EZTA ZER FIDA,
EZ ZERU IZARTSUAN
EZ EMAZTE NIGARTSUAN
Hurrengo igandea etorri zen. Arratsaldeko bostak ziren. Jon Bidart gitarra elektrikoa jotzen ari zen. Elektrikoak zarata handiegia ateratzen zuelako, astegunetan klasikoa jotzen zuen.
Igandea zenez gero, ez zuen inor nekarazteko beldurrik. Seguru asko etxetiar guztiak alde eginak ziren, itsas hondartzara edo haize xahua har zitekeen beste alderdietara.
«A time to be reaping...» ari zen ahots lodi eder batekin abesten. Holako batean atean jo zuten. Ireki hala eta itsu-mutsuka neskatxa zurbil bat besoetara lotu zitzaion, negarrez eta zotinka. Burua mutilaren bular gainean ezkutu-ezkutu egin zuen.
Karen urduritasuna! Handik pixka batera eserleku batean eserarazi zuen detektibeak. Neskatxa gaztea zen, baina zurbiltasunak gaztetzenago zuen.
Ontzitegian kopatxo bat whiskyz bete eta neskatxari edanarazi zion.
«Lehendabizi, esadazu nor zaren», galdetu zion ozenki detektibeak, neskatxaren ondoan eseri ondoren.
«Ni... ni» erantzun zion hitz ebakiz «Iker Sarasketa Jaunaren neskamea naiz, Izaskun Mendiguren».
«Ez genuen elkar ezagutzen, ez da?
«Ez. Zu gure etxean ez zara inoiz izan eta».
«Eta zer gertatu zaizu, Izaskun?».
«Norbaitek ia hil egin nau». Hitz hauek esanda berriro negarrari eta intziriari eman zion.
Errukiturik, Bidartek ilea eta bekokia igurtzi zizkion haur sukardunari bezala. Isilean negar egiten utzi zion, lasaibidea behar zuen eta.
Neskatxak betertzetik xamur begiratzen zion.
«Har ezazu beste pattar pittin bat» esan zion detektibeak goxo baina aginduz. «Eta orain kontatzen has. Zer gertatu zaizu?».
«Gure etxean gizon mozorrodun bat izan da, pistola eta guzti».
Detektibearen hazpegiak gogortu egin ziren, baina ez zuen txintik atera.
«Hasieratik esango dizut. Senargaia eta biok «Ariztegi» kafe-etxean geunden telebistaz Inglaterra eta Alemaniaren arteko football partidua ikusten. Badazaguzu kafe-etxe hori ez da? Jauregi kalean dago».
Detektibeak baiezko keinu bat egin zion.
«Bada, laurak bost gutxiago aldean zen. «Kursaal» Zinemara joan eta «Fleminy» ikusteko asmoa genuen. Baina sarrerako txartelak etxean ahaztu egin zaizkidala oroitu naiz.
Sarreren bila etxera nindoala esan diot neure senargaiari. Berak lagundu nahi izan nau, baina ez diot utzi, fool partidu hori oso gustura ikusten ari baitzen».
«Nola joan zara etxera?» galdetu zion detektibeak. «Zertzelada guztiak jakitea komeni zait».
«Trolebusez, gero oinez». Eta detektibeak besterik galdetzen ez ziolako, aurrera egin zuen neskatxak.
«Etxera sartu naiz».
«Atea itxita al zegoen?».
«Bai. Seguru nago. Itxita zeuden baratzako atea, behealdeko atea eta baita gure bizitzako atea ere.
Neure gelara joan eta kutxatilatik zinema-sarrerak hartzen ari nintzela hots batzuk entzun ditut ugazaben aretoan. Hara hurbildu eta...». Berriro zurbildu zen. Detektibeak kopatxoan gelditzen zen whiskya kolpe batean edanarazi zion. «Gizonezko bat zegoen sarasa miatzen». «Eta?».
«Ni sartu eta niregana itzuli da. Pistola handi bat atera du sakelatik eta eria ezpainetan jarri, isiltzeko keinu eginez.
Ni beldurrez kikilduta nengoen. Gizonak ez du hitzik esan eta burua makurtuz, agur egingo balu bezala, alde egin du». «Eta ez al diozu jarraitu?».
«Bai zera! Eserlekuan ia korderik gabe etzanda gelditu naiz. Pixka bat gerotxoago automobil baten burrunbaria entzun dut».
«Lapurrarena?». «Ausa!».
«Eta lehenago ez al duzu susmo txarreko automobilik ikusi?».
«Ez. Gure etxe ondoan beti mordoxka bat izaten baita». «Eta zer edo zer lapurtu al du?». «Ez jakin. Larrialdia pixka bat pasatzen hasi zaidanean, trolebusa hartu eta zuregana etorri naiz».
«Oso ederki egin duzu. Baina, zergatik etorri niregana eta poliziari abisatu ez?».
Neskatxak begi handiekin begiratu zion, galdera hartaz harriturik.
«Bai. Gogoak eman dit berehala telefonoz poliziari gaztigatzeko, baina Lore andereak esandakoaz behingoan oroitu naiz: etxean gauza makurren bat gertatzen baldin bazen, zuri abisatzeko, poliziari ez».
«Lorek?».
«Bai, ez ahanzteko esan zidan, senarrak hori aginduta zeukala eta. Gero Iker jaunari berari galdetu nion eta baietz, Loreren esanetara jokatzeko agindu zidan».
«Oso ederki egin duzu, Izaskun. Orain goazen beste puntu batera. Nolako gizona zen lapur hori?».
«Ez diot antzik eman».
«Bai, baina zein itxurako gizona zen, luzea ala motza, zabala ala meharra?».
«Oso handia eta sendoa». Sudur azpikoa sudurzapiz estalita zeukan eta begietan umeak erabiltzen dituzten mozorro horietako bat; buruan berriz kapela handi bat...».
«Edozein izutzeko era, arranoetan!» bota zuen detektibeak. «Ah, ez dut pentsatu ere egin nahi!». «Eta nolako eskuak zeuzkan?». «Ezin esan. Eskularruak zeuzkan eta». «Eta jantzirik?».
Neskamea lipar batez oldozketan geratu zen. «Alkandora zuria zuen, praka grisak eta abarkak».
«Abarkak? seguru al zaude?».
«Ez naiz bada seguru izango? Holako nabarmenkeriaz nor ez da bada ohartuko!».
Detektibea alditxo batean isilik egon zen, pentsa pentsatzen. Bat-batean, akuilatuta bezala itzarri eta neskameari tinko esan zion:
«Izaskun, goazen jauzi batez zure etxera!».
«Nora?» galdetu zion neskatxak zeharo izuturik.
«Zure ugazaben etxera. Ez beldurrik izan. Lapurra joana da eta gainera zuri ez zizula kalterik egin nahi garbi ageri da.
Ahaztu egin behar duzu izualdi hori».
Eta neskatxari sorbaldatik bultza egin zion goxo ate aldera. Bidez zihoazela, detektibeak arduratsu: «Julen Sarasketaren familiakoren batek ba al du Iker jaunaren etxeko giltzarik?».
«Ez dut uste. Badakizu, elkarri lege handia diote, baina lehengusuen artean ez da besteen giltzarik edukitzeko ohiturarik izaten».
«Bai, halaxe da gehienetan» gaineratu zion detektibeak.
Laster ziren Egia aldean, «Kabi Eder» Sarasketa nagusiaren landetxean. Harlandua eta zura harrigarriro elkartzen zuen edifizio handi dotore bat zen.
Barruan sartu eta zuzenean ugazaben gelara eraman zuen neskatxak. Sarasaren kutxak irekita zeuden eta barneko gauzak nahasian. Detektibeak eskularruak jantzi eta hango zerak aztertu egin zituen zehatz-mehatz. Gero lupa atera eta serio-serio ingresti batzuk egin zituen hara hona.
«Dirurik edo al zegoen hemen?».
«Ez dut uste, baina ziur ziur ezin esan. Lore anderea etor dadinean, galdetuko diot».
«Ongi da. Badaezpada ere beste gelak arakatuko ditugu».
Horrela egin zuten baina alferrik. Beste geletan ez zen lapurraren aztarrenik. Dena txukun eta ukitu gabe zegoen.
«Zer egin behar dut orain, Jauna? Hemen gelditu nire ugazabak etorri arte?».
«Noiz etorriko dira?».
«Nork daki! Batzuetan goizeko orduetan».
«Orduan ez geldi! Joan zaitez zeure senargaiarengana, ongi afaldu eta gero zinemara joan. Ni konponduko naiz Sarasketatarrekin».
«Bai, hobe horrela. Ni bakarrik, bestela, hemen izututa geldituko nintzateke».
«Goazen bada zure senargaiarengana. Nolakoa da ikusi behar duzuen film hori?».
«Ez dakit, baina poliziatakoa dela uste dut».
Detektibeak sakelatik berrehun laurleko atera zuen.
«Gaur ez zaizu komeni holako filmik. Hona hemen diru hau. Askoz hobe duzu «Katuaren eztula», barre egiteko filma ingelesa ikustea. «Antzerki Berria»n erakusten dute».
«Baina Jauna».
«Tori, esan dut. Eta nire izenean barre ugari egin».
«Ariztegi» kafe-etxeko atarian senargaia urduri aurkitu zuten, zigarrotxoa erre eta erretzen eta erlojuari begira eta begira.
Detektibea jaitsi zen lehendabizi antomobiletik. Gero neskatxari atea ireki zion. Senargaia ahozabalik gelditu zen. Bere andregaia holako gizon bikain batekin? Haren ahaidekoren bat ote?
«Hau duzu nire senargaia, Jauna» esan zion neskatxak detektibeari pozik eta harro, mutila bikaina eta hortzargia baitzen.
Bidartek bihozkiro estutu zion eskua. «Txit pozten naiz zu ezagututa» esan zion mutilari. «Baina ez dut orain hemen gelditzeko astirik. Zure andregaiak esango dizu zer gertatu den».
Eta bukatzeko neskatxari gaineratu zion:
«Begi ona izan duzu zeure senargaia aukeratzerakoan». Besterik gabe, agur eginez, antomobilean sartu zen.
Gaueko hamaika t'erdiak ziren. Telefonoak zirrin-zirrin-zirrin. «Zuretzat da», esan zion izebak Joni, entzungailua hari luzatuz.
«Ene, detektibe jauna», hasi zen beste aldetik ahots eme, erruki eskeko bat. Lore Sarasketa zen. «Hau da hau, Emiliana eta biok dakusaguna. Gure etxea dena azpikoz gain aurkitu dugu. Hemengo nahasia! Lapurren bat izan dugu hemen noski. Hau larria!».
«Ez estu, andere. Gizona edo beste norbait zuekin al duzue?».
«inor ez, eta ez jakin noiz etorriko diren! Gure beldurra!».
«Lasai, lasai. Berehala noa zuengana. Hor hitz egingo dugu. Ez ikara, sarri arte».
Detektibeak, haiengana orduko, gertakari osoa azaldu zien. Bi emakumeak zurt eta lur zeuden. Gero «ene» eta «Jaungoiko maite» ka hasi ziren.
«Ongi da» ebaki zien detektibeak «intziri egitea. Baina askoz hobe jakinaren gainean egotea. Lapurrak zer edo zer ebatsi al du?».
Ongi esana iruditu zitzaien emakumeei. Baina lehen bezala azterketa guztiek ez zuten ezer berririk ekarri.
Ea dirurik falta ote zen galdetu zion etxekoandreari detektibeak. Hark, ordea, ez omen zekien gauza ziurrik, diru kontuak gizonak eramaten zituela eta. Hori esan zuen behinik behin.
Bidartek erlojuari begiratu zion. «Orain joan beharra dut.
Mesedez, bihar esango didazue telefonoz ea ezeren hutsunerik izan ote den edo beste zehazkizun berezirik».
«Ez al duzu gelditu nahi, gure gizonak etorri arte?». «Barka, baina neskatxa bat zain daukat eta...» bota zien aitzakiatzat. Arraioak! Bera goizeko orduak arte han egon? Ez eta!
«Ez izan beldurrik» gaineratu zuen. «Orain ez da lapurrik etorriko. Lehenago inor ez zegoelakoan etorri zaizue. Izaskun topo egitea, ustekabe osoa da».
Emakumeek etsi egin behar ukan zuten. Biharamunean Lorek telefonoz hitz egin zion.
«Ez dugu ezeren hutsik sumatu, Jauna. Bakarrik... gauza harrigarri bat. Garajean abarka batzuk bilatu ditugu».
«Nola, nola?».
«Bai, entzun duzun bezala. Abarka batzuk garajeko atean zintzilika. Holako zorakeria!».
Infernuko ozpina! Hori ere badugu! Jaso ongi abarka horik. Besterik ez, orduan? Hots, hurrengo arte, bada. Eta Izaskuni batez ere nire eskumuinak. Joan al zaio izualdia?». «Baietz uste dut. Baina ez da hemen galdetzeko. Merkatura joana da. Bestela berak esango lizuke hoberen».
«Ederki. Orduan sarri arte. Egun on bat igaro, andere Lore».
«Zuri ere berdin opa dizut» erantzun zion etxekoandreak, eta detektibeari hitz haietan kukuren bat gordetzen zela iruditu zitzaion.
© Gotzon Garate