ZUHINTXO

 

        Zuhintxo mundu honetara nola heldu zen ez zuen inork jakin. Ekaitz haize bolada izugarri batek ekarri zuela aditu nion «Gormendi» arrantzale zahar itsuari.

        Ez nuen nik hori sinetsi. Berritsu hutsa zen, haserretu arte, baina, Zuhintxorekin batera toki askotan ibilitako usoño polit baten esana zinago iruditu zitzaidan:

        Ezkutu ezkutuan Lamiazulo batetik atera omen zen, munduko berrien jakin minez, amari eskolako laguntxo batengana zihoala gezurra esanda.

        Dena dela, han zegoen Zuhintxo, bizi bizirik, mundu honetako ederra aztertu nahirik. Hau zen ukatu ezinezko egia.

        Lur azalean oinak ezarri orduko, nardagarri iritzi zion munduaren berdintasun txepelari. Beraz, egunero goiztirian argi-izpi bat eriz ukitu eta ortzadarraren koloreetan zartaraziz, naturalezaren izate guztiei zoratzeko moduko jantzi nabar dirdaitsuak ematen zizkien.

        Gauza harrigarri asko egiten zuen. Nik batzuen batzuk bakarrik aipatuko ditut.

        Beti negarrez ikusten zituelako, hodei eta lainoei barre eragitea bururatu zitzaion. Haizeei zubien begietan zehar (txirularen zulotxoak bailiran) igarotzen irakatsi zien, musikarik eztigarriena atereaz.

        Zuhaitzak beti toki berean egoteaz asperturik zeudela ohartuz, honantz-harantz ibiltzeko ahalmena eman zien. Makalak eta haltzak berehala hasi ziren beren denbora guztiko irrika betetzen: sortu zirenetik hankak garbitzen zizkien ondoko ibaietan bainua hartuz. Urritze eta gaztainondo gaztetxoen poza mendietan jauzika eta gordeka!

        Udaldian sargoriak eta sapak jo zutenean, leize-zulorik itzaltsuenetako errekasto hozkirriak eskuetan hartu eta basamortuz basamortu joan zen, lur egarrituei ura ematen.

        Bakardadean, inongo adiskiderik gabe bizi ziren izarño ttiki-ttiki batzuk, egunez bere altzoan jaso eta gauez bere begietan jartzen zituen, mundua hurbil hurbiletik ezagut zezaten.

        Bere ibilaldi guztietan musker baten larruz egindako sakelatxoa zeraman isats aldean. Musker harrozko izana zen hura, hiltzerakoan larrua baldintza batez eskaini ziona: egurastera joaterakoan buztanaren puntan ikurrin gisa eramatekotan.

        Sakelatxo horretan Zuhintxok udazkeneko gau oskarbi batean ebatsitako ilargi leuna gordetzen zuen, herekin ispiluaren aurrean bezala, bere burua apaintzeko.

        Besterik ere bazuen sakelatxoan. Itsas txirla bihurritsu bat, lorik egin ezin zuenean Euskal Herriko haur kanta zaharrak abesten zizkiona.

        Munduz mundu ibili beharra ez zuenean, hondartzetan jolastea atsegin zitzaion. Itsas ertzean dortoka handi baten gainean eserita, arraintxoei solfeoa irakasten zien, bere eskutxoez konpasa eginez.

        Bestetan, hegaztien gainera igotzen zen, arranoei hegan jokatzeko. Beleak eta mikak, atzean geldituz, haserre jartzen ziren Zuhintxorekin eta grekozko izen itsusiak jaulkitzen zizkioten.

        Itsasontziek oso liluratzen zuten Zuhintxo. Bazekien, jakin ere, itsaso handi ezezagunetan ontziak zuzentzen, izurde batez maitemindu egiten zen bakoitzean norakoa aldatu arren.

        Beste gauza bitxiak ere egiten zituen. Sagarrondoei, txirikorda eginda ikusten zituenean, sagarrak osten zizkien, pisuarekin sufri ez zezaten.

        Egun batez, Zoo batera joan, jarri bera ziminoak igotzeko Zoo erdian zutik zegoen eukaliptus handi baten adaburuan eta animalia guztiei Haendelen Aleluia kantarazi zien. Sekula ez omen da gehiago holako abesti goxo zoragarririk entzun.

        Guk arruntzat jo genitzakeen gauza batzuk bere begi niniak bezain ongi gordetzen zituen hala halarik: landare biziz egindako erloju bat, arabieraz mintzo zen katuñoa, Kant-en esaldi sintetikoei kritika gogorra egiten zien hiru hilabetetako astotxo bat eta maitasunaren sekretuez mintzatzen zitzaizkion bi andrakilatxo.

        Bazituen bere makaluneak ere. Bere ahotsa lehendabiziko aldiz magnetofonoz entzun zuenean, lauorrian jarri zen Zuhintxo. Arineketan ezkutatu zen balekume baten ahoan. Ez zuen handik irten nahi; nik, baina, bildots marraka eginez, kanpora atera nuen.

        Orduan ohartu nintzen oso lotsatia zela, ahalmen ikusgarri haiek eduki arren. Jende tartean ibiltzeaz ahalke zen. Hura bai sentibera! Krokodilotxoen eta kameleoien negar malko faltsuak ikusiz, berak ere, xaloak, negarrari ematen zion, orduetan eta orduetan, oreintxoak edo katagorriak etorri eta ipuintxoren bat kontatu arte.

        Halako egun batez jakin-min bereiziz ondoratu nintzaion. Zuhintxoren bihotza barru barrutik aztertu nahi nuen. Bera ezagutzeko eroaren begiak jantzi behar nituela esan zidan. Ez zen lan erraza; nekearen nekez, ostera, jarri nintzen hartara.

        Behin batez, biok bakarrik hondartzan geundela, eskutik heldu eta «maite zaitut, maite zaitut» esan nion.

        Haiek ziren, ausaz, Zuhintxo mundu honetara behartu zuten hitzak. Printzesa sorginduaren antzera, bat-batean iratzarri egin zen, inoiz ikusi ez baninduen bezala begiratu zidan eta atzera-atzera eginez, uhin batean eserik urrundu egin zen, urrutira eta urrutira, ezpainetan irriñoa eta niri agurka, musu zapiari eraginez.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Lehortean" orrialde nagusia