7
Kalean zeudela, Edurnek ezin zuen bere poza ezkutatu. Sentimenduak pil-pilka ari zitzaizkion bihotzean eta ezin denak estal. Gainezka egiten zioten.
Detektibe lanbide berriarekin alderatuta, bere aurreko bizitzari aspergarri eta mamirik gabea zeritzon. Zein ederra Jonekin batera beti lan haietan jardutea. Beti gaizkile baten atzetik ibili, beti kezketan egon, familia aberatsak ezagutu, mutil mardul eta ongi haziekin harremanetan jarri.
— Nolakoa iruditzen zaik mutil hori, Jon? —galdetu zion neskatxak tolesgabeki.
— Ez zekinat, bada. Pertsona bat holako denbora laburrez ezagutzea oso zail dun. Gauza bat zegon garbi: gazte horrek bere ama zeharo menderatzen duela.
— Bai, balitekek. Baina zein bikaina den. Nola maite duen bere aita! Eta zein ederki hitz egiten duen, ez deritzok?
Jonek irribarre zabala egin zuen. Neskatxa orduan, pitin bat bekozkotu.
— Ez haserre, Edurne —esan zion itzaltsu—. Bizitzako gorabeherek bihotzari eta itxurei kasu handiegirik ez egiten erakutsi zidatenan. Irudiz beren gizonarekin zoratuta baina egiazki hiltzeko abagunea atxiki zain zeuden emakume batzuk ezagutu dizkinat; bai eta aitaz arro harro zeudela ziruditen eta gero haien hiltzaileak gertatu ziren semeak ere.
— Baina, nola, hik Aritzen susmo txarrik al duk?
— Jendea ezagutu eta korapiloa askatu arte, nik inorentzat ez dinat ez susmo txarrik ez onik.
— Bada, nik bai. Ni emakume nauk, eta neure senaz eta sentimenduz norbait ona denetz berehala igartzen diat. Zuek gizonok mila arrazoi eta katramilaz igarri ezin duzunena, guk emakumeok une batez, bihotzaren indarrez ikusten ohi diagu.
— Eta oraingo honetan zer diraun, bada, hire bihoztxo horrek?
— Ez barrerik egin. Nik mutil horri begien barneraino begiratu zioat eta oso zintzoa dela ikusi ere. Guri, emakumeoi, ez ziguk senak hutsik egiten.
— Aingerutxo: zergatik da orduan bere ezkontzaz damu duen horrenbeste emakume. Senar txar bat aukeratu zuela aitortzen duen emazteki askotxo da bazterretan.
Neskatxak barre egin zuen.
— Zein gaiztoa haizen, Jon!
— Horretan ez din senak hutsik egin —erantzun zion Bidartek—. Dena dela, neure zorionik bihoztienak eman behar dizkinat. Egin ditun galderak oso ongi eginak izan ditun. Zorionez, guk gizonok geure zakarkeriaz zauritzen duguna, zuek eztitzen duzue. Gaurdanik etengabe nirekin sekretaria bat eramatea ez ote zaidan komeni, serioski pentsatu beharko dinat.
— Eta nor izango litzateke sekretaria hori? —galdetu zion Edurnek, gogoz barre eginez.
— Bada, gertaera bakoitzean bat, nik uste, auzi tartean mutil bikainik balego. Eta orain, edan dezagun zer edo zer, zure detektibe lanaren hasierari omen egiteko.
«Zubitxo» kafe-etxean sartu eta «Martin» bana edaten hasi ziren.
— Zein lanbide du Aritzek? —itaundu zion neskatxak edaria ahora bitartean.
— Bada, hor zegon koska. Aitak esan zidanez, lanik gabe omen zebilen. Aurrezki Kutxan bulegoko zereginetan ari omen zunan, baina hango giroa ez zitzaiola atsegin eta lana bertan behera utzi zinan. Orain gau-egunaren ordu luzeak kafe-etxeetan eta dantza tokietan ematen omen dizkin.
— Negargarria, holako mutil bikain batentzat.
— Bai, bide zuzenera eramango duen neskatila goxo bat behar din horrek —erantzun zion Bidartek irri zuriz.
— Petral hori! —bota zion neskatxak, besoan kolpetxo bat emanez—. Eta orain? —galdetu zuen gero, biok edanari azken zurruta egin ondoren.
— Orain etxera joango gaitun bazkaltzera. Eta bihar kapitaina hil zen egunean harekin batera Izpegin zeuden mugazainekin hitz egingo dinagu.
Etxera orduko ama irten zitzaien atarira.
— Jon, Galarreta, Iruñeko polizia izan da hemen, ondoan hiru lagun zituela. Gizon oso ospetsua ematen zuen. Zuk lehenbailehen Iruñera deitzeko esan digu. Errazutik omen zetorren eta berriz ere Iruñera itzultzen omen zen.
— Noiz utziko ote nau baketan Galarreta horrek?, esan zuen Bidartek buruari ezker eskuin eraginez.
— Nahiko haserre zegoen baina humore puntta bat ere bazeukan —gaineratu zuen amak.
— Bon, lehenago bazkaldu egingo dugu, behintzat —bota zuen detektibeak.
Halaxe egin zuten. Gero neskatxa eta Bidart «Bentako» bidegurutzeko tabernara abiatu ziren.
Bidart telefono gelatora sartu zen. Denbora luze zain egon behar izan zuen telefono hariaren beste muturrean Galarreta jarri arte. Baina azkenean han hasi zen, hitz jarioka.
— Jon Bidart? —galdetu zuen ia oihuka, madarikazio bat bota izan balu bezala—. Non habil, motel, non babil? Hirekin ez zegok gauza zuzenik. Dena azpikoz gain eta atzekoz aurrera egiten duk. Ez zegok hirekin asmatzerik.
— Tira, Dionisio, zertan ari haiz orain ere? Zer gertatu zaik?
— Zer gertatu zaidan! Hik dituk gibelak, hik! Emango niake! Baina, non sartu haiz? Hire bila zoratuta ibili gaituk.
— Bada, Elizondon, neskatxa lirain batekin.
— Bahuen ordua, motel, bahuen ordua. Bestela hor ustelduko haiz mutil zahar. Alde horretatik ongi egin duk. Baina bestela oso minduta nabilek hirekin, e!
— Nirekin? Zer egin diat, bada, nik? —Bidartek barreari eutsi ezinik.
— Zer egin didan? Hori ere galdetzen duk? Arraioak! Kapitain zenak ez al zian Anton Hernandorenaren arazoa argitzen hasteko esan?
— Bai, baina ni oporretan nagok eta:..
— Ze oporrak eta moporrak! Batzuetan ume bat baino okerrago haiz. Bihar Errazura kapitainaren hiletara joan nadinean, belarritik astinaldi batzuk emango dizkiat.
— E? Nik bihar goizean nahi eta nahi ez Donostiara joan behar diat. Arazo oso beharrezko bat diagu han —bota zion gezurretan Bidartek. Nahiago zuen lehoi batekin borrokan hasi, Galarretaren hitz erauntsia entzun baino.
— Zer edo zer esan behar badidak, esadak orain! —gaineratu zion.
— Hau ere badiagu! Nire itzuli habilela ematen dik. Sinetsi ere! Hots, gauza bat esan behar diat oso serio. Kapitainaren auzi hau ezin diagu bertan behera utzi!
— Eta?
— Eta heure gain hartu behar duala!
— Nola hartuko dut, bada? Kapitainaren emazteak berak ere gauzak dauden bezala uztea nahiago dik eta. Berarekin hitz egin nian eta...
— Bai, bazekiat. Baina nire aholkuz iritzia aldatu egin dik. Tira, motel, mesede hori egingo didak!
— Hots, ez diat inongo gogorik, baina hik eskatzen didanez gero... —bota zion zuriketan.
— Bai, motel. Zentzaldi on bat egin behar diagu. Holakorik ez duk egundaino gertatu. Lehendabizi herri bateko auzapeza hil eta gero aldameneko herrian kapitaina.
Pentsa ezak Madrilen zer esango ote duten...
Arrazoia duk —moztu zion Bidartek, hitz jarioa geldiarazi nahian—. Bihar arratsean hasiko nauk lan horretan eta gorabeheren berri emango diat.
— Ederki, ederki. Pixka bat zentzatu haizela ikusten diat. Errazuko tenienteari hiri ahal dituen gauza guztietan laguntzeko esan zioat.
— Ongi zegok. Eta bukatu egin behar diagu, Dionisio, konferentzia hau nik ordaindu behar diat eta.
— Ja, ja! Gezurra zirudik. Jendeak dirutan igerian hagoela ziok eta hi holako zekenkerietan hasten haiz. A, mutilak, mundu hau azpikoz gain jarria zegok.
— Arrazoia duk eta ni azpian hartu naik. Hots, Dionisio, agur eta goraintziak hire emazteari.
— Bai, Jon, hire partez. Eta lot hakio zintzo lanari. Agur.
Bidartek telefonoa eskeki eta arnasa sakon hartu zuen.
— Zer egon haiz hain luze hizketan? —galdetu zion neskatxak berriz ere hurbildu zitzaionean.
— Galarreta horrekin hizketan hasiz gero, oso zail dun bukatzen. Egun batez ezagutzeko aukera izango dunala espero dinat.
— Eta zer esan dik?
— Kapitainaren heriotza argitzeko eskatu zidan. Nik bere amodioz egingo dudala esan zionat eta oso pozik geratu dun. Sarritan zein erraz den gizakume bati poza ematea! Hala, goazen etxera!
Barretik irten, antomobilean sartu eta barnean jarraitu zintzaizkioten heleketari. Bidartek, arren, biharamunean Errazuko hiletara joateko eskatu zion neskatxari. Ahal bazuen, Galarretarekin hitz egiteko. Hara ereti ona gizona ezagutzeko. Berak, Bidartek, ez omen zuen harekin berriketan hasteko gogorik. Goizean Donostian zenbait puntu argitzeko asmoa bide zuen. Arratsaldean, ostera, teniente harengana elkarrekin joango ziren.
Kapitain zenari buruzko zenbait xehetasun ere eman zion.
— Hik kontuz ibiltzeko esan eta nola ausartu zen kapitaina mendian bakarrik ibiltzen?
— Bazuen bada beldurrik! Baina oso harro edo oso zintzoa hunan. Mugazainek beren eginbeharrak dizkinate; areago kapitainek.
— Niri beste zera ere harrigarri iruditzen zaidak; kapitaina nahiz Hernandorena toki berean hilak izatea.
— Munduko gorabehera guztietan eta gaizkileen arazoetan sarriago, irudiz harrigarri diren gertakariak izaten ditun sinpleenak. Auzi honen hariak ezagut ditzagunean, ezkutuki hauek adierazten zein erraz den ikusiko dun.
— Jon, hik baduk oraingoz heure iritzia egina, ez da?
— iritzi bat ez ezik, hamaika ere badizkinat. Baina zein ote da egiazkoa horietan? Agian, bat ere ez.
— Eta niri ezer esan gabe?
— Ez. Lehenago ere esan dinat. Neure aburua azaltzen badinat, horren ondotik ibiliko haiz, atoian bezala. Hobe dinagu hik heure asmakizunak asmatu eta horiekin Ian egitea. Bion artean zer edo zer lortuko dinagu.
Helduak ziren «Larrabide» bordara. Bazkal denboran berriz gurasoek galderaz josi egin zuten Bidart. Honek alabari utzi zion hitz egiten, gauzak bere modura konta zitzan.
Gero etxeko jaunak, beti bezala, bere etengabeko solas jakingarriarekin janari guztiak pipertu zituen.
Gizon atsegina benetan. Tokatzen zitzaion Bidarti bere joan-etorrietan gizon maltzurrekin topo egitea, baina bai eta gizon jator, zintzorekin ere.
Eskolak eman ezin duen jakinduria zuen gizon hark. Janariak egosi eta mamitzeko sabel oso ezberdinak diren bezala, horrela, izan ohi dira ezberdin munduko edertasuna bereganatu eta besteri azaltzeko buru-begiak.
Kristauak ezagutzeko, gauzen alderdi ezkutuak ikusteko, dohain berezia zuen etxeko jaunak. Eta aiurri jatorra, alajaina! Bizitzaren gorabeherak umore onez hartzen bazekien; gauzetan estalita dagoen ontasuna azalarazten zuen, ehiztariek galondoetan eperrak bezala.
© Gotzon Garate