ETORRI BERRIA
Basauri kartzelako baila-atea ireki egin zen eta gazte gordin beztaka bat sartu. 1'90 metro garai zen hortxe-hortxe eta sendoa, azkarra, bulartsua. Bere buru handi zabalak, lepo gabe, besagainetan josia zirudien. Mugagabeko urrutian galtzen zen begirasun bizi, larderiatsua zuen.
Atea zabaldu eta une batez baila-sarreran gelditu zenean, norbait adarkatzeko, lurra aztarka ari den zezenaren antza hartu zioten udazkeneko eguzki gexiaren izpi melankoniatsuak hartzen zeuden presoek.
Inori ere begiratu gabe, ordea, bailaren ertz batean zotarrain gainean eseri zen.
Laster inguratu zitzaion presoen taldetxo bat.
— Kaixo, adiskide, zerk ekarri zaitu guregana? —galde egin zion taldetxoaren buru egiten zuen adineko gizon txapar, kolore zurbil, begi gris batek.
Heldu berriak bere aho kiriotsu, indartsua zertxoren bat okertu zuen, baina hitzik atera gabe.
Lurrera begira-begira gelditu zen, irakurtzen balego bezala.
— Zakur zikin batengatik izan da dena —bota zuen azkenean, begiak lurretik altxatu ere gabe.
Beste presoak elkarri begi-galdezka geratu ziren.
— Bai, orain duela bederatzi hilabete Errekaldeberrin aurkitu nuen eper-zakur txatxar, lohitsu batengatik. Zakur zarpail, begi kizkur, argal bat zen, izan ere. Berehala konturatu nintzen noraezean zebilela.
Ez badidazue sinesten ere, ukitu ere gabe, bat-batean egin nuen lagun. Egia esan, baina. Nik ez nuen harekin adiskidetu nahi, hitz goxo batzuk esan baizik.
«Zer, bakarrik hago, ez da?». Besterik ez nion esan.
Hori jaulki eta alde egiten hasi nintzen. Zakurra, baina, ondoratu egin zitzaidan. Nire hanketan usain egin ere bai. Ez nengoen ni horretarako.
«Alde, alde!» erasiatu nuen nigandik hastantzeko.
Bai egin zidala orduan begirada tristea! Gure ama zenak ere ez zidan bere bizi guztian holako begiratu errukarririk egin. Haren begietan izarretarainoko bakartasuna nabaritu nuen. Bai, nik ez dakit oso ongi irakurtzen, baina zakurraren begietan ongi baino hobeki ikusi nituen egun haietan hark egindako negarrak.
Barruak buelta egin zidan. Bai, badakit haserreak hartzen nauenean astakeriak egiten ditudala eta lehen ere zenbait aldiz espetxean izan naizela. Animalia hark, ordea, pena eman zidan.
«Zatoz, zatoz!».
Eta nire atzetik etorri zen, aspalditik ezagutuko banindu bezala.
Horrela bizi izan ginen baketan biok. «Mendi», izen hori jarri nion, anaia baino hobea zen niretzat. Ez egin beltzuririk. Nik badut ni baino hamar urte gazteago den anaia eta bere denbora guztien izorratu besterik ez dit egin. Eskola handikoa da, toki askotan ikasitakoa. Bere estudio guztiak, ordea, besteak nahasteko bakarrik erabiltzen ditu, bestetarako ez.
Nire anaia eta biok, bada, ez, zakurra eta biok, inongo haserrebiderik gabe bizi ginen. Ahal nuen guztia ematen nion jaten eta sekula ez zitzaidan arranguratu. Beti nuen ondoan, batez ere azken hiru hilabete honetan, lanik gabe ibili bainaiz.
Halako batean, etxera etorririk, hara zer esaten didan anaia izorratzaile horrek: «Gizon bat izan duk hemen hire galdezka. Hik daukaan zakurra berea omen dik. Horra hor haren zuzenbidea.»
Amorru biziak hartu ninduen eta hasieran dena bertan behera uztekotan egon nintzen. Baina, «alafede!», esan nuen gero neure kautan, «gauzak garbi jarri behar dizkiat».
Delako Mendiren jabea txalet handi batean bizi zen. Hantxe aurkitu nuen biharamunean.
— Holako eta holako zakurra omen duzu —esan zidan artobero usain nazkagarria zuen doinuz.
— Bai, adiskide, —erantzun nion aurpegi aurpegira—. Eta zuk kalean utzi ez bazenu, ez nukeen nik lagun egingo. Lehendanik ere badakit nik zuen berri. Udabidean barkazioetara joaten zaretenean, zakurra kalera botatzen duzue.
— Hori ez da zure kontua. Zakurra neurea da eta nik zakurra behar dut. Eta onean ez bada, txarrean etxeratuko dut nik zakur hori.
— Ongi da, adiskide —erantzun nion nahiko hotz—. Zatoz bihar bertan hamabietarako Iturritzako parkera eta hantxe erabakiko dugu auzi hau. Ni han izango naiz zakurrarekin.
Bai eta egin ere. Biharamunean Mendi eta «Zoko» nire lagun bat hartuta, parkera heldu nintzen. Delako jaun hura han zen... polizia batekin.
«Ño», esan nuen neure kolkoan. «Hau gaizki zegok».
— Hi, Zoko, eutsiok zakurrari —esan nion neure lagunari.
Delako jaunarengana hurbildu nintzen.
— Zergatik ez dakarzu zakurra zeurekin? —galdetu zidan zorrotz, guardiari begiratu bat eginez.
— Lasai, adiskide, lasai —erantzun nion—. Zakurra han da, zuk utzi baino osasun hobeagorekin. Proba egingo dugu orain berton. Biok dei egingo diogu zakurrari. Noren ondora, hura gera bedi bere jabe.
Delako jauna zalantzatan gelditu zen. Baina berriz ere guardari begiratu eta baietz esan zidan.
Zoko Mendirekin guregandik ehun metrotara zegoen. Ni, Ezkerretara joz, delako jaunarengandik beste ehun metro hastandu nintzen. Zakurrak, delako jaunak eta hirurok triangelu ekilateroa osatzen ganuen.
Guardak zeinu egin zuenean, delako jauna eta biok txistuka hasi ginen. Hasieran zakurra eroturik bezala ezmezean gelditu zen.
Gero, ordea, niregana etorri zen, delako jaunari zehar-begiratu batzuk egin arren. Bai, mutilok, zakurrek ongi dakite nor nor den. Juez eta guardia zibil guztiek baino hobeki.
— Zer, adiskide, orain konforme al zaude? —esan nion barrez neure lehiakideari.
Nola egongo zen, bada, konforme! Aurretik hitz emanda zeuden, noski, eta guardia zibila etorri zitzaidan serio-serio.
— Hi, kartzelara joan nahi ez baduk, zakurra bere nagusiari eman beharko diok.
Odola burura igo zitzaidan. Holakoetan edozein astakeria egiteko gauza naizela esan ohi zidan gure ama zenak.
Gerokoa geroago jakin nuen, neure burua komisarian ikusi nuenean.
— Urte batzuk igaro beharko dituk gerizpean, adiskide —esan zidan sarjentu batek—. Labana bihotzeraino sartu diok zakurraren nagusiari.
Etorri berriak zotarrainako hautsez arre-arre nahasi zen tualdi bat egin eta hasperen luze sakon batez bukatu zuen bere solasa.
— Zein atera da galtzaile? Zakurra. Berriz ere bakarrik kalean.
© Gotzon Garate