PAGUSOAK

 

                        («Les colombes» en antzera)

 

Mendi masail batean

maite dut basoa:

tantai eta pertxenta

zutik da pagoa.

Ara doa illuntzean,

paguso-multsoa:

lotan daude, egapean

sarturik mokoa.

 

Goiza etorri-ala,

ozkarbiak urdin,

usoak zuri-zuri,

an doaz egarin.

Egaltotsez, lerroka,

alde zuten egin:

etxabururen baten

geldi dira urrun-min.

 

Pagora lez, nire gain

datoz arratsero,

zeruetatik bera,

zenbait amets ero.

Eguna sortu-ala,

iges doaz gero:

ego zuriak dar-dar,

bularpea bero.

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus