NEGUA

 

Negu otz beltza etorri dator

ta itxas-orruk nik entzuten.

Lore usaintsuak zimeldu dira...

txoriak ez du abesten.

 

Mendi-aranak izoztu dira.

Ardi ixilla txaboletan,

ixillik dago txintzarri ere.

Illun oro negu beltzan.

 

Baserrirako zoragarria!

Beterik etxe goi-beak

ta aita-semeak ikulluetan

ateratzen azpikoak.

 

Ama ardatzean ari ta ari da.

Ta neskame begi-bera

samur ausnartzen eta abeslari,

gozarazten sukaldea.

 

Zar eta aurtxoak yoaten dira

sutondora, otz bai-dago:

«Txuri» ere an dago ixillikan,

buru-makur, berotzeko.

 

Elur-matasak erortzen dira

noizean bein ke-zulotik:

aiek, ordea, ez dira ozten,

su-inguruan yarririk.

 

Begi xorrotzez billobatxoak

amonaren arpegira

ikaraturik begira daude,

ipuiak egi bai-lira.

 

Negu otz beltza etorri dator

ta itxas-orruk nik entzuten.

Negu otz beltza gogorra oi da...

Baña, zein eder sukalden.

 

Loyola'n

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus