19

 

        — Barkatu behar diguzu, Dionisio, azken estutasun honengatik. Tenienteak eta biok aurretik gerturik genuen sesio hau dena. Bagenekien Villosladak nola jokatuko zuen eta tenienteak kenduak zizkion balak bere pistolari.

        — Orduan Villoslada da bi heriotzen egilea? —galdetu zuen Edurnek lotsakor.

        — Bera eta ez beste inor —erantzun zion tenienteak irribarrez. Zigarroa erretzen ari zen eta gorantz zihoan ke kiribilduari alai begiratzen zion.

        Galarreta artean ere zeharo bere onera etorri gabe zegoen. Bidartek eta tenienteak elkarri ez begiratzeko ahaleginak egiten ari ziren, barrez hasteko beldur.

        — Beno, ea orain gauzak garbi azaltzen dizkiguan, Jon —eskatu zion Edurnek. Bihotzaren poza txaloka ari zitzaion neskatxari begitarteko leihatiletatik.

        — Villoslada jauna oso buru azkarra agertu da; baina berak ere egin ditu akats batzuk. Orain...

        — Baina zergatik hil zuen Anton Hernandorena? —galdetu zuen Galarretak. Poliki-poliki berriz ere ari zen agintariaren aurpegia jartzen; bere buruaren jabe egiten hasia zelaren ezaugarri ona.

        — Arrazoi garbi batengatik. Villoslada zen Nafarroako alderdietan kontrabandistarik aberatsena eta argiena. Lehen ere esana dizut, Dionisio, jendea eta batez ere egunkariak nitaz ongiegi mintzatzen direla, ni arrain hezurra baino buru zorrotzago banintz bezala. Jendeak uste duen baino errazagoak dira gauzak. Galde eta galdetzean, hor dago gehienetan arazoaren arrakasta ona.

        — Zer galdetu huen, bada? —ebaki zion Galarretak. Mintzo sarrera haiek ez zitzaizkion laketzen.

        — Hasieratik honek harritu ninduen: Villoslada poliziekin batera agertzen zela beti. Kapitainaren koinatua zen, bai, baina polizien arazo guztiak jakin behar hari bitxia neritzon. Anton Hernandorenaren heriotza zela eta han aurkitu nuen kapitainaren ondoan. Gero ere, tenientearekin batera ikusten nuen non-nahi. Susmo txarra hartu nion. «Nor da Villoslada hau?» izan zen nire lehenbiziko galdera.

        — Bada, Villoslada gaizkilea izan zitekeenik ez zitzaidan niri sekula bururatuko —aho betean aitortu zuen tenienteak.

        — Jakina ezetz —erantzun zion Bidartek lagunkiro—. Gaizkilearen ondoan bizi dena, gehienetan ez da gaizkilea ezagutzeko gauza izaten. Betaurrekoak erabiltzen dituenak ez du jakiten anitzetan zikinak dituenetz. Gaiztaginei ere, ezagutzeko, urrundik begiratu behar zaie, gino batean.

        — Donostiara joan hintzen egun horietan ibili hintzen orduan, Villosladaren bizitzaren xehetasunak aztertzen, ez da? —galdetu zion neskatxak.

        — Halaxe da. Manolo Rodriguez, Donostiako polizi etxeko buruzagiak, sekulako artxiboa dauka.

        Bere bizitza osoa horrexetan eman du eta beti harro-harro jartzen da ni zer edo zer galdetzera joaten natzaionean.

        — Horrek esan zian orduan dena? —itaundu zion tartetik Galarretak, merituak kendu nahirik bezala.

        — Bai eta ez!

        — Zer bai eta ez. Berriz hasi behar al duk hire katramilekin?

        — Ez, orain oso serio ari naiz. Rodriguezek ez zidan ezer esan, bere artxiboetan inongo Villosladarik ez zegoelako.

        — Orduan? —ihes, egin zitzaion tenienteari.

        — Orduan Madrilera jo nuen. Villoslada han egona baitzen. Baina hango fitxeroetan ere ez zen Villosladari zegokion izenik agertzen. Beraz, gauza bat zegoen garbi. Villosladak bere egiazko izena ezkutatzen zuela.

        — Nola, Villoslada ez da Villoslada? —galdetu zuen Galarretak aho zabalik.

        — Villoslada egiatan Fernandez de la Fuente da —erantzun zion Bidartek.

        — Nola jakin duk hori? —galde egin zion neskatxak.

        — Ustekabean. Villosladaren arrebarekin izandako elkarrizketan neba Hueskan egona zela esan zidan.

        Teniente jator honi Villosladaren bi argazki eskatu nizkion. Horik hartu eta Canfranc eta Huescara bidali nituen, ea holako gizona ezagutzen zuten. Adurrak lagundu zidan. Canfrancdik berehala baietz erantzun zidaten. Orain hamar urte polizia osoa gizon haren bila ibilia zela, kontrabando egiten zuela eta, baina bat-batean lekutu omen zen.

        — Eta orduan bere arreba ere ez duk Villoslada? —ebaki zion hizpidea neskatxak, harriturik.

        — Emakumea Villoslada da.

        — Nola?

        — Villoslada da...

        — Bere arreba ez delako —bukatu zuen tenienteak.

        — Nor da orduan? —itaundu zuen Galarretak. Berriz ere nahasten hasia zen.

        — Bere maitalea. Huescatik ihes egin ondoren, De la Fuente Madrilera joan zen. Han ezagutu zuen Maria Dolores Villoslada eta elkarrekin bizi izan ziren puska batez. Uda batean De la Fuentek hemengo kapitainarekin adiskidetu zen, Madrilen oporraldietan zegoelarik. Kapitaina Errazun mugazainen buru zela jakin zuenean, ideia on bat etorri zitzaion burura. Maitalea arrebatzat agertu zion eta kapitaina harekin ezkondu zen. Denak elkarrekin hona etorri ziren bizi izatera.

        — Eta kapitainak ez al zion koinatuari igarri kontrabandoan ari zenik? —galdetu zuen Galarretak haserrekor.

        — Baietz uste dut. Kapitaina ez zen ergela eta. Baina bere koinatua zelako, bere emaztea bihotzez maite zuelako eta De la Fuentek agintarien aurrean inolako buruko minik ematen ez ziolako, begiak hersten zituen.

        — Egia esan —ebaki zion hitza tenienteak—, De la Fuente mugaldean sarri ibiltzen zela nik ere banekusan. Kontrabando pixka bat ere egingo zuela pentsatu nuen, baina ez nion sekula garrantzi handirik eman.

        — Begiak erne eduki behar dituzue, erne! —akar egin zion Galarretak.

        — Oso erne izan ditu, Dionisio —azaldu zion Bidartek—. «N» hori nor zen berari eskerrak jakin izan genuen eta gainera beste lan garrantzitsu bat ere bete zuen gure teniente jator honek. Nik neskatxari eta Anton Hernandorenari egindako gutunak eman eta bera izan zen Villosladaren makina letrarekin alderatu zuena.

        — Ez nuen berehalakoan makina hori aurkitu, ozpin amorratua! —aitortu zuen tenienteak—. Jo bazter batera eta jo bestera, aztarrenik ez. Baina azkenean, han! arasa zoko batean ongi gordeta «Hermes Baby» bat ediren nuen. Bi eskutitzen letra eta makinarena bat zetozen.

        — Hara beste puntu bat argituta —gaineratu zuen Bidartek.

        — Um, ez zegok gaizki —onartu zuen Galarretak gogoz bestera.

        — Eta nola bizi izan ziren hemen De la Fuente eta Lola, neba-arreben modura? —galdetu zuen Edurnek.

        Tenienteak barretxo alai bat egin zuen.

        — Emakume baten galdera jatorra. Bada, esango dizut. Ni hemen nagoela zazpi urte badu eta berbertatik ikusi izan ditut gauzak. Lola eta Villoslada maiz gelditzen ziren bakarrik etxean, kapitainak sarri irten behar izaten baitzuen, bere lanak eskatuta. Nik sekula ez nuen gauza txarrik barrundatu. Aitzitik, biak nituen neba-arreben maitasunaren eredutzat.

        — Eta kapitainak ez al zien maltzurkeriatan zebiltzalako antzik eman?

        — Kapitaina kokoteraino maiteminduta zegoen bere andrearekin. Nola gogoratuko zitzaion, bada, emaztea bere «nebarekin» zebilenik?

        — Eta zein aitzakia eman zuen arrebarekin bizi izateko? —Neskatxaren jakin-mina ez zen hain errazki asetzen.

        — Nik ez dakit zer esan ote zuen hasieran. Villosladak, barka, De la Fuentek, beste ahaiderik ez zuela eta bere arrebarekin batera bizi nahi zuela entzuna diot neuk kapitain zenari berari.

        — Gainera —esan zuen tartetik detektibeak—, kapitaina pozik bizi zen koinatuarekin, oso eratsu eta dirutan ere txit gizen ikusten baitzuen.

        — Diru horik nondik ateratzen zituen ez al zenieten zeuen buruei galdetzen? —erasiatu zuen Galarretak tenientea.

        — Andaluzia aldean lurralde zabalak zituela eta hango diruekin bizi zela sarritan entzun genion De la Fuenteri kapitainak berak eta guk denok. Bere arrebak ere berdin zioen.

        — Sinesberak zarete, mutilak! —erantzute egin zion Galarretak.

        — Bon, eta oraindik ez diguk esan —galdetu zion neskatxak Bidarti—, zergatik hil zuen Anton Hernandorena?

        — Hori neronek ere oraindik ez dakit ziur. Hau jakin dut garbi: De la Fuente maiz ibili zela Hernandorenarekin batera kontrabandoko lanetan. Eta bekaiztu egin ziren, agian.

        — Zergatik? —Galarretak berriz ere juezaren bekozkoa jarri zuen.

        — Horixe da neuk jakin nahi nukeena. Elizondon egin ditudan azterketek ez didate garbitasunik eman. Anton Hernandorenarekin batera lan egiten zuten gizakume batzuekin hitz egin dut. Inork ez omen daki deus.

        — Lapurrek ere askotan eraso ohi diote elkarri, dirua banatzeko orduan bereziki —bota zuen astiro Galarretak predikadore gisa.

        — Egia galanta. Halere, Anton Hernandorenak nondik edo handik Villoslada nor zen jakin zuela uste dut nik. Bien arteko suminaldi batean, Hernandorenak alde horretatik mehatxu egin eta... besteak garbitu. De la Fuentek, ikusi dugunez, ez zuen zizt edo zazt egin gabe denbora alferrik galtzen.

        — Neuk azalduko dizuet hori dena —esan zuen tenienteak oilarra baino harroago—. Irakur ezazu eskutitz hau.

        Sakelatik gutuntxo bat atera eta Galarretari eman zion.

        — Lehenengo egunean, Bidarten makinari buruzko mandatua egiterakoan, Villosladaren kaxoi batean idoro nuen.

        Galarretak eskutitza pregoi bat balitz bezala irakurri zuen.

        «Villoslada agurgarria: Zure proposamendua behin eta berriz hausnartzen ari izan naiz. Ni lehenagoko hartan jarraitzen naiz. Zure ara.Zoan hartukizun izateari kaltegarri deritzat. Beraz, ez nire zain egon. Eta zuri ere, adiskide antzean, aholku bat ematen dizut. Ez zaitezela bide horretatik joan, goiz edo berandu zeure burua espetxean ikusi nahi ez baduzu. A. H.»

        — Zer esan nahi du eskutitz honek? —galdetu zuen Galarretak doinu erreaz. Ez zuen «huts ala beteka» jostatzeko gogorik.

        — Eskutitz honi usain txarra hartu nion eta joan zen astean Ainhoan eta Ezpeletan galdeketan ibili nintzen. Villoslada droga kontrabandoan hasia zela seguru jakin izan dut.

        — E, nola diozu? —itaundu zuen Galarretak asaldatuta.

        — Entzun duzuna, Galarreta jauna. Villoslada izutu egin zen, Hernandorenak ez ote zuen salatuko. Beste arazo bat zuela aitzakia eginez, Izpegira deitu eta han hil zuen.

        — Hara, Bidart: hik azaldu ezin huena nola argitu digun teniente lehiatsu honek. Eta zergatik garbitu zuen gero kapitaina?

        — Tiro batez bi txori hiltzeko —erantzun zion tenienteak—. Susmo guztiak Hernandorenaren lagunen bizkarrean jartzeko eta libre gelditzeko. Orain bi aste berriro Madrilera itzultzeko asmoa zuela esan zidan. Heroina kontrabandoak diru aunitz emango ziola bazekien. Diru horik bildu, bere arreba ere eta harekin Madrilen eroso bizitzeko asmotan zegoen.

        — Baina gauzak oker atera zitzaizkion —itzuri zitzaion konturatu gabe neskatxari.

        — Umore gutxiko gizona zen —bukatu zuen tenienteak.

        — Jaunari eskerrak. Zailenak atzematen umore oneko gaizkileak izaten baitira —borobildu zuen Bidartek.

        — Orain dena dago garbi —esan zuen Galarretak—. De la Fuentek orduan, Hernandorena hil zuenean, kapitainari eskutitza egin zion, bere burua zuritzeko?

        — Halaxe da —baieztatu zuen Bidartek.

        — Eta gero, lanean hasi zinetenean, zuri eskutitz bikain hura idatzi zizun —esan zion tenienteak xamurki neskatxari.

        — Baina zer arraioetan ari zen Hernandorenaren semea Izpegin, hilobien ingurumarian? galdetu zuen Galarretak bekokia zeharo zimurtuz.

        — Ejem, ejem —egin zuen Bidartek—. Aritz oso maiteminduta dago guztiok ezagutzen dugun neskatxa lirain batez. Neskatxa lerden hori zaintzera joan zen.

        — Ematen zidan niri barruak! —esan zuen Edurnek gailentsu.

        — Eta zertarako sartu duk orduan giltzapean? —itaundu zion Galarretak pixka bat minduta.

        — Nik ez dut inor giltzapean sartu, Dionisio —erantzun zion Bidartek eskua aurpegi aurrean jarriz, bere burua defenditzeko bezala—. Ni zorabioak hartu ninduen eta neskatxa poxpolin baten esanagatik sartu zuten kaiolan. Luzaro gabe askatu zuten, ordea.

        Edurne eztitan zegoen, zeruko aingeruak miresten bezala.

        — Tiroak nondik zetozen ikusi eta nik ez nuen duda izpirik izan, Aritz tiratzailea izan zitekeenik. Gainera, neure aieruak bestearengan jarrita nituen ordurako.

        — Bestalde, nire aginduz, gurutzetatik hurbil samar, bi mugazain zelatan zeuden. Gertatutako guztia ikusi zuten —adierazi zuen tenienteak—. Auzitegian lekuko onak izango dira horik.

        — Zuek egun horretan eta halako ordutan mugara joan behar zenutela nola zekien Villosladak, bada? —galdetu zuen Galarretak berriz ere.

        — Esan dizut lehenago. Nik segada jarri nion. Joan zen ostiralean, tenientearekin hizketan ari ginela, iragaitzaz bezala, gure asmoaren berri esan nuen Villosladaren aurrean. Entzun eta zazt: gu garbitzea erabaki zuen hark.

        — Hots, hau bukatuta zegok —esan zuen Galarretak eskuak goratuz, batzar handiko lehendakari batek bezala.

        — Nik premiazko lanak dizkiat Iruñean. Banoak. Ez diat hiletan jarduteko astirik.

        Galarretak bostekoa luzatu zien denei. Askenez Bidarti.

        — Beste batean gaur bezalako estutasunean jartzen banauk, lepotik heldu eta kapirio batetik zintzilikatzeko aginduko diat, Jontxo maitea —esan zion ezpainak eta sudur hegalak jasoz.

        — Oso ederki egingo duzu, Dionisio. Baina gaur mesede bat eskatu behar dizut.         — Gaur ez nagok hiri mesederik egiteko.

        — Entzun, Dionisio, entzun. Auzi honetan guztian tenienteak egin du lanik bizkorrena. Merezi du kapitainaren mailara jaso dezazuen.

        — Bon, bon, heuretzat ezer eskatu ez duanez gero, baietz agintzen diat. Bihar bertan telefonatuko diat Madrilera.

        Denei agur keinu bat eginez, langelatik atera zen. Bidart eta Edurne tenientearen adiskide minak bezala bereizi ziren.

        Berriz ere elkarrekin zeuden kotxean detektibea eta neskatxa.

        — Hiretzat sorpresatxo bit dinat, Edurne.

        — E?

        — Baserrian mutil bikain bat zegon hire zain.

        — Aritz?

        — Bai.

        — Ez al nuen, bada, esaten, oso gaizto hintzela?

        Laztan bero luze bat eman zion Joni. Kotxea ia irten zen bidezabaletik.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia