BATZUEN GATZONTZIAN ERE
HARRAK SORTZEN
Don Frantziskoren agertuekin detektibearen azterbidea ikusgarriago egiten zuen argi berria piztu zen.
Errosario andereak bere hilburukoa aldatu nahi zuen. Arazoa askoz argitzenago zen. Gaizkileak beti du buruan asmoren bat.
Ezin gaizkile izan, ezeren irabazirik gabe. Eta hain zuzen ere dirutza haiek ez galtzearren, etxekoren batek amona hiltzea gerta zitekeen.
Ordura arte Bidart sareak itsumustuan botatzen ari zen, zein arrain harrapatuko jakin gabe. Hasieratik barruak ez zion ematen hiltzailea kanpokoa zenik.
Eraileak aurretik emakume hura hiltzeko asmoa hartuta zeukala, heriotza tresnak berak ere ongi asko erakusten zuen. Lapurrek jostorratz antzeko tresnarik eramaten al dute, bada?
Beste puntu bat (eta orain arrazoi hau pisu handikoa iruditzen zitzaion): Errosarioren gorputzean ez zuten inongo borrokaren seinalerik aurkitu, atzaparkarik edo beste kolpe arrastorik. Errosariok hiltzailea ongi ezagutzen zuen, nonbait. Gaiztaginak, beldurrik gabe hurreratu eta ziztatu egin zuen.
Norbaitek, agian, azken nahiaren aldatu beharraren berri bazekien. Eta aldaketa horretatik zetorkion kaltea galarazteko, zirt edo zart egitea erabaki zuen.
Gauza hauek denak buruan zituela, Bidart biharamunean berriz ere Lorategira alderatu zen. Eguraldia bezperakoa baino hobea. Bihotzean itxaropen erne berriak nabaritzen zituen.
Baina ez zen eguraldi onak eta arazoaren argi printza berri haiek soilik poza ematen ziotenak. Bere buruari aitortu ez arren, bihotz ondoan ahots batek musika isilez Zorionekin berriz ere hitz egin behar zuela esaten zion, haranzko joan-etorri guztiak arinduz. Gogoko tokian aldaparik ez!
Aldatza igo eta etxe aurreko zelaian utzi zuen antomobila.
Atalondoan langile batzuk atuak eta erredizak kamioiratzen ari ziren. Arkupetan haien joan-etorriak ikusten emakume bat zegoen. Aurpegi ezaguna egin zitzaion Bidarti, baina ez zen konturatu nor zen.
«Arratsalde on, andere... edo andereño». «Andere, Jauna».
«Barka, Zorion hemen al da?». «Noren partez?».
«Jon Bidarten partez».
«Ah...» esan zuen ahoa zabaldurik. «Zu zara Bidart detektibe ospetsua. Eta ni konturatu ez! Ni Lore Orgamendi naiz, Iker Sarasketaren emaztea».
«Pozten naiz zu ezagutzeaz, andere» agurtu zuen Bidartek irribarretsu.
«Bada, Zorion ez da etxean; eginbehar batera Donostiaraino joan da. Ordu bete hartu itzuliko da».
Erantzun hartarako gerturik zegoen Bidart. Poztu ere egin zen! Alde batez hori besterik ez baitzuen nahi. Halere aurpegi muzina jarri zuen barnean sentitzen zuen poza estaltzeko.
«Zure gizonak esan zizun noski zein lanetan nabilen, ez da?».
«Bai, esan dit», erantzun zion hotz samar emakumeak. «Orduan, zure baimenarekin, bost minuturako bakarrik, baina, sar al naiteke neskamearen gelan?».
Emakumeak ez zuen baimen hura emateko gogo bizirik erakutsi. Baina nola ukatu? Bestalde, ez zion detektibeari itxura txarrik hartzen. Oso gizon zintzoa eta ona ematen zuen. Eta emakume bat gehiago tiratzen duena: musu biribila zen eta ongi jantzita zetorren.
«Bai... nire partez...» esan zuen azkenean.
«Eskerrik asko. Non da haren gela?».
«Hemen berton, bebarruan, sartu eta ezkerretara» esan zion gela eskuarekin erakusten ziola. «Nik ezin dizut lagundu, langileen joan-etorriak zaindu behar baititut».
Ez zuen argibide hau Bidartek oso sinetsi, baina besterik gabe neskamearen gelara abiatu zen.
Gela itxita zegoen. Zeinen beldurrez...? Gakorde baten bidez atea ireki zuen.
Ohitura zuen bezala, momentu batean atalburupean bazterretara begira gelditu zen, ia lehendabiziko begiradan gauza harrigarriren bat ikusten zuen. Gela bakoitzak zertxoren bat berez-berezkoa du, han bizi denaren jitea salatzen duena, noski.
Ez zen gela hartan inongo nabarmenkeriarik ikusten. Dena txukun zen, gauzak apain jarrita, bakoitza bere tokian.
Paretaren kontra mahai bat zegoen, zapi urdin batez estalirik. Gainean lore ontzia geranio bikainekin. Erdian karpetatxo bat eta ondoan arkatza, luma eta erregela, hirurak ongi lerrokatuta.
Karpetatxoa zabaldu zuen; barruan ez zegoen idazteko papera eta zorrotxoak besterik. Mahaiaren kutxatilak ere miatu zituen, baina hemen ere gauza aipagarririk ez zuen aurkitu.
Gau-mahaira jo zuen. Kutxatila itxita zegoen. Giltzordekoa sartu, baina ezin ireki. Kutxapeko atetxoa ireki zuen. Pixontzia, oinetako pare zahar bat eta galtzerdi zikin batzuk atera zituen.
Atzamarrak mahaiaren zirritutik sartuta, kutxatilaren barneko gauzak iristen ahalegindu zen. Baina ezin. Eriak lodiegiak zituen horretarako; suhatz edo burdina-ziri fin batzuen beharra zen han.
Txabeta josten zuten iltze-errestunak indarrez ateratzeko gogoak eman zion. Baina neskameak berehala igarriko zuela pentsatu eta laga egin zuen. Neskatxa hura ez zen ergela, ez. Ikusi zuen detektibea kuxkuxean zebilela eta badaezpada ere... dena giltzapean ongi gorde.
Arropa-kutxetan ez zen aldagarriaz besterik. Bestela ere ez zuen ganorazkorik ezer topatu.
Gelatik irten eta atarira zen. Lore Orgamendi ez zegoen han. Langileak azken atuekin kamioia zamatzen ari ziren. «Andere» bi bider indarrean hots egin eta goiko mailetatik Lore agertu zen. Begiak irri mirrizka zituen.
«Bukatu dut horkoa. Eskerrik asko. Pixka batean libre al zara?» galdetu zion detektibeak.
«Hamar minutu zain egoten baldin bazara...? Langileei azken oharrak egin behar dizkiet eta».
«Ederki. Zorion etorri arte ez dut presarik».
Beste eginkizunik ez eta kanpora irten zen berriz ere, etxeko alderdiak ikustatzera.
Etxea handia zen eta pintatu berria. Etxepea dena arkupez egina zegoen.
Etxaurreko larraina bat-batean malkortzen zen, baina beheko sakonera joateko eskuin aldetik harmaila bikain batzuk zeuden eta ezkerretara aldapa leuna, antomobilak eta ibil zitezen.
Etxaurreak lau balkoi zeuzkan, lorez apainduak. Teilatu berdean hiru gailur polit irteten ziren, zerura begira, denak teila gorri-zuriz eginak. Atarian, ezker-eskuin bi palmondok, zutik eta harro, etxe-sarrera zaintzen zuten.
Gero urmaelera jo zuen Bidartek.
Detektibeak ez zuen amonaren gorputza garbituta baizik ikusi. Atera zutenean soinekoa eta aurpegia askan hazten ziren belarrez eta lokatzez zeharo zikinak omen zeuzkan.
Aska, soroen artetik pasatzen zen errekasto baten uraz betetzen zen: Metro t'erdiren bat sakon eta hamar-hamaika metro zabal-luze.
Askak etxaldera tutu bat zuen. Hari lotzen zizkioten gomazko hodiak, etxeondoko landareak ureztatzeko.
Goitik behera begiratuta, askak zerraldo bat ematen zuen. Ur hotzak, isilak, zilarrezkoak ziren aska hartakoak. Txalburuak begi handiekin begiratzen zioten Bidarti. Erailea nor zen adierazi nahi ote zioten?
«Abereak, txoriak, mamorroak, bizidunak... hitz egin ahal balezate, gaiztakeria gutiago izango litzateke mundu honetan...» pentsatu zuen.
Bizkartxo hartatik etxearen handia ederki ikusten zen gela-leihoak alde guztietara zituela. Jende ugari aterpean hartzeko egina. Sarasketatar guztiak eta gehiago ere.
Berriz atarira hurbildu zenean kamioia joana zen. Etxearen ingurumarian bakartasuna eta melankoniaren ukitu bat nabari ziren.
Oinetakoak indarrez igurtzi zituen oin-oihalean, andereari bere etorreraren adierazteko.
Lore Orgamendi sukalde aldetik etorri zen, eskuekin ilea atzerantz airoski bultzatzen zuelarik. Eguzki izpiek diz-diz egiten zuten haren betile luzeetan.
«Goazen areto nagusira, arren».
Mahaitxo baten gainean kafeontzi bat, koñaka, azukrea, zigarrotxoak, whisky eta edalontzi egokiak zeuden.
Sofa ederretan aurrez aurre eseri ziren. Lorek detektibeari zigarrotxo bat eskaini eta gero berak beste bat ahora zuen. Detektibeak pizgailuaz eman zion sua.
«Etxe ederra benetan Lorategi hau», hasi zen ikerlea.
«Oso. Arras pozik nago nire senarrari testamentuan tokatu zaiolako».
«Bai, esan zidan berak. Baita ere amonak zuen semeari hilburukoaren zatirik gizenena utzi diola. Bereziki maite zuen nonbait zuen semea Errosario andereak, ez da?».
Lorek dotore erretzen zuen zigarrotxoa. Emakumeak bere burua begiko eta txairo agertzeko ahaleginak egiten zituela berehala konturatu zen Bidart.
Aitorren semearen usai pixka bat bazuen, noski. Ez zitzaion, ez, haurtzaroan aitaren lantegian arnastu behar ukan zuen eskopetako hautsik asko itsatsi.
Berrogei urte inguruko zen, antza, baina gazteago ematen zuen. Ez zen handia, txaparra baizik. Haragiz ongi jantzita izan arren, lerden eta zalu ibiltzen bazekien.
Aurpegi-azala oso gordina zuen, fina. Ilea beltz beltza, pintatuta noski. Ezpainak luze eta meheak. Kemenak eta bizitasunak holako grazi berezi bat ematen zioten haren gorputz osoari.
Bazuen hitz egiteko berezko erraztasuna, ergelkeria gabeko joritasuna; heleketa za-za, goxo-goxo ateratzen zitzaion.
Solaskideari entzuterakoan zain-itxura hartzen zuen, arratoiaren zelatan dagoen katu baten antzera. Baina mintzatzerakoan (eta mintzatzea entzutea baino atseginago zitzaion) bere buruaz ahanzten zen, lasai, axolagabe.
«Bai, Gotzon hamasei urte zituenean birikietatik eri izan zen. Beti izan da ume oso sentibera eta makala. Artista izateko jaioa dela esango nuke. Horregatik da hain teatralari ona».
«Sentibera eta makala» izatetik «teatralari on» bat izatera bide oso luzea iruditu zitzaion Bidarti. Baina andereari ezin hori esan. Teatrolari oso ona zela entzuna zuela esan zion. Gezurrik behintzat ez zion esan, Gotzonen izena oso goian baitzegoen garai hartan.
Amak esker begirada bat bota zion.
«Ba, haria galdu zait... A, bai. Hamasei urtez birikietatik gaixo jarri zen. Sendagileek deskantsua agindu zioten. Hori zen Gotzonentzat zailena, geldirik egon beharra, ipurterre hutsa baita.
Orduan nire amaginarrebak bere etxean, hemen, Lorategin jasoko zuela esan zigun. Eta hemen izan zen bost hilabetez».
«Ez da makala hemengo bakardadean hilabete horietan aspertu ez bazen» gaineratu zion detektibeak.
«Bada... hasieran ez zuen hona etorri nahi. Baina egun batzuk igaro eta gustua hartu zion... Amonak txit maite zuen. Gotzon hain hortzargia denez... Sekula ez du humore ona galtzen, eta aparteko adurra du jendeari barre eraginarazteko. Horregatik da hain teatralari ona».
«Oraingoan zuzenago babil, emakume!» pentsatu zuen Bidartek. Kafeari txurrusta bat egin zion.
«Bai, Bilboko "Aurrera"ko antzezlari guztien artean Gotzon da hoberena. Hori askok esan didate. Gotzonek berak ez dio horri garrantzi handirik ematen, hain da apala.
Eta Donostian bertan "Amagoiako" taldeak beti inbitatzen du saioak dituenean. Orduan zuzendari egiten du. Eta 23 urte soilak ditu...».
Une hartan ate ondora zetorrenaren oin hotsak entzun ziren; gero atean takateko batzuk.
Jaiki eta atea ireki zuen Lorek. Ateaurrean Zorion zegoen. Presaka edo karga handiarekin etorria zen,itxuraz. Masailak gorri zeuzkan eta inoiz baino ederrago zirudien.
Detektibea ez ikusi iduria egin zuen. Bazuen Loreri zer edo zer esateko eta pixka batean harekin txutxu-mutxu isilean ari izan zen.
Etxekandreak isilikako jardunaldia detektibeak entzuteko eran bukatu zuen:
«Ederki, Zorion. Ni laster amaitzera noa jaun honekin. Gero zurekin hitz egin nahi luke, libre bazaude».
Burua Bidartengana zuzendu gabe, «baietz» isilik esan zion. Gero keinu bat egin eta atea itxi zuen.
«Zertan ari ginen?» galdetu zion etxekandreak detektibeari, zigarrotxoaren hautsa ontzian utziz. Eseri egin zen. «Ah, bai. Gotzon oso teatralari ona zela...».
«Eta amonarekin ongi konpontzen zela» gaineratu zion Bidartek hizketako gaia ez galtzeko. «Orain ongi ulertzen dut amonak zure semeari zion maitasun berezia. Erruz sentituko zuen orduan amonaren heriotza, ez da? Non zegoen bera arratsalde hartan?».
Atzenik sartuak ziren harian. Zenbat jira-bira egin behar horretarako. Egia da, noiz behinka hizketako itzul-inguruetan oso gauza jakingarriak azaltzen zirela. Baina halere...
Detektibearen aurpegiak axolagabearen itxura hartu zuen. Holako itxura hartzen zuen gauza bat entzuteko buru-belarri jartzen zenean.
«Gotzon zeharo jota gelditu da... zeharo jota, ez baitu heriotzari buruz ezer esan. Horregatik diot, zeharo jota gelditu dela. Honen antzeko gertaeretan ateraldi oso gogorrak izaten ditu, oraingoan ordean...
Bestetan haserre-haserre jartzen da edo neskatxa batek bezala negarrari ematen dio. Esan dizut oso minbera dela. Baina larunbat hartan xoxotuta gelditu zen».
«Noiz jakin zuen amonaren heriotzaren berri?».
«Ba, horretara nindoan. Bazkal ondoan, ordu bata t'erdietan gutxi gora behera aita-semeak irten egin ziren, nora zihoazen esan gabe.
Gotzon arratseko zortzi t'erdietan edo itzuli zen. Neronek eman nion amonaren heriotzaren berri».
Hitz egiten jarraitu baino lehen, sofan pixka bat mugitu eta erosoago eseri zen.
«Ongi oroitzen naiz, haren keinu guztiak ongi aztertu bainituen. Beldur nintzen ondoez batek joko ote zuen edo... Negar malko ugari isil isilik isuri zuen...».
Berriz haritik irtena zen. Detektibeak aurreko paretan eskegita zegoen laukoari begiratu zion. Emakume adineko bat pintatuta zegoen, Sarasketatarren aurrekoren bat, agian.
Ezpainetan irriño bat zuen. Bidarti maltzurkeriaz begi-keinuka ari zitzaiola ematen zuen: «Gure denboretan ez zegoan gizonezkoak eta emakumeak elkarrekin hitz egiteko ohiturarik».
«Bai, zure senarrari ere zarrazta beldurgarria egin zion, noski, amaren gorputza askan aurkitzeak, ez da?» ziztatu zuen Bidartek.
Lore zuritu egin zen. Gizonarekin horren loturik al zegoen bada? Dardaraz eta ahots motelez esan zuen:
«Hori da izena, beldurgarria. Pentsa ezazu: seme batek bere ama aska batetik hilda ateratzea».
Beste gauza bat pentsatu zuen Bidartek. Emakume hura bera ere teatralari ona zela.
Sudur zapia atera eta Bidartek ikusten ez zituen malkoak xukatu zituen. Horren ondoren kafearen hondarra txurrustatu zuen.
«Dena dela, orduan ez zitzaion bururatu ere egin ama norbaitek hila zuenik, ez da?» galdetu zion miatzaileak zirikalari.
Emakumeak begiak itxi egin zituen hobeki pentsatzeko edo... bere betile luze beltz ederrak erakusteko.
«Ezta pentsa ere! Ezingo zenuke asma nolako bihotz-ikara izan zuten bai nire gizonak baita Gotzonek ere Don Jazinto sendagileak gure amaginarrebari heriotza nondik etorri zitzaion azaldu zuenean.
Gotzon batez ere tximistak jota bezala geratu zen, zorabioak emana bezala, lamia batek bere begi berdez liluratuta bezala».
«Eta heuk nonbait ez huen pena edo harridura handirik izan, bestela ez hintzen bestei begira ibiliko, ez eta orain esaera politak esaten arituko ere!», pentsatu zuen Bidartek.
Zoragarri egiten duzu euskaraz?» esan zion halere, pentsatzen zuenaren ordez.
Lorek zigarrotxoari tira, eta kea gorantz bota zuen Bidarti begira zegoen bitartean. Gorespen hark ematen zion barrengo poza ez agertzen ahalegindu zen. Gizakumeok gehien maite dugun musika, hitzen eta eskuen musika izan ohi da: alabantzak eta txaloak.
«Bai, nire aita eskopetagile zen», esan zuen emakumeak eta detektibea beste hitzaldi bat entzuteko gertu zen. «Ez zen eskola handiko gizona, baina irakurle porrokatua bai. Ez zituen sudur gainetik betaurrekoak kentzen: han zituen beti dingilizka eskopetako lana egiteko eta eskuratzen zuen edozer gauza irakurtzeko.
Liburuetan sartzen zenean beste gauza guztiez ahaztu egiten zen. Axular, RIEV, Kirikiñoren barre-ipuinak eta azken argitaratutako eleberriak, den denak irakurrita zeuzkan. Nire aita benetan eibartar jator bat zen».
Halabeharrez detektibea ere bere aitaz oroitu zen... txikia zen, hura hil zenean. Baina gelditzen zitzaizkion haren oroipen guztiak eztitsuak ziren.
Lore aurrera zihoan bere hizketan. «Nik harengandik edoski nuen irakurtzeko gogoa. Eskopetak egiten bera zen trebeena
Eibarren. Hori denak aitortzen zuten. Baina euskal literaturan ere oso jakintsu zela gutxik zekien».
«Hona hemen euskararenganako maitasun garretan dagoen beste emakume bat» pentsatu zuen detektibeak. «Honek ere ez zeukan, nonbait, bere amaginarreba hiltzeko arrazoirik».
«Pozgarria horrelako aita bat izatea, andere» esan zion miatzaileak berriketa mozteko. «Zure senarrak irakurri baino lehen, ezagutzen al zenuen zure amaginarrebaren hilburukoa?».
«Ez. Amonak berak esanda garrantzi gabeko zerbait bagenekien...».
Zer zekiten galdetuta, Lorek bere senarrak lehenago esandakoak berritu zituen.
«Noiz egina zuen amonak hilburuko hori?».
Orain bost urte, ondoezak jo eta hil zorian zegoela». Bidartek bere begiak barrez dantzatu zituen, hurrengo galderari inportantzia kentzeko.
«Ba al zenekien zure amaginarrebak testamentuan ez zizula ezer uzten?».
«Jakin, seguru ez nekien, baina susmatu bai, zeren... aldi hartan nirekin haserre baitzen, eta hain zuzen ere horrexegatik testamentua nire senarrarekin ez, beste notari batekin egin baitzuen» erantzun zion zuzen-zuzen, inongo lotsarik gabe.
«Eta azken garaietan zure amaginarrebak hilburukoa aldatzeko gogorik ez al zuen izan?» galdetu zion maltzurki Bidartek.
Detektibea begira-begira geratu zitzaion, emakumearen hazpegi edo keinuek ezer salatzen ote zuten ikusteko. Haren begietan klix-klax txinpartatxo bat piztu-itzali egin zen. Detektibearen irudipen hutsa? Galdera hartarako gerturik al zegoen?
«Ez. Guri behintzat ez zigun holakorik esan», erantzun zuen betozkoa jarririk.
«Nori?» galdetu zion detektibeak.
«Beno, nire gizonari... esan nahi dut. Gizonak ez dit sekula horrelakorik aipatu».
Sinetsi-itxura egin zuen detektibeak, baina konturatu zen galdera hark oso mindu zuela. Urduri gelditu zen emakumea.
«Noiz arte geldituko da hemen Zorion?» galdetu zuen Bidartek bere solaskidea eztitu nahian.
«Ez dakit. Aste bete baino lehenago alde egingo du. Berak daki ongien etxe honen berri. Neuk zoko-moko guztiak ikasi arte beharrezkoa dugu hemen. Egia esan, berak berehala nahi zuen hemendik aldendu, baina...».
«Hona bizi izatera laster etorriko zarete orduan?».
«Ez dakit... gizonak eta semeak esan dezatenean».
«Nola konpontzen zen Errosario anderea Zorionekin?».
Nik dakidanez, ongi. Neskatxa hori eztitsu, koipetsu baita, zuriketan ongi dakiena, ene ustez».
«Ba al du senargairik?».
Lorek gorputz osoarekin harritu-keinu bat egin zuen. «Eeee... Ez... nik dakidala. Baina hori berak jakingo du. Berari galdetzea onena, berarekin hitz egin dezazunean».
«Eta Gotzonek, ba al du andregairik?».
Galdera lotsagabe samarra zen hura, baina bere lantegian noiz behinka mutur luzea izateko arriskuan erori behar.
Harritu egin zen, Lore haserretu ez eta saminezko irriño bat ezpainetan agertu zuenean. Puska batean ezer esan gabe gelditu zen, erantzuna borobiltzen balego bezala.
«Gazte gaztetatik izan ditu bere atzetik neskatxak gure Gotzonek. Eta orain ere badu».
Nor, bada?».
«Donostia bertakoa duzu, Arantza Aranburu. Hona hemen bera» esan zuen, sakelatik diru-zorrotxo bat atera eta detektibeari argazki bat luzatuz.
Aurpegi ezaguna egin zitzaion. Bai, noiz edo behin kafe-etxetan ikusia zuen.
«Neskatxa liraina, benetan».
«Bai horixe. «Amagoi» antzerki taldekoa da. Han ezagutu dute elkar. Neska polita dela ezin uka; baita buru arin samarra ere toki askotatik jakin izan dugunez. Horregatik senarrak eta biok ez dugu elkarte hori begi onez ikusten».
«Eta Gotzonek berak?».
«Hasieran zeharo maite mindurik zegoen. Arantza, nahi izango balu, Donostiako neskatxarik printzelena izango litzateke. Baina... Gotzon ez da ergela. Arantzak buruan haize gehiegi duela ikusi du. Edo ez badu ikusi laster ikusiko. Azken denboretan ez dira horren sarri elkarrekin irteten».
«Zein familiakoa da neskatxa hori?».
«Bere aita militarra duzu, koronel ohia. Gizon jatorra eta bere emaztea bezala itzal handikoa benetan. Diruaren aldetik ere ez dira eskas. Baina, zoritxarrez ez dute beren alaba ondo hazten jakin. Haur bakarra dute eta haurtzarotik gehiegi lausengatu dute. Eta askatasun gehiegi eman. Hona gaurko guraso askok ez dakitena: haurrei ezetz esaten. Gero ondorioak».
Elizan entzuten zituen sermoiekin aski zuen Bidartek. Berriz ebaki zion hitz jarioa.
«Halaxe da bai, askatasuna, gauzarik ederrena, okerrerako erabiltzen denean... Eta non bizi da?». «General Mola kalean, 14 zenbakian. Baina ez zara...».
«Ez, ez estu, andere. Ez naiz hara joango. Jakina, deitzen banaute... Baina badakizu xehetasun guztiak jakiteak ez digula kalterik egingo arazo hau lehenbailehen garbitzeko. Beste gauza bat. Badakit berarekin oso ederki etortzen zarela eta horregatik galdetzen dizut. Emiliana zure koinata oso zikoitz dela entzun dut. Egia al da?».
Dirua parra-parra xahutzen duenarentzat ez da kristau zekenaz mintzatzea baino gauza atseginagorik. Lorek, halere gogoz kontra "bezala" hitz egin zuen:
«Bai, Jainkoari eskerrak Sarasketatar guztiak oso ongi elkartzen gara. Jendeak badaki hori. Eta Emiliana, bada, emakume oso ona da».
«Hori duk kristau bat beltzeko lehendabizi esan behar dena» esan zuen Bidartek bere baitan.
«Baina batzuei ideiekin gertatzen zaiena, Emilitari diruarekin gertatzen zaio: dirua gordetzeko dela uste du, emateko ez.
Konparazio berdinari jarraituz, ez da konturatzen dirua, ideiak bezala, zenbat eta gehiago ibili, aberatsago egiten direla.
Ideiak elkarrizketarako dira eta dirua gizakumeen artean xahutzeko.
Emilik bere burua apaintzeko ere ez du dirurik gastatzen. Horregatik dabil gaixoa... ez nuke esango zarpail, baina bai modaz bestera, aspaldiko soinekoekin eta. Berrogeita lau urte dauzka eta berrogeita hamar urtekoa ematen du. "Make up" tresnak erosteak ez lioke ba diru asko eramango...».
«Errosariok ongi ikusten al zuen errainaren zekenkeria?».
«Errosariok txit maite zuen bere seme Julen, eta hau hain gastatzaile handia denez gero, Emilianaren eutsi-beharra bere semeari egindako desprezio nardagarria iruditzen zitzaion.
Atsoa beti atso! Julenentzat ez zen hori ez desprezio ez mesprezio. Hondamen ikaragarria izango litzateke Emilik gizonak bezainbat xahutuko balu.
Gainera senar-emazteak primeran konpontzen dira. Emilianak ez dio gizonari inoiz hitz erdi bat esan horrenbeste diru gastatzen duela eta.
Nere amaginarrebak hori nahi zukeen Emilianarekin haserretzeko aitzakia izateko».
«Julenek horrenbeste diru irazten al du, bada?».
«Ugari. Jokozale porrokatua duzu. Behin baino gehiagotan kezkati ibiltzen da galdu duen dirua biltzeko. Eskerrak diru-etxeetan ezaguna den. Baina badakizu toki horretako jaunek pozikago jasotzen dutela dirua, eman baino».
«Sufritzen dute orduan, noski, bere haurrek diru hondatze horrekin».
«Iñakik bai, ezer ez esan arren. Oso ongi hazita dago eta ez lioke aitari edo beste inori tutik ere esango. Gauza bat ez dut nik mutil horrengan ulertzen. Nola lasaitzen dituen bere kezkak eta buruhausteak. Guk haserretuz ematen diegu geure kezkei irteera. Baina horrek? Hots, egia da gure semearekin konfiantza handia duela».
«Bere arrebarekin ere izango ditu bere lasaialdiak!» gaineratu zion detektibeak alderdi horretatik zirikatu nahirik.
«Oso ezberdinak dira. Oso. Gauza guztietan, gainera. Horra hor, esate baterako. Oso diferenteak euskal gauzetan. Itziarrek —badakizu, noski, horrela duela izena nire ilobak— mojetan ikasia du batxilleratoa. Eta nonbait hor sartu diote muinetaraino erdalkeria».
Irribarre alaiarekin jarraitu zen: «Pixka bat berotzen direnean Iñakik ongi sartzen dio ziria. «Euskaltzale izateko» diotso «bi gauza behar ditun: buru azkarra eta nortasuna. Ikus ezan horietan zein falta zainan. Noiz behinka goxo-goxo gaineratzen dio: «edo biak, agian?». Nire iritziz biak zeharo falta ditu» bota zuen, dolu-irudia eginez.
«Errosario euskaltzale al zen?».
«Nik baietz uste dut. Halere ez zen Iñakirekin ongi konpontzen. Are gutxiago Itziarrekin. Heu txoriburu bat iruditzen zitzaion. Berez Iñakiri bazion lehia, baina honek beti hotz hartzen zuen, edo ez zion kasurik egiten».
«Zergatik?».
«Amona agintzale zelako. Beti nahi izaten zuen, guztien begiak berarengana begira edukitzea. Eta Iñaki eratsu da, bai, baina legegizatasuna bezainbat maite du libertatea».
«Bai, bai, ulertzen dut». Detektibeak bere erlojuari begiratu zion eta aho zabalik gelditu zen.
«Azken galdera. Larunbatean non izan zinen?».
«Gure etxean. Senarra eta semea irten ondoren, gantxilo lanean eta telebista ikusten eman nuen arratsaldea. Askotan egiten dut hori».
«Ederki andere. Eskerrik asko denagatik. Neskamearekin hitz egin beharko dut. Orainez gero aspertuta eta urduri dela beldur naiz eta».
«Bai, geldi zaitez hemen berton. Hona etortzeko esango diot. Baina arren, galdera bat...». Une batean mutututa gelditu zen, barnekoa esaten ausartu gabe.
«Bai, bai...» akuilatu zuen detektibeak.
«Zer moduz doaz zure azterketak? Zu hain azkarra omen zara gauza hauetan eta...».
«Eskerrik asko, andere. Baina, begira. Gaizkilea aurkitu arte dena susmo huts izaten da. Eta susmoak, usteak bezala erdia ustel».
«Baina orainez gero norbait begiz jota baduzu, ez?». «Nik ez, eta zuk?» bota zion Bidartek hitzetik hortzera. «Nik, nik... ez. Aurkitu al duzu larunbat arratsaldean Zorion non zegoen?».
Detektibeari irriño maltzur bat atera zitzaion. Anderea bera ere lotsagabekeriaz ohartu egin zen eta masailak gorritu egin zitzaizkion. Bere aurpegiak eguzki errainuek jotako leiho bat zirudien.
«Neskamea non ibili zen egiaztatuta dago» esan zion detektibeak. «Bere ahizparenean eman zuen arratsalde osoa». «Zorionez» bukatu zuen Lore Orgamendik ironiaz baina umilazioa zigortzat hartzen zuela aitortuz bezala.
«Zu ere etxean egon zinela jakiteak poz handia ematen dit» esan zion detektibeak buruarekin agur xamur bat eginez. «Ez holako pozik» pentsatu zuen bere kolkorako emakumeak.
«Hots, Zorioni etortzeko esango diot».
Sofatik jaiki egin ziren biok eta emakumearen orraze bikaina ate ostean itzali zen.
© Gotzon Garate