ETXEKO SUA ETXEKO HAUTSAZ ESTAL
«Ez duzue, ez, gaizki entzun. Zoritxarrez holaxe da. Baina ikusiko duzuenez, erru osoa ez da berea. Beste batzuek ere badugu erantzun beharra.
Zinez, hasieran ez nion Iñakiri susmo txarrik hartu. Berari buruz entzundakoek ez zidaten usai txarrik ematen. Mutil oso zintzoa, legezkoa, jatorra zela esaten zidaten denek aho batez».
«Baina, hain seguru al zaude gure semea izan dela?» hautsi zion solasa zeharo erreta, Julen Sarasketak. Begietan herio-txinpartak zituela ematen zuen.
«Seguru-seguru, Jauna. Don Frantziskok ongi daki nolako nahigabea izan dugun egiara heldu garenean. Holako berri txarra guraso eta arrebari ematea zein zail eta hunkigarri den, neronek inork baino hobeki dakit.
Baina egiari aurpegia eman behar diogu. Gauzak estaliz ez ditugu konponduko. Gainera, Don Frantziskok, Gotzonek eta hirurok ahal zitekeen irtenbiderik hoberena eman diogu arazo honi. Ahal izan dugun kalterik tikiena egin diogu Iñakiri. Arazo hau dena gure artean geldi dadin saiatu gara».
Entzuleek ez zituzten azken hitzak ulertu.
«Non dago gure semea?» galdetu zuen negar-zotinka Emilianak, Bidarti aurrera egiteko astirik eman gabe.
Itziarrek, zegoen lekutik zutitu, amaren ondoan eseri eta bera ere intzirika estu laztandu zuen.
Bidarti ikuskizun hartaz bihotza beratu zitzaion. Baina gauzak lehenbailehen bukatzea komeni zela ikusiz, aurreko hariari heldu zion.
«Andere, berehala esango dizut hori ere. Ez kezka. Zure semea libre dago eta izango. Baina, arren, goazen poliki eta lasai.
Hasieran, bada, ez nuen Iñaki heriotza arazo honetan sartzeko arrazoi berezirik. Baina zuen etxean izan nintzenean» esan zuen Juleni begiratuz, «xehetasun batek pixka bat harritu ninduen.
Amona hil zen larunbat arratsaldean zer egin zuen galdetu nionean, siesta egin zuela erantzun zidan.
Gazte batek siesta egitea nahiko miretsi nuen.
Hau huskeria bat zen eta ez nuen ezertan hartu. Neure susmorik handienak Gotzonen gainean jarrita neuzkan. Urgull aldean Gotzon eta Zorion ikusi nituenean, areago jarri nintzen goganbeharrez. Arazoa nahiko garbi iruditu zitzaidan. Gotzon eta Itziar isilean maiteminduta zeuden. Gotzon azpijanean ari zen, ofizialki Arantza Aranbururen senargaia izanik eta egiatan Zorionekin ibiliz. Holako gizaki bat, antzezlaria bada areago, edozein zakurkeria egiteko gerturik egon litekeela begitantzen zitzaidan.
Dena dela, Gotzon gaizkilea zela erakusteko ez nuen ezeren argibiderik; goganbeharra izan arren, ez nuen ziurtasunik.
Zalantzetatik ateratzeko, Gotzon pixka bat proban jartzea erabaki nuen. Horretarako zuen etxea, Iker Jauna, miatzea aproposkoa iruditu zitzaidan. Ni izan nintzen zuenean izan zen itxurazko lapurra.
«Zertako egin nuen hori?» jarraitu zen detektibea Iker Sarasketaren begiratu haserrekoiari erantzunez.
«Batez ere, esan dizuedanez, Gotzon pixka bat zirikatzeko, ea bere kabuz egia aitortzen zuen.
Gainera, eraztunarekin zer gertatu zen jakin nahi nuen. Ez nuen ezer aurkitu, baina. Itsasora jaurti zuela esan dit Iñakik gaur. Lapurra kanpokoa zela itxuratzeko kendu omen zion amonari eraztuna, eta arrazoi berberagatik abarkak jantzi.
Baina Gotzon ez zen beldurtu. Iñaki izan zen izutu zena. Zuen etxean lapur bat izan zenutela eta garajeko atean zintzilika abarkak utzi zituztela entzun zuenean behingoan konturatu zen lapurra ni nintzela. Goiz edo berandu bere atzetik ere hasiko nintzela ikusiz, ikararen ikaraz, ni garbitzeko asmoa hartu zuen. Horrela, biharamunean labain zaztada bat emanda, ia beste mundura bidali ninduen.
Gaua zenez eta txanoz kukututa zegoenez gero, ez nuen ongi ikusi eta Gotzon zela iruditu zitzaidan.
Halaxe nengoen, bada, zeharo oker. Egia Arantzaren heriotzak ekarri zidan. Haren gorputza ikustera joan nintzenenean, bere sakela batean Miarritzeko kasinoaren txartel sarrera bat ikusi nuen. Ez dakit nola, baina, bat-batean neskatxa hura arazo hartan sartuta zegoela ikusi nuen.
Deitu egin nion Kasinoko jabeari, Piarres Iturbideri, orain hiru urte mesedetxo bat egin niola eta adiskide bainuen. Hara non jakiten dudan berri ikaragarria: Kasinoan Arantza Aranburu eta bere lagun «Iñaki Sarasketak» zor handiak eginak zituztela.
«Zer esan duzu?» galdetu zion Lorek zur eta lur. Beste denak ere txundituta gelditu ziren.
«Entzun duzuena. Azken denboretan Iñaki eta Arantza Aranburu oso loturik zebiltzan».
Baina Gotzonek zapuztuta al zeukan bada Arantza?». Orduan ere Lorek ebaki zion hitza.
«Bai. Gotzonek, zeuk ongi esaten zenuen bezala, antzezlari ona zen. Eta antzezlariak ongi ezagutzen ditu kidekoak. Hasieran Arantza aingeru bat iruditu zitzaion. Baina gero nolakoa zen garbi antzeman zion.
Arantza hori, ikasi dudanez, zeharo alferrik galdutako emaztekia zen. Ez bere erruz. Beste lagun batekin elkartu arte neskatxa garbia eta ona omen zen.
Baina beste lagun horrek hondatu zuen. Batez ere jokorako zaletasuna piztu zion eta horrekin batera beste grina gaizto guztien ateka ireki. Neskatxek jokoan galdutako dirua berriz irabazteko zer egiten duten badakizue...».
«Eta nor zen, bada, usteldu egin zuen beste neskatxa hori?». Berriz ere Lore izan zen galdetzen ausartu zena.
«Barka, andere», erantzun zion Jonek modu onean emakumea ez mintzeko, «galdera horri, orain ari garen harirako garrantzirik ez duela deritzot. Horren izena azalduz ez genuke ezer aurreratuko.
Dena dela, Arantzarekin gauza onik ez zegoela berehala konturatu zen Gotzon eta utzi egin zuen. Gainera, bihotz barnean han zuen bitartean ere pizturik Zorionenganako maitasuna.
Orduan Iñaki erori zen neskatxaren hatzaparretan. Gotzon Arantzarekin irteten hasi zenetik hirurak sarritan batera ibiliak ziren. Bere xalotasun eta malezia gabetasunagatik galdu zen Iñaki.
Iñaki izutia da. Hizketan igartzen zaio. Zeruko Argian izenordez idazteak ere ez du besterik salatzen.
Arantza oso neskatxa polita zen, hiztun zuria ere eta itxurati. Iñaki ez zen lagunabarrekoa. Neskatxari buru-belarri lotu zitzaion. Arantzak ongi jakin zuen harekin katuak arratoiarekin bezala jokatzen.
Arantza, berak hasieran pentsatu zuen bezalakoa ez zela geroago konturatu zen Iñaki. Baina neskatxaren hatzaparretatik irten nahi izan zuenean beranduegi zen. Miarritzeko bidea ongi ikasia zuen eta zor galantak eginak.
Gauzak okerrago eta okerragotuz joan ziren. Arantza Aranburu Iñakirekin ez ezik, beste lagunekin ere joaten zen Miarritzera eta zorrak pilatzen ari zitzaizkion.
Iñakik zorrak ordaintzeko amonarengandik jaso behar zituen diruetan jarririk zeukan itxaropena. Ez zen ausartzen zuei, aita-amei, bere egoera azaltzen. Horretarako ez zen gauza. Lotsatiegia zen.
Eta kezka hauen artean zegoela, hara non jakiten duen, amonak testamentua aldatu behar zuela eta ia ezer gabe geldituko zela. Izan ere, Gotzonek, Zorionen bitartez jakindakoa lehen lehenari Iñakiri gaztigatu baitzion inongo borondate txarrik gabe.
Honek aldiz Arantza Aranbururi. Hau etsita gelditu ¿en hasieran, baina gero zirikatu eta zirikatu egin zuen Iñaki, erabaki bat hartzeko.
Iñakik ezetz. Nola hilko zuen bada bere amona? Holakorik! Arantza orduan mehatxuka hasi zitzaion».
«Nondik dakizkizu gauza guzti horik?» tartetik mintzatu zitzaion Iker.
«Iñakik berak kontatu dizkigu Gotzoni eta bioi gaur goizeko ordu-bietan. Hori egiten ez bazuen, neskatxak berak zuei», Julenengana zuzendu zen detektibea, «dena kontatuko zizuela. Nolako zorrak zeuzkan, etab.».
Iñakik etsita biharamunean amona hil zuen. Siestara zihoala itxura egin, Zorion kanpoan ote zen ikusteko telefonoz jo, atzeko zurubitik kalera irten, antomobilean sartu eta amonarengana abiatu zen.
Hasieran amonari bere larrialdia azaltzeko, eta kalterik ez egiteko asmoa zeukala berak esan digu. Baina azkenean lotsak hartu zuen, itsutu egin zen eta amona hil.
Baina amonaren heriotzak ez zizkion gauzak konpondu, artean ezin baitzuen testamentuaren zatia bereganatu.
Arantzaren hartzekodunak ez ziren hitz hutsekin konformatzen eta dirua eskatu eta eskatu ari zitzaizkion.
Berak, aldiz, Iñaki behartu nahi zuen zuei testamentuaren zatia eskatzera, jakina, Iñakik ez zuen gura. Orduan berriz ere hasi zitzaion mehatxuka neskatxa. Hori ez bazuen egiten, poliziari salatuko ziola. Arantza hain gaiztoa zenik ezin zuen Iñakik sinetsi.
Neskatxa ez zebilen txantxetan, ordea. Edozertarako gauza zela erakusteko eta Iñaki izutzeko, periodikoetan amonaren heriotzaren berri eman zuen.
Gaizki jokatu zen. Ez zuen gizajoak Iñakiren barrua ongi ezagutzen.
Lotsati eta herabe askok bezala, Iñakik kinka izugarri hartan burua galdu egin zuen. Bere lagunari gauean parkera joateko abisatu zion telefonoz; diru-etxetik atera zuela eta milioi erdi bat pezeta emango ziola han.
Dirua eman beharrean zer eman zion badakizue.
Neskatxaren gorputza miatzeak gaizkilea nor zen jakitera ekarri ninduela esan dizuet. Orduan Iñaki atxilotzeko gogoak eman zidan, beste egitate okerrik egin ez zezan. Goiz hartan bertan, Gotzon etorri zitzaidan, ordea. Berak ere egia bazekiela ia negarrez aitortu zidan, ia hasieratik Iñakiri susmo txarra hartua baitzion; baina harenganako maitasunez ez zuela ezer egin nahi izan. Gainera, bestalde, Iñaki Arantza ezagutzeko bidean jarri zuelako, bere burua erruduntzat zeukala.
Bere iritziz arazo hartan zera komeni zen: Iñaki berari gaizki eginak aitortzen laguntzea. Horretarako gauzak nola antolatu ere berak erakutsi zidan.
Neure susmo txar guztiak bere gain jarriak nituelako itxurak egin behar nituen nik. Gero gerokoak.
Jokabide hura ongi atera zitzaigun. Gotzonek zuen aitzinean, nire lotsagabekeria zela eta, haserre iduri egin zuen. Gero lehengusu biak Orio aldean aulki batean eserita zeudela, aurretik elkarri hitz emana genuen bezala, ni ere han agertu nintzen. Suminduarena eginez, Gotzonek tiro bat egin zidan. Jakina, pistolak ez zuen balarik.
Baina Gotzonek ni hil ninduela, zeharo sinetsi zuen Iñakik. Bere lehengusua hain etsita, hain lur jota ikusirik, dena aitortu zion: hainbesteraino ez estutzeko, berak ere ezinbestean bi kristau hil egin zituela, amona eta Arantza, eta onena biak elkarri laguntzea zutela. Bere ustez egokiena Australiara alde egitea zela.
Gotzonek orduan, bere aldetik, egia osoa kontatu zion, «Mendi Bazter», Tolosako kafe-etxean, ihes egin ondoren hara abiatu baitziren, Gotzonek niri aldez aurretik esan bezala. Ni ere han azaldu nintzen eta Iñakiri hoberena atzerrira joatea zuela ikustarazi genion, aldi baterako behintzat.
Eta Australia aipatu zuenez gero, hura zela tokirik egokienetako bat. Hara bidaliko genizkiola amonaren diruak eta behar zuen guztia.
Orain arratsaldeko seiak dira eta hegazkinez Sidney-rako bidean doa. Gotzonek lagundu dio Madrileko aireporturaino.
© Gotzon Garate