EUSKO-ARTZAIARENA
POEMATXOAREN MUIÑA:
Kantagaia, oi danez, azaldu ondoren, udaberri argitan menditik-bera dator artzai sendo bat (1-5). Baselizan Andra Mari'ri eskaria egiaz, zergatik ze-laira diyoan xaloki azaltzen du (6-9).
Gero, bidenabar, zenbait gizaseme arkitzen ditu (10-17). Azkenik, yoan eta yoan, eta gaztien batzarra arkitzen du zelaian (18-21).
Bertsolari iduri, bere bizikera azaltzen du artzaiak: bere bizitokia, beste artzai batek utzi zion pitxia, t. a. (22-25), bere amaren eriotza (26-28); negu-gauez euskeldun aipatu bat eldu zan txabolara, ta, Euzkadi'ren zoritxarra areago azaltzen du (49-54); zelaira yetxi zan gizon bizar-beltza, bere anaiei artzaiagandik ikasitakoak barreiatzera (55-56); aren oroi goxoa artzaiak gogoan (57); artzaiaren aitonak, iltzean, gizon bizar beltzarentzat uzten-ditu bere oro (58-65).
Artzaiak esana amaitu ondoren, entzule batek erantzuten dio gizon bizar-beltzarun eriotza aitatuz. Baña, eurak, aren aldaska berriak dirala ere esaten diote (66). Artzaiak, mendiz-mendi berakin etortzeko asmoa gaztiei azaltzen die (67 68). Yoan dioazela, Irakasle zana agertzen zaie aolku onak emanaz (69-70). Arrezkero, gaztedi osoa abotsaren atzetik doa (71). Eusko-artzaiarena buka ondoren, bertsolariak oi dutenez, napar beltza eskatzen olerkariak, eztula aldentzeko (72-73).
1
Eusko-artzaiarena
det nire kantagai.
Kerixaren lorea
aizek eraman nai:
Orrela ba'lerama
egun nere gogai,
alaituko ziñake,
mendi goiko anai.
2
Zuretzat ari bait-naiz,
eusko baserritar,
ederretsi dezagun
geron izkera zar.
Arbasoen Yaungoiko,
idazu su ta gar,
itz-neurtuok ditezan
asmo onen goiznabar.
3
Artzaia, mendiz bera,
udaberriz dator;
zugaitzetan kantari
xoxo beltzak txor-txor.
Alare, mendi-seme
dei xuriari gor.
Urduri doa, biotz
-pakea ezin sor.
4
Ura, bai, mutilla, ura.
Arpegi sendoa
mendi eguzkiz yana,
kozkortsu besoa.
Gorosti bezalatsu
zaintsua gogoa.
Bekoki ederrean
zabal ortzondoa.
5
Urrats luze zetorren
malda-bera zear,
yo ta yo etengabe,
asnaska, ler bear.
Gau ta egun ibilliz,
zidorretan bakar:
zirudinez, artzaiak
barnean deika izar.
6
Bein batez, urrutian...
etxetxo bat zutik
ikusten du. Aruntza
dagi xusperturik.
Baselizatxo zenun,
Yainko onaz beterik:
asabak yasoa, iñork
eztaki noizdanik.
7
Andra Mari ikustean,
ez du zurrunbillo
gogo barnez artzaiak,
bai, baña, orrillo.
Aren otoiak gorantz,
egaz kardantxillo,
ez da gelditu burni
-soiñan korapillo.
8
«Artzaien Ama Birgiñ!
Noiz arkituko ote,
nire basoan oiu
egin zun erkide?
Atergabe ikusmiñak
mende narabilte,
ta, Begiok itzuli
nire biotz-Maite».
9
«Eusko-bizar-beltzaren
yarraille onak non?
Aitonaren aginduz,
oien eske edonon.
Artzaien Neskutz-Ama,
nire ordez egon
gure basoaren zai,
ta artaldea yagon».
10
Elizatik irtenda,
eiztari bat arki:
Artzaiak Eusko-bizar-luzeren
ikaslek ikusi?
Eiztariak Gizona, zer diozun
ere eztakit, noski.
Ta eiztari, aurrerantz
eiza-zale izaki.
11
Gero, aldapa-bera
doa artzai gaztea.
Inguruko zugaitzak
irrikan lorea.
Lilluraturik dator,
goiz argiz asea.
Bidez ikus urtedun
lugin agurea.
12
Agureak «Nora oa laisterka,
gazte begi-eder?
Artzaiak Euzkadi barna noa,
bazterrikan bazter...
Agureak Samiñak ditukezu
edonun, egalper
iduri». Aurrexego
atso zar bat dager.
13
Atsoak «Artzai beso-zaintsu oi.
nekaturik oa:
sar adi nere etxean,
ta atseden gogoa.
Artzaiak «Nire zai sorgin lirain,
zabalik leioa,
ta irri-parrez kukuka
beraren aoa».
14
Artzai-neskak «Basoko zugaitzetan
usoa egalez,
ase nairik posea
gari-pago alez.
Mendiko artzai gazte,
neskatxen beldurrez
amets-bidetan barna
diyoa lasterrez».
15
Artzaiak «Mendian aurten ez da
apuru loratu:
nire suz igarturik,
zure urez berdetu.
Artzai-neska, alkarrekin
bizi bear degu,
Euskotarraren Ama
sendatzen ba'zaigu».
16
Basetxe-neskak «Ain arin nora zoaz,
mendi goiko artzai?
To itzik nire zorroko
edari ta gaztai».
Artzaiak «Artizarrak bezala,
nire baitan dirdai
ire basabegiok,
neska basetxe-zai».
17
«Ala ere yun bear;
arbasoen erri
otsorik zakarrenak
baitigute irauli.
Ta aitonak il zorian
emandako berri,
alde ta aldi orotan
opa det aldarri».
18
Udaberri argitan
gaztain koloreko
begidun euskelduna
badoa naroro.
Mendi pakez kantari,
arantzak, oinpeko
lore egiten dirala,
islaz diztiago.
19
Yoanaz baziyoan
aurreruntz su ta gar,
baso-itzaletan bera,
mendi-egi zear.
Bide okergunetik
dantzu garbi xamar
zelai inguruetako
Euskoen deadar.
20
Gero, ara! badakus
gaztien batzarra.
Oro begira zeuden
gure dantza azkarra.
Ezpatadantzariak
belaunen indarra
neurtzen. Ordun artzaiak
barnean dardarra.
21
Zelai erdin artzaia
sartu zan beldurke:
ura agertu zaneko,
yaya eten dute.
Bereala, inguruan
oro, zar ta gazte,
ta guziak galdeka:
Artzai au nor ote?
22
Artzaiak ao ixilla
urre gorri giltzez
iriki, ta, gazteak
ler pozaren pozez.
Barneko txoritxoa
bere abots leunez
egaka baitiyoa
entzulien gañez.
23
Artzaiak «Yon artzaia nauzue,
gaitzizenez «Txiki».
Euskeldunok! entzun
izkutuen berri.
Aritzek bizileku
ta arranoek kabi
ditutenen ondoan
bizi izan oi naiz ni.
24
Anai omen zaituet,
oraindikan orain
esan didanez batek.
Ura bai zala artzain...!
Eztei-egunetako
erestuna bezain
maitero gordetzen det
aren pitxi bikain.
25
Ainbeste ezpaitet maite
nire artzanora;
ezta aitonaren aitak
egin zun aizkora.
Abendakiko odolak
biotzetik gora
oroigaiak dakarzkit
garretan gogora.
26
Aurtxo nintzan oraindik...
Garo eta lurra
tellatutzat zituan
txabolatxo zarra.
Aitonakin batera
nire ama azkarra
bizi zan. Bertan yaso
nik azken-agurra.
27
Nire ama gaxoak,
txabola txokoan,
dardaraz musu egin
eta esan zidan
Ene semetxo, agur
ama yoatean
otoi beraren alde. Ez
aspertu txabolan.
28
Zerura egaz egin
eta ordudanik
ez nau egundo utzi
zearo bakarrik.
Uda-gau garbietan
izar yantziz kirik,
ta negu-ekaitz gaindi
nerau babes nairik.
29
Auspean sugarrik ez,
egur, ke-yario;
ordun, berriz, aitonak
aizematen dio.
Eta suak garretan,
sorgien ario,
zantzoka, eten gabe
txinpart daragio.
30
Negu-gerri: illintiak
zerion elderra;
apari lapikoak
baitzun koipe ederra.
Oñaztarri argitzen
etxeko bazterra,
ta ordaiñez utzi zun
oroigai kalderra.
31
Aitonari, basoan
lenbizikoz il nun
otsoaren kontua
kontari niardun.
Elur-gaupean geunden
sutondoan. Ordun,
bat-batean atea
nork-edo-nork yo zun.
32
Nire ustez irrintz batez
yarri zezakean
ikaraka mendia.
Abots sendo baitzan.
«Eup! artzai-euskeldunok!»
Aiton-arpegian
samiñak dirdai zegin,
abotsa aditzean.
33
Bidekatu danen bat
dek, ta, Goiko-Yauna
orren bide-erakusle,
mendi-baso barna
aitonak esan zidan.
Ta, zartez, esana
esan, atariruntza
yoan zan aitona.
34
«Eeee... up. Gau on bat
Yaunak dizuela,
Euzkadiko artzaioi,
nerauk nai bezela.
Badakizute, onez
etor gatozela».
Abotsak zoliago
ots egiten zula.
35
Atea zabaldu zun
aitonak laisterka.
Gizon bat, artzai iduri,
begi-zoli dauka.
Maitegarri barnera
dator oartzaka.
Ta aspaldiko ezaunak
bailiran besarka.
36
Yaunak zainduko al au!
esan zuen bipil,
ta yarlekutzat ar zun
sutondoko subil.
Txinparten argitara
ageri zan zurbil.
Gure artean arki
opa zuen ubil.
37
Gero, irri egin zidan,
begi-zizta batez.
Nire aurtxo-buruak
bete zun ametsez.
Ta nire aitonari
galde, yakin-miñez:
aren biotza sutan,
bekokia garrez.
38
«Esan, artzai, arrenez,
arbasoen berri:
txabolaren kondaira
gogora ekarri.
Ire guraso zarrak
egien egarri
nauk. Mendian yazoak
nire aurrez yarri».
39
Aiton ao-ederra
asi da kontari:
antziñako oroigaiak,
eltxotalde iduri.
Gogo-biotzez gora,
itzak burrundari
doaz, egurats goibel
barna egazkari.
40
«Gure aitonen aitak
ez ditugu iñongo,
euskel-erriko baizik.
Gu ezkera iñoizko.
Izkeratzat euskera
dugu sekulako:
Euzkadik euskelduna
du bere kabiko.
41
Nire bizkar parre egin
ezpaitezu gogo:
ura ziñez ederra,
ederrik badago.
Egaz diardun saia
baño azkeago
Euskelerri liraiña
bizi zan lenago.
42
Txabola-ormatzarrek
urte-tximak zintzil.
Mendiok entzun zuten
antxian ixkanbil.
Ikusten dituzunez,
oraingoan ixil:
baña, be-aldekoek
euskoa ezin il.
43
Artzai ziran guziak:
gure mendi-egi
arbasoen etxe zan.
Amets beltza egi...
Jentillak zapaldurik
beingoz gure tegi,
ostu neskatil ona:
aien biotz-begi.
44
Abarkadunak ziran
biziak aiurriz.
Urtez makurrak ere,
besoz zaintsu, berriz.
Etsaiak menderatu,
ta, ezurrak autsiz,
irabazten ospea...
Eusko-izena sariz.
45
Guda asko izan ditugu
yundako urtietan:
guziak agindu nai
gure lurraldean.
Pakean, geron esku
geunden bitartean.
Garaiz gera-ta, berriz
saiatu gaitezan.
46
Egiz idatzi bada
edesti-papera,
euskeldun odol-gogoz
garbi zindo gera.
Berpizkunde-biderik
ezin aal aukera...
Ongi ausnartu eta
goazen batera.
47
Gizaseme gaiztoak
zirala errudun,
euskotarrok ondatu
gera gau ta egun.
Illunpean, Euzkia
gugandikan urrun...
Norberaren biotza
sumendi dagigun.
48
Oillalokak azpian
txitalde errukarri:
seitik iru il dira-ta,
besteak elbarri.
Pizti gaiztoen izuz,
ume aulak larri:
zigor onen menpean
gaur da Euskelerri».
49
Ixildu zan aitona.
Gizon bizar-beltza
asi zan mintzalari,
usturik biotza.
Begi negartiz zegon.
Nire itzak, izotza
aren itzen aldean...
Sutu, Yauna, otza!
50
«Euskel-erriko artzain
Orain amar urte,
gure aberri ezaun
nairik atez ate.
Nire anaiak, berriz,
entzungo balute,
zorionik onena
izango lukete...
51
Akerraren adarra
baiño legorrago,
aritz deuna zelaian
zutik omen dago.
Euskeldunak ez du nik
dedan ainbat gogo,
zugaitza berde egiñik,
berriz piztutzeko.
52
Buruzut egon ezin
gure aritz zarra:
aspaldidanik dagit
gogotik nigarra.
Nire errikoak, baña,
iseka ta farra:
poza sortzeko ezta
alaibide txarra.
53
Zoritxarrez susterrak
blei-blei dute izotza:
aritzondo on dago
aspaldiz il-otza.
Ta orrela ikustean,
alai oi da motza:
samiñez erdibi zait
barnean biotza.
54
Goibel bizi naiz eta
ilko banintz obe...
maite bat maitatzen det
izaririk gabe.
Baña, iñoiz ez izango
aren biotz-yabe.
Etorkizun-odeiak
beltz-illunik daude».
55
Arrezkero... irtetzean
berriro laztandu
ta gogoz esan zigun:
«Artzaigana erdu»;
Zelaikoei esango,
aritza berpiztu
nai badezu. «Ta zuek
gure erria zaindu».
56
Negarrez, ardibide
zear beruntz yo zun.. .
Nire aurtzaro zuri
ordudanik urrun.
Bizar-beltza ezkero
amaikatxo egun
yoan dira arrapaka
euzkiren ingurun.
57
Mendian geundelarik
eguzki-berotan,
gure pentsamendua
lekurik askotan.
Aitona eta nerau
biok berriketan,
gizon bizar beltzaren
oroia gogoan.
58
Egun batez... aitona
ardi billa doa.
Mendi zulo beltzean
atustan otsoa.
Ni ataritik deika.
Neronen gogoa
irrintz zoli egiñez.
aldezten basoa.
59
Mara-mara ater gabe
ari da elurra.
Ikusbegi osoan
zuri dager lurra.
Biderik ez ikusten
eta irrist makurra
egin aitonak. Deika
ari zait zakurra.
60
Mendi-baso barrena
noa abazuzaka;
amiltegiak zear
nabil oartzaka.
Galbideak burutuz
yetxi naiz laisterka.
Elur-gaña odolak
gorriturik dauka.
61
Aritzaren ertzean
aitona etzanik.
Aitona! esan nion.
Ots oro alperrik.
Lepoan txabolara
nuan illagiñik;
ordea, oraindio
zegoan bizirik.
62
Aitonak egin zidan
biotzetik agur:
«Atzerri-maitakeriz
ez ibilli makur.
Otso beltzen aurrean
ez adi lotu uzkur.
Nire esanak sarritxo
gogoan irakur.
63
Ni ilda, gero, ekarri
gizon bizar-beltza.
Arentzat nire oro,
artalde, ezkaratza.
Gure oitura zarrez,
zorion bizitza».
Laztandu niñun. Eta
gero illotzik datza.
64
Mendian bizi eta
mendi bertan illa.
Ura lurperatzean
ingurun ixilla.
iñoiz ibilli gabe
giza-aipuen billa,
aren berdiñik bada
azaldu dedilla.
65
Aitonaren aginduz
zuengana nator:
Eusko-bizar beltza, nun?
esan, arren, bizkor.
Erantzun beldur gabe,
etzazute zoztor.
Ta entzule artetik
batek miñez altor.
66
Gazte batek: «Ura gazterik il zan.
Baña, aren erioz
piztu giñan euskuok.
Ura gera gogoz!
Itxasoa aren babes,
olatuen orroz.
Bere illobin bidaztik
ats artzen gau oroz».
67
Artzaiak: «Mendiz-mendi
euskotar gazteak.
Goazen aldatzak gora,
mendigoizaleak.
Aize osasuntsuaz
bizitza indartzera,
Aberri guztiari
agur egitera».
68
Tan-parran, patan, parran,
azeri suari
aizeka, asto txistuka,
akerra dantzari.
Erbia irin eralkiz
ezari-ezari.
Artzai gazte, mendiruntz,
baso-yaun iduri.
69
Goruntz zioaztela,
eguzkitan blei-blei,
ara ikusten dutena,
ao-bat-batez dei:
Ikus! gure Irakasle,
entzun aren otsei,
gure bide guzien
zuzendari izan bei.
70
«Neure semian seme,
neure illoba laztana,
ezeik aiztu aitonak
irakasten dauskana:
Lenen maite egik beti
geure Yaungoikoa
eta onen urrengo
Euzkadi geure Ama».
71
Beraxe zan kantari!
billa zuten Yauna.
Guziak biotzetan
egarri zutena.
Eta gazte-taldeak
doaz arat-ona
abotsaren atzetik,
eusko-mendi barna.
72
Eusko artzaiarena
buka det, ta, mintzul
mingaña, ta arpegia
lotu zazkit margul.
Eskerrik ainitz orde,
gogo-osasunez aul
ez nadin, ekark beltza,
aldentzeko eztul.
73
Ekarri, adixkide,
Napar-ardo zarra:
orrelan ixiltzeko
barreneko arra.
Illak pizturazteko
omen du indarra:
ekarri ontzi bete,
baitizut bearra.
AMAIA
Marneffe (Belgique)
© Iokin Zaitegi