USTEA EZ DA JAKITEA

 

        «Azterketan hasi eta laster, Don Frantziskorekin izan nuen elkarrizketa batek argi berria egin zidan. Hots, zuen amak testamentua aldatu nahi zuela.

        Hara auzi guztia azpikoz gain jiratua. Andere Errosario hiltzeko arrazoi bat bazegoela, nahi bezain ongi ikusi nuen orduan. Holako dirutzak galdu baino lehen...

        Baina, zuetan norbaitek jakin al zuen aldaketa horren berririk?

        Zuei galdetu eta ezetz erantzun zenidaten. Zuetako inork ez omen zekien horren berririk. Zinez, dudatan geratu nintzen, baina egia ziur-ziur jakin arte, sinetsi iduri egin behar.

        Jaunari eskerrak, aurki utzi nituen zalantza guztiak. Ustekabean Andere Errosariori testamentua aldatzeko asmoa zuela entzun eta Gotzoni berehala kontatu ziola esanez, eskutitz bat egin zidan Zorionek.

        Bestalde, Gotzonek zuei denoi amonaren asmo berria jakinarazi omen zizuen.

        Gainera, Zorionek berak aurretik inongo maleziarik gabe esanda, zuk, Julen, zuen amaren testamentua ongi ezagutzen zenuela banekien.

        Horregatik, bada, heriotzako arratsalde hartan zuetako bakoitzak zer egin zuen aztertzen hasi nintzen.

        Baina zoritxarrez ezer guti atera nuen garbi. Zurea, Julen jauna, jakin nuen ongien. «Lau Aritzak» kafe-etxean galdetu eta larunbat hartan arratsalde osoa han zure lagunekin jokoan eman zenuela ikasi nuen.

        Baina beste guztiena beltz samar zegoen. Ikerrek heriotzako orduan lo kuluxka egiten ari izan zela zioen. Ez zeukan esandakoa frogatzeko lekukorik. Ez al zen, bada, aukera ona hura, bere amarengana joan, hil, askara bota, alde egin eta ordu batzuk geroago gorputza aurkitu iduri egin eta etxera telefonoz deitzeko?».

        «Baina, zer ari zara?» eraso zion Ikerrek berak detektibeari, haserrearen haserrez.

        «Ez horregatik bero», erantzun zion detektibeak. «Nik neure azterbidea azaltzen ari naiz. Ez dut oraindik inor gaitzetsi. Susmoak aitatzen ditut bakarrik. Holako garrantzi handiko arazoan xehetasunik tikiena ere alde batera uztea arinkeria izango litzateke.

        Lore etxean gelditu eta Emiliana gaixo bat ikustera joan omen zen. Nola dakigu hori? Biak zuzentzen dute ederki antomobila. Erraza baino errazago zen bientzat antomobila hartu, amonarengana joan, ziztatu eta atzera momentu batean itzultzea.

        Izan ere, Zorion ez zela etxean izango ongi zekiten biak. Eta Zorion edo beste norbait etxean aurkituz gero ere, amonari «maitasunez» bisita egitera zetozela esateko aitzakiarik ez zitzaien faltako.

        Zorioni hartzen nizkion zurrumurrurik txarrenak. Gezurra esan zuela garbi asko zegoen. Non izan zen arratsalde hartan? Izan ere, Zorion», esan zuen berriz ere neskameari zuzenean hitz eginez, «amona hiltzeko aukerarik egokiena zeuk zenuen. Amona hil, ahizpari agindu bere etxean izan zinela esateko, eta kito.

        Gainera, zuk esan zenidan bezala, zeu izan zinen lehenen amonaren testamentua aldatu beharra entzun zenuena.

        Eta testamentua aldatze horretan zeure etorkizun osoa okerrera zihoala ikusi zenuen. Julen jaunak testamentua ezagutzen zuela zenion zuk. Baina baita zeuk ere. Eta testamentu horrek miloi piloa uzten zizula, bazenekien.

        Testamentu berriak ezer gabe uzten bazintuen, horra zure bizimodua betiko galduta. Izan ere, Gotzonekin maiteminduta zinenez gero, dirutza haiek Gotzonen mailaraino jasotzen zintuzten. Dirua izanez gero, Lorek ere begi hobeagoekin begiratuko zizun».

        Lorek narda-keinu bat egin zuen bere tokitik. Neskamea pareta baino zuriago zegoen, konortea galtzeko zorian.

        Gotzoni ere nahiko susmo txar hartzen nion. Beti iruditu izan zaizkit hala-holakoak antzerkilariak. Onerako eta txarrerako oso baitira trebeak. Gotzon ezkutuan ari zen, bera zen testamentuaren zatirik handiena jasotzen zuena... Baina anartean ez nuen frogantzarik.

        Iñakik ere uste osorik ez zidan ematen. Bai, badakit mutil oso ona dela», erantsi zuen Bidartek Itziarrek buruari eragiten ziola ikusiz, «baina askotan ur geldiak dira arbitxez eta zikinez betetzen direnak.

        Behin baino gehiagotan ezagutu ditut itxura horretako kristauak, iduriz zomorro bat lerdakatzeko adina ez izan eta gero errukiz beterik» lagun hurkoa zerurako bidean jarri izan dutenak.

        Eta zeu ere hor zinen, Itziar. Itsasaldean ibili ohi zinen! Zeure hitza bakarrik genuen. Gaur egun neskatxa lirain bat dantza-tokietara joan ez, eta itsas ertzean paseian ikustea gauza oso harrigarria dela esan nizun lehen ere. Zure hitzak egia baziren, horretan agertzen zenuen zeure balio handia, baina besterik gabe ezin sinetsi.

        Halere, egia esan, gero eta gehiago joan nintzen zure xaloaz ohartzen. Don Jazintok, zuen sendagileak nirekin izandako elkarrizketa batean, detektibe bat ekartzeko gogorik sutsuena erakutsi zenuena zu izan zinela esan zidan.

        Gaizkilea zeu izan bazina, joko ederra zatekeen holako itxurak egitea. Baina zu ez zara itxurati».

        Itziarrek arrazoia eman zion detektibeari buruarekin. Bihotza pixka bat urtu zitzaion hitz haien ederrez. «Gauzak aztertu hala, neure susmo guztiak Gotzonen gain jartzen hasi nintzen. Berak galtzen zuen gehien testamentuaren aldatzeaz: diru pilak eta Zorionekin ezkontzeko erraztasunak.

        Gotzonek zuen aukera ona amona hiltzeko». Zorion negarrez hasi zen, zotinka, bere eserlekuan. Itziarrek besotik estu heldu zion, konfiantza eman nahian. Iker Sarasketa eta bere andrea izotz-ziztorra baino hotzago zeuden, kikilduta, begiak galduta, heriotzako epaiaren zain bezala.

        «Baina gaizkilea ez zen Gotzon, Iñaki baizik».

        Hura izan zen hura isilaldi beldurgarria. Denak gelditu ziren zur eta lur, detektibeari begira, kondenatuak urkamendiari begira liezaiokeen bezala. Hura zen arima gorputzetik atera beharra. Emiliana, Itziar eta Julen Sarasketa batez ere aho zabalik, ia lerdea zeriela gelditu ziren, burua non zutela ez zekitela.

        Egia al zen hura dena? Ez al zen dena amets gaixtoren bat? Hark ez zuen ez bururik ez hankarik.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia