4

 

        Bost egun igaro ziren, zein baino zein ederrago. Estutasun bat bakarra zuen Bidartek: loditzen ari zela ikustea. Ejerzizio asko egin arren, barruko bakea haragitu egiten zitzaion, nonbait.

        Eguraldi iluna zen goiz hartan. Baina gosaria bukatu eta larrainera atera zenean, eguzkia laino tartetik kirika hasi zitzaion jostalari. Aldartetsu zegoen giroa, noski.

        Etxekoen aurpegiak, ordea, betikoak aurkitu zituen Bidartek, serio eta baketsu. Asko ikas zitekeen lurraren eta zuhaitzen irauntasuna odoletan itsatsita zekarten baserritar haiengandik.

        Makila eskuan hartu eta Amaiurko gazteluaren hondakinak ikustera joan zen. Gaztelu horretan Frantzisko Xabierren ahaideek beren azken borroka egin zuten Karlos V.aren aurka, zeharo zanpatuak izan baino lehen.

        Aldi batez gaztelu ederra izan zena, orain munoizka bat besterik ez da, sasiz eta belarrez betea. Sastrakak, larreak eta huntzostoak Nafarroako gertalkaririk entzutetsuenetako bat estali dute Amaiurko gaztelu zaharrean.

        Hamabiak aldean etxerantz etorri zenean, Amaiurko bidegurutzean dagoen «Bentako» tabernan sartu zen. Bi baserritar zeuden baso bana ardo edaten; haiekin hasi zen hizketan.

        Behingoan, auto baten durrunbara entzun zen eta motorraren soinua isildu ondoren, gazte luze bat hurbildu zitzaien, igeltsero, noski, jantzi zuriak baitzeuzkan, karez eta gisuz zipriztinduak.

        «Egun on» esanez, zuzenean mostradorera joan zen eta «Bitter» bat eskatu orduko urduri samar eta ozenki Bidarten solaskideei begira esan zuen:

        — Harrigarria Errazun gertatu berri dena. Entzun al duzue?

        Besteen begitarte zozoak ikusi eta «Errazuko kapitaina hil dutela», blast bota zuen, guztiei bizi bizirik begira.

        Izoztuta gelditu zen Bidart, elurtegian sartu izan balute bezala.

        — Zer? —galdetu zion etxeko andreak harrituta—, Kapitaina hil?

        — Bai, hil egin dutela. Oraintxe berton Errazutik nator eta han jendea asaldatuta dago; beste hizketarik ez da entzuten herri osoan.

        — Nola hil da? —mintzo zen Bidart tartetik.

        — Tiroz hil omen dute. Baina inork ez omen daki xehetasunik. Menditik ekarri omen dute hila,

        — Usain txarra hartzen diot nik horri —gaineratu zuen beste solaskideak—. Hil berria dugu Elizondoko alkatea eta orain kapitaina. Bi gauza horiek badute elkarrekin zerikusirik.

        — Eta noiz hil dute? —galdetu zuen berriz ere Bidartek.

        — Oso goiz izan omen da. Kapitainak eta, batzuetan gau osoa muga zaintzen ematen baitute —erantzun zuen, horren berri ongi zekienak bezala.

        Beste iritzirik ere azaldu zuten bai gizonezkoek baita etxeko andreak ere. Baina Bidartek ez zuen iritziren beharrik, argitasuna baizik.

        Guztiei agur eginez edanetxetik irten, ahalik lasterren bordara iritsi, antomobila hartu eta inori deus esan gabe istant batean Errazuratu zen.

        Mugazain etxera joan baino lehenago kapitainaren heriotzaz ziurtasun osoa eduki nahi zuen. Beraz, «Arbelena» tabernara sartu zen, berri eske.

        Mahai batean lau mutil gazte musean ari ziren. Mostradore atzean zegoen gizonari pattar kopa bat eskatu eta larri antzean hasi zitzaion:

        — Zer, mugazain bat hil dela edo esan didate arestian.

        — Kapitaina bera, jauna —erantzun, zion bartzaleak zatar ziztrin batez ardo-baso bat garbitzeari utzi gabe.

        — Eta hobeki esanda, hil dela ez, hil dutela —gaineratu zion Bidarti ahopean bezala

        — Eta nork hil duela edo diote, bada? —galdetu zion Bidartek ahal zuen aurpegirik xaloena jarriz.

        — Inork ez daki —erantzun zion solaskideak eztarriko lakarra leundu eta gero. Susmo txar pixka bat edo hartzen ari zitzaion bezero berri hari.

        — Zu ez zara hemengoa, ez da? —galdetu zion itxoin aldi baten ondoren.

        — Ez, donostiarra naiz. Amaiurren oporretan nago.

        Hori entzun eta lasaitu egin zen ardolaria.

        — Nola hil dute, bada? —galde egin zion berriz ere Bidartek.

        — Um —esan zuen tabernalariak buruari eraginez—. Bazterretan bada zurrumurru franko. Norbaitek kapitainaren gain mendeku hartu duela diote batzuek. Jakin dukezu orain duela hamar egun Hernandorena, Elizondoko alkatea Izpegin hil zutela. Mugazainek tiroa eginda, askok diotenez. Eta hona orain mugazainen kapitaina Izpegin bertan tiroz hila. Kontuak atera!

        Bai, horixe nahi zuen berak, kontuak ateratzea Baina bitartean gertaera oso ilun zegoen ondorenik ateratzeko.

        — Nolako gizona zenuten kapitain hori? —itaundu zion Bidartek haritik gehiago tiratuz.

        — Ez zen gizon gaiztoa. Taberna honetara ere etortzen zen noiz behinka eta beti jatorki jarduten zuen. Errazuko anitzen maitasuna irabazia zeukala esango nuke. Mesedeak egiteko ere beti prest zegoen. Pasaporteak eta lortzeko harengana joanez gero, ez zenuke haren aurpegian betozkorik ikusiko. Gizon atsegina zen.

        — Eta, zein ordutan hil dute, bada?

        — Goizaldean izan omen da. Hona hamarrak aldean ekarri omen dute Izpegitik.

        — Ezkonduta al zegoen? —galdetu zion Bidartek xehetasun gehiago jakin nahirik.

        — Bai, emakume oso aberats batekin. Hori diote behintzat. Emakume oso ederra da gainera, arranoak! Badaki berak hori, noski, harro-harro joaten baita erregina bailitzan beti soineko berriekin. Neba bat du, delako Villoslada jauna, tankera berdinekoa, eta, entzun dugunez, arreba ere baino aberatsago.

        — Haurrik ba al zuen kapitainak?

        — Ez. Hobe, aldez behinik behin. Um, zera, bere emaztearentzat, esan nahi dut. Horrela askoz errazago ezkonduko da berriro. Horrenbeste dirurekin eta bere musu borobilarekin ez zaio senargairik faltako.

        Gogoz kontrako irribarrea egin eta pattarrari azken zurruta eman ondoren, Bidartek ordaindu eta adiskidero alde egin zuen tabernatik.

        Kalean barna aurpegi luzea zeraman, hiletatik baletorren. Urrats astunak eginez, mugazainen etxera alderatu zen.

        Egia esan, gogo gabe zihoan etxe hartara. Zer esan behar zion berak Villosladari? Barkamena eskatu? Zertarako? Bera al zen, bada, heriotzaren erruduna?

        Baina barnean har bat erraiak jaten ari zitzaiola zirudien. Ez al zukeen hobe, kapitainari kasu egin izan balio? Ez al zion, bada, hark, apal apalik laguntza eskatu?

        Kapitainaren begitarte triste eta eskekoa ezin zuen burutik kendu. Baina, ze arraio! Zer egin zukeen, bada, berak kapitainari laguntzeko. Beti haur zaintzaile baten gisa hari ondotik jarraitu?

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia