16
Iratzarri zenean, lehenik Edurneren aurpegi maitetsu eta tristea ikusi zuen. Gero haren amarena. Baserriko bere gelako ohean etzanda zegoen. Oso makal sumatzen zuen bere burua, baina inolako minik gabe. Alai zegoen Jon eta bere alaitasuna nabarmenago ageri zen bi emakumeen goibeltasunaren aldean.
— Badakizue zer egin behar dudan orain?
— Zer? —bi emakumeak batera.
— Jan eta gogo onez, gainera. Ea txuleta on bat ekartzen didazuen; ahal dezazuen lodiena.
Ama sukaldera joan zen agindutakoa paratzera.
Neskatxak ez zuen hitz egiteko gogorik. Jonek bazekien nongo kezkak hersten zuen.
— Edurne, zergatik horren ilun? —Neskatxak erantzunik ez—. Zer esan du sendagileak?
— Ez duala ezer, Jaunari eskerrak. Neskatxari aurpegia pitin bat argitu zitzaion—. Jon, eskerrak eman behar dizkiat; berriz ere heriotzatik libratu nauk.
— Ez dun hori ezer, Edurne. Baina egia tiki bat esan iezadan: poz handiago hartuko hukeen gaizkilea beste norbait izan balitz, ez da?
Neskatxa mutu. Ahalke zen. Baina barruan zeramatzan kezkak hustu beharra zuen, gaixoak.
Joni eskutik heldu eta haren besoetan bere burua ezkutatu zuen negar batean:
— Mutil horri, ikusi orduko, zaletu nintzaiola pentsatzen dudanean... —Zotinak hitza debekatzen zion.
— Ez negarrik egin, Edurne. Laster dena konponduta egongo dun. Zinez, etorkizunean poz handiak ezagutu behar ditun!
— Eta hik hasieratik huen horren susmo txarra, ez da? Oraingo honetan behintzat, gizonaren sena bizkorrago agertu duk emakumearena baino. Niri huts egin zidaan —aitortu zuen Bidarti aurpegira begiratu gabe.
— Senak askotan engaina diezaguke. Baina ez hortaz axola. Zinez esaten dinat, Edurne, balio handiko neskatxa haiz. Bai zoriontsu hirekin ezkonduko den mutila!
Edurnek zeharka begiratu zion Jon.
— Dena ilun zegok oraindik niretzat. Zergatik hil zuen Aritzek bere aita?
— Anton Hernandorena oso aberatsa zela ba al dakin? Bere notarioarengandik ikasi dinat 200 milioiren jabe izanen dela.
— Ene!! —jaulki zitzaion neskatxari.
Ama plater usaindun batekin etorri zen: txuleta handi bat zekarren, bi arrautza eta piperrak. Ondoan Tafallako ardo gorria. Jonek zurikeria askorik gabe ekin zion lanari.
Ama berriz ere irten zen, biak bakarrik utziz.
— Donostian ere —jarraitu zen Bidart—, etxe asko zeukanan, Baztanen lurralde zabalak, diru etxeetan diru piloak. Oso gizon antzetsua huen kontrabandoko eta salerosketako arazoetan.
— Eta Aritzek diruketa horien jabe izan nahi zuen, ez da?
— Edonorentzat ditun zirikaldi handia holako dirutzak. Aita bizi arteraino Aritzek ez zizkinan diru horik jasoko. Egia esan, aitak amaren alde egina zinan testamentua. Baina ama buztina da semearen eskuetan.
— Eta kapitaina ere berak hil zuen?
— Kapitainarena errazago dun azaltzen. Joko ederra huen hura, Anton Hernandorenaren heriotza kapitainari leporatzeko. Jendeak mendekutzat har zezakenan.
— Um, ez diat oraindik ere dena garbi ikusten.
— Ez eta nik ere. Auzitegian orain ezagutzen ez ditugun xehetasun jakingarriak ikasiko dizkinagu.
— Eta niri eskutitz hura egin eta Bordatxon ia garbitu ninduela... pentsatzea ere! —Saminago eman zion negarrari.
— Edurne, ez negarrik egin. Bihar den dena ulertuko dun. Alferrik ari haiz negar egiten. Ikusiko dun, den dena ongi konponduko dun.
Dena alferrik. Ezin negarrez ase.
— Hots, Edurne. Oraintxe bertan kotxean sartu eta banoan eginkizun bat burutzera.
— Baina, nola, oso ahul hago eta!
— Ahul janari honen ondoren?
— Hirekin joango nauk orduan!
— Bon, nahi badun! Bihar goizean biok Errazura joango gaitun eta batzar oso jakingarri bat izango dinagu. Galarreta ere etorriko dun.
— Ba al daki zer gertatu den?
— Baietz uste dinat. Tenienteak kontatuko zionan.
Baina hain zuzen ere, ohetik horregatik nahi diat jaiki, berarekin hitz egiteko. Edo hobe, mintza hakio heu nire ordez.
Zartada batean «Benta»'ra jaitsi ziren. Laster telefonoz ahots alai batek esan zuen Iruñetik:
— Hemen Galarreta. Nor da hor?
— Edurne Eizagirre, Bidarten sekretaria. Amaiurtik ari naiz mintzatzen.
— Gau on, Edurne. Hau poza zurekin hitz eginez! Zorionak! Dena argitu duzuela badakit. Zer moduz Bidart?
— Ongi... bai, oso ongi. Ahultxo baina ederki. Eta zu, zer moduz, lan asko?
— Bada, beti izaten da zer edo zer. Badakizu, gure ogibidean!
— Bon, Galarreta jauna. Bidarten partez, arren, bihar goizean Errazura etortzeko. Batzar bat izango dugula; zu, tenientea, Villoslada, Bidart eta bostok elkartuko garela eta.
— Baina, nola? Arazoa behin argituz gero, zertarako nahi du ni horra joatea?
— Zu Nafarra osoaren buru zarenez, zuri kontuak eman nahi omen dizkizu.
— Ja, ja! Oso apal dabil nonbait gure Bidartxo. Egia esan, bihar banuen beste egiteko bat...
— Utz ezazu gerorako, Galarreta jauna. Ni ere oso pozik nago zu berriz ikusteko —esan zuen neskatxak irribarretsu, Bidarti begira.
— Ongi da, hori ere ez da arrazoi eskasa. Bada, esaiozu Bidarti, goizean ezin dudala, baina arratsaldeko bostetarako Errazun izango naizela.
— Esker mila, jauna, ongi lo egin.
— Jaun izen hori alde bat utzi eta Dionisio deitzen banauzu, askoz hobe izango da.
— Bada, gau on, Dionisio, bihar arte.
— Bihar arte, Edurne.
Itzultzerakoan neskatxa gero eta ilunago jarri zen, mutututa bezala. Baserrian bertan ere ez zion Bidarti hitzik egin. Betozkoa zuen.
Egongelan bakarrik gelditu zirenean, bakoitzak liburu bana hartu zuten eskuetan.
— Nirekin al hago mutur? —galdetu zion Bidartek goxo—. Bazekinat gaur hire iritzian asko galdu dudala.
— Ez duk gezurrik esaten, Jon. Gaizkilea harrapatzeari ongi deritzot. Baina hi heure pozaz nire sentimenduez barre egiten ari haiz —esan zuen eta negarrari eman zion.
— Hik ongi hekien nik Aritz... eta orain heure zangoa haren buru gainean jarriz, hire nagusitasuna erakusten duk. Ez nian uste hi horrelakoa hintzenik...
— Baina nik, Edurne...
Ez zion esaldia bukatzeko astirik eman. Neskatxa zotinka irten zen gelatik eta berean ezkutatu.
Geroago Jonek atean tapa-tapa jo arren, ez zion neskatxak atera ireki.
Biharamun goizean, zertara zihoan esan gabe, Bidartek joan etorri bat egin zuen Elizondora.
Itzuli zenean, ia bazkaltzeko garaia zen. Bere gelan sartu eta berehala taupateko bat eman zuten atean. «Aurrera» esan eta Edurne sartu zen gelara.
— Barka iezadak atzokoa, Jon —esan zion. Beterre zegoen. Negar ugari eginaren seinale.
— Ez dinat ezer barkatzeko. Nik ulertzen diat hire nahigabea, Edurne. Gaur arratsaldean ongi ulertuko dun dena. Errazun ikusiko dun nik ezin nuela beste modura jokatu.
— Ni ez noak gaur inora —erantzun zion erabakitsu neskatxak—. Batez ere hori esatera etorri nauk.
— Edurne, arren. Nire azken eskaera etxe honetan hau izango dela uste dinat. Hator arratsaldean. Heure sekretari lanak bete itzan.
— Ez, Jon, ezin diat nik historia hau berriz entzun. Hik ulertu beharko huke.
— Ulertzen diat. Halere, hire onerako dun. Gauzak barru barrutik ezagutzeak nahigabea arinduko din.
— Ez diat hori sinesten, Jon, eta ez noak.
— Orduan neu ere oraintxe bertan noan etxe honetatik Elizondoko «Hotel Baztan»era. Han utziko dizkinat neure gauzak eta bihar alde egingo dinat Donostiara.
— Jon, nola esaten duk hori, nola?
Neskatxa izutu egin zen eta Jon bere esanean tinko zegoela ikusiz, azkenean amore eman behar izan zuen.
Hizketa gogor hau gorabehera, Jonen jateko gogoa eta hitz jarioa beti bezalakoa izan zen. Neskatxak, ostera, ia ez zien janariei horzka egin.
Gurasoek barruntatu zuten ekaitza zein aldetik zetorren eta ez ziren alabaren iluntasunaz gehiegi kezkatu. Etxeko jauna alaiki jarraikitzen zitzaion Joni bere solasean. Kontrabandoko gertaera batzuk ere kontatu zizkion, «berari» gertatutakoak.
Hiru t'erdietan Jonek eta Edurnek Errazura jo zuten. Bidez ez zuten elkarrekin ia hitzik egin. Gezurra zirudien lehen hain adiskide izanak, bitartean postura hartara jarriak izateak. Jonek noiz behinka eztiki begiratzen zion, baina neskatxak ez ikusi iduri egiten zuen. Halatan mugazainen etxera heldu ziren.
© Gotzon Garate