IÑAKI LIZARRAGA
Iñakik hamazazpi urte zituen. Gazte luze, sendo, indartsua zen eta «Haritzmendi» ikastetxeko mutilik bihurriena eta lotsagalduena.
«Nola iraun du honek ikastetxean batxileratoko azken urtera arte?», galdetzen zioten elkarri haren ikaskideek. Inor ez zen erantzuteko gauza.
Ikastetxean irakasle zegoen, gizon eta emakume.
Maisuak txit amorraraztea zen Iñakiren grina guztia. Ez zuen haiek gogaitarazteko aukerarik galtzen.
Buru argia zen Iñaki. Maisu guztiak aiher izan arren, ikasturte bukaeran ez zuen gai batean ere hutsik egiten.
Jokabidean, ordea, ikastetxeko 1.700 mutilen artetik ez zuen bakar batek ere berak baino ageri txarragorik izaten.
Eskoletan ez zuen gizalegerik. Ikastera ez, irakasleez maiseatzera joaten zela ematen zuen. Bere jarduna ia beti lotsagarria zen. Ezpainetan etengabeko irribarre zuri, nardatzailea erakusten zien maisuei.
Maisuak hitzetan okertzen baziren, tak, han zegoen Iñaki, tximino bat bezala, ateraldi batez maisua barregarri uzteko.
Bere tirria galdezka hasi eta maisuak erantzun gabe uztea zen. Horretarako bazuen dohain berezia.
Batzuek, beldurrarren, ez zioten inoiz galdera egiteko baimenik ematen. Hori okerrago zen, ordea. Baimena ukatu ondoren, Iñakik ezker eskuinetara bere lagunei irrikaitzez begiratzen zien, gerrako garaile batek bezala: «Hau nire beldur duk.»
Emakumeekin, ostera, Iñaki mutil serio, goxo, maitagarri zen. Hauxe harrigarriena! Emakume irakasleek nahiko lan izaten zuten eskola deboran diziplina jartzen, hazitxoen artean, batik bat. Iñakik bere ahalegin guztiak egiten zituen, emakumeen larderia sendotzeko.
Deportista ona eta aiurri kementsukoa zelako, begirune handia zioten lagunek. Seigarren urtean izan arren, futbolaririk onena zen ikastetxe osoan. Futbolean etorkizuna egina zuela aho batez zioten denek.
Eta borrokan hasten zenean! Beldurgarria! Animalia ematen zuen. Berdin zitzaion bizpahiru kontrariorekin hastea ere. Muturrak hausteraino, ero bat bezala, odola zeriola, ez zuen etsiko lagunek heldu eta elkarrengandik bereizi arte.
Handia zen, bada, ikaskideek zioten itzala. Berak eskuarte hori maistren onerako erabiltzen zuen eskoletan. Iñakiren aurrean maistrekin txantxetan jarduterik ez zegoela ongi ikasita zeukaten guztiek.
Emakumeek, berriz, biziki maite zuten, Garbiñe Sorozabalek, batez ere, Naturaleza Zientziaren irakasleak. Maistra luzexka, izuti, titi handi, betaurrekoduna zen, mutilen artean ahalke eta barkamen eske bezala ibiltzen zena.
Iñaki eskolan ez bazen, gogotik jotzen zioten adarra ikasleek. Batzuek, anatomia zela eta, galderarik mutiri-eneak egiten zizkioten. Atzeko lerroetan zeudenek, marmar antzean, «Akerra ikusi dugu», «Behiaren titi ederrok» eta horien gisako kantuak kantatu ere bai.
Iñaki aurrean bazuten, ordea, ez zuen inork txintik ateratzen. Zerutik infernurainoko aldea Garbiñerentzat Iñakiren eskoletan irakatsi ala besteetan.
Ikastaroa bukaturik zegoen eta ikastetxeko irakasleek batzarra egin zuten, ohitura zen bezala. Bana banaka guztien jokabidea eta notak aztertu behar zituzten, hurrengo urterako pasea emateko.
Iñaki Lizarragaren izena heldu zenean, maisu guztiek mutila ikastetxetik botatzea eskatu zuten.
Garbiñe Sorozabal bakarrik ausartu zen mutilaren alde hitz egiten. Iñaki botatzea ez zen egoki, haren iritziz. Iñakik ikastetxean sei urte eginik zituen. Zergatik kanporatu amaitzeko urtebete bakarrik gelditzen zitzaionean?
Hori egiten bazuten, ikastetxeari betiko gorrotoa hartuko zion mutilak.
Gainera, Iñaki ez omen zen horren gaiztoa. Zergatik jokatzen zen gizonki emakumeekin?
Mutila gaitzetsi beharrean, haren jokaeraren sustraiak aztertu behar zituzten.
Zergatik zen nazkagarri gizonekin Iñaki? Hor zegoen korapiloa. Eta korapiloa maisuek heurek askatu behar zuten. Mutilaz beti gaizki esaka jardun beharrean, hura ulertzen saiatu.
Garbiñeren hitzok areago sutu zituzten gizonezkoak. Korapilo hura aspaldi askaturik omen zuten beraiek. Iñakik maistra guztiak liluratu nahi omen zituen, gero lagunen artean bere burua oilar egiteko. Harrokeria berak bultzatuta, gizonak apalarazten ahalegintzen omen zen.
Azkenik, haserrealdia itsas uhin bat bezala lehertu zen. Iñaki ikasleen artean izatekotan, hurrengo urtean berak ez zuela eskolarik emango, oihuka azaldu zuen Jon Zabaletak, historia irakasleak. Roman Iruarrizaga eta Joakin Urrestik ere, literatura eta filosofia irakasleek, bat egin zuten Zabaletarekin.
Mehatxu honetaz eztabaida moztu egin zen. Zuzendariak erabakitzat eman zuen arazoa. Iñakiri ezezkoa eman behar zitzaion. Berak hitz egingo zuen mutilarekin.
Biharamunean zuzendariak bere gelan hartu zuen Iñaki.
— Iñaki, atzo batzarra izan genuen. Zoritxarrez, irakasle guztiak bat zetozen... ikastetxe honetatik alde egitea zure onerako izanen dela.
Minutu erdian erlojuaren dingi-danga bakarrik entzun zen. Mutilak eserlekuari bi eskuez gogor oratzen zion, ihes egin beharko balio bezala. Gero bere begiak solaskidearen begietan jarri eta lotsagabeki irri eginez:
— Gezurretan ari zara, zuzendari jauna —esan zion—; irakasle guztiak ni ikastetxetik botatzea erabaki dutenik ezin dut sinetsi.
Zuzendariari aurpegia oso gorritu zitzaion. Gorritze txit nabarmena zuen. Sudurra karramarro egosia bezala, masailak, ordea, elorri-lorea bezain zuri jartzen zitzaizkion.
— Sorozabal andereñoa... ez —erantzun zuen hitz motelka.
Iñaki jaiki eta ateari danbateko handia emanez, alde egin zuen gelatik.
Garbiñe Sorozabalek «Iturrino kalean» zeukan bizitokia. Arratsalde hartan euri zaparrada zen. Garbiñe, sotan etzanda, Hemingwayen «For Whom the Bell Tolls» ari zen irakurtzen.
Disko joleak modako «They Both Sat Silent»en doinuaz gelako zokogune guztiak melankoniaz jantziak zeuzkan.
Ateko dan-dan batek eleberriaren ametsetatik iratzarri zuen emakumea.
Liburua utzi, diskoa isilarazi eta atea ireki zuen. Ate aurrean, uzkur baina begi irribarretsu, Iñaki Lizarraga zegoen.
— Zu hemendik? —galdetu zion irakasleak, harritu samar, haurra gozokia ebasten harrapatu duenaren mintzoeraz eta atea osoki zabaldu gabe—. Zer da?
— Ezer ez. Zuri lora xorta hau eskaini eta eskerrak eman.
— Pasa!
Mutila ate aurrean josita bezala gelditzen zenez gero, sorbaldatik emeki bultzatu zuen. Gabardina kentzen lagundu zion.
— Eser zaitez hor, etzaleku horretan. Zer hartuko duzu?
— Ezer ez. Ez dut ezertarako gogorik.
Jaramonik egin gabe, Garbiñek sukaldetik kafea eta gozoki batzuk ekarri zituen.
— Zergatik niri eskerrak eman? —Mutilaren ondoan eseri zen.
— Ikastetxean izan naiz. Azken batzarrean nire alde mintzatu zinela esan dit zuzendariak.
Garbiñek bere belarri parpaila igurtzi eta une batez ezpainak mugitu zituen, zer edo zer esatekotan. Baina ez zen ausartu, agian. Berriro lehiatu zen.
— Iñaki, gauza bat galdetu nahi nizuke.
Bere begi-hitzetan ahal maitasunik handiena jartzen ahalegindu zen. Mutilari esku batetik heldu zion.
— Iñaki, zergatik egiten dituzu gauza horiek maisuarekin?
Ura belaki bateko hutsarte guztiez bezala, tristura handia jabetu zen gazteaz. Ukalondoak belaunetan tinkatuz, begiak eskubarrenez estali zituen. Bat-batean zotinka hasi zen. Haren malko jarioak, irtenbide aurkitu duen uraldi oldartsua zirudien.
Garbiñe zer egin ez zekiela gelditu zen. Azkenean, bere ezjakinean, musu beroa eman zion bekokian mutilari, ama batek lotara doan haurrari bezala. Haren burua besoetan hartu eta bere magalera ekarri zuen.
Nik sei urte bete arte —hasi zen mutila bere barrengo sentimendua hasperenez eta antsiaz arindu zuenean—, aita, ama eta hirurok batera bizi ginen. Ama oso gaixo zen. Ni txit maite ninduen. Haren goraintzi guti daukat, baina bai bihotzean ongi itsatsirik. Ni nintzen bere poz bakarra. Aita basakeriaz bizitza hondatu zion. Eritasunez baino gehiago tristuraz hil zen. Aita madarikatu bat da!
Hitzok esanda, buru makur, beltzuri jarri zen.
— Mozkor alaena! Gauean tabernatik hordirik datorrenean, etxean deabrua sartu dela dirudi. Egoera honetan ankerra da eta bere baitango mingostasunari ate guztiak zabaltzen dizkio. Haren biraoak eta gaizki esanak! Orain bi urte arte sarritan jotzen ninduen. Orain ez, neure burua zaintzeko gauza naizela ongi baitaki.
Honela bizi izan naiz azken hamaika urte honetan, bakar bakarrik, amarik gabe, aitaren azpian, negarra eta etsipena soilki lagun nituela.
Kanpoan ere zeruari negarra zerion. Euri jasa atertua zen eta zirimiri-lankarrak eroso-eroso etxeen masailak igurzten zituen.
© Gotzon Garate