1

 

        Nafarroa, Nafarroa, Euskal Herriaren giltzarria. Jon Bidartek bihotzean sartuak zituen hango lurralde eta jendeak. Ahal zuelarik, hara joaten zen bere oporraldietan.

        Nafarroan zangoa jarri orduko, asaben odola bere zainetan irakiten nabaritzen zuen. Jatorria hor, omen dute euskaldunek: Nafarroa zabal, liluragarri horretan. Bai eremuz bai eskuartez Nafarroa duzue Euskal Herriko probintziarik aberatsena.

        Euskal Herrian beste inon ez bezala, hor aurkituko dituzue gizakiak oraindik zapaldu ez dituen basoak, beste mendietan galdu diren arbola motak, euskara hutsez mintzo diren errekastoak.

        Nafarroak ditu Euskal Herriko mendirik garaienak, ibairik luzeenak, basorik handienak, ibarrik kantarienak.

        Gizakumeak ere han dira ezberdinenak.

        Iruñetik gora nafarrak euskaldunak dira, hots, euskaraz mintzo dira, aurpegietan goiherrietako seriotasuna nabari zaie.

        Zoaz Goizueta naiz Lekunberrira. Ez diozu Gipuzkoatik irten zarenik antzik emango.

        Barka: jakingo duzu, bai, gizaseme batzuen nahikeriez mugarriak han baitaude. Hernanitik kilometro batzuetara laster edirenen duzu, handik aurrera gizakiak ezberdin direla esango dizun letrero zabal bat. Zenbait tokitan, ordea, letrero anitz eta egia guti.

        Tutera edo Tafalla aldean, berriz, Ipar Nafarroan aurkitu ez dituzun alaitasun eta irekitasunak harrituko zaituzte. Beheko alderdi horietan jendea betargiago da, eguzki berotan barre egiten ohituago, festetara eta haserrera emanago.

        Edozein arrotzentzat etxeko ateak zabal zabalik dituzte beti. Han alferrik bilatuko dituzu, hemen goiko aldeotan zerua ezkutatzen duten baso pentsalari eta goibelak.

        Herriberako gizonak lurrarekin eta zeruarekin harreman estuetan bizi dela dirudi; horiekin ukitu zuzenago dutelako, ausaz, bedeinkazioa naiz madarikazioak errazago ateratzen zaizkie.

        Halere, Nafarroa bat da. Nafarroako baso mugagabeak eta zabaldi lehorrak, haritzak, pagoak eta mahatsak, goiko neskatila azal zuriak eta Herriberako gizakume belztuak, sinfonia zoragarri bat egiten dute guztiek, bakoitzak bere nortasunaz eta izateaz instrumentu berezi bat joz.

        Gogoeta hauek zerabiltzan Jon Bidart detektibeak Bidasoako Beran sartu zenean. Amaiur herri koxkorrera zihoan eta gorputz osoan esan ezinezko poza sumatzen zuen.

        Dena ustekabean gertatua zen. Donostiako Aurrezki Kutxan ebatsi egin zuen lapurra harrapatu ondoren, oso adiskide egin zen hango zuzendari ordezko Joxeba

        Eizagirrerekin. Hogeita sei urteko mutil gazte sendo bat zen hau, bere balioz kargu hartara igoa.

        Amaiurkoa zen eta Baztango lurraldeetako liraintasuna behin baino gehiagotan aupatu zion detektibeari. Bidartek ezagutzen zituen pixka bat alderdi haiek, eta han egonaldi luze bat egiteko irrikaz zegoen. Horrela agertu zion behin bere nahikundea Joxeba Eizagirreri.

        «Tira, motel. Hori bai erraza! Hoa gure sortetxera. Oso handia duk. Gainera, nik bi hilabeterako Ingalaterrara joan beharra diat, han diru arazo batzuk konpontzera. Nire hutsunea ongi baino hobeki beteko duk hik.

        Gure sortetxean gurasoak bizi dizkiat eta arreba. Pozik hartuko haute, neskatxak batez ere. Ikusiko duk gure aita nolako gizon jatorra den, patxarosoa eta jakintsua gainera, bere ginoan. Harekin hizketarako gairik ez zaik faltako.

        Eta ibilaldiak egiteko aukera hoberik ezin inon aurkitu: hor dituk Auza eta Alkurruntz mendi alaiak; aspertzen bahaiz, ordea, Frantziara ere noiznahi igaro haiteke. Hi, gainera, pilotari gogorra haiz. Arizkunen, Errazun, Elizondon frontoiak aukeran dituk, zein baino zein hobea».

        Nor ez zen holako tentabidean eroriko? Egiteko handirik ez zuela eta, izebari maletak azkar plantatzeko esan zion. Antomobila hartu eta Baztanera.

        Elizondora heltzean, gelditu egin zen, Anton Hernandorena, herriko alkatea bisitatzeko. Donostian bazkari batean ezustean adiskide egina zuen. Harez gero Hernandorena jauna Donostiara joaten zen bakoitzean, bisita egiten zion detektibeari, astirik baldin bazuen, behinik behin.

        Bidartek, ordea, ez zuen sekula Elizondon bere adiskidea ikusteko abagunerik bilatu eta antomobiletik jaitsi zenean, aurrez aurre topo egin zuen emakume zahar bati, alkatea non bizi zen galdetu zion.

        — Txipitonea karrikan, jauna —erantzun zion hark Baztango euskara kantariaz—. Baina orain eguerdia denez gero, herriko etxean aurkituko duzu. Han izaten da ordu honetan.

        Herriko etxera abiatu zen Bidart. Han ediren zuen bere adiskidea.

        Berrogeita hamar urte inguruko gizon luze bat zen Anton Hernandorena, bere adinerako buru soilegitxo. Aurpegi luzea zuen, estua, intelektual batena bezalakoa.

        Begi tipiek, beti irriño alai batez jantziek eta belarri handiek zerriaren antz pixka bat ematen zioten.

        Denean gizakume erabakitsu eta zartakoaren itxura ikusten zitzaion. Hizketa eta keinu guztietan bere buruaren jabe zela erakusten zuen. Handikien narea eta herri xumearen lainotasuna batzen ziren Hernandorenaren baitan.

        Ez zuen poz makala hartu, Bidart han ikusita! Besarkada estu bat eman ondoren, adiskidearen berriak jakin nahi ukan zituen.

        Oporraldietara zetorrela entzun eta areago poztu zen.

        — Hori duk, motel. Izango diagu elkarrekin ibiltzeko astirik. Igandean, esate baterako. Baina orain gure etxean bazkalduko diagu. Gure familia ezagutuko duk horrela.

        — Barka —erantzun zion Bidartek eskerrezko irribarrea eginez—, berandu nabilek. Hamaikak aldean hortxe-hortxe helduko nintzela esan niean bordakoei eta hamabiak badituk. Hurrengo baterako utziko diagu.

        — Bon, bon, ez diat galarazi nahi. Baina ez iezadak ihes egin gero, e! Hona, gaur osteguna. Hator datorren igandean gurera hamabiak aldean. Nire emaztea eta semearekin batera irtengo gaituk eta hor nonbaiten elkarrekin bazkalduko diagu. Ikusiko duk Baztanen ere Donostian bezain ongi dakitela bazkariak prantatzen.

        Baiezkoa eman ondoren, Amaiurrera abiatu zen Bidart, berandu zihoala eta urduri samar.

        Zeinen harrera bihoztia egin zioten basterretxekoek! Ongi etorri hartan ez zegoen, ez itxurarik ez zurikeriarik: begi, keinu, egite guztietan ageri zen jende haien ontasuna.

        Aita, betaurrekoak janzten zituen gizon lodikote, potoltxo, irritsu bat zen. Bere tripa handia alaitasunez eta pozez beterik zeukala ematen zuen. Hura gizaseme sanoa!

        Ama isilagoa zen; barneko maitasuna eta nahigabeak azaltzen lotsatuko balitz bezala hitz egiten zuen. Ilea gorrixka zuen eta gazte denboran ederra, oso ederra izana zen, noski, orduan ere holako bikaintasun apartekoa erakusten baitzuen.

        Etxeko alaba Edurneri amaren ezpala nabari zitzaion. Kaska gorrian, ibileran, begi-mintzoan, haren antzekoa. Hogeita bi urte bota zizkion Bidartek, baina bi urtez gehiago erantsiz huts egin zuela jakin zuen geroago.

        Ikusi orduko maitagarri egin zitzaion. Sotila benetan neskatxa hura. Han zeukan beti bere ondoan, desio guztiak, tikienak ere betetzeko prest.

        Hura ere oporretan zegoen etxean. Sendagile ikasten ziharduen Iruñeko Unibertsitatean. Hirugarren urtea Urrian hasiko zuen.

        Gogoz bazkaldu zuten denek. Bidartek jatunaren izena baldin bazuen ere, etxeko Jaunaren aldean mizkin bat zen. Hura zen hura jatea! Haren sabelaren ederra nondik zetorren ongi ulertu zuen Bidartek orduan.

        Gainera, beste trebetasun bat ere bazuen. Jateak ez zion hizketan egitea galarazten. Jan hala, inongo trabarik gabe mintzo zen, ez gorputzari janaria bakarrik, bere eta besteen izpirituari elebidea emanez ere bai.

        Aspaldiko ipuinak zekizkien, eta batez ere, kontrabandoko gertaerak. Beste tokitan entzunak berari gertatutakotzat azaldu zituenean, Bidartek bere baitan gogotik barre egin zuen. Kontalari onak bere burua oilar egin behar.

        Bazkal ondoren itzulinguru bat egin zion etxaldeari. Poza gainezka zerion. Oporraldi hura sekula baino ederragoa izango zela iruditzen zitzaion. Jatorra, zinez, etxe hartako giroa.

        Muino batean jasoa zegoen borda. Oso handia bilatu zuen Bidartek, lehen bi bizitzakoa izana, nonbait. Hegoalderantz balkoi zabal bat zeukan, uztaileko eguzkitik gerizatzeko toldo zuri batez estalia. Aukera ona izango zuen, han eseri eta irakurtzeko.

        Beste xehetasun batek ere poz handia eman zion: etxean telebista tresnarik ez izateak.

        Ukuiluko behi, txahal, mando eta zerriei ere bisita bat egin zien. Urdamak zerrikume tikiak zeuzkan. Gogotik egin zuen barre, haien jauzi eta bihurrikeriekin.

        Baserria alorrez inguraturik zegoen. Eskuineko aldera, harizti batean barna lurbide bat egina zuten,

        Dantzarinearako bide-zabalaren adaxka.

        Baserriko alderdi guztiak laztantzen zituen bakeak. Arratsaldean bertan, makila bat hartu eta mendira jo zuen, aspaldiko partez.

        Igandean, agindu bezala, hamabiak aldean Hernandorena bere adiskidearengana joan zen.

        Frontoi ondoan txalet eder bat zeukan. Emazteak ireki zion atea. Emakume luze, argal, itsuska bat zen, baina bai dotorea. Oso fin pintatuta zegoen eta pijamaren gainean zetazko bata pinpirin bat zeraman.

        — Banuen zu ezagutzeko gogoa —esan zion Bidarti, lehenbiziko agurrak egin ondoren. Lainotasun guztiz hitz egiten zuen.

        — Ez dakizu zenbat aldiz hitz egiten didan zutaz senarrak. Euskal Herri osoan ez duzu hori adinako mireslerik. Bidart detektibea gora eta Bidart detektibea behera, ez du zure izena burutik kentzen.

        Gizona ohetik jaiki berria omen zen.

        — Bai, bart berandu samar arte kanpoan ibilia ere da eta.

        Egongelara eraman zuen andreak. Musikaren goxoan, hogeita hiru urte inguruko mutil bat kazeta irakurtzen ari zen.

        — Hemen duzu gure semea —esan zion Bidarti, gaztea zutitzen zen denboran.

        — Aritz, hau Jon Bidart, gure aitak horrenbeste aldiz aipatutako detektibe ospetsua duzu.

        Legezko agurrak egin zizkioten elkarri.

        — Bon, ni janztera noa. Geldi zaitez hemen semearekin hitz egiten. Hor dituzu liburu eta aldizkariak ere. Senarra eta biok laster gara zurekin.

        Bidart mutilarekin eleketan hasi zen.

        Mutil bikain, sendo, lepaluze bat zen. Lehenengo harremanetan izuti antz pixka bat bazuen. Baina konfiantza hartuz gero, kemena eta erabakia ongi asko erakusten zituen. Zertxobait errebera eta haserrekoia ere iruditu zitzaion Bidarti.

        Luzaro gabe aita agertu zen eta adiskide biek bihozkiro agurtu zuten elkar. Amak Vermut bana zerbitzatu zizkien. Gero Bidart bere autoan, gurasoak

        «Renault 12» batean eta semea bere «Alpine» sport kotxean, guztiek Sunbillara jo zuten.

        — Orain ikusiko duk ongi jatea zen den ­bota zion Anton Hernandorenak kotxetik jaitsi orduko.

        «Arribilaga» jatetxean sartu ziren.

        Alde aurrez aginduta, etxeko andreak behi buztana saltsan gerturik zeukan «bost» lagunentzat. Izan ere, puska normalekin ez zutela nahiko izanen eta Anton Hernandorenak zirenak baino bat gehiago eskatu zion etxeko andreari. Jatorduetan oparo ibiltzea gustatzen omen zitzaion.

        Bazkalondoan beste egitekorik ez zutela eta, Ainhoara abiatu ziren. Hango kafe-etxe batzuetan denbora pasa ondoren, iluntzean Donostiara joan ziren, Anoetan pilota partidu bat ikustera.

        Egun oso ederra joan zen. Ez ziren umore onaren eskasean ibili. Hernandorenak bere ateraldiez denei barre eragiten zien, Karmele bere emazteari bereziki.

        Aritz ere etorri oneko kontalari agertu zen. Jenio bizikoa zela antzeman zion detektibeak, baina bai aita eta bai Bidart, haserrebiderik eman zezakeen edozein solas alde bat uzten saiatu ziren.

        Elizondora jo zuten atzera berriz ere, eta han aldebanatu. Bidartek bihotzez eskerrak eman zizkion bere lagunari. Aspaldi ez omen zuen holako igande ederrik igarotzen.

        — Pozten nauk —esan zion Antonek lagunaren eskerrak irribarretsu entzun ondoren—. Ikusi al duk behin ere, txistera partidu bat?

        Lagunaren ezezkoa entzun ondoren, Hernandorenak berriz ere

        — Ba, hiru igande barruan Iruritan bat jokatzen diate. Beste eginkizunik ez baduk, biok joango gaituk ikustera. Emaztea eta semea ez dituk horren zaleak.

        Hamaiketan hasten duk. Ordu batean Elizondora etorriko gaituk eta berriz ere egingo diagu beste bazkari on bat. Abisatuko diat aldez aurretik.

        Agur esan eta Bidart Amaiurrera abiatu zen. Gustura sartu zen ohean eta gau guztian behiekin ametsetan egin zuen. Buztan jana pisu samar geratu zitzaion, agian.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Elizondoko eskutitzak" orrialde nagusia