6

 

        Baztango hiriburura jo zuten. Baztango baratzean Elizondo arrosa. Herri bikaina, txukuna, aberatsa, bankuz beterikoa. Bigarren mundu-gerratearen ondoren kontrabandoz elizondotar anitz ondotxo dirutu zen.

        Jendearen jantzietan, denda oparotsuetan, landetxe handi-miragarrietan, behingoan igartzen da elizondotarrak ez daudela ondasunez eskas.

        — Zer egin behar dugu Elizondon? —galdetu zion Edurnek Joni, bidez zihoazela.

        — Anton Hernandorenaren sendia agurtu lehendabizi, ea hortik zer edo zer ateratzen dugun.

        — Nolakoa da familia hori?

        — Familia bera guti ezagutzen dinat. Anton zenarekin Donostian adiskidetu nindunan, Diputazioan izan genuen bazkari batean. Elkarren ondoan bazkaltzea tokatu zitzaigunan.

        Hizketa oso atsegina eta erraza zinan. Bizitzan ere asko ikusia huen. Alde batetik Espainiako herritarren arteko gerratean hara hona ibili behar izan zinan.

        Eta kontrabandoa! Kontrabandoko gertakizunak kontatzen hasten zenean, ez zinan bukatzen. Tamala benetan! Gertakari horik denak liburu batean ailitu idatzi! Kontrabandoaren historian hutsune handia gelditu dun betiko. Zenbat gauza harrigarri galdu ditun Herrandorenarekin batera! Joan zaigun artetik eta kito!

        — Sarritan ikusten al zenuten elkar?

        — Bada, Donostian noiz behinka. Hona etorri nintzenean ere ikusi nian. Gero, badakin, hurrengo igandean. Eta azkenean Errazun, hila.

        Honetan eta horretan Hernandorenaren etxera iritsi ziren.

        Neskameak barnera lagundu zituen. Arrotzak hartzeko gelan minutu bi zain egon eta etxeko andrea agertu zen. Alargunak oso bihozkiro hartu zuen Bidart. Honek, aldiz, neskatxa aurkeztu zion:

        — Edurne Eizagirre, nirekin sekretaria gisa ari dena —esan zion irribarretsu.

        Biok gizakiro agurtu zuten elkar.

        — Andere —ekin zion Bidartek hirurak eseri zirenean—. Hiletako egunean zuri doluminak ematera hemen izan nintzen. Baina, jakina, ez zinen orduan ezertarako. Berandu bada ere, orduko partez orain eman nahi dizkizut.

        Alargunak eskerrak eman zizkion betilun.

        — Begira —jarraitu zitzaion Bidart—. Badakizu nire lanbidea zein den. Kapitainaren heriotzaren korapiloa askatzeko eskatu digu Iruñeko polizien buruzagiak.

        Bidartek zorrotz so egin zion begietara eta gero honela jarraitu zen:

        — Baina kapitainaren eta zure senarraren heriotzek elkarrekin zer ikusirik badutelako zurru-murrua zabaldu da. Beraz, galdera batzuk egitera gatoz. Nire sekretariaren aitzinean nirekin bezalako konfiantzaz mintzo zaitezke.

        Emakumea gogoetatsu gelditu zen une batez. Gero erabakitsu jaiki zen.

        —Barka! Arazo hau semeari oso interesatuko zaiola uste dut. Berehala gatoz.

        Lipar batez aienatu zen. Bidart eta neskatxa isilean gelditu ziren, elkarri begira. Aurki agertu zen ama berriz ere bere seme mardularekin.

        Mutilak serio baina bihozkiro luzatu zion eskua Bidarti eta gero neskatxari. Honi mutil eder haren itxurak zauzkada bat egin zion bihotzondoan.

        — Begira, Aritz —esan zion semeari begirada xamur bat eginez—. Bidart berriz ere bere detektibe lanetan ari duk. Neskatxa hau, bera dagoen bordako alaba, sekretaritzat hartu dik.

        — Horrela da —bitartetu zen Bidart, neskatxari eta mutilari txandaka begiratuz—. Baina aldirako bakarrik ari da. Edurnek sendagintza ikasten dihardu Iruñean eta nota oso onekin, gainera. Nirekin «medicina penal» ikasi beharko du, bestela... —gaineratu zuen barrezka.

        — Bada, seme, Bidart jauna zure aitaren berri batzuk jakin nahi lituzke, Errazuko kapitainaren heriotza argitzeko. Ez da hola?

        — Bai, andrea. Egia bilatzeko ahalik xehetasun gehien jakin behar ditugu eta, hasteko, adiskide antzean zuengana jo dugu.

        — Eta gure aitaren heriotza ere argitu behar al duzue? —galdetu zuen mutilak. Neskatxa bihotzez poztu zen «duzue» hartaz.

        — Gure asmoa ez doa horretara zuzen zuzenean erantzun zion Bidartek gezur antzean, ez baitzuen bitartean ama-semearen gogoa garbi ikusten. Zuen aitaren heriotzak eta kapitainarenak elkarkizunik ba ote duten jakin nahi dugu.

        Mutikoa aski asaldatu zen eta amorru isilez bota zuen:

        — Bai, badakit nik nolako esamesak zabaldu diren alderdi guztietan. Gure aitaren izena zikindu egin dute arrazoi gabe. Kapitainari eskutitz nazkagarri hori idatzi dion mutur zikina atzemango banu!

        — Nola, hori ere badakizue? —galdetu zion Bidartek nahiko harrituta.

        — Nork ez daki bada hori? Horrelako alukeriak berehala jakiten dira hemengo bazterretan —esan zuen mutilak haserreari bidea emanez.

        Bidart une batez belarriari hazka gelditu eta gero esan zuen:

        — Hots, hobe dugu auzi hau hotz hotzean hartzea. Eskutitz hori idatzi zuena ere aurkitzeko itxaropena badugu. Baina horretarako burutsu jokatu behar.

        — Bai, gauzak lasai hartuta errazago ibiliko gara —esan zuen tartetik Edurnek—. Eskutitz hori idatz zezakeenaren susmorik ba al duzue? —Urduri eta totelka egin zuen bere lehendabiziko galdera.

        Ama-semeak elkarri begiratu zioten.

        — Ez, ez dugu —esan zuen amak eta lehen baino ilunago geratu zen.

        — Eta nork daki eskutitz hori kapitainak egiatan hartu ote zuen? —galdetu zuen semeak erreta—. Guztia jendearen berriketa hutsa ez ote da, gero?

        — Ez —erantzun zion Bidartek modu onean—. Eskutitz hori neuk ere irakurri nuen. Kapitainak berak erakutsi zidan.

        Gaztea begira-begira gelditu zitzaion.

        — Eta kapitainak berak bere buruari egin bazion? —bota zuen apalago.

        — Egin zezakeen. Baina eskutitz horren mehatxua gero bete egin dela gogoan hartu eta, ez diot nik horri itxura handirik ikusten —ihardetsi zion Bidartek uste osoan.

        Ez zion inork ezer erantzun.

        — Zuen aita ezagutu eta, ia alferrikakoa iruditzen zait galdetzea, baina halere: etsairik ba al zuen? —itaundu zien Bidartek.

        — Nik dakidanik ez —erantzun zuen semeak. Amak ere buruz ezetz adierazi zion.

        — Hots, mugazainen artean ez zituen denak oso lagun izango —erantsi zuen semeak oso suminduta tartetxo baten ondoren.

        — Baliteke —erantzun zion detektibeak—. Niri ere noiz behinka zalantzatxoren bat etorri zait garunetara: mugazainek, edo kapitainak berak, agian, ez ote zuen aita hil.

        — Zergatik diozu hori? —galdetu zion pozez semeak.

        — Arrazoi honengatik: kapitaina, mehatxuzko gutuna hartu ondoren, oso ikaratuta zegoelako. Ez bera ez eta mugazainak ere, ez baziren zuen aitaren hiltzaileak izan, zergatik larritu behar zuen horrela?

        — Hizpidean zaude —bota zion Aritzek, gero eta beroago.

        — Baina beste alde batetik ere aztertu behar dugu hauzi hau. Ez dugu ahaztu behar kontrabandoa elkarren lehian egiten denik. Kontrabandista bakoitzak bere modura ahaleginak egin behar ditu, bere kontrabandoko gaiak garestien, lasterren eta seguruen saltzen. Kontrabandista batentzat mesede handia izan daiteke beste lehiakide baten heriotza. Gainera, indartsu eta aberatsa bazen, mesedegarriago.

        — Ulertzen dut, bai —bitartetu zen neskatxa—.

        Zuen aitaren heriotza, mesedegarri norentzat izan litekeen jakingo bagenu!

        — Hori bera esan nahi nuen —ihardetsi zuen Bidartek—. Gizon bat hiltzea ez da txantxetako jolasa. Zuen aita hil zuenak, horrelako doilorkeria egin eta, zein arriskutan sartzen zen, ongi ikusi zuen, noski. Baina, halere, haren heriotzatik probetxu handia aterako zuela espero zuen, itxuraz.

        — Bada, alde honetatik begiratuta, kapitainak, ene irudiko, ez zuen hauen aita hiltzeko arrazoirik —gaineratu zion neskatxak.

        — Egia diozu. Beraz, ikusten duzunez, gauzak nahi baino nahasiago daude. Baina itzul gaitezen aurreko harira. Hemengo bazterretan kontrabandistarik ospetsuenak nortzuk diren jakin bageneza, asko aurrera gintezke.

        — Halaxe da —esan zuen oldozkor semeak. Baina, egia esan, aitak guri ez zizkigun inoiz kontrabandoko lanak aipatzen. Ez eta hitzik ere.

        — Ongi dio semeak —gaineratu zuen amak—. Senarrak ikustate handia izaten zuen gurekin. Semea eta biok bihotzez maite gintuen. Kontrabandoan sartu baldin bazen, gure amodioz sartu zen, geuretzat diru pixka bat irabaztearren. Ongi zekizkien kontrabandoko lanek berekin dituzten neke eta buruhausteak. Hauek denak berarentzat bakarrik gordetzen zituen.

        — Bai, benetan gizon jatorra zenuten Anton zena —esan zuen xamur Bidartek.

        — Testamentua egina al zuen? —galdetu zuen geroxeago. Betertzez so eginez, neska-mutilek elkarri maiz begiratzen ziotela konturatu zen.

        — Bai, aspaldi zuen gu bion izenean egina —erantzun zion amak begiak pixka bat apalduz.

        — Eta zuengandik aparte inori dirurik utzi al dio?

        — Ez. Guk jaso ditugu aitaren ondasun guztiak —esan zuen amak semeari hitz egiteko astirik eman gabe.

        Beste hari bati heldu zion Bidartek.

        — Anton Izpegiko mugan hil zen, ez al da?

        — Bai, bide zabaletik eskuinetara dagoen basoan erantsi zuen semeak.

        — Bera bakarrik al zegoen hil zen unean? —galdetu zuen neskatxak.

        — Hori bai ez dakigula. Jakina, hiltzailea han zuen, nonbaiten —erantzun zuen amak.

        — Hamar metrora edo —gaineratu zuen semeak.

        — Nola dakizu hori? —galde egin zion Bidartek garrantzirik emango ez balio bezala.

        — Bada... jakina, sendagileak esan zidan —erantzun zion mutilak totel eta bizi.

        — Sarritan ibiltzen al zen zuen aita bakarrik muga aldean? —itaundu zuen neskatxak.

        — Gure etxetik bakarrik irteten zen. Kontrabando lanetarako ez zuen etxe hau ezertarako ere erabiltzen. Bere adiskideen etxean elkartzen zen —erantzun zion mutilak Bidarti baino askoz samurrago.

        — Eta nor zuen bere adiskiderik kuttunena? —jarraitu zen neskatxa galdezka, gero eta lasaiago.

        — Esan dizuegu lehenago —erantzun zion mutilak irribarrea ezpainetan—, aitak ez zituela bere lanak ezertarako ere aipatzen. Joxeba Loiarte, Iruñeko diru-etxeko zuzendariarekin maiz ibiltzen zen; ez al da, ama?

        — Bai, hura zuen bere lagunik maiteena. Sarritan joan ohi ginen Loiarte jaun-andreak, senarra eta biok elkarrekin. Baina ez dut uste adiskidetasun hori kontrabandoko lanekin loturik zegoenik. Gerratean ere elkarrekin ibiliak ziren toki anitzetan.

        — Ezagutzen al zuen Antonek Fernando Marcos kapitaina? —galdetu zuen Bidartek.

        — Ez nion sekula kapitainaren izena entzun. Baina baietz esango nuke. Aitak Auñamendiko zoko-moko guztiak ezagutzen zituen, mugako sarbiderik ezkutuenak, Euskal Herriko kontrabandistarik ospetsuenak eta nola ez, mugaz honantzaldeko eta harantzaldeko mugazain guztiak.

        — Eta nolakoa zen delako kapitain hori? —itaundu zuen Bidartek hitzak leunduz.

        — Nik ez dakit. Kristaua hiltzeko gerturik dauden gizon horik ezagutzeko ez zait inoiz gogorik etorri —jalki zuen bero samar gazteak.

        — Hain seguru al zaude, bada, mugazainek zure aita hil zutela? —galdetu zion goxo neskatxak mutilaren sumina eztitu nahian.

        — Gure aita hil ez bazuten ere, lehen ere bat baino gehiago garbitu izan dute, zerriak halakoak! Beraiek ez badira izan, nor izan da orduan?

        — Hori bera ari gara gu ere geure baitan galdetzen —esan zuen Bidartek—. Hots, nahiko aspergarri izan gatzaizkizue. Badugu joateko ordua. Nire sekretariak ez badu galdetzeko ezer, behinik behin.

        — Ez, ez dut ezer. Oso poztu naiz zuek ezagututa. Ea suerte ona izan eta laster auzi hau garbitzen dugun. Orduan, Jonek ongi baleritzo, behintzat, neronek eman niezazueke guztien berri.

        — Bai, horixe. Hori sekretariaren lana da eta —erantzun zion Bidartek irribarretsu.

        Elkar xeraz agurtu eta etxetik irten ziren.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia