11

 

        Bidart bera nahiko nekatuta zegoen eta siesta egitera joan zen; berehala danba lo gelditu ere. Edurne hil egin zutela iruditu zitzaion ametsetan. Oso amets pisua izan zen eta bi orduren buruan iratzarri zenean, dena logaitz bat besterik ez zela eta, eskerrak eman zizkion Jaunari.

        Egia esan, nondik hasi ez zekien. Bazuen buruan zenbait asmo, baina, larunbat arratsaldea zenez gero, dena astelehenerako uztea erabaki zuen.

        Bere gelatik sukaldera sartu zenean, Edurne «Zeruko Argia» irakurtzen aurkitu zuen. Bidart ikusita, aldizkaria utzi eta alai esan zion

        — Jon, Elizondotik Aritzek telefonatu naik. Gauza oso garrantzikoa omen dik niri esateko eta ia mesedez bihar goizean bere etxera joango ote naizen.

        Bidart pentsakor gelditu zen.

        — Pozik nagok, Jon. Gora handiko mezua bada, ezkutu hau argitzen asko lagunduko ziguk. Bihotzak ematen zidak, gauzak bere onera etortzen ari direla.

        — Ni ere uste horretan nagon. Ez ahantz, halere, hire bizia galzorian dagoela. Nolanahi ere, ederki zeritzadan hi harenera joateari. —Detektibearen hitzetan, baina, ez zen inolako poz doinurik nabaritzen.

        — Eta niri egindako eskutitzaz hitz egingo ai diot?

        — Aipatu ere ez! Gauza hauek, zenbat eta gutiagok jakin, hobe. Beste gauza bat. Neronek eramango haut Elizondoraino. Eta Aritzi zera esan behar dion, esan egin ere: berak bere kotxean honaino ekartzeko. Eta inora ere ez irteteko. Garbi al dago?

        — Ez, ez zegok garbi. Ez al nauk, bada, heuk atzera hona ekarriko?

        — Ez. Ni hirekin horien etxeraino bakarrik joango naun eta. Ez naun etxean sartuko. Mutilak hi inbitatu hau; ni ez. Gauzak ongi egin behar ditun.

        — Zer, espatsu al hago? —esan zion neskatxak zirika.

        — Pixka bat, pixka bat —erantzun zion Bidartek betargi, baina berariaz betozkoa jarriz.

        Esan bezala, biharamunean detektibeak Anton Hernandorenaren etxera eraman zuen Edurne. Oso dotore zihoan neskatxa. Janzki txanel bat, «Wilki» modako oinetakoak eta krokodilozko zorro bat zeramatzan.

        Elizondotarren etxe aurrean gelditu zirenean eta Edurne irten baino lehen, berriz ere hamaikagarrenean esan zion Bidartek

        — Ez haizela inora ere etxe honetatik atera. Eta Aritzek berak ekar hauela baserrira. Entzun?

        — Bai, Jontxo, bai. Ez beldur izan. Ez nauk hamabi urteko neskatila. Zintzo ibiliko nauk.

        Eta Bidarti musutxo bat emanez, kotxetik alaiki irten zen. Bidartek alde egin zuen Amaiurrerantz.

        Oso ongi etorri bihoztia egin zioten neskatxari, bai alargunak baita semeak ere.

        Jakina, Bidartek esana bete egin zen. Zorroa jantzikakoan eskeki orduko, beraiekin bazkaltzera geratzeko eskatu zioten. Nola ezetz esan? Bihotzean kili-kili ere egiten baitzion mutil bikain hark. Eta itxuraz, ez zen tikiago neskatxak mutilari egiten zion bihotz zirraratxoa.

        Egongelara eraman zuten eta hirurak eseri ondoren, ama hasi zen hizketan, aitzakiaz bezala

        — Bada, begira. Jon ere inbitatzekotan izan gara, baina, zuek gazteok elkarrekin hobeki konpontzen zaretela eta beste baterako utzi dugu. Zeuk esango dizkiozu gero berari hemen entzundakoak.

        Gero Aritzek bere sakelatik eskutitz bat atera zuen.

        — Begira ezazu, andereño —hasi zen eskutitz papera eriez leunduz.

        — Edurne dut izena, ahaztu egin bazaizu ere.

        — Inola ere ez. Hots, bada, lehengo egunean, aitaren paper batzuk ikusten ari nintzela, hara zein eskutitz aurkitu nuen.

        — Nola, orain ere eskutitz bat? —esan zuen Edurnek zurtuta.

        — Bai, eskutitz bat eta gure aitaren heriotzaren argitasunerako balio handikoa izan daitekeena. Ikus ezazu zigilua. Aita hil honen bian hil ziguten. Zigilua, berriz, ekainaren hogeita bian jarria da. Eskutitz hau ere Elizondon berton egina da.

        — Egina edo botea —zehatu zuen Edurnek.

        — Bai, arrazoia duzu. Baliteke berez eskutitza beste nonbaiten idatzia izatea. Edozertara ere, eskutitz egilea Baztan inguruetan bizi dela barrunta daiteke.

        — Horrela dirudi. Bon eta zer dio gutun horrek?

        — Irakur ezazu zerorrek!

        Neskatxak eskutitza eskuetan hartu eta oso urduri, ia esku-dardaraka irakurri zuen:

        «Anton adiskidea:

        Gu bion arteko gauzak gero eta gaizkiago doaz. Ezin luzaroago horrela jarrai. Alferrik da elkarri haginka egitea. Nondik edo handik konpondu egin behar dugu arazo hau.

        Bestela erabaki triste bat hartu beharko dut nik. Ni prest nago betiko tokian zurekin hitz egiteko.

        Zure erantzunaren zain gelditzen naiz.»

        Izenpe bezala «N» irakurtzen zen.

        — Oso eskutitz jakingarria, oso —esan zuen Edurnek buruari gora eta behera eraginez.

        — Nor ote da «N» hori? —galdetu zuen izenpeari begira-begira.

        — Hori jakingo bagenu, gure lana egina legoke, agian. Baina hortik ez dut uste gauza handirik aterako dugunik. Nork arraioetan daki N hori zer den! Izena, abizena, izenordezkoren bat?

        — Bai, baina, zalantzarik gabe, N hori zure aitarentzat gizon ezagun bat zen.

        — Horrela dirudi. Eta zer deritzozu eskutitzaren mamiari?

        — Oso ardura handiz egina dela. Ez du ezertarako ere esaten zein arazoaz ari den. Ezagun da eskutitz-egilea zuhurra dena. Ez du Antoni beste inori argibiderik eman liezaiokeen xehetasunik idatzi. Mamia sinadura bezain ezkutua da —esan zuen Edurnek. Pozik zegoen, mutilak konfiantza ematen ziola eta bere kabuz ere pentsatzen bazekiela ikusita.

        — Hiru gauza jakingarri dakuskit nik eskutitz honetan —azaldu zuen mutilak—. Kezka batek larritzen zuela eskutitz-egilea. Bazuela gure aitak toki ezagunen bat gizon horrekin mintzatzeko. Eta hirugarrena, sinadura. Horietariko bat bakarra bageneki, anitz lagunduko liguke geure lanetan.

        — Zergatik ez diogu Bidarti eskutitz hau erakusten? —galdetu zuen neskatxak gogoa berotuta—. Ea berak zer edo zer ateratzen duen!

        Proposamendu hartaz ez zuen mutilak holako zoramen handirik erakutsi. Belarri atzean hazka egiten hasi zen.

        — Neuk emango diot eskutitza eta bihar bertan edo etzi atzera ekarriko dizuet —proposatu zion neskatxak.

        — Eskutitz honetatik gauza handirik atera daitekeenik ez dut uste, baina zuri ongi iruditzen bazaizu.

        — Bai. Esaera den bezala, lau begik bik baino hobeki ikusi ohi dute. Areago zortzik. Bidarti erakutsiz ez dugu ezer galtzen.

        Atsegin handirik gabe mutilak eskutitza eman zion eta neskatxak bere sakelan gorde zuen.

        Gero beste zenbait gauzaz mintzatu ziren. Beraiek uste baino kontakizun gehiago zeukaten ekarri esateko. Nola ez bada! Gazteak ziren biak eta.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia