ELURRA BERE AROAN ASEGARRI;
HANDIK KANPOAN GOSEGARRI

 

        «Izarpe», Julen Sarasketaren landetxea, Igeldo azpian zegoen, bost urte lehenago eraikia. Gaur ere Donostiako txaletetan bikainenetakoren bat dela esanez, ez gara egiatik saihesten.

        Julen Sarasketak berritu arte, ordea, borda antzeko etxe handi bat zen.

        Hark, berriz, saletxe hura erosi, paretak bota eta berri berria jaso zuen.

        Etxe oso zabala zen, bekalde eta bizitza bakarrekoa. Nabar harrizko sarrerari, grekoen elizattoaren irudira egina zela antzematen zitzaion. Adreilu gorriz eta harlanduz jantzitako paretek Ingalaterrako etxeen goraintzia pizten zuten lehengo begiradan.

        Etxearen bekokian harro-harro Sarasketatarren armarria ageri zen, familiaren jatorri ahaltsua aldarrikatuz.

        Etxea apintarrean, atal berdinetan egina zen. Behealdean bisita-gela, egongela, liburutegi eta guzti, sukaldea eta langelak zeuden, zein baino zein dotoreago. Goialdean etzauntzak eta bazkal areto nagusia.

        Lertxunek eta askaziek itzal goxoa egiten zieten etxalde osoa usain onez betetzen zuten lorategiei. Beste zuhaitz ilun askok eta barruti osoa inguratzen zuen murruak jauregi itxura ematen zioten landetxe hari.

        Han sartu eta ez dakit nik nongo ipuin zaharreko bihotz beheratasuna nabaritzen zenuen.

        Etxe aurrealdeko eskuineko ertza albondo garai sendo batek estaltzen zuen gudalburu bailitzan. Etxea eta ezkerretara zegoen garajea saihetsate baten bitartez elkartzen ziren.

        Landetxeko ixturan sartzeko, bi ataletan irekitzen zen eta lau orpo handietan ardaztuta zegoen brontzezko ate handi batetik barna igaro behar zenuen.

        Bazegoen hasiera hasieratik Bidart ikusguratxo nolerebait Julen Sarasketaren sendia ezagutzeko.

        Familia berri bat ezagutzea mundu berri batean sartzea bezalakoxe zen. Ez zen inoiz Amazonasetako baso handi beldurgarri haietan ibili. Baina familia ezezagunetan sartzen zenean, ikerleek, ibiltariek eta arrisku zaleek urrutiko basoetan nabaritzen zuten sentimendua berak ere sumatzen zuela iruditu ohi zitzaion beti. Ezjakinak, ikusminak, beldurrak, gauza berriak eta arriskuak sortu ohi duten bihozkada kilimagarria.

        Adiskide minak eta bai eta etsai iraunkorrak ere sortu ohi zitzaizkion honelako ibilaldietan. Gorrotoa alderdi guztietan ernetzen den belarra da, baina gaizkileen alor eta soroetan ugariago.

        Gaizkilea ediren ezazu eta bere sendi osoa zure aurka jarriko zaizu. Atseginago da gezur goxoa, egia garratza baino.

        Hori bai, zinez, Bidart beti saiatu ohi zen gaizkileari ahal zuen kalterik tikiena egiten.

        «Gaizkileak badu bizkarrean zamarik eta zigorrik asko bere okerrarekin» maiz esan ohi zuen lelo zahar bat bezala. Halere, sarritan gogor jokatu behar izaten zuen. Eta orduan ez zen giro goxorik izaten.

        Gerorako utzi gabe, larunbat hartan detektibeak «Izarpera» abiatu zen. Hirurak laurden gutxiagotan tinbrea joka zegoen.

        Brontzezko atea intzirika zabaldu zen eta neskatxa gazte batek irten zion, hogei urtekoa hortxe-hortxe. Itziar, etxeko alaba zen, blusa urdin bat jantzita eta soineko gris bat, labur samar eta gorputzari estu taxututa.

        Aurpegi borobila zuen eta sudur poxpolina, zuloak handiak izan arren. Begialdeak urdinez pintatuta zeuzkan. Detektibeari argalegia iruditu zitzaion.

        «Arratsalde on, Jainkoak» esan zion Bidartek irribarre zabal batekin.

        «Bai zuri ere», erantzun zion neskatxak pitin bat harriturik, baina borondate oneko ahotsez gizonezko luze, lerden harekiko.

        «Zuk, baliteke, ni ez ezagutzea. Nik zu behin ikusi zaitut. Ni Jon Bidart detektibea naiz».

        Neskatxak areago argitu zuen aurpegia eta atea zabal zabalik eginik, sartzeko eskatu zion.

        «Tamala. Orain duela minutu batzuk atera da gure aita kafe-etxera. Baina gure ama eta Iñaki hemen dituzu. Txit poztuko dira zu ikusiz».

        Ezpelezko bi hesien artean aurrera jo zuten etxeko ezkaratzeraino eta gero iraganbide batean zehar kristalezko ate baten aurrean gelditu ziren.

        «Egon pixka bat» esan zion neskatxak eta ate ostean ezkutatu zen.

        Laster agertu zen berriz. «Pasa, pasa aurrera». Aretoan zutik emakume bat eta mutil gazte segail bat zeuden.

        Eskua elkarri poz-serio estutu zioten, ezagun-ageriak elkarri egiten zizkioten bitartean.

        «Eser zaitez, Jauna» esan zion mutilak besaulki apal bat ondoratzen ziola. Arrebak atzetik keinu bat egin zion nebari. Gazte hari «jauna» esatea katu bati txapela jartzea bezala zen.

        Gogoz barre egingo zuen mutilak baina detektibeak bihozkiro begiratzen ziola konturatu zen.

        «Zer hartuko duzu?» esan zion etxekoandreak.

        «Kafearekin ez naiz sekula aspertzen», erantzun zion Bidartek. «Eta koñak edo anisa, ez da? Itziar, ekar itzazu goxoki batzuk ere».

        Detektibea elkarrizketa hasteko eguraldiaz eta kirolaz mintzatu zen. Aurki han zegoen berriz neskatxa. Guztiei kafea isuri eta mahaitxo batean zenbait pattar botilatxo utzi zuen.

        Detektibeak zigarro paketetxo bat atera eta denei eskaini zien. Amaz beste biek hartu zuten bana.

        «Oso pozik», esan zuen Bidartek burua mutilarengana zuzenduz, «irakurtzen ditut Zeruko Argian idazten dituzun artikuluak, batzuk oso interesanteak iruditzen zaizkit».

        «Mamiaren ala idazkeraren aldetik?» galdetu zion gazteak lañoki.

        Detektibea ohartu zen neskatxak zorrotz eta xamur begiratzen ziola. Maki ere, eta bere kolkorako barrezka ari zen.

        «Zure idazkera oso gustatzen zait, hori beti. Gainera euskara joria eta landua erabiltzen duzu. Gaiarekin ere gehienetan ni zurekin nago.

        Azken alean idatzi duzun lanak batez ere oso poztu nau: Jose Ignazio Azpillagari eman diozun erantzuna».

        «Zein erantzun?» galdetu zion neskatxak nebari. Irrikatzen zegoen elkarrizketan parte hartzeko.

        «Ba, Azpillaga horrek» hasi zen gaztea bere begi zoliak neskatxarengana zuzenduz, «orain hiru aste edo idazlan bat egin zuen. Lanaren muina hau zen: mojek euskarari kalte handia egiten diotela».

        «Eta zer erantzun diozu?» ekin zion berriz ere neskatxak aiduru.

        «Neronek erantzungo dizut» sartu zen irribarretsu detektibea, «ez baita ona idazlea bere lanaz harro mintzatzea. "Sarasak", hau da, zure nebak bere erantzunean arazoa trebeki jorratu du. Mojei eta euskarari buruz idazterakoan arrisku handia dagoela: gauzak azaletik ikusi eta sinplekeriak esateko arriskua.

        Zergatik baztertzen dute euskara mojek? Apaizek eta fraideek ere zapuzten dutelako. Mojek ikusiko balute fraideek eta apaizek beren eskoletan euskara ipini dutela, beraiek ere berdin egingo lukete.

        Baina jesuitek —mojentzat hauek dira batez ere summum imitabile— dominikoek, maristek, e.a. beren ikastetxeetan ikasbide txarra ematen dutenez gero, nola eskatu emakumeei gizonezkoek egiten ez dutena egin dezaten? Hor dago koska. Nire iritziz su-hiltzaileei sua non dagoen ongi erakutsi diezu!».

        Mutilak ez zuen erantzun. Serio-serio, apika zurrunduta zeukan belauna igurzten ari zen. Arreba lorietan zegoen detektibearen laudorioak entzuten.

        «Halere, bada idazlan horretan zuk bidenabar bakarrik ukitu eta nik bestela irizten diodan puntu bat. Literaturaren eginkizunarena, alegia».

        «A, literatura politika gainetik egon behar dela nire iritzi hori?».

        «Hori bera. Artea eta politika elkarrengandik bereizi behar direnik esaten, ez nintekeen ni ausartuko».

        «Hots», esan zuen mutilak belauna igurtziari utzi gabe, «politika usaia duten lan literarioak arte mailan oso gora igotzen ez direla esan nahi nuen nik».

        Detektibea neskatxak luzatu zion zigarrotxo bat erretzen hasi zen. Emiliana so-so zegoen, izu eta borondate onez nahasitako irribarrez. Besterik egiteko ez eta soineko zimurrak leuntzeari ekin zion.

        «Begira», jarraitu zitzaion detektibea adiskide antzean «hor dituzu Brecht-en lanak. Zer deritzozu, ez al dira arte lanetan hoberenetakoak?

        «Banekien Brecht aitatuko zenuela. Eta irakurri al duzu zer esaten duen Lukács-ek Brecht-i buruz?».

        «Ez» aitortu zuen xaloki detektibeak.

        «Brecht antzerkilari eta olerkari ona dela, bere lanetan politikeria egin arren! Hau da, politika usaina bere produkzioan akats bat epaitzen du; baina, Brechten handitasunak akats hori garaitu egin duela aitortuz».

        Detektibea isilik geratu zen une batez. Emiliana zimurrak berdintzetik geldituta zegoen, aho zabalik, semearen hizketaldiaz laketuta, noski.

        «Orduan zuk polizi eleberriak maite dituzu, noski. Hor ez da politikarik egiten», bota zion detektibeak.

        «Bai, batzuk. Badakik polizi nobelaz Lukács-ek eta idatzi dutena. Burgeseria ustelaren ezaugarririk bikainetako bat epaitzen dute nobela klase hori. Bost axola niri! Baina polizi nobelaz aparte badira politikerian erortzen ez diren nobelak: Kafka, Dovstoevski, Tolstoi e.a.».

        Bidartek aurrean gazte ongi eskolatua zeukala ikusi zuen.

        «Orduan zer da zuretzat nobela bat egitea?».

        Nebari erantzuteko astirik eman gabe arreba bitartekotu zen:

        «Bai eskoladunek eta bai eskola gabekoek pozik irakurriko duten lan bat egitea», erantzun zuen eta zain gelditu zen, esandakoari detektibeak ongi iritziko ote zion ala ez.

        «Oso ederki», esan zuen Bidartek Emilianari begira, holako alabaz edonor harro zitekeela adieraziz. Eta benetan, bazuen neskatxa hark hitzez esan ezin daitekeen holako edertasun aparteko bat.

        Egia esan, aurpegiz ez zen ederra. «Aurea mediocritas», lerroetako bat. Haren sudurrak, bekokiak, begiek, ezpainek ez zuten ezer nabarmenik, ez ederrean, ez itsusian.

        Neskatxaren bikaintasuna bere xalotasunean, bere maltzurkeria gabean zegoen. Zurrumurru gutiko, kezka gabeko neskatxa zen, alaia, munduagan aurreiritzi eta pesimismorik gabe sinesten zuena.

        «Eta zer behar da jendea atsegintzeko?» galdetu zuen Iñakik, arrebaren haritik tira nahian.

        «Horretara nentorren», jarraitu zen Bidart eria luzaturik, mutilaren galderari tiro egin beharko balio bezala.

        «Zure arrebak aitatu duen irakur-irrika hori arauz eta legez asetzeko, idazleak bere nortasuna erakutsi behar du. Hemen dago gako guztia.

        Idazleak ez du helburu edo jomuga bat baizik: bere burua agertu, bere barneari bizitza eman, bere nortasuna pertsonaietan ezarri, berak sentitzen dituen problemak karakterretan erdi. Bizitzari eta ametsari erantzun eta itzulpen eman. Jakina, nor politikazko problemetan sarturik badago, nahi eta nahi ez, han agertuko dira bere eleberrian. Inori ezin diogu eskatu bera ez den bezala agertzeko, iruzurretan jarduteko, bere barrena mozteko».

        «Bai, bat nator zurekin, gezurretan ez dela inor aritu behar», jalki zuen gazteak. «Baina berriz ere arazoaren muinera gatoz. Egia den guztia arte al da? Nik oso ederki ikusten dut politikari batek politika liburu bat egitea. Baina arte eta nobela politikoa bat egin nahi izan duten gehien gehienek, orain arte porrot egin dute. Eta horien artean Gorkiren eleberria «Ama» ere sartzen dut».

        Emiliana oso pozik zegoen bere semearen dialektikaz, baina gauzak luzatzen ari zirela eta berak ekin zion hariari zuzen zuzenean.

        «Detektibe jauna, zer moduz doaz zure ikerketak gure amona dela eta?».

        Bidartek bekokia zimurtu eta soraiozko itxura hartu zuen.

        «Ilunpetan dihardut. Zazpi egun badira arazo honi lotu natzaiola eta ia hasieran bezain ezjakin nago. Bestetan, hasteko aztarrenen bat izaten dut, baina hemen erailea oso isilik eta ezkutuan jokatu da.

        Horregatik zuen guztien laguntza behar dut. Zuk, esate baterako», galdetu zion mutilari, «heriotzako larunbat hartan Lorategin izan al zinen?».

        Iñaki hizketan hasi zen eratsu eta atsegin. Detektibeak arretaz entzuten zion, bide batez mutil haren begitarte eta izaera ongi aztertzeko.

        Harrigarria mutilaren txukuntasuna! Dutxatik irten berria ematen zuen, hain ongi orraztuta, hain azalzuri, hain fin ikusten baitzitzaion.

        Haren jantziek ere diz-diz zegiten. Dena zuriz zegoen; alkandora zuri, galtza zuri, eta ezpartzinak ere kolore berdinekoak. Gerriko gorriak bakarrik urratzen zuen zuri hura, alaitasun ukitu bat emanez.

        Mutil luzea zen Iñaki, argal samarra. Eta hazpegi onekoa, arraiopola! Ibiliko zitzaizkion bai hari neskatxak atzetik! Gorputza ongi egindakoa zuen, bai horixe! Begiak berriz, nabarrak zituen eta ilea kizkur beltz, dotorea.

        Buru-hegalean ile tortoxka zuri batek gazte zuhur baten antza ematen zion.

        Baina, jendea gehiena tiratzen zuena, mutilaren fintasuna zen. Erregeren etxean bizi izateko mutila zen hura bere keinu, hizkera eta itxura osoan. Elkartzen hain zailak diren goi mailako hezkera eta tolesgabetasuna mutil harengan batuta zeuden.

        «Bai. «Lorategira» seiak aldean joan ginen ama eta biok».

        «Eta ikusi al zenuen gauza nabarmenik?» galdetu zion detektibeak jakin-minez.

        «Gauza berezirik ez» erantzun zuen, ezpainetan zuen zigarrotxoa zeinu bikain batez atera eta zerura kealdi bat boteaz.

        «Bazkalondoan gure aitak alde egin zuen, ia beti bezala. Ama, Itziar eta hirurok gelditu ginen etxean. Ni berehalaxe siesta egitera gelan sartu nintzen.

        Hori ordu biak inguruan zen hor nonbait. Ordu betez edo ohean etzanda egon ondoren, hiruretan jaiki nintzen. Ez nekien zer egin eta zer edo zer idazten hasi nintzen. Gero kafe bat hartu nahi izan nuen eta amari hots egin nion. Baina hemen ez zegoen inor, ez ama ez Itziar».

        Itziar bere izena entzunik dardaratu egin zen eta aitzakiaz bezala esan zuen:

        «Bai, zu etzatera joan ondoren ni neure adiskide Txulirengana abiatu nintzen. Baina ez zegoen etxean eta pasiara joatea erabaki nuen «Ibiltoki Berrian» zehar.

        «Zu bakarrik?» galdetu zion detektibeak laudorio antzean.

        «Bai, bakarrik, ezin nuen...».

        «Horrek txit esaten du zure alde», esan zion detektibeak neskatxaren estutasuna ikusita. «Gaur egun badakizu zeren beldur garen. Bakardadearen beldur. Abestietan hitz hori makina bat bider agertzen da: «bakar», «alone», «einsam». ... Horregatik kristau bat bakarrik ibiltzen dela esaten didatenean, burutik eginda ote dagoen galdetzen dut berehala. Bere senean dela erantzuten badidate, kristau horren aurrean txapela eranzten dut».

        Esker onez gaineratu zion neskatxak:

        «Gainera ez nintzen aspertu. Itsasoari begira, ontziak batera eta bestera ibiltzen ikusiz denbora oso laburra egin zitzaidan. Ordu t'erdi bat izan nintzen itsas hegiko eserleku batean eserita».

        «Eta transistorerik gabe egon al zinen?».

        «Bai horixe. Ez zait atsegin transistorerik kanpora eramatea».

        «Pozten naiz. Neuk ere ezin ditut jasan mendi, baratze eta ondartzetara soinugailurik daramaten gizakume horik.

        Barnean sumatzen duten hutsa (eta sumatzen badute gaitz erdi) kanpoko musikaz bete nahi dute apika. Beno, barka», esan zion mutilari buru-keinuz, «zure erastea ebaki dizugu. Jarrai».

        Mutilak hankak gurutzatu zituen eta ongi ikasitako ikasgaia bezala aisa esan zuen: «Bostak aldean, hortxe-hortxe, zu etxera itzuli zinen, ez ama?».

        «Bai, ni zu siesta egiteko oheratu eta Itziar kanpora irten eta gero Eritegi Probintzialera joan nintzen neure ezagun bat ikustera».

        «Seiak laurden gutxitan edo ziren. Telefonoak jo eta zeuk ama egin zenion kasu. Iker osaba zen Lorategitik mintzo: amona ito egin zela. Antomobila hartu eta ama eta biok hara ginen.

        Heldu ginenean Don Jazinto amonaren gorputza gela batean aztertzen ari zen. Osabak gorputza nola aurkitu zuen azaldu zigun».

        «Hara heldu zinenean ez al zenuen Lorategiko aldamenetan gauza nabarmenik ikusi?» galdetu zion detektibeak berriz ere, lehenago erantzun zuzenik eman ez ziola ikusita.

        «Ez, ezer ez. Laster beste bi gizon etorri ziren eta Don Jazintorekin batera gorputza ikusi zuten; horik ere sendagileak zirela gero jakin genuen».

        «Eta zuk, andere, argia eman diezagukeen zehaztasunik ikusi al zenuen? Ez al zen Lorategin zu harritu zintuen ezer?».

        «Ez. Hots, egia esan, orduan neure buruari galdetu egin nion, amona ito egin bazen, zergatik ez zuen gorputza handituta. Baina, ur guti irentsi zuela, nonbait, pentsatu nuen gero».

        «Eta zuk, andereño?».

        «Nik are gutiago. Ni izan bainintzen azkenetakoa gorputza ikusten. Hots, azkena, Gotzonek ikusi zuela uste dut. Bada, lehen esan dudan bezala itsas hegian egon eta gero...».

        Bidartek neskaren eleketa arreta handiz entzun irudi egiten zuen, baina begiertzez Iñakiri begira zegoen. Mutilaren pazientzia eta edukazioa handia zen. Hari neskatxaren berriketa bost axola zitzaion. Halere ez zuen asper-keinurik egiten.

        «Berriz ere neure lagun Lutxirengana abiatu nintzen. Etxean zegoen beste adiskide batzuekin. Party bat bezala antolatu genuen. Zortziak arte han izan nintzen. Disko politak ziren baina mutilak... Ez zen bat ere nire gustukorik. Baina diskoak! Batez ere Henry Brown-en disko berria «Your feet on the lawn» a! Guztioi ikaragarri gustatu zitzaigun».

        «Eta noiz agertu zinen Lorategin?».

        «Bederatzitan edo. Hona etorri eta amak zer gertatua zen esan zidan. Lorategira joan nintzen. Baina nik ere ez nuen ezer berezirik aurkitu».

        «Galdera bat», esan zuen detektibeak neskatxari begira, baina besteei ere so eginez. «Ostiralean amonak telefonoz garrantziko gauzaren bat esan al zizuen?».

        Detektibeak ikusi zuen neskatxak lipar batez amari zalantza itxuran begiratzen ziola.

        «Ezer ez» esan zuen amak neskatxari erantzuteko astirik eman gabe. «Egia esan», jarraitu zen isilaldi astun baten ondoren «amonak guri oso gutxitan hitz egiten zigun telefonoz».

        «Eta azken egunetan Errosario andereak gauza bereziren bat egiteko asmoa zuela ez al zuen agertu?».

        «Ez» erantzun zuen lehor eta azkar amak. Neskatxa eta mutilak ez zuten zirkinik egin.

        Sarasketatarrak itxurati galantak zirela ematen zuen. Gauzak ezkutatzeko behintzat, balio zuten, alafede! «Dena dela, beti ikasten duk zer edo zer bai eta elkarrizketarik epelenetatik ere» esan zion Bidartek bere buruari, etsipenari biderik ez emateko.

        Beste eginkizunak zituelakoaren estakuruz eta luzeago inor asperrarazi nahi ez zuela eta, detektibeak agur egin zien.

        Neskatxak lagundu zuen kanpoko ateraino eta penaz ikusi zuen detektibea automobilean Donostiarantz aienatzen.

        Etxeko egongelara berriz itzuli zenean, Iñakik, hain gizabidetsu izan arren, hitzetik hortzera bota zion: «Ze, detektibeek ere batzuetan bihotzean tirrint egiten bazekiten, ez al da?».

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia