GOGO-NAIAK

 

Aize leun ozkirriak xuspertuko al nau

nire basetxearen atzekalde ixillan,

abeslari ari dan iturri ertzean,

lizarren itzalpean lasai yezarrita.

 

Zorion-ikutua txastatuko al dut,

oroldiz yositako iturri ertzetik,

nire lagunak edan zuen iturritik

ardo txuri goxoa edateko orduan.

 

Urrumaka ariko al dira pagusoak

zurezko esiaren ertzeko sasian.

Loren irin-mamia biltzen ari diran

erlen susmurrak loa ekarriko al dit.

 

Aize-ego ariñetan goiko aitzetatik

aizkoraren otsakin batera abestiak,

antxiako abesti zar zoragarriak,

bidaliko al dizkit egurgin sendoek.

 

Bitartean... an dator bero sargorian

uztarriaz nekatu ondoren idia,

eta aruntz-onuntz ari oi dan artaldia,

itzal maitagarria billatu gurariz.

 

Merida (Venezuela)

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus