ERLATIBITATEAREN TEORIA
Garai batez atzerakoiek zeharo izaten zuten madarikatua erlatibitatearen teoria. Ez da miresteko! Teoria horrek, itxuraz, egiarik borobilenak zientziabidearen malkarrean behera iraulka botatzen zituen, eszeptizismoaren haitzetan leher eta apurraraziz.
Erlatibitatea onetsiz gero, usterik sendoenak triparik eta esterik gabe gelditzen omen ziren, haur bihurritxo batek orratzez zulaturiko globo hustuak bezala.
Baina, niri behintzat, erlatibitatea gauza oso oinarritua eta finkatua iruditzen zait. Eta gezurra dela diotenei apal eta burua makur, baina ozen eta zalantza-malantzan ibili gabe,
Galileok zioena berrituko nieke: «E puore si muove». Erlatibitatea begi-bistan dago eta garbi dakusaguna ezin uka.
Jakina, hor dago auziaren koska. Hain begi-bistan balego, ez al lukete denek ontzat hartuko? Noiz edo nola froga daiteke erlatibitatearen teoriaren egia?
Ez pentsa gero! Ni ere neure gazte denboran sinesgogortxo nintzen eta holako berriketekin zetozkidanak, antzarak ferratzera bidaltzen nituen.
Benetan! Asko ikusia nago ni haurtzarotik eta adarra jotzera datozkidanekin oso sentikor naiz. Halaxe izan behar, gainera.
Ni tikia nintzenean, Gorriti gure herrira, Ahohandi deitzen genuen bitxikerien saltzailea etortzen zen.
Gu haurrok, eta adineko ez guti, aho zabalik eta ezpainetan aparra edukitzen gintuen bere hitz jario, keinu eta arrandikeriez.
Egun batez, gaur balitz bezala oroitzen naiz, beirarizko botila baten barruan igel bat, bizi bizirik, erakutsi zigun.
— Gaur gauza harrigarria dakarkizuet, gorrititarrok! —esan zigun, ezker-eskuinetara begirasun harro, alai, ingurakorra eginez.
— Nork ez ote du etorkizunerako zori ona izan nahi? Guztiok, guztiok, zalantzarik gabe. Gaur, bada, zuen bizitzan zoriona eta segurantzia ekarriko dizkizuen kutun baliotsua dakarkizuet, gorrititarrok!
Gu denok igelari begira geunden, nahiko dudakor eta ezaxol.
Ahohandik, ordea, teorema ulergaitz bat asmatu duen Pitagora berria bailitzan, irribarretsu eta garaile, kutxa eder handitxo batetik konpasaren antza zuen hamar zentimetrozko, hortxe-hortxe, burdina-xerra makur bat erakutsi zigun.
— Hau duzue, gorrititarrok, zorionaren kutuna, bere soinean eramango duten guztiei, osasuna ez ezik, beren negozio eta auzi guztietan ondorio ona eta aberastasuna ekarriko diena.
Gure sinesmen ahula ikusten zuela, aurrera egin zuen.
— Ohartu naiz, bai, nire hitzak zuen barrenera sartu gabe, irristatu egiten zaizkizuela. Orain egingo ditudan frogak ikusita, baina, sinesten ez duenari ehun ogerleko emateko gerturik nago.
Azken erronka honek pixka bat kordokarazi gintuen.
— Kutun honen eragin eta bertuteak orain berton ikusiko dituzue.
Ahohandik botilatik igela atera zuen.
— Ikusten al duzue igel hau? Bizirik dago. Ahohandik une batez aurrean zeukan mahaian igela ezarri zuen. Igelak jauzi eder bat egin eta Ahohandik, zazt!, aldean harrapatu zuen.
— Orain, zuen begien aurrean, hil eta larrutu egingo dugu igel hau.
Halaxe egin zuen. Nabala zorrotz bat atera, igela hil eta larrua kendu egin zion, abrigoa balitz bezala, burutik hasi eta hanketaraino.
— Eta oraintxe ikusiko duzue harrigarriena! Burdin xerra hau igel hilaren bi hanketan ipini eta mugitu egingo da.
Gure harridura, esan bezala, burdinez ukitu eta handak higitu zirenean! Holakorik!
— E? Zer diozue orain, gorrititar burugogorrok! Esan orain, gezurti naizela! Hots, ez dut zuen mesfidantza gaitzira hartuko, ordea, eta beti begi onez ikusi zaituztedalako, kutun bakoitza hamar pezetan ez, zazpi pezetan ez, ogerleko batean ez, hiru pezetan salduko dizuet. Nork nahi du bat? —esan zuen begirasun dardaragarri, inbitagarri batez.
Adineko askok oso pozik erosi zuten kutun zoriontsua. Nik neuk erosiko nukeen, baina hiru pezetok, non? Tira, nire haurtzaroan hiru pezeta diru handi zen, artean erlatibitatearen eta inflazioaren kontu horiek asmatu gabeak baitziren.
Urte bi geroago, ostera, ikastetxera joan nintzenean, fisikako esperimentuak ikasten aritu ginenean, hara non gelditzen naizen zur eta lur.
Gure Ahohandiren kutun kontu guztia han zetorren azalduta gure Fulgenzio Martinezen fisikako liburuan:
Igel hil baten hanketako zainetan elektrodoak jarriz gero, indar elektrikoaren eraginez, igelaren hankak kuzkurtu-luzatu egiten dira.
Ziri ederra sartu zigun, bada, Ahohandik. Gertakari hori izan zen nire bizitzako eszeptizismoaren hasera. Noraino sinetsi behar ditugu jende helduaren esanak?
Halatan, bada, ez nazazue har txotxolo-motxolotzat. Erlatibitatea, gauzak ongi aztertu eta ikusi ditudalako sinesten dut.
Gure aita zena mendizain zen Gorritin. Gizon alaia zen, lagunartekoa, mesedegilea, bai eta mozkorti galanta ere. Diru guti edukitzen zuen, eskerrak horri. Bestela egunero harrapatuko zukeen aitzur ederra.
Gure ama, berriz, emakume oso fin, txukun zen, herriko emagin lanak egiten zituena. Oso maite zuten auzoan. Arrunt zorrotz erabiltzen zuen gure aita, mozkor ez zedin. Horretarako dirurik ez ematea edo aitak gordean zeukana kentzea biderik artezena zela bazekien. Oso antzetsu zen gure aitaren diru zirriko eta gordelekurik ezkutuenak ere aurkitzen.
Arratsalde batez, ni orduan bederatziren bat urteko mutikoa nintzen, aita eta biok mendira joan ginen. Gorritin Akerriturri deritzan iturria igaro eta laster, On Jazinto, Gorritiko jauntxorik aberatsena aurkitu genuen bidean.
Zerrategi handia zeukan On Jazintok Gorritin eta basoan maiz ibiltzen zen, egur bila. Gure aita oso adiskide zuen, mesede asko egiten baitzion pinu markatzen, bakantzen eta beste egitekotan.
Oso adiskidero agurtu zuten elkar eta On Jazintok sakelatik orduko zilarrezko ogerleko bat atera zuen.
— Jenaro, Elordui aldeko basoan pista ebakitzeko aurreko egunean nolako erraztasunak eman hizkion esan zidaan gure Txominek. Eskerrik asko! Hona hemen hiretzat ongi merezitako ogerleko hau.
Gure aitari ilargi beteko aurpegi borobil, osasuntsua jarri zitzaion.
— On Jazinto, ba al daki berorrek duro honek zenbat balio duen?
On Jazintok barre arraitsua eginez:
— Bost pezeta, Jenaro.
— Inola ere ez. Duro honek nire andreak bere poltsikoan dituen hamar durok baino gehiago balio du.
Eta eskuineko atzamar handia luzatuz eta beste lauak ukabilkatuz, ahora hurbildu eta edan keinua egin zuen. Orduan ikasi nuen nik betiko erlatibitatearen teoria.
Pello, ez dizut sinesten
esaten duzun kontua:
zakurra zakur beti
eta katua katua.
Ikusiko duzu laster
zaudela txit okertua;
toki batetik bestera
aldatuz doa mundua.
Guztientzako da ona
jatorduetan ardua;
nik, ostera, nahiago
dut trabernetako tragua.
Diru piloak, jantziak
eta bitxi urrezkoa
inoren poltxian baino
nirean hobe durua.
Ulertu al duzu orain
lehen nik esandakoa?
Ikaszazu teoria
erlatibitatekoa.
© Gotzon Garate