EROA
I
Mendietan gora, itxaropena lagun. Izerdia nire ile luze latzetan bihurrituz doa. Albainka nago; eztitan, baina.
Dantzan ari zait bihotza bozkarioz. Gaur ere argia laztandu, lorea usaindu, iturbegitik ur gardena xurgatu!
Aberre egiten dizuet, aurpegi berdeok! Izpiritua eta maitasuna den haragizko sorkaria ene zain dagoelako bekaitz zarete.
Erotzat naukate ero hutsak diren horiek! Argiari onirizten diodalako, iseka egiten didate gaueko zulo zamorro zantar alaenok.
Bedeinkatua eztizko begitartea nabaritu nuen eguna. Onetsia arima lehertu eta askatu egin zen unea. Geroztik bizia ez zait etsipenezko arrailduretatik itzurtzen.
Madarikatuak janariaz eta edariaz antsiatzen diren lugertz zikinok! Maitasunaren alor guztiak ihartzen dituzte. Higuingarriak biluzik ez ibiltzeko ematen dizkidaten aholkutxo likitsak!
Jateko eta jateko! Gaitzak jotzen omen du jaten ez duena. Alaitasuna pozoitu egin nahi didate. Izarretan gora eta gora ez nadin, nire haragia astuntzen dihardute.
Nire begi nini eta tik haren irudia kentzeko leherrak egiten dituzte. Ilargiaren labetik ihes egindako izpi maitetsua! Horrela ezagutu nuen, horrela ikusi nuen, lantzurdiz ehundutako zilarrezko oihal zuri-zuri batez inguraturik, oinutsik, urrezko tximak zerizkiola, ustekabeko ilunabar zoriontsu hartan.
Nire onetan omen dabiltza eta zuhurki jokatzeko. Nik zohargiari uko egin? Beude! A, indarrik banu izarren leinuruz kolpeka hasteko. Horien guztien errai kiratsak erreko nituzke.
Zer ardura dio nire oinak pixka bat odoleztatuagatik ere? Zure beso arteko goxoak nahigabea arintzen dit. Negarrez zaudela begi urdinetan loratzen den irriñoa! Zure ezpainen eztia nola adierazi?
Gure begien dirdaia bezain lotu elkartzen dira gure gorputzak. Zure besoekin batera mundua zintzilik nire lepotik. Zu besarkatuz, liliak sortzen zaizkit bularretan.
* * *
Berriz ere hor, hor zaude. Negarrez? Ukondoa haritzean jarririk eta eskua begien aurrean. Negarrez zaude ala irriz?
II
Atzean, atzean dago itzala. Ez naute berriz atzemanen. Zizare satsuok, itxaropena edenez galarazi didazue. Izpiritua ere estekatu egin gura zidaten odol xurgari horiek. Ene asturu gaitza! Hilabete handitan maitalearengandik urrun, izterbegien hurren!
Laster hurbilduko naiz antzinako eraztun baratzera. Ez didazu igurikitzen, iluna distira egiten seuen honek. Zure adurra nirea bezain dohakabea izan da.
Heldu naiz. Horra hor nire kutunaren jauregia!
***
A, kristala egindako argia! Edertasunez erdi zaren aingerua! Zu, zerraldoan zautzan aingeru xumea, laztan egidazu!
Nork egin dizue bihotzondoko zauri beltz hori? Ene laztanok, ene enetxook! Izarrak jausi dira, lurra lehertu da, itsasoak gainezka egin digu!
***
Ez antsia, banoakizue gibeletik, begi odoltsuok. Aitzinera, aitzinera.
Zuekin naiz aurki, itxaropen hoztuok, gorrotoaren azpiko loretxook. Nehork ez gaitu bananduko.
Ongi aurkitua! Hemen naukazu, argitara daramazun aho beltza! Zurea naiz aldiko.
III
Edurne Arangoiti
Caracas-en
Orendain. 1966.eko
uztailaren 15ean
Edurne ahizpa maitea:
Gure herrian gertatu diren azken berri negargarriak ikas ditzanan idazten dinat. Atzo izan hituen «Iturritxo»ko Madalen eta bere haur jaio berriaren hiletak; gaur «Jauregialtzu»ko Asier, bere sendiaren hilobian ehortzi dinate.
Arazo honen zenbait xehetasun aurreko batean eman ninan. Asierren guraso eta senideek ez zinaten inolaz ere Madalen etxeko alabatzat hartu nahi.
Beren Asier, herriko mutilik aberatsena «Iturritxo»ko alabarekin ezkondu? Ez etaaa! Madalen neskatila bikaina eta maratza zela! Bost axola haiei. Beren Asier mediku karrera bukatu eta bazterretxe behartsu bateko neskatoarekin ezkongaietan hasi? Holakorik!
Jende hauentzat dirua eta harrokeria dun dena, Edurne.
Madalen eta Asierrek ahal zuten moduan elkar ikusten zinaten. Asierren etxekoek gero eta gogorrago. Aitak eta anaiarik zaharrenak jo ere egin zuten berria zabaldu huen herrian.
Minaren minez Asierri burutik egin zitzaionan. Ikusi izan bahu zein zarpail, itxuragabe ibiltzen zen! Argal, bizar luze, behatzak oinetako zuloetatik erakusten. Lehenago horren mutil ederra izandakoa! Jan ere ez omen zinan egin nahi.
Gurasoek, ezkongaien arteko lokarria hausteko esperantzaz, Usurbilko eroetxean sartu zinaten mutila. Han igaro dizkin zortzi hilabete t'erdi, gutxi gorabehera.
Eta hona hemen harrigarriena! Madalenek herengunago haurra hila izan zinan. Bera ere erdi minez biharamunean hil egin huen.
Zer jazotzen zen, norbaitek Usurbilera abisua eman omen zionan Asierri. Halaxe ziotenan batzuek, baina ez jakin. Asierrek ihes egin zinan erotegitik, hori bai. Pentsa ezan, Usurbildik gure herrira etorri eta mendian gora Iturritxora bertara ez huen, bada, joango!
Gerokoa «Barnola»ko Arantzak kontatu zidanan. Asier etxean sartu zenean, hildakoa zaintzen omen zeudenan bera eta etxeko batzuk.
Mutilaren negarrak ama-semearen gorpuak ikusirik! Haren oihuak, haren desditxia! Bizi arteino ez omen dizkin ahaztuko.
Jendea ez omen zegonan ez zerurako ez lurrerako. Denak zurbil, denak harriturik, denak zotin! Azkenean Asierrek bere ileei tira eginez, basapiztia zauritua bezala irten omen huen etxetik.
Handik bost ordutara artzain batek «Arrozpide»ko leize zuloan aurkitu zinan haren hilotza.
Herri guztia nola dagoen ezin dinat azaldu. Laztan handi handia
Izpiñe-k
© Gotzon Garate