12

 

        — Bon, eta arratsaldean zer egin behar duzu? —galdetu zion mutilak eta bere zigarroari zurrupada luze bat eman zion.

        — Bada, bada... ez dakit —esan zuen totelka neskatxak—. Bordara joango naiz eta... han igaroko dut arratsaldea.

        — Nola? Mirestekoa! Etxean gelditu? Neskatxak igandeetan etxean gelditzen badira, zer egingo dute Baztango mutikoek? Etorriko al zara nirekin Doneztebera?

        — Ez Aritz, zinez, ezin dut. Beste igande baten oso pozik, baina egun ezin.

        Hura zen hura! Nola esango zion bada zer gertatzen zitzaion? Ez zuen itzurbiderik. Ukoaren arrazoia argitzen bazion, Bidarten agindua jango zuen. Zein aitzakia atera behar zion ezezkoa emateko?

        Bihotzak, hori bai, inbitazio hura onartzera bultzatzen zuen. Ez zuen igandero holako mutil bikain batekin irteteko aukerarik izango. Bestalde, Jonen inora ez joateko agindua ez zen estuegi hartu behar.

        Ez al zekien berak, bada, bere burua zaintzen? Ez al zuen gainera mutil hura bere ondoan izango, beharrez gero berari laguntzeko?

        Hobe zuen bai, berak hartutako mehatxuzko eskutitzaren berririk ez aipatu eta mutilarekin batera arratsaldea igarotzea.

        — Beno, beno —ekin zion berriz ere Aritzek—, arratsaldea «Bordatxon» igaroko dugu eta zuk nahi dezazunean neronek eramango zaitut etxera. Hamarretarako? —galdetu zion pozez, neskatxaren baiezkoa iritsi hurren zuela ikusirik.

        — Ez, ez, zortzietako etxean egotea komeni zait. Ez dakit, baserrian denei bazkaltzeko han izango naizela esan diet eta orain, ez bazkaldu ez arratsaldean... ez dakit zer esango duten!

        — Hots, arratsalde bat nirekin igarotzen duzulako, Bidart ez da haserretuko, ez da? —bota zion mutilak irri goxo lasai bat eginez.

        Neskatxaren masailak pitin bat gorritu ziren, baina ez zuen ezer erantzun.

        Otorduan ama eta hirurak atseginez ari izan ziren eleketan. Egia esan, neskatxa begikoa zen. Unibertsitateko ikasketek ez zioten burua harrotu. Jakinduria eta xalotasuna ederki elkartzen zituen. Aritzen ama ere maitasun handia hartzen ari zitzaion. Zein begi onez ikusten zuen bere semea eta neskatxaren arteko hizketa hura.

        — Ama —esan zion Aritzek kafea hartu ondoren—, orain Edurne eta biok itzuli bat egitera goaz.

        — Ongi da. Eguraldi ona egiten du. Nora zoazte?

        — Doneztebera. «Bordatxon» zein giro dagoen ikustera.

        — Baina, nola, Aritz, aita hil berria dugu eta

        Bordatxora joango al zara? Zer esango du jendeak?

        — Ama, badakizu ni guti arduratzen naizena jendearen esanez. Edurne eta biok txoko batean eseri eta han egongo gara lasai, inongo zalapartetan sartu gabe.

        Edurne pitintxo bat lotsatu bai, baina ez zen amasemearen arteko solas hartan bitartekotzen ausartu.

        Bi gazteak mutilaren «Alpine»n sartu ziren. Ongi sakatu zion Aritzek gazpedalari. Txinpart-jaurtika joan ziren Donezteberaino. Abiadura handi hartaz neskatxa izutuxea zegoela konturatu eta poztu egin zen mutila. Adoretsua zela ikusiko zuen.

        Doneztebera heldu ziren eta Bordatxon sartu. Bordatxo Euskal Herriko dantzatokirik ederrena da. Eta gure herritik kanpora ere oso hiri gutitan aurkituko duzu haren antzekorik. Etxe galanta da, bikaina ba, kanpotik bai barnetik, bere parking tokia eta guzti.

        Barnean jendea gainezka zegoen. Gaztelaniaren ondoan gipuzkera eta nafarrera parra parra entzuten ziren. Egun hartan «Koxka» kantari taldea etorria zen eta han ari ziren «Elur berria» modako kanta abesten.

        Aritz eta Edurne txoko batean eseri eta whisky bana eskatu zuten. Giro alaia zegoen inguruan. Jende anitz dantzan ari zen, beste batzuk traite hizketan eta berotuenak kantariei beren oihuz laguntzen.

        Bost minutu igaro eta Edurneren eskuinetara mutil bikain, bizar gorri, betaurreko belzdun bat jarri zen. Lasai-lasai zangoak zabal-zabal egin, zigarro bat atera eta aurpegi argiz jendeari begira geratu zen, norbaiten zain bailegoen.

        — Momentu baterako komunera noa —esan zion Aritzek neskatxari, whisky basoaren erdia edan ondoren—. Berehala nator.

        Aritz lekutu eta minutugarrenean, bat-batean eta inongo abisurik gabe argiak itzali ziren. Holako jostaketara ohituta dago dantzatokietako jendea eta batzuk garrasika eta txistuka hasi ziren bozkarioz.

        Edurne bera ere gustura zegoen; gogoko zitzaion iskanbila hura. Ezpainetan irria zuen. Baina behingoan bere ezkerretara esku bat altxatu zen.

        Eskerrak eskuinetan zuen gazte bizardunak tximista bat bezala besoa luzatu zuenari. Nabalak zeharka bakarrik ukitu zuen ezkerreko bularraldean.

        Ilunaren magalean, gaizkileak jauzi batez ihes egin zuen inori jarraitzeko astirik eman gabe. Mutil bizarduna linterna bat sakelatik atera eta Edurnerengana hurbildu zen.

        — Zer egin dizu? —galdetu zion oso urduri, neskatxaren albora argia eginez. Edurneren bularraldea gorri-gorri zen.

        — Ez dut uste gauza handirik... —Ez zuen bukatu. Zorabioak eman zion eta aurrera erori zen ahozpez. Mutilak besoetan hartu zuen.

        — Medikurik ba al dago? —galdetu zien ia oihuka ondoan zituen neska mutilei.

        — Botikina behintzat bai —erantzun zion neska batek—. Zatoz nirekin.

        — Eutsi zerorrek linternari —eskatu zion bizardunak—. Horrela errazago eramango dut.

        Iraganbide batean barna jo zuten. Tupustean berriz ere argia egin zen.

        «Botikin» idatzita zegoen gela batean dan-dan jo eta atea ireki zuten.

        Barruan neska-mutilak zeuden, mutila amantal zuri batekin: erizaina, noski.

        — Begiraiozu neskatxa honi berehala —esan zuen bizardunak.

        Ohatze batean etzanda jarri eta mutilak goiko jantziak erantzi zizkion.

        — Odol nahiko galdu du, baina zauriak ez du garrantzirik —esan zuen neskatxaren alboa aztertu ondoren—. Nola arraioetan egin du hau? —galdetu zuen harrituta, bizardunari begira.

        — Ilunpeetan norbait nabalakin jostaka hasi da eta ustekabean ziztatu egin du neskatxa hau —erantzun zuen bizardunak soinak goratuz.

        Edurnek begiak zabaldu zituen.

        — Zer gertatu da? —galdetu zuen, bitartean ere non zegoen konturatu gabe.

        — Bat ere ez —ihardetsi zion erizainak—. Ez daukazu ezer. Baina pixka bat gorago izan balitz, orain kanposanturako gaia zinatekeen.

        Edurne erabat bere onera etorri zen. Mutil bizarduna ikusi eta dena garbi-garbi egin zitzaion.

        Brastakoan atea ireki eta tarrapataka Aritz sartu zen:

        — Hemen zara? —esan zuen: erre samar—. Baina zer arraio gertatu zaizu? —galdetu zion ikaratuta neskatxa dena odolez ikusita.

        — Andregaia al duzu? —jakin nahi izan zuen erizainak.

        — Ezaguna, nirekin zegoen! —adierazi zion Aritzek bizi—. Zer jazo da?

        — Berak esango dizu —erantzun zion zorrotz bizardunak—. Berriketan jardun gabe, neskatxa bere etxera lehenbailehen eramatea hoberena duzu —gaineratu zion.

        Bizardun hari garrazkeriaren bat esateko gogoak eman zion Aritzi, baina hark egin zion begiratu azkarrak kikilduta utzi zuen.

        — Bai, hoberena hori da —esan zuen erizainak—.

        Odola ere galdu du eta etxera joatea hobe. Okela xerra on bat jan dezala, indarrak irabazteko.

        — Bon, ni banoa; hurrengo arte —esan zien bizardunak guztiei.

        — Agur eta esker mila —erantzun zion Edurnek. Bizarduna lasai atera eta berriz ere dantzatokira abiatu zen.

        Aritzek, aldiz, neskatxari besotik heldu eta kotxeraino lagundu zion. Gero zizta batean Elizondorantz.

        — Zer gertatu zaizu? —galdetu zion mutilak goxo baina larri, kotxean zihoazen bitartean.

        Neskatxak negarrari saminki eman zion. Kirioak eten beharrean zeuzkan. Larriaren larriz egia osoa kontatu zion. Norbaitek garbitu nahi ukan zuela eta aurretik mehatxuz beteriko eskutitz bat egin ziola.

        Aritz harrituaren harrituz ezin zuen hasieran hitzik egin. Edurnek egiten ari ziren azterketaren berri guztiak eman zizkion, bai eta Bidartek biok biharamunean Izpegira joateko asmoa zutela ere.

        — Gure etxean jantzi berriak jantziko dituzu, Edurne —esan zion Elizondon sartu baino lehentxeago.

        — Ez, arren, Aritz, arren. Gelditu gabe eraman nazazu etxera.

        Bihotzezko eskaera zela eta amore eman zuen mutilak.

        Aritzek baserri barruraino lagundu nahi izan arren, neskatxak ez zion utzi.

        — Hobe da horrela. Askoz isilago edukiko dugu dena. Ni aldatu egingo naiz eta zer gertatu den ez du inork jakingo.

        Gogoz kontra etsi egin zuen mutilak.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia