ORATI ENE BEGIETAN

 

        Erroma iria eraiki ondorengo 689'garren urtean yayo zan. Beraz, Iesukisto yayo aurreko 65'garren urtean. Zortzigarren urtean il zan. Benusitarra zenun yayotzez; erromarra bizitzez. Soñez, txikar eta gizen xamarra. Gogo-biotzez alai. Asarre erreza. Aren burua orrela azaltzen dute beraren olerkiak.

        Orati'ren olerkiak irakurtzean, gogoa nare, soña osasunez, biotza kezka gabe ta urdailla erdi beterik zitula dirudi. Geiegikeri guziak iñausi zitun. Erdi-unean lotu zan. Aberaski geiegi edo urriegi izatea ere ez zitzaion atsegin.

        Izan dan lirikurik aipatuenetakoa duzu. Aren gogoa, ota abar igarra su-nai baño olerki zaleagoa zenun.

        Idaztankera zaintsu, landu ta yasoa du. Kemen eta irardausi oneko olerkaria duzu. Berak bezin labur eta indarrez bere asmoak adierazi ditun olerkaririk

oraindiño ez da izan. Dirudinez, izenondo bete, egoki ta tinkoa erabiltzeko uzi aundia zizun. Alare, girgilleririk ez zun nai. Belaxka ta urrixa ez zan, gizaki ta orotsa baizik. Ikasteak ez zion biotza legortu. Aren olerkien ezo mardulak ozkamin egiten digu.

Bulkoz yori da, ordea.

        Gañera, aren olerkietan itz-neurtu baldan, zabar eta baldarrik ez duzu nabaituko. Itz-neurtu biribillez ahapaldi ozenak idatzi zitun, Elade'tik Erroma'ko zelaietara ahapaldi berriak ekarki. Zatarri edo ripiorik iñoiz ez zun idatzi. Neurtizkera erabiltzen ere ederraren sena zizun, oso ao goxo izaki.

        Orati'ren olerkiak geienez agitz laburrak dira. Olerkari danaren biotzondoa bospasei ahapaldietan ustu baiditeke. «Orixe» izpidean dago. Euskel-olerkiak sarritxo luzegiak dituzu.

        Orain, ordea, Erroma'ko beste olerkari bikañen buruz, bekaldetu nai dizut.

        Obidi'ren olerkiak, eskuarki, gurpillen negarra bezin ots bakarrak dituzu, edo, zoi tartean txir-txirka ari dan kilkerra bezin mintzo-bakarra du.

        Orati, berriz, batean bere adiskideekin izandako yai-edateaz alaitzen da; bestean, gaztedia gudazale egin nai du; urrengoan, olerkariei bide zuzen eta arteza erakusten die; beste batean, bere erkide ezagunei parre zantzoz ta purrustadaka eztena sartu oi die. Gizon zimelak beren naigabeak yaurtitzen ditute aren olerkiak irakurrita; gaztien buru-biotzak alaitzen ditu aren olerkietan aruntz-onuntz dabillan zaragiko ardoak.

        Noizpenka, an doa egazka mendirik mendi, arrano ortzizalearen antzera; gero, berriz, lore txuri gorri urdiñen kukulu garbian poliki ta maitiro sartzen da, erle langille irudi, lorearen baitan ezti-gaia biotzez biltzera.

        Euskel-elertian Orati'ren aztarnarik ba-ote? Bai, noski. Oraiñaldi ontako olerkietan aren oñatza oar dezakezu. Alegia, «Orixe»k «Beatus ille» euskeratzean antze lan ikusgarria egin zizun. Aren zaiña ta muiña ederki alda zitun. Orren mardul izkera gutxik itzuli dutelakoan nagokizu. Ain zuzen ere, Ormaetxea yaunaren elerti-azatza adoia artuarena duzu.

        Areago oraindik. Ez zaite arritu. «Lauaxeta» orrazi-zalearen zenbait olerkik ere Orati'ren yarioa dute. Antxiñako ta oraingo ainitz olerki irakurri bai-ditu Urkiaga aipagarriak. Beraz, «Neguko gaba» irakurtzean bederen, «Non vides ut alta stet nive

Soracte» gogoratzen zait: batez ere lenbiziko bi ahapaldietan.       

        Lizardi bikaiñaren idaztankera bete ta laburrak ezarian Orati'rena burura dakarkit: beste irizle batzuk ere onelatsu uste dute.

        Orati'ren iruzpalau olerki erakusburuz aldatu dizkitzut. Biziki usutuz doazin euskel-olerkariei eskeintzen dizkiet. Ikus:

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus