EUSKEL-GORULARIA IXILDU DA

 

Itxaso-ertzean yauregi zar bat zan.

Urrendik, euzkiren yauregi argia,

urrundikan, itxas-txorien abia

edo artizarra zirudian.

 

An... itxas-aldeko areto erdian

iruten ari zan euskel-irulea.

Len bere begiak liñuen lorea

bezainbat urdiñak omen ziran.

 

Eguzki-argitan ta illargi-argitan

eiotzen ari zan eskontza-yantzia.

Aren abestia zein zoragarria!

Oi! zeñen lirain ta ederra zan.

 

Itxaso zabala nare-bai-narerik!

Itxaso-kaiua egazka zetorran

ta arrantzara doan itxas-ontzi-agan

abestia aditzen koka ixillik.

 

Ontzi txikarrean zioan gaztia,

itxaso ertzeko etxe-yauregira,

aitzei begirake, goruntza begira,

entzun-naiean zan eresia.

 

Bitartean, itxas-olatu maltzurrak

gazte ta ontzia irentsi zituan.

iñoiz ez zan yakin aien berririkan...

Orixe egin ei zun iruleak.

 

Orain, berriz, begi aiek, zorixarrez,

illun omen dira gau ta egunetan...

Betazal aundien itzalpe barruan,

artizarra odei beltzetan lez.

 

Ita eta irra urrezko goruan

neskatil liraiña iruten ari da.

Ezarri linaian kirru-ari latza

ta biltzen du zuri-mea ardatzan.

 

Orain, baña, ezer ez ei du abesten.

Inguru danean olatu-orruak

eta auntzen txintxarri-ots geldi-motelak

besterikan ez oi dira aditzen.

 

Merida (Venezuela)

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus