PELUKAREN KOMERIAK

 

 

I

 

        — Jota nagok, Manuel.

        — Zer dela eta, Prudentzio?

        — Ondasunak hain gaizki bananduta daudela ikusirik, nola ez etsi?

        — Tira, Prudentzio, hik dituan dirutzarekin, nola diok hori?

        — Ondasun klase asko zegok, Manuel, ondasun klase asko.

        — Bai, baina diruarekin gainerako klase guztiak eskura daitezkek.

        — Ez pentsa, Manuel. Hobe horrela balitz.

        — Zer da, bada, diruz eros ezin daitekeena?

        — Buruko ilea.

        — Hara, hasi haiz botatzen!

        — Ni ilea botatzen? Hartzeko hobeto nagok, botatzeko baino.

        — Baina, Prudentzio, zergatik kezkatzen haiz holako huskeriagatik?

        — Bai, huskeria! Hik ile eder, usua dualako esaten duk hori. Nire buru soila baheuka, ez hituzke gauzak hain azaletik ikusiko.

        — Ilea azaletik ez al da, bada, ikusten?

        — Nire arrangurak eta kezkak hobeki ulertuko hituzkeela esan nahi diat.

        — Horretaraino kezkatzen bahaiz, zergatik peluka on bat erosi ez?

        — Sarritan pentsatu diat horretaz. Peluka jarri eta kito! Baina herrian? Zer esango luke jendeak?

        — Tira, Prudentzio, hi ere holako umekeriekin? Hik heure burua gustura ikusten baduk, hor konpon jendea eta bere esamesak.

        — Halaxe uste duk hik?

        — Jakina baietz.

        — Eskerrik asko. Bihar bertan Iruñera joango nauk peluka erostera.

        — Agur, Prudentzio.

        — Agur, Manuel.

 

 

II

 

        — Ji, ji, ji! Ja, ja, ja!

        — Zer ari haiz irri karkail horiekin, Iokine?

        — Eneee! Hau dun tripakomina, Erruperta.

        — Emakume, nahiago niken niri ere tripakominak barregura emango balit.

        — Ez dun, bada, gutxiagotarako ere, orain Arroxalik esan didana gogoan irauliz gero.

        — Holako gauza bitxiren bat, ala?

        — Bai horixe! Prudentzio Kakamarrok ez din, bada, peluka jantzi?

        — Eneee! Hori ere badinagu! Sinetsi ere.

        — Hogei mila pezetako peluka dotorea. Ji, ji, ji!

        — Tira, Jokine. Arrazoiez esaten dinate herrian, gauzak diren baino askoz handiago egiten ditunala. Aho berotxo ere bahaiz, gero.

        — Erruperta, Erruperta. Ez niri gero holakorik esan, e! Bestela entzungo ditun harenak eta asto beltzarenak.

        — Bai, bai, Jokine. Bazekinat Salamankan sekula egon ez arren, mihi oso zaulia dunala. Baina, hogei mila pezetako peluka hori; tira, tira, hori gehiegitxo dun, ez al da?

        — Ezetz bada! Ji, ji, ji. Hor zegon, bada, ederrena. Pelukak hogei mila pezeta balio duela herri osoak zekin.

        — Nola, bada? Pelukaren prezioa adierazteko atabala jo al du Prudentziok berak?

        — Atabala jo beharrik ez din izan. Atzo herriko plazan denek jakin zinaten pelukaren prezioa.

        — Nola, baina?

        — Prudentzio jo eta ke ari huen dantzan. Gixajoari, ordea, pelukak ertz batean zeukan preziopapertxoa kentzea ahaztu zitzaionan.

        — Ederra dun hori!

        — Neskatxa guztiek, adarra jotzearren, berarekin dantza egitea eskatzen ziotenan, hogei mila pezetako txarteltxoa ikusteko.

        — Ji, ji, hi!

        — Ja, ja, ja!

 

 

III

 

        — Kaixo, Plorentino.

        — Kaixo, Paulo, zer moduz?

        — Nahiko gaizki, herriko azken berriak entzunda.

        — Tira, zer gertatu da, bada, herrian?

        — Ez al duk entzun Prudentzio Kakamarrok bere ehiza zakurra garbitu egin duela?

        — Ez eta tutik ere. Ze arraio dela eta?

        — Hamar mila pezeta baino gehiago pagatutako zakurra!

        — Zakurrak haginka edo egin al dio, bada?

        — Ukitu ere ez, Plorentino.

        — Zakurra amorraturik zegoelako edo hil egin behar izango zian.

        — Ze amorro eta mamorro, gero! Ezer ez. Bere pelukaren gorabehera izan duk dena.

        — Nola bere pelukaren gorabehera!

        — Bai, motel. Badakik Kakamarrok peluka jantzi zuela, ez da?

        — Bai, motel, hogei mila pezetako peluka. Denok zekiagu hori!

        — Peluka horregatik hil dik bere ehiza zakurra, hain zuzen ere.

        — Gauzak garbiago esaten ez badituk, lehen hainbestearekin geldituko nauk.

        — Gure Prudentzio garo metak egiten ari huen atzo arratsaldean eta...

        — Bai, Kakamarrok bere akatsak badizkik baina gazte langilea denik ezin ukatu.

        — Garo-eta gainean hari zela, gainaldeko estalkia jartzen, mugimendu oker bat egin eta hara non erortzen zaion peluka lurrera.

        — Hori besterik ez bazen.

        — «Pintxo» ehizazakurra meta ondoan zegoan, ordea; peluka ikusi eta hortzetan hartu zian.

        — Galeperra zelakoan, ala?

        — Balitekek! Jaitsi huen Prudentzio meta gainetik zakurrari peluka kentzera...

        — Eta?

        — Eta zakurrak eman nahi ez. Ahaleginak egin eta alferrik.

        — Zakurra bera burusoil al zen, bada?

        — Jakina, Prudentziok indarrean kenduko zioan, baina bere peluka ederra pikutara joango huen, txikituta.

        — Hori estutasuna!

        — Galanta. Azkenean aukeratu egin behar izan zian. Zakurra ala peluka. Zakurragatik 10.000 pezeta ordaindu zizkian. Pelukagatik 20.000 pezeta.

        — Duda handirik ez zian orduan izango.

        — Bat ere ez. Eskopeta hartu eta bi tiroz zakurra garbitu zian.

        — Berri negargarria!

        — Horregatik nagok, bada, triste.

        — Agur, Paulo.

        — Agur, Florentino.

 

 

IV

 

        Manuelek, Zuatxapi mendi aldean zeukan pinudia ikustera zihoala, Prudentzio Kakamarro urrutian ikusi zuen. Pausoa arindu eta laster harrapatu zuen bere adiskidea.

        Aldarte txarrean zegoela antzeman zion begiratu batean. Adiskidearen bekozkoa ez ikusi iduri egin zuen, ordea.

        — Egun on, Prudentzio.

        — Kaixo, Manuel.

        — Zer moduz doaz gauzak, bada?

        — Gauzak ongi; ni gaizki, baina.

        — Zer diok, motel?

        — Bai, Manuel, ez al nauk berriz ere pelukarik gabe ikusten?

        — Bai; eta zergatik?

        — Hondatu egin zitzaidaan.

        — Nola, ehiza zakurraren kontua dela eta, ala?

        — Ez; okerrago. Esateak ere lotsa ematen zidak.

        — Tira, Prudentzio. Noizko dira, bada, lagunak?

        — Txoriek hondatu zidatek.

        — Beno, beno!

        — Baietz, motel.

        — Nola, bada?

        — Azken denboretan nolako beroa egin duen badakik.

        — Nork ez?

        — Pelukak bero handia egiten zidaan eta egun batzuez gabe ibiltzea erabaki nian.

        — Ongi egina.

        — Peluka uzteko, leihoa iruditu zitzaidaan tokirik egokiena.

        — Ez duk txarra.

        — Horrela egin nian. Leihoa ireki eta pareta kontrako txokoan ezarri nian neure zorigaiztoko peluka hori.

        — Eta?

        — Zortzi egun barru, Doneztebeko dantzatokira joan behar nuela eta berriz hartzera joan nintzenean...

        — Haizeak eramana?

        — Enarek peluka barruan habia eginda.

        — Ja, ja, ja!

        Prudentziok ez zuen ezer esan, baina Manuelek damu izan zuen barre egina.

        — Barka, Prudentzio, holakorik ez diat sekula aditu. Txorimaloen sakeletan txoriek habia egin zutela entzuna nian. Peluka baten barruan, baina.

        — Dena hondaturik zegoan. Barnealdea buztinez, arantzez eta zotzez beterik. Kanpokoa, berriz, den dena zirinduta.

        — Tira, Prudentzio. Hori ez duk gauza handirik. Hogei mila pezeta galtzea txarra duk; askoz txarrago, ordea, heure osasuna edo umore ona galtzea. Aupa motel!

        — Bai, egia duk, baina, halere, begira nola nagoen orain: zakurrik, pelukarik eta hogei mila pezetarik gabe eta herri osoa nire lepotik barre egina.

        — Ze axola dik horrek, motel? Kasurik ez egin eta kito! Larunbatean afaltzera inbitatzen haut. Karmele eta Bixenta ere etorriko dituk. Karmelek hiri, pelukarekin edo gabe, norainoko maitasuna dian badakik.

        — Bai, Manuel; hizpidean hago. Behera pelukak eta gora gu!

 

                Harroputzak behar du

                beti komeria,

                nonahi agertzen dela

                den baino hobea.

                Grazirik izan ez ta

                botatzen txistia.

                Hartuko du zigorra

                ongi merezia.

 

                Emakumen aurrean

                dabil kukurruka,

                begiak harro altxa,

                denei oihuka.

                Buruan muinik ez du,

                hori ezin uka;

                zerrautsa estaltzeko

                behar du peluka.

 

                Izan zaitez zu beti

                otzan ta apala,

                hobe bagina denok

                usoak bezala.

                Ez da munduko dena

                itxura ta azala.

                Gauzarik ederrena:

                bihotz bat zabala.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Aldarte oneko ipuinak" orrialde nagusia