ARROTZA

 

        Gizon beltzaran, bekozkodun, itxuragaitz zen Iparragirre kaleko hamahirugarren zenbakian, bost garren bizitzan bizi zena. Bere begi ezkelez so egiten zizunean, arima alderen alde zulatu behar zizula uste izango zenuen.

        Haren, nafarreriaren lanaz itsustutako aurpegiak, barneko latzaz leherturiko ispilu uherra zirudien.

        Bibote motz zeharkatuak eta bere beterreak estoldetako arratoi antza ematen zioten.

        Ez harri, bada, etxe hartan bizi ziren haurrak, «Zantarra» (halaxe deitzen zuten denek) ikustean, paretaren kontra estutzen baziren, beren buruak mailadiko itzaletan iraungiarazi nahirik.

        «Zantarra» gizon fidakaitz, isila zen, inorekin ere hitzik egiten ez zuena. Matxurarik gabeko jantziak erabiltzen zituen, eta gainean, udabidean eta neguan, aroen joan-etorriekin hartukizunik ez balu bezala, gabardina arre dotorea.

        Ohitura tinko eta ordu jakinak zituen. Gauero, hutsik egin gabe, hamaika t'erdietan etorriko zen etxera eta biharamunean zortziak laurden gutxiagotan kotxean sartu, Iparragirre kalean gora abiatu eta ezkerretara jotzen zuen Henaorantz, barrideei ezkutuki eta jakin-minaren pizgailu zitzaien xedeaz.

        Bakar bakarrik bizi zen. Auzokorik ez omen zen inor bere bizitegian sartu. «Txuli», atezaina, behin saiatu omen zen, eskutitza eskuratu behar ziola eta (oso bakan hartzen omen zuen eskutitzik), haren bizitokian barrena sartzen.

        Tinbrea jo eta «Zantarra»k «nor da?» garratza bota omen zion. Eskutitza zekarkiola eta hiruzpalau sarrailkate karranka-karranka askatu ondoren, ate zirritu bat besterik ez omen zion zabaldu.

        Aski izan omen zen hura «Txuli»ri bihotza taupaka hasteko. Barnean argirik ez eta gelaren ilunpetik sortua bezala, atearen zirriturik «Zantarra»ren sudur luze nafarreritsua agertu zitzaion; haren begi ezkelek inoiz baino ere harrigarriago diz-dizka egin omen zioten, hara-honanzkoan bidea galdutako bi izar beldurgarri bezala.

        «Txuli»k eskutitza eskuratu eta ez zuen hitzik ere esateko adorerik izan. «Zantarra»ren begirasuna suzko ezpata bezala sartu zitzaion eta ez zuen hoztu ahal izan, Paustina bere maixeakidearekin hiru orduko berriketaz bere barrena hustu arte.

        Esamesa ilunak zabalduak zeuden auzokoen artean. Nor zen gizon hura, nondik etorria, zertaz irabazten zuen bere ogia, nor zuen lagun edo ezagun? Hauek eta beste galdera asko egiten zizkioten beren buruei gure etxeko barrideek. Erantzunik harrigarrienak eman ere bai.

        Batek Mexikotik etorritako gansterra zela zioen, hango lurraldeetan gaiztakeria mordo ederra egin eta Bilbon bere burua ahalik gordeena eduki nahi zuena.

        Besteak batek, berak «Cortes»etan ikusia zuela esan ohi zuen, ondoan bizpahiru emagaldu zituela. Ez ote zen gero maripurtzil horien bizkarretik bizi zen andraketari horietako bat? Haren azal narrasak berak ere ez ote zuen gero lizunkeriari emaniko bizimodua salatzen?

        Halakoak, berriz, ziur-ziur politika-sailetako ezker amorratutzat jotzen zuen. Komunista, anarkista edo zerbait, horietakoa omen zen. Bonba jartzen ari zela, eskutan lehertu zitzaiolako, aurpegi azala ez ezik, gorputz guztia ere kiskalia omen zeukan, eliza gotikoen leihoak baino ere markatuago.

        Egia esan, «Zantarra»k auzotegi osoan mesede handia egiten zuen. Haren beldurrez, barride guztiak bat eginda zeuden. Beldurra baita gizona baitan errotutako bizidurarik jator jatorrenetako bat, beste sena eta irrika guztiak inkontzientearen zulo-barrenetan ezkutatzen dituena.

        Beldur primigenio, berezko honek, ikusgura-kateetan biltzen zituen barrideak, guztiak hurreneko etorki zenean gertakari izugarri, harrigarri, adurtsuren bat ikusteko zeudela sinets-sinetsirik baitzeuden.

        Gertakizun horrek inork ez uste bezalako itzulingurua hartu zuen, ordea. Edonoren irudimen-adarrik bihurrituenetik atera zitekeen asmaziorik baino ere bitxiagoa.

        Gau batez etxera etortzen huts egin zuen «Zantarra»k. Haren ohitura finkatu eta doi-doiak ezagutu eta jakin-minaren sastada bizia hartu zuten barrideek.

        Berehala zabaldu zen berria, eskopetaren hotsa bezain zaratatsu. Biharamunean ere «Zantarra»ren arrastorik ez. Hurrengo egunean ere berdin.

        Jendea lehertzorian edireten zen, nola edo hala aienatze haren askabidea edo gutienez, erantzun bakegarriren bat eskatuz. Erantzun hori ez zetorren, baina. Lau, bost, sei egun igaro, astebetea, bi astebete eta «Zantarra» izarren arteko hutsarteetan iraungia bezala; haren zantzurik inon ez.

        Orduko ustekizun, asmaketa eta erasia tupustekoak udazkeneko goiarreak sorturiko zizak baino ugariago izan ziren.

        Poliziak atzeman beldurrez orpoz-ipurdi ihes egina zela; nonbaitera ere makurkeriaren bat egitera joana zela; bere etsaien arteko ganster batek lau tiroz garbitua zela; emagaldu talde ugariarekin Aljeriara lekutua zela.

        Esamesa hauek eta beste askok barrideen irudimena sukarretan zeukaten eta duda-mudek sukar horri jakin-minezko eltzean asmakeria berriak egosteko nahi adina erregai botatzen zioten.

        Zena zela, zirt edo zart egin beharra zegoen. Polizia deitu? Batzuek baietz zioten. Hori zela behin eta betiko amesgaitz hartatik irteteko biderik artezena. Misteriozko gizon haren lapurtzulora sartu, goi eta beheak miatu eta auzi izugarri haren barne muinak, andrakila baten barrenaldeak bailiran, eguzkiaren argitara atera.

        Poliziari zein aitzakia eman, baina? Gizon batek etxetik alde egin zuela eta, aski al zen hura polizia bere lanetatik saihestu eta inoren etxera ekartzeko?

        Azkenean auzokoek beren kontura etxean sartzea erabaki zuten. Ezustean «Zantarra» agertzen bazen, bere osasunaz arduraturik zeudela eta, estakuru egingo zuten.

        Alferrik izan ziren, ordea, «Zantarra»ren gelan barnean sartzeko probatu zituzten maisugiltza guztiak.

        Nik ez dakit nolako deabrukeriaz, kakozuloan sartu arren, giltzok ez ziren ez ezkerrera eta ez eskuinera jiratzen. Denek pot egiten zuten, bestaldetik «Zantarra»k bere zeharkako begiradaz imaneztatu egingo balitu bezala.

        Porrot honekin auzokoak ia irakiten jarri ziren egonezinez. Egoera larri zalantzazko hartan ez zegoen luzaro irauterik.

        Hiru astebete igaro eta asturua laguntzera etorri zitzaien.

        «Zantarra»ren gelatik, gorpu ustelaren kirats jasangaitza sortu zen, aldartetsu hasieran, aldizkako iturburu batetik baletorren, barrideei atseden uneak emanez. Gero, baina, etengabekoa egin zen, solaskide ahokaztatu batek emana bailitzan. Azkenerako usteldurak, itsasoan jasotako haize boladak ekarria bezala, etxeko zokogune guztiak, emakumeen apainmahai eta usaindegiak barkatu gabe, hilurrin itsaskor, tringoz iragan zituen.

        Orduan itzali ziren auzokoen zalantzak. «Zantarra» bera hila zen edo beste norbait garbitu ondoren ihes egina.

        Hara han polizia deitu eta ezkutukia esku indartsuz barnekoz kanpora egiteko behar zen estakurua.

        Koartelera hots egin eta berandu gabe han ziren, «Zantarra»ren atalaurrean bi polizia gizon, jantzi arruntetan, inor ez gogoanbehartzeko.

        Batak, begira harro, serio, jakintsuarena eginez, galtzarpean zekarren kutxatxo zahar, beltz, koipetsua ireki eta taratilu eta bihurkin batzuk atera zituen. Ate-lanarekin hasi zenean, barride guztiek, isiltasun sakratuz inguratu zuten, zazpi egunetako kreazio lanari begira baleude bezala.

        Laster askaturik zeuden sarrailak eta krisketak. Atea ireki eta uholde baten gisa kiratsak murgildu egin zituen ikusguratxoak bere uhin ustelkorretan.

        Bi poliziek, oinkada astunez eta aginteak ematen zien ahal babesgarriz aurrera egin zuten.

        Zinez, beren atzetik zetozen barrideak, zertxoren bat etsita geratu ziren. Lehenbiziko begiradan, behintzat, ez zen han inor harritzeko gauzarik. Dena txukun zegoen; han eta hemen errediza eta eserleku arruntak; jantzikakoetan jertse eta gaban bat.

        Kiratsa, ordea, gero eta sarkorrago, goragalegarriago ari zen jartzen.

        Minutugarrenean infernuko hats hura sukalde osteko zarpaildegitik zetorrela konturatu ziren.

        Hara, han zegoen antzinako zurezko kutxa bat, burdinuraz apainduta, «Zantarra»ren edo beste norbaiten gorpua gordetzen zuena.

        Polizia batek sudurra musuzapiz estali eta kutxaren estalkia goratu zuen.

        Han azaldu zen ezkutuki guztia: kutxaren zolan, aldez apur-apur, aldez gelatina ori, likits, lerdetsu bihurturik eta etengabean kakotu eta jauzika ari ziren harrez beterik, Leitzako bost gazta ustel zeuden.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Lehortean" orrialde nagusia