TORI NIRE EDONTZIA

 

                        V'garren Olerti eguneko guduan

                        zillarrezko aritz-abarrez sariztatua.

 

Tori artzai-ontzi au, olerkaria!

Txatxarra izan-arren, abenda-odolez

igortzi eta aren gogoaren atsez

lurrindu baitizut nire oparia.

 

Aitonaren aitak asi zun arloa:

oianean ezpel-makilla ebaki,

ta pitxi bait-litzan landu dut poliki...

Azaltzera noa gure lan-asmoa.

 

Belarra-morrozten ardia dakusgu:

bildotsen pakea begi-biotzetan

izaki, ordeka erdiko aitzetan

exeririk aizto-utsez egin dugu.

 

Edontzi-inguruko azal-goi batean,

artzai-bizitzunak irarri genitun:

euzki biribilla etzatera, an... urrun.

Baseliz-gallurra yartzen du argitan.

 

Urrutx-makilla artu eta artzai gaztea

txistu-yoka mendi gorantza diyoa.

Erpin-goiak igo ta ardi erdiloa

txistu zorrotz otsez itzar da maitea.

 

Berealakoan, bidetxigor zear,

berago ikusten dan txabolara doaz

ardiak. Artesi baten bereziaz

batzekoak, itxi oi du ataka azkar.

 

Umedun ardiak etzalekurantza

doaz. Be-aldean, kaikua istar-arten

loturik, badago artzai esne-batzen

aren asmoa ba-doa arat-onuntza!

 

Irudin dagonez, batzu izuti-uzkur,

bestetzu otzanak dira batzekoan.

Otzanak, lepoker, ausnarka dagoan

antza du, geldirik eta ipurdi-makur.

 

Izuak artzaiek beregana ditu,

ontziratzeraño errape: istarretik

oraturik dakarz. Erro banetatik

esku biaz eldu ta laixter yeixten du.

 

Erroberoa ba-dator txirrioan...

Batutako esnez kaikua gañezka,

bits zuri arroa dula yarioka

dager irarririk ontzi-azalean.

 

Beste goialdean, bertsolari zarra,

eskuan sagardo edontzia izaki,

itz-neurtu ederrak esanaz yarraiki.

Inguruko gaztek ezpaiñetan parra...

 

Beraxego, itsaso geldi-ezin barna

arrantzale beso aunatuak ager.

Goiznabar miñean uretan lur musker

dakuste: aize da-ta, yitoan txalupa.

 

Txopa-aldean zutik lemazain sendoa,

ta begiak fir-fir lurra ikustekoan.

Begi zimur ta ille zuri agure izan

—arren, zaiñak lertu zorian lepoa.

 

Irudi guziak bizi-bai-bizirik

ziruditen: orren ikusgarri zegon.

Ontzi berriaren usaia zerion:

egundo iñork ezpai-zun edan oraindik.

 

Aurten, udaberriz, buka dizut lana.

Inguruko pago pertxentak orrimin,

ta nire barruan biotzak neskamin...

txori bi egaka zeru garbi barna.

 

Ordun, zagi bizi lez, biotz azia

lauskituaz, asmo eder aratzena

ereika atera-ta, ontziaren barna

yalgi dut, iduri larrosa gorria.

 

Barnean asmoak irakin dagio:

gaiñeratu nitun oroipen goxoak,

ipui zarren ezti eta gogo-ikarak...

ardo zarren zillar-aparra dagio.

 

Ikusten dezunez, edontzi onetan

eusko-bizikera eden nai izan dizut:

zure olerkien ordaiez damatzut,

edan zazun gogoz idatzi-aurrean.

 

 

 

© Iokin Zaitegi

 


www.susa-literatura.eus