzatzen da umea,

Euskadiko beste aurrei erakutsiz bidea.

Bertsolari! al ba'duzu, bota neurtitz obea,

alderantziz aspergarri emengo goizaldea.

 

Aizeak ara ta ona narabil oarkabe.

Utsa besterik zer gera? Utsa dugu mirabe.

lo gaitzazu esker onez zeru-lurren zutabe,

erakuts gaitzazu non-nai danaren iaun ta iabe.

 

        OLERKARIAK

 

Begibetegarri zaitut, etzera oial utsa;

ori iakin eztezadan enaiz onen kamutsa:

nondinaiko besterekin ezin zaitzaket kutsa,

beste guzien gainetik, eder duzu kurkutsa.

 

Zeu ikusita badakust euskal-gudaria zai:

badantzut barrandariak esaten dula «ernai!»

Zireun gizonen oiua «Gora Euskadi» alai

badantzut adar-otsekin batera zelaiz-zelai.

 

Banaramazu egaka goiko laino artera,

itsas-egazti, arrano, kurriloen antzera:

bertatixek ikusten dut errien zabalera,

euskaldun iator-zindoen oraingo egoera.

 

Aspaldion bukatu zan mendi-goiko burruka.

Etxe ondoan usoek diardute urruka.

Orrela bizi bearra erriak ba'leduka!

Bake-urregorriaren ederra ezin uka.

 

Aurrez-aur ikusten ditut erriak bai ugari!

lantegietan lanean ari dira maitari:

baserrietan badabil amaika nekazari

lur berrian goldaketan edota aitzurlari.

 

Non-nai etxeginan dabiltz, eztute noiz asazka:

izan ere badukete non ipini seaska;

gutarrek ezpaitakite zer datekean naska,

io ta ke ari dirade maukutsean arnaska.

 

Noranai begira nabil, eztakit nontsu koka:

lainoz gain ta lainoz bera banabil alderoka.

Beldur naiz eresi ontan egin dezadan oka,

adierazi-ezinik Euskadiko azoka.

 

Ontan xusper nadin badut lagunik aski berton:

eztitzaket ar aiputan ainbat olerkari on:

besteak beste, «Orixe» arkitzen dut edonon,

eta bideotan eder Olasoneko Monzon.

 

Zatozkidate lagungin, ez egin, arren, irri,

are gutxiago izan, esamesetan pirri:

Nere bertso errikoiak badu naiko artxirri,

ikusten dut neuk an zulo ta emen arrikirri.

 

Egin al ba'neza nere zuen idurimena,

txairo ioango nintzake bide oiek barrena!

Olerkariok! dagigun kukurruku ozena

Euskadin bukatuz doan gaurik lazgarriena.

 

Bizkai zarrean zutik da Gernikako Aritza,

zugatz bilakatutako arbaso zarren itza:

Abandoko Arranoa agertu ezpalitza

nork iakin zer zatekean zugatz orren bizitza?

 

Agirre Lendakariak or egin zuen zina,

aberriarren biotza berreun zati egina:

gure artean entzun da il-ezkila samina;

ilun, goibel ageri da lengo zeru urdina.

 

Aren gorputzaren aurrez badakust Leizaola

zina berrituta iazten Lendakari-xingula:

Euskadi'k badaki beraz, zer eta non antola,

askatasunera daiten artu baitu iagola.

 

Emendixek ikusten dut Bizkaiko gizebarra,

ango labe andietan dabilen su ta garra!

Euskaldunok ba'geneza bizkaitarren oldarra

besterik bailizateke Euskadiren indarra.

 

Bide ortatik badoa Gipuzkoa kirmena,

euskaltzaletasunean oraingoan aurrena.

Gorets dezadan gorarik Arabaren izena,

nere asaba zaharren seaska laztanena.

 

Gorago edatuz doa Naparroa saieska,

gorapenean sortu zan euskal-etxeko neska.

Ezpaita gure-mugarri Ebro ibai erezka,

gure da ibai zabalaz aruzko lur arrezka.

 

Euskadiko zabalaren mugarria nork daki?

Ori dugu  auziaren betiko lepatzaki.

Arrotzek asmatu zuten amaikatxo aitzaki,

berena etzanaz iabe-gitea erabaki.

 

Banoa egan ta bertan dugu gure Lapurdi,

neke-aldi gorrietan ametsezko bururdi:

ango bide:tan badabil makinatxo bat gurdi;

arren! eztedila gerta Euskalerri-ipurdi.

 

Ikusten dut Zuberoa, Matalas'en maitea;

edertzat onartzen dugu ango dantza-legea:

belaun-gozo, artazika, ontzi ardoz betea

iraultzeke ari dira: ango gizabidea!

 

Euskaldun-eskualdea bai dala aberatsa!

ezta izaten makala bertakoen urtatsa.

Europakin kide dadin egina du urratsa

legortu nairik mugaizun dan Bidasoa latsa.

 

Orainarteko zazpiak onik egin dute bat:

euskaldun-ikurrinpean auspez daude orobat.

Bai! etorriko zaizkigu oraindik beste ainbat,

Errioxa, Biarnoa ta Bureba berebat.

 

Itsasaldean ontziak ikusten ditut lerden,

ara eta ona dabiltz, noiz-nai, non-nai nabarmen.

Alabaina, guzion gain an ikusten dut zuzen

eusko-ikurrin-makila daitekean ederren.

 

Ezpata bezala zorrotz badoa eupadaka,

urratuz eta irauliz edonongo ataka.

Itsasoak barna dabil bake-bila egaka,

erri guzien ederra irabaziz banaka.

 

        IKURRINAK ETA IKURRIN-MAKILAK

 

Gogorrago, zoliago, bertsolari nausi-gai,

irrintzi egin ezazu edonoiz ta noranai!

Ezpeza semeak uste bakearen agerkai

soilik geranik, etsaia ezpedi egon lasai.

 

Io ta ke ari gaitezen gure zuzenen alde,

bestela izango gera oianeko artalde:

biotatik bat aukera, gudari-gizatalde

bein-betiko bilakatu, ala ioputzar talde.

 

Orainarte nortzu geran, gizon, ezetz igerri?

Basoetan badauzkagu amaikatxo giberri:

Euskaldunok, alabaina, eztugu egin erri,

aspaldiko «zazpiak bat» egin ez arte berri.

 

Utsaren urrenak gera gure diruak diru;

euskaldun eskualdeak omen gerade iru:

batzuen ustez ordea, kolkoa bete miru,

edo gurean parrirriz il zanezko labiru.

 

Alare gureak dira Bizkaíko itsasoa,

Euskadiko ibai zabal t'ango errekastoa:

gurea, soroetako uzta, zitu, lastoa

eta baso itzaltsuan zutik dagon pagoa.

 

Gurea, bertako lurra eta gure begiko;

barruko meatzak gure: aditzen duk, mutiko?

atze, aurre, albo, azpi ta aren gainetiko

gureak gure, inori eztiogu utziko.

 

Bi bat milloi gizakume baditut esaneko,

neure aginduetara eztaude keko-meko:

zure deiez neure berri izan lezateneko

menpean izango ditut iru aldiz besteko.

 

Seme galdua badator, begietan negarra,

orrits ta iai izan bedi, baitator goiznabarra.

Euskaldunok bat eginda, biotzean sugarra,

gora ezazute beti euskal-Ama bakarra.

 

Zuri, gorri, urdin ta beltz baitzerate senide,

zoazte aurrerantzean euskaldunok gogaide:

auxe bedi bin betiko guzion burubide,

eztabaietan lagungin ta noiz-nai adiskide.

 

Bizi eta il garaian emen egongo gera

aizeak garabiltzala dardarka gora-bera:

orain eta zireun urtez dei aberkoi berbera

bidaliko dugu ozen aurraren biotzera.

 

        AURRAK

 

Egon ere pozik nago, ezpainaiz etxe gura:

eztut barnean sumatzen diruaren azkura.

Aita, goruntz ioan nai dut ikurrinen lekura;

aren makila izan nai, orixe dut estura.

 

        AITAK

 

Sarrakioak artuta emen nauzu ikara:

ederra etorri zaizu, enetxo, burutara

Seme, ikurrin-makila gertatu ta bertara

igota, izango duzu zer-gura oinetara.

 

Badakizu bein betiko aukeratu duzuna:

gosea, bear gorria ta oean asuna.

Ederra da izan ere zure etorkizuna,

gudari artean lenen, galduta osasuna.

 

Nonnaiko gudu, gatazka ta sarraskira gertu?

ala zure aburua ez ote dut ulertu?

Eztuzu orrelakorik orain arte agertu.

Noizdanik eta nondanik zara txerren okertu?

 

        IKURRINAK ETA IKURRIN-MAKILAK

 

Eriotza eta txerren ditut beraz kantagai:

gurean ei dabil txerren euskera ikasi nai:

nai dezanean esaten badaki «ez» eta «bai».

ortaz kristauok nasteko badu bere irazkai.

 

Irrintzi onek io zaitu, iduri erlabio,

naste-borraste bilduta negar ta elorrio:

ezpata bezainbat zorrotz bebil il ta erio:

axkureak artu bainau, baduket zorabio.

 

Agin sortu-berriaren axkure gazi-geza

atsegin berri onekin nasi al ba'geneza!

Ume orrek ez lekike zer datekean eza

eta ezkintezke gerta onenbeste gauzeza.

 

Orobat neretu ditut iparreko izotza

eta euskal-gudarien abertzale-biotza:

eguzkiak erre duen mendiko irastortza

t'arkumea birrindu dun basoko katamotza.

 

Ekaitzaren durundia ta etxeko bakea,

arranoaren egada t'izarren argi mea:

burrukan agitz dabiltzan egalontzien kea

ta Gernika auts-biurtu zutenen aserrea.

 

Bizkaiko itsasoaren olatutzar gorria

eta Baztango zelaien prantziskotar irria:

ipuinetako sorginak t'Anbotoko Damia:

Loiola, Xabier, Sabin ta Elkano aundia.

 

Irauli zaitez, eresi, oldartsu bezain laban,

iakin ere eztakizu zer dukezun atzeman:

orain ezpaitiardugu txutxumutxuka otxan,

beleak bezala goaz sarraski bila egan.

 

        OLERKARIAK

 

Ementxe ari natzaizu ez nora ta ez ona,

oraina latz, geroa beltz dakusadan gizona:

Euskalerria luzaro uztarpean egona

buruaren iabe daiten beti date mugona.

 

Askatasunaren giltza eztezagun birrindu,

ar-emanetan euskera dezakegu gordindu:

alorreko galburuak banan-banan itzindu

eta erriko errotan eten bage irindu.

 

Nagiak atera ditut zuri entzun orduko,

eta nere kantagaian eztut egingo uko:

ernai, zutik, zurrun nago lerro buru-buruko,

ikurrin orrek argia urratu daburduko.

 

Goizaldeon ikurrinez beterik ikusi dut

Euskadi: eztugu egin, aberkideok, txulut.

Iluna eta etsaia lotsarren bioaz ut!

Bai! dagigun euskaldunok irrintzi eta zurrut!

 

Gau ilun ontatik gora ioan zoaz ikurrin!

ogei ta bost urteotan enekien zer egin:

sostean agertu zera kementsu ta lagungin,

Euskadiren oraingoa gerokoaz bat ledin.

 

Banengoen ilunpean erabat itsu ta gor:

ume baten dei laztana zabaldu da orra or.

Ikurrinak ta makilak piztu nau zor edo lor,

baitantzut aien oiua mendi-tontorrez-tontor.

 

Euskadi saldu dutenek, luze bezainbat zabal

saldu ere, deitzen naute zoro, ergel ta zital:

esamesok gora-bera ikurrin ori mazal

goretsiko dut goretsi geiagorik ezin al.

 

Ederra dugu etxea, ederra zilar pila,

ederrago nonbait ere bertako neskatila:

obe da guziok galdu, bazterrean ixila,

ez-aintzat ikusi baino ikurrin ta makila.

 

Aberastasun guziak obe beingoan galdu,

baina, euskal-ikurrina eguzkitan azaldu:

euskal-gogoak zindorik beti iraungo al du?

Ori bear dugu noiz-nai eta non-nai zabaldu.

 

Olak, soro, diru-etxe, au, ori eta beste

gerta bekigu txakurren atzekaldeko este:

lana, uzta, ta dirua eztut maite ainbeste:

biotatik bat bearrez ur biurtu zaitezte.

 

Egunak astiro txirrist egiten dueneko

ilunpean gora zakust, ikurrin, aurreneko:

aurraren laztanez hero, ark baitzaitu kideko;

eztugu eguzkipean altxorrik zu besteko.

 

Ibil beitez diruginan, bil bezate mukuru,

ortarako ei daukate lepo gainean buru:

elkarren leian lan-bila dabiltz itzul-inguru;

bada errien artean buru ainbat aburu.

 

Nik neuk zerau, ikurrina, maite zaitut urduri,

aizek ioten zaitun oial gorri, musker ta zuri:

gogo utsa izan arren, euskal-gogo iduri

guzion iaun eta iabe baitzaitugu minduri.

 

Emakume abertzalek esku bigun maitalez

bir-iosia zera eder, eztai-azal aialez.

Arrotz-errietan ilda, erriko lur-zotalez

ezin estali semea bil dute zur(e) egalez.

 

Maitasun zar-berriz sutan millaka gazte eder

il dirade mendietan euskal-bazterrik bazter:

Gudariek egin zuten        edertzearren ler

Intxortan, Legutianon ta Solluben alaber.

 

Kristau lez opa diegu il ziranei bakea

eta gure aberrian bein betiko ospea:

emen gera egon ere, eskuetan lorea,

erakutsi baitziguten askatasun-bidea.

 

Ikusten zaitut, ikurrin, leiotik zintzilika

ta kanpantorre gainean zabaldurik apika:

biotzean zaitudaino, maitasunez zirika,

aidean ikusiko zaut, iduri ostralika.

 

Dantzariek zuri lenik, ikurrin, goratzarre:

belauniko, buru-makur eztirate asarre:

Euskadi osoak emen egingo du biltzarre,

bere buruaren iabe, gogotik irribarre.

 

Zure aldean, ikurrin, beste zer-nai aukera,

utsaren urrena baita, utzi dut bertan-bera:

bi gurutzez edertuta goratzer zaut gainera

aotan darabildala arbasoen euskera.

 

Elesariz, goratzarrez egin dut gogoeta:

zureganako, ikurrin, aundia dut apeta:

zindorik eta kartsurik, gogoan beti beta,

auxe bedi Euskadiren erri-biribilketa.

 

Biarritze'n 1961-VII-21

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus