HITZA EZ JAN
Aurreko larunbat batez, beti nire herriko zuloan egoteaz asperturik, Iruñetik irten eta Eratsunera abiatu nintzen.
Eratsun herri tikia da, bai ospetsu, baina, han jaio baitira Erretegi osaba-ilobak, Euskal Herriko pilotarietan bikain bikainenetakoak.
Trabernan sartu nintzen. Egia esaten dizuet, Euskal Herrian traberna baino toki txarragorik eta hoberik ere ez dela askotan pentsatu dut nik.
Bai, halaxe da eta ez pentsa gero, pipa hartzen edo txantxetan nabilenik. Ni txantxetan? Inola ere ez, atzo hil baitzitzaidan maite-maite nuen Pipitxu etxeko katua, bai ona eta palakuzalea. Gauero nire ohean hanken gainean lo egiten zuen, gazta usaina oso gustatzen zitzaion eta.
Goazen harira, baina, gauza tristeak utzirik. Traberna alkoholaren eta mozkorraren bidea dela nork ez daki? Ardoak egiten dituen kalteak, Euskal Herrian batik bat, nola adierazi?
Lagunak egiteko, ordea, txisteak kontatzeko, herriko berririk jakiteko, jendea masiatzeko, zein edaletxeak baino toki hobeak?
Ez ni madarikatu, beraz, arratsaldeko bosterdietan ardanetxean sartu eta bazter batean eseri banintzen, neure kafeari zurrupatxo batzuk eginez.
Nire ezkerretara aguretxo zahar, hesola bezain argal eta luze bat zegoen. Bere sudur zorrotz-kakotsak baleak zulatzeko gezia zirudien, bat batean aurpegitik ihes egiteko bailegoen. Txuri bat poliki-poliki edaten ari zen, begiratu galdu, lausoa mostradore gaineko pattar-botilen gainean ezarririk.
Apur baten ondoren, gizon pottolo, mozkote, burusoil, tripaundi, azal-dirdiratsu gorri bat sartu zen. Aurpegia gorantz eta besoak aldamenetara zekartzan, makur eginak, hau duk osasuna esanez bezala.
Etorri berria, alderdi guztietara begiratu, aguretxoa ikusi eta harengana hurbildu zen, aurpegi alaiaz.
— Kaixo, Eladi. Garaiz etorri zara!
— Gu nolakoak garen badakik hik, Santzol.
Etorri berria eseri egin zen eta berak ere kopa bat koaka eskatu zuen.
Hizketan hasi baino lehenago, aguretxoak sakelatik hiruzpalau gomatxoz lotutako diruzorro zahar, zirpiltsu bat atera zuen, gomak apaiz batek aldarean kaliza estalkiak baino zeremonia gehiagorekin kendu, mila pezeta mordoa atera eta mozkoteari serio-serio eskuratu zion.
Hark ongi kontatu eta poza ezin ezkutatuz bere jakaren sakelan sartu zuen.
— Ederki, Eladi. Mesedetxo bat egin behar didazu, bada.
— Ze mesede, Santzol?
— Nirekin batera hemen edo zeuk nahi duzun tokian afaltzea; nire kontura, jakina.
— Ongi estimaturik zegok, Santzol, baina joan beharra diat. Gure etxean emaztea eta biok bakarrik gaudek eta lan asko. Lehenbailehen hara heltzea komeni zaidak.
— Tira, Eladi, egun batengatik.
— Bai, esaiek hori behiei, ea egun batengatik jan gabe egongo direnetz.
— Hots, hots! Ez dizut galarazi nahi. Borondatearen faltaz, ez dadila izan.
— Ez, Santzol, inola ere ez. Ongi estimatzen dizkiat nik holako gauzak. Beste batean izango duk.
— Zerorrek nahi dezazunean.
Aguretxoak basoa hustu, eta alde egin zuen, aurretik tabernariari agur eginez.
Ni ez nintzen konturatu, baina gizon pottoloari irrioz begiratzen geratu nintzaion, nonbait. Berak behinik behin, irri lodi, amultsu batez erantzun zidan eta bakarrik nengoela ikusirik, alboratu egin zitzaidan.
— Zer, zeu ere kanpotarra, e?
— Bai, Iruñekoa. Zu nongoa zara, bada?
— Ni Labaiengoa. Hango ganaduzale bat.
— Atx, orain ulertzen dut beste gizon horren zuri diru ematea. Salerosketaren konturen bat, ez da?
— Horixe bera! Joan zen hilean behi bat saldu nion gizon horri eta gaur kobratzera etorri naiz. Seietarako hemen izango zela eta etorri ere gizona.
— Mutilak! Badaude gizon zintzoak oraindik ere. Diru ordaintzea atzeratzeko aitzakiak erraz bilatzen dira, gero.
— Halaxe da, baina hori bezalako gizonekin ez.
— Nolako gizona da, bada, hori?
— Ezkurrarra dela, esan nahi dut.
— Eta?
— Ezkurrar batek hitza ez duela sekula jaten.
— Bai zera!
— Ze bai zera! Ez al nabil, bada, ni neure bizitza osoan salerosketan? Tratu kontuetan semeak aita engainatzea eguneroko kontua da. Ezkurrar batek bere hitza hautsi duenik ez da, baina, egundaino entzun.
— Harriturik nago.
— Ez harri, bada. Mundu guztian ezagun dira ezkurrarrak alde horretarik. Eta aspalditik, gainera.
— Ez nekien ezer.
— Zuk, orduan, ez duzu entzun, zergatik egin zuten Ezkurran asto bat alkate?
— Tira, tira, ez niri gero horrelakoekin etorri.
— Baina, gizona. Zergatik harritzen zara? Hemengo inguruetan denek dakite hori. Galde iezaiozu tabernariari berari.
— Ez, ez, utzi bakean tabernaria, ardoa bataiatzen ari da eta.
— Oso gertakari sonatua izan zen hura eta gaur ere ezkurrar guztiak horretaz oso harro daude.
— Zer gertakari izan zen, bada?
— Ezkurran ba omen zegoen gizon bat, herriko azkarrena, guztiek oso errespetu handia ziotena. Behinola, mendian zebilela gardulatza ikusi, nolako usaina zuen jakiteko hurbildu eta sudurra gardulatzaren arantzetan gehiegi sartuz, zulatu egin zuten geure gizona.
— Ez naiz harritzen, sudurra zure ezagun horren bezain luzea bazuen.
— Gure gizon hori deiadarka jaitsi zen herrira. Mendian bazela arbola ikaragarri gaiztoa eta bota egin behar zutela.
Herri osoa bildu egin zen —ezkurrarrak oso demokratak dira— eta aho batez zera erabaki zuten: arbola hura botako zuena, alkate egin behar zutela.
— Demokratak ez ezik, bihotz zabalak ere badira ezkurrarrok.
— Beste herritakoen gainetik, zalantzarik gabe. Joan zen gizatalde handia mendian gora arbolaren bila. Eguerdi inguruan gelditu egin ziren, ordea, arrantxoa egiten. Bitartean astoa libre. Hain zuzen ere, astoak hara-hona ibili, kardulatza ikusi, kirtenetik haginez heldu eta atera egin zuen.
— Hara handia!
— Etorri ziren ezkurrarrak eta astoaren egitsaria ikusirik, hura alkate egin behar zutela.
— Mutilak!
— Bai, izan ziren batzuk, gutxi baina, kontra agertu zirenak. Gehien gehienek, ordea, zaharrek batez ere, ezkurrarrak beti hitzaren jabe izan zirela eta ordukoa ere bete egin behar zela esan zuten.
— Horra hor ere zaharren jakinduria nagusi.
— Bai, Jaunari eskerrak. Eta halaxe egin zuten. Paratu egin omen zuten artoa eta pentsua nahikoa soto batean eta gure astoa pozik.
— Eta nolako alkate izan zen?
— Oso ona. Arrantza egiten zuen bakoitzean, bilera izaten zuten eta bera hil arte inoiz baino hobeki joan ziren gauzak Ezkurran.
— Ez da miresteko.
Ezkurrarrok, bai, Euskal Herrian berdinik gabe zarete; inoiz bakerik ezin bilatu aginduak bete arte.
Herri guztiek egiazko poza betiko izan dezaten, horien bidea benetan ona: egin astoa alkate.
© Gotzon Garate