9
Ez zuen gogo handirik, baina biharamun goizean Errazura joan zen Edurne.
Tenienteaz galdetu zuen. Hura ezagutzen zuen gehien eta haren bidez kapitainaren emaztearekin harremanetan jartzea errazago iruditzen zitzaion.
Tenientearen poza neskatxa han ikusita?
— Hau bisita atsegingarria. Zer berri dugu, bada,
Edurne ?
Neskatxari alaba balu bezala xamur begiratzen zion.
— Ez dut inongo berririk. Aitzitik, berri bila nator. «Nagusiak» alde egin dit Donostiara eta bere sekretaria honi, engainatzeko, kapitainaren emaztearekin hitz egiteko agindu dio.
— Kontuz ibil zaitez Bidarterekin. Aingira baino irristakorrago duzu. Badaezpada ere sardexka bat eraman, ihes egin ez diezazun.
— Ez dago gaizki esanda. Hots, eta zer egin behar dut emakume horrekin hitz egiteko?
— Lolarekin? Erraz da hori. Orain bertan deituko dut.
Berehala agertu zen berriz ere baina emazteki gabe.
— Laster datorrela.
Luzetxo iruditu zitzaion Edurneri «laster» hura. Nonbait bere burua apaintzen ari zen Lola. Bitartean ez zitzaion Cagigas tenienteari hizpiderik falta.
Berarengandik jakin zuen Edurnek, kapitain zenak diru guti utzi zuela. Emaztea baino askoz behartsuago omen zen. Andaluzian lurralde handiak omen zeuzkaten Lolak eta bere nebak.
Lola agertu zenean, itsututa bezala gelditu zen Edurne lehengo begiraldian. Emakume ederra, benetan! Dena beltzez jantzita zetorren. Bere ezpain gorri pintatuek krabelina ziruditen. Betile luzez inguratutako begi handi, eztiak zituen, bere zetazko ile ugariak bezain beltzak.
— Lola —esan zion tenienteak enbaxadoreen aurkezle bailitzan—, hemen dun neskatxa lirain hau, Edurne, Bidart detektibearen sekretaria. Hirekin hitz egin nahi omen din. Eskainiko al dion heure alditxo bat?
— Oso pozik. Eser zaitez —esan zion Edurneri, eserleku bat erakutsiz.
— Hots, ni banoa. Ez badugu elkar ikusten, agur, Edurne.
Eskua emanez, agur esan zioten elkarri.
— Barkatuko didazu, andere. Elkarrizketa laburra izango dela uste dut. Zure senarraren heriotza argitzen ari garela badakizu, ez da?
— Bai. Tenienteak eta nebak esanda.
— Ez pentsa Bidart bere gustuz hasi denik. Galarretak bultzatu du horretara. Aspaldiko lagunak omen dira eta zure senarraren erailea zigorkatu gabe ez du utzi nahi Iruñeko buruzagiak.
— Eta zer nahi zenuen jakin? —galdetu zion kapitainaren alargunak bizitasun handirik gabe.
— Zure senarraren zenbait berri ikasi gura genuke. Zuretzat huskeriak diren xehetasunak oso probetxugarri izan lekizkiguke guri, gaizkileak zure gizona hiltzeko arrazoiren bat izan behar zuen eta.
— Mendekuz hil zutela ez al dago bada garbi aski?
— Horrela dirudi, baina mendekaria aurkitzeko zure senarraren urratsak jakitea komeni zaigu. Ez al zizun berak esan, norbaiten susmorik ote zuenik?
— Ez. Eskutitza jaso zuenean, oso ikaratu zen. Baina ez zuen inoren izenik aipatu.
— Zalantzarik gabe, zure senarrak maiz kontatuko zizkizun bere gorabeherak, bai eta kontrabandoko gertaerak ere. Sarritan aipatzen al zuen Hernandorenaren izena?
— Noiz edo noiz entzun nion, baina kontrabandoko gertakariekin nahastu gabe. Nire senarra oso isila zen nirekin kontrabandoko gauzetan.
— Irudiz, horrela ditun gizonezko guztiak —pentsatu zuen bere kolkoan Edurnek, Hernandorenaren alargunaren hitzak gogoratuz.
— Hil zen egunean, ez al zizun esan zertara zihoan muga alderantz?
— Bai, esan zidan. Beti bezala hango alderdiak aztertzera. Halere, besteetan baino urduriago ikusi nuen nik. Beraz, arren eta arren, ez joateko eskatu nion, baina dena alferrik —esan zuen sudur-zapia atera eta begietako malkoak xukatuz.
— Gizonezkoak horrela dira —esan zuen Edurnek etsipen keinu bat eginez—. Gauza bat buruan sartzen zaienean...
— Arrazoia ere bazuen alde batetik. Ezin zitekeela beti beldurrez ibil esan zidan berak. Gauzak lehen bezala egin behar zituela. Bestela kapitainaren kargua utzi beharko zuela.
— Bai, alderdi horretatik ez zegoen oso oker.
— Nik hitzetik heldu nion. Hori bera zela hoberena: kargua utzi eta denok Madrilera bizitzera joatea. Baina hori ez zuela inolaz ere egingo erantzun zidan berak. Zinez, odoletan zeraman poliziatako grina.
— Madrildarra zen bera, ez da?
— Bai, nire neba eta biok bezala?
— Baina, nola, ez al zarete zuek andaluzak? Hori entzuna nuen.
Alargunak barretxo mingots bat egin zuen.
— Ez. Hori uste dute batzuek, baina gu Madrilen sortuak gara. Gurasoak genituen Andaluziakoak. Ezkondu eta laster, ordea, Madrilera etorri ziren bizi izatera.
— Eta han bizi izan al zarete beti?
— Ni bai, baina neba Huesca aldean ibili zen garai batean. Baso batzuk erosi genituen han eta haien ardura zuen berak.
— Barka, baina zenbat urte ditu zure nebak? —esan zuen Edurnek eta galdetu bezain laster piperra baino gorriago jarri zen.
— Hogeita hamasei —esan zuen alargunak Edurneri begi adiskidetsuz begiratuz.
— Bada, benetan —esan zuen hitz ebakiz Edurnek—, askoz gazteago ematen du. Nik hogeita hamar urte jotzen nizkion.
— Ez naiz harritzen. Ia denek hori uste dute. Iñazio gainera lehia biziz ahalegintzen da bere zalutasunari eusten. Gimnasia egiten du, judo ere ikasi zuen
Madrilen eta hemen ere basahuntza bezala ibiltzen da, mendietan gora eta behera.
— Hori hobe, taberna zuloetan egotea baino.
Hizketaldiak beste hogei minutu iraun zuen, baina Edurnek ez zuen atera beste argitasun garrantzikorik. Emakumea agurtu eta hamaika t'erdietarako baserrian zen.
Bitartean, Lola Villosladak bere neba aurkitu eta barrezka esan zion
— Kontuz ibil hadi, Iñazio; neskatxa gazteak ere hitaz arduratan zeudek eta. Arestian Bidart detektibearen sekretaria polit hori hire berri galdezka ibili duk.
© Gotzon Garate