VERDAGUER

 

        Kataluniar elertiaren edestian ageri dan olerkaririk ospetsuena ta ezagunena duzu. Ordurarteko elertia olerkari batzuen gurari mengelen igalitzat zizun urliak: sandiak, politiku lepagogorren ezin-egona zala uste: berendiak, katalanera, elerti-gaya doi-doi erabiltzeko egoki zanentz, irri-parre maltzur murritzez galdetzen zun.

        Baña, bat-batean, izkera landuen kanorea iritxi zizun: aren elertia, buruaren yabe azaldu zan. Bizi-nai mardulez blei-blei eginda agertu ere. Etsai guztien bekozko illunak argitu ziran, eguzkipeko gizarte        barna entzun zan poema zoragarriaren aipu ederrari esker. Bazterrak arrotu ta arritu ziran. Iñarrosi zun burua bizkor Katalunya'ko elertiak.

        «Atlantide» deritzan olerki-idaztia Verdaguer'ek argietara yaurti zuenean, txapela kendurik, burutsik, agurtu zuten nondinaiko olerkariak. Poema orrek,

bere dun garrantzia aide, kataluniar elertiaren buruyabetasuna tinko, ozen eta sendo aldarrikatu zun. Len ukatzen zutenak, orain bete-betean aitortu zuten.

        «Mestre en Gay Saber» zeritzatenen aurrean, ezer oartzaka, igaro ziran irizle siñesgogorrak, «Renaixenza» zelayetan apaiz apal arek eraikitako yauregi aberatsaren aitziñean arritu ta txunditurik lotu ziran: olerkari au aidor azaldu baitzan.

        «Atlantide» irardausiz ta ospez Milton eta Lamartine'kin berdindu zun Mistral ao-ederrak. Verdaguer gaxterik berarengana urbildu zanean, «Tu Marcellus eris'» esanak barnean zitun itxaropen lilluragarriak oparo buruturik zekusan. Orrelako olerki guren, kementsu ta yakintsurik ez baitzan sortu oraindaño Katalunya'n.

        Lenengo olerki ontan ageri danez, bere izkera yasez ta ganoraz zerabillan Verdaguer ozarrak. Esanera txanbelin eta taxak ayolatsu arritu, itz berri goxo ta esaguratsuak senaz asmatu, ta, iduripen erlantzak ugaldeka ixuri zitun. Otadia okuntzatu, ta, oyan-lekuak alortu zitun. Mendez-mende igazitako yazokunak giartsu azaldu zizkigun. «Atlantide»ren ahapaldi biribillak, ordea, astiro ausnartu bearrak dituzu, beraren iduripen berri, zangar eta aberatsen guna txastatzeka: irakiten eta elkar-yoka ari diran ugoldearen ur iperlokak baitirudite. Aren gogoa giro zenun erri zarren olerkiak kimatzeko: aberri-mendietan barna eta itsaso b-aitan luzaro bizitzeak asko

urgazi zion. Mistiku-baratzean ernetako lore ederrak ere berenganatu zuten. Yesu Yauna Garezurmendiko gurutzean, beso zabalik, biotz urraturik agertu zitzayon. Ta  Aren biotzaren batean, larrosa gorrien kukuluan erle maitale antzo, ezti zoragarria xurgatu zizun. Aurrerantzean, aingeruak bizi diran baratzean kuskuak zabaldutako lore usaitsuz egindako buruntza ederrez aurkeztuko zaigu: olerkariaren biotza maitez tutuluturik dago, bekokia ameska ta buru-muña irakiten. Aren bekokia olo-orria bezin garbi zegon eta Yainko-eguzkitara dirdaya zeriolarik olerki-lanari lotu oi zitzayon.

        Erabat esateko: Kata'lunya'ren Dante izan zenun. Yaungoiko ta Aberriaren eder-kilikabera. Olerkiarekiko tiñel, giza-arazoekiko, berriz, sorayo. Bere aberriaren izkera zimel eta margula birloratu ta birgaztetu zizun. Gerorako giro onean utzi zun. Idaztietan olerkari danaren biotz ta gogoa ezagutu al balitz, Verdaguer'en biotz ta gogoa eguzki-begiko sagarrak bezin mamitsu, zindo ta goxotzat izango genuke.

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus