EGUNABARREAN

 

Egunabarrean iguzkia orail,

larrosa zabaldu-berria, gorrikail:

        orrelatsu-edo dager

        gurean aur ezpain-eder.

 

Bertsolari zarrak, urte zamaz makur,

atsegin-bitsetan opa dizu agur:

        ire arimako amets

        —kabia Yainkoak onets.

 

Zeru-iguzkiaren argi izpi ederra

zugandik ez bedi alderatu, aurra.

        Entzun! laister zaitut gizonn,

        zure buru-yabe edonon.

 

Gizakumeen Yainko-yatorria oro:

belauniko eliz zabaletan otoi.

        Zaite begi-argi nonnai,

        ta aingeruak bezin alai.

 

Begira! bizitza-bidaldiaz gogait

—egiñik, badatoz itsasontzi zenbait:

        zarpildurik aize-oial,

        ontzi-aga, berriz, ezpal.

 

Bai baitute beren asmoen elburu

izan, urre-zillar zekenen leiñuru:

        ez zaite izan orren zoro,

        ezpaituzu zure, oro.

 

Aizea eztute beti poparean

ontziak izaten. Illundu ez oi dan

        egunik ez; eten gabe

        zorun iñork ez, aiskide!

 

Zure amatxoren beso laztanetan

ikasi-egiak irauki gogoan:

        iguzkipean atzerri,

        Yainko-zeruan aberri.

 

Zeru urdiñez gogo barna bete blei-blei,

goiak baitizute beti egiten dei:

        eder-onez garatzazal,

        zure egoak goruntz zabal.

 

Aize ozkirri lez, mendi laiotz zear,

lañoen bidaide, zaite lagun goitar.

        Yainko-mintzo entzun naiaz,

        izakiei itz eragiñaz.

 

Tximeleta eta mariburduntzien

bidetxigor zear lurbira iraganen.

        Baso-itzalean zure zai,

        tarteka, zorion-ibai.

 

Oraindik eztuzu gogoan lokatzik

eta yosi zure barnean gogorrik:

        oraingoak itzal-kea,

        geroak zorun-lorea.

 

Beste bizitzaren berri, oroi, biotz!

Euzkipean beti zaitukegu arrotz.

        Bekokia euki maratz,

        aingeruak bezain aratz.

 

Marneffe (Belgique)

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus