MUSSET ALFRED

(1810-1857)

 

        Olerkari baten garrantzi ta kanorea bere olerkien gaiari buruz ebatzi bear ba'genu, Musset samur, urguri ta zoragarritzat izango genuke: aundi ta arrigarritzat iñola ere ez, ordea. Olerkietan ixuri baitzun gazte xalo ta zindoetan, atsegingarrien zaigun giza-gogo egiti ta zolia. Orregatik, iñoiz gezurrik esan gabe, 30 urtez legortu zan olerkari gaxoaren etorriak, zirrada biziagoa egiten digu, Bitor Hugo'ren olerki gelgarri ta ospetsuak baño.

        Taine, elerti-irizle yakintsuak, zionez, «Musset... il da, ta beraren berri oraindik egunero entzuten dugula deritzagu. Sentitzen zuna bakarrik, esan zun, eta sentitzen zun bezela esan ere. Abots ozenez gorarik oldoztu zun: gizarte danaren aitorkuntza egin zizun. Ez zitzaigun arrigarri, maitegarri bailo: olerkariaren gañez, gizon ageri baitzan. Arengan norberaren biotz-ikarak arkitzen ditu gizakume danak, naiz eskutu ta barrenenak izan. iñor bezin egiti, xalo ta zindo izan zan. Gizarte zarkotea lilluratu zun gaztea zenun. Aren biotz-gaztearen txoko sakonenetik irten oi zun odol-uriola garbiakin batera, griña oldarkoi guztiak gorantz egiten zuten: maite-yit-miñak, atsegin egarriak, apeta aundiak, ta abar. Bere burua bizitzaren barrena egotzi zizun: belar-usaiak, beorraren irrintziak eta ozkarbi urdin zab-ala lenengoz eder ikusteaz, alorretan zear dana porrokatu bearrean, antxintxika, aztalkan, bere burua ere aunatu ta akitutako zaldi yatorraren antzera oldartu zan.

        Irazakiei larregi eskatu zien: bizitza osoa zurrutada uts batean yoran garratzez edan eta irentsi nai izan zun; eta dastatu ondoren, lenago bezin egarriz gelditu zan. Gero, sanzin-zotiak aren barrenean ler ta estanda egin zun eta giza-biotz guztietan oiartzunak erantzun zion... Bera danez maite dugu; iñori ezin dezaiokegu aditu, aren aldean beste guztiak gezurti ta elurra bezin otzak baitira...

        Ekaitzak astindu oi duten lurr-adar maldatsuaren erpiñetik azpialdeko amiltokian itsasoa ikusten dan bezela, zoritxarrez ta lokatzez uieldutako bere biotz-

-amilburu gain zear dana ikusten du.

        Aren biotz barrenean aize-yasaren orruak, amets zoro larriak, oaze minkaitzak eta atsegin iritxi-eziñak eriotzaren samiña ixuri oi zuten. Atsegin artzea, ez zitzaion aski: beraren oiñatza oldozpenean irarri zun. Gizakume, maitasun, egi ta giza-zorionaren berri gizarteari ekarri dio. Agitz min izan du; baña, asmo berria sortu du. Bidean aunatuta erori da, ekarri du, ordea. Sortu zun bulkoa, aur-erdimiñez lerrenak egin ondoren, bere erraietatik atera du ta guztion begitan odol-yarioka, baña bizirik, ekarri digu».

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus