KONPLEXUS

 

        «Hor hago etzanda. Gelan kristalezko hotza».

        Zarauzko alaba, neskatxa bizkorra. Ez, itsusi samarra; osasun gaztearen bikaintasunez, baina. Kalera irten da, ez dakit nora. Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu. Andereño, Miren ez bada jokatzen, ez eta gu ere.

        Arraioak! Nork zu ezagutu, Mirentxu? Hauxe behor zoragarria bere hamalau urtetan.

        Osabarekin joatea ala ez heure esku zegon.

        Madrilen kale eta edifizioen handitasuna eta mundu ez ezagunaren argia urjauzika erori zitzaion gainera neskatilari.

        Arreba maitea, gure itxaropenak betetzen ari ditun. Nik uste baino ere hobe zetorren. Beste denak atzean utzi ditin. Laster tenislari profesionalekin hasteko gerturik izango dinagu. Zuei goraintziak emateko. Bera nekaturik omen zegon.

        «Leihoak itxita zaudek slaranku bat dik, irristatzen den argia, hire aurpeg

        Hamere izena. M dizdizka b ere Bartzelonan, Valentzian, Sevillan.

        Gaur, arratsaldeko zazpietan hasiko dira partidak. Azkenean, Miren Kortazar, tenislarien zeruan izarrik berrienak parte hartuko du.

        Valentzian, Valentzian gertatu zen.

        Ezkondu gabe haurra izatearen errua hori egotzi? Erraz da, bai, besteak madarikatzea. Eta gizona ezkondua izatea? Galdegiok ardiari aharia ezkondua denetz.

        «Eskuak geldirik, lehen sekula ez bezala. Ez dituk heure etsaiak mehatxatuko».

        Atsekabearen gandu adarrak haren etxean. Jasoko zutela, halere, alabatxoa.

        Bost urte zituen Sandrak, ama udaldiar batekin ezkondu zenean.

        Ugazaita, aita bakarra, Bartzelonakoa, aberatsa, Lantegi baten jabea, ona zara.

        Sandra, alabatxo, aingeru berria dugu, zure nebatxo. Emaiozu musu Martintxori. Paaaaa...

        Arbola beraren adarrak, Sandra eta Martin. Artazurkaitza eta aihena, betikotasunaren usaina duen laztanean.

        Bake-maitasunezko bidean, ordea, haurren begiazalarentzat elorri arantzak?

        Ama, zer esan nahi du sasikume? Ama, Sandra nire arreba ez omen da.

 

                Arrosa ta krabelina

                a ze lore politak!

                Ez inolaz bereiz, ama,

                biak ditut neureak.

 

                Leihoaren arlaxean

                barre dute ahoan;

                ametsetan jaso ditut

                ezpainaren altzoan.

 

                Erraldoia igaro zen,

                hartu zuen lorrosa;

                ene ama, krabelinak

                hautsia du bihotza.

 

                Hegaldatu zen usoa

                intziriz gau erdian

                egiteko bizitegi

                hildakoen herrian.

 

                Arrosa ta krabelina

                a ze lore politak!

                Ez inolaz bereiz, ama,

                biak ditut neureak.

 

        «Ez dituk ezpainak zabalduko. Ez didak musurik emango».

        Gizartearen legeak altzairuzko besarkadan itotzen dute jakineko barrutitik ateratzen den mutiria.

        Bedeinkatuak zuek anarkistok, gizartearen ustela erretzen hasteko, erregaitzat zeuen bihotzak jartzen dituzuelako.

        Bedeinkatuak zuek anarkistok, sasikumeak egiaren haurren artean ezartzen dituzuelako.

        Bedeinkatuak zuek anarkistok, emagalduak biderik argiena aurkituko dutela sinesten duzuelako.

        Bedeinkatzen zaituztet, anarkistok, zeuen bekokian anaiartekotasunaren itxaropena idatzirik daramazuelako.

        Nire izenagatik, legearen izenean, pertsegituak izanen zarete, orpoz ipurdi ihes egin beharko duzue.

        Goresten zaitut, Bakunin, anarkistoi mundua errotik alda daitekeela jakinarazi diezulako.

        Bere amaren eta arreba-erdiaren ohorea gerizatzeko, Martin anarkista egin zen.

        Zertarako bukatu medikuntza karrera! Ikasketa guztiak jendea gizartearen sistiman barnean sarrarazteko gezurbideak dituk.

        Manifestapenetan, bihurraldietan, lanuztetan dagoen gesal usain pizgarria!

        Eta bi urtetako kartzela egonaldi hortaz, zer diok? Salve, iraultzaren, anarkismoaren, marxismoaren unibertsitateok! Salve, kartzelok!

        «Begi arre, urduri, llaburrak betiko itxi zaizkik. Betaurreko lodi, marroien atzetik nik horrenbeste maite nuen ondikozko begirasuna ez diat gehiago ikusiko».

        Nor zegoen zure zain, begiak negarrez, bihotza barrez, morroilopetik irten zenuenean? Hiri, hiri emango dinat neure besarkadarik estuena, neure adar bikia, neure ametsen muin haizen horri! Hutsak ditun nire nahigabe guztiak, hiri egun batez gizarteak damu-olerki bat badagin.

        Hurrengo bi urteetan uzkurrago ibili nindunan, bazekinat. Ez, ni neure ustetan lehen bezain tinko nenbilenan, baina talde haietan giro lauso, hanpatu, enfatikoa ikusten ninan. Askatasun-bidea dogma estu, iritzi lehor, aginte bortxatzaile bihurtzean bada, bere izateaz hustu egiten dun. Salbazioa aizkoratik zetorren.

        Nire lagunez ez dinat hitz egingo, bada. Ez dinat lagun bat besterik, bakarra eta bakoitza, munduan barna uste onean jarduteko: hi.

        «Zorabio-asmoz ernari zegoen hire burutik ez dituk aterako guk guztiok miresten genituen ideia zorrotz zapartagarriak».

        Nola atera daitezke ardatz-buruak munduaren orpotik?

        Sandra, Sandra ezkondu egingo duk!

        Ezkontza hark aspaldidanik arimaren azken zokogunetan bazterturik zeuzkan harrak begi-azalera agertu zituen, argi zuri itsugarriz jantzirik, ekaitz tximistak bat-bateko ziztaldiz itzalpeko eremuak ikusgarri egiten dituen gisa.

        Orduan filosofiaren betiko arazoetan, biziaren muinari dagozkion galderetan, maitasuna banandu ezina dela erakusten duen irakaskintzan huts egin zenuela ikusi zenuen, Martin, lore moztua, lore ihartua.

BAKARTASUNA

        «Heure buruari tiratu hion tiroak muinak zarrapaldan barreiatu zitian gelako solairu-paretetan. Agur, Martin, nire zorigaiztoko neba maitea, nire laztana, nire usoñoa...

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Lehortean" orrialde nagusia