ADISKIDEA ZAHARRIK,
KONTUA BERRIRIK
Bidartek ohitura zuen igande-jaiegunetan Okendoko Kaputxinoen elizan meza entzuteko. Baina igande hartan Antiguora joan zen. Don Frantzizkorekin hitz egin nahi zuen. Sarasketatarren arazoa artean iluna zen eta argitasunak behar.
Hamaiketako meza hasteko ordu erdi bat falta zen. Zorionez, Don Frantzisko etxean aurkitu zuen, kafea xurrupatzen. Ama kanpoan zen. Meza hasi baino lehen apezak joan etorri bat egiten zuen etxeraino konfesioan txindurrituta gelditzen zitzaizkion gorputz-atalak lasaitu eta zer edo zer edateko.
«Barka» esan zion Bidartek ohiko agurrak egin ondoren. «Zorionak eman nahi nizkian... Isilean eduki duk, e? Errosario Iruarrizagak ehun mila laurleko utzi omen zizkian. Kafe bat hartzera behintzat inbitatuko nauk».
«Tokitan zeudek dirutzar horiek: Gros aldean txabola zikinetan bizi diren zenbait familiei eskuratu zizkieat. Kasu gogorrak... zazpi haur dituen alarguna eta gazteena jaioberria. Nik baino behar handiago diate horiek. Ez pentsa Errosarioren heriotzak poz handia eman didanik, diru horik gorabehera...».
«Sinesten diat...».
«Emakume horren heriotzak bereziki dolutu naik. Ez bakarrik bere aholkulari nintzelako. Emakume horren heriotzak asmo bikain bat moztu didalako baizik. Beno, zertan ari naiz?
Orain konturatzen nauk ezer ez diadala eskaini. Zer nahi duk hartu?».
«Eskerrik asko. Ezer ez. Zertan moztu dizkit hire asmoak Errosarioren heriotzak?».
Don Frantzisko kexu bere eserlekuan mugitu zen hara hona.
«Hau hiri bakarrik esaten diat, Jon» jarraitu zitzaion bekokia zimurtuz. «Nire bizitzako asmo bikainenetakoren bat, Euskal Herri osoan, eta batez ere Nafarroan, Araban eta mugaz harantzako hiru probintzietan ikastolak irekitzea izan duk. Hasteko 300 milioi pezeta edo beharko zitzakeat. Jakina, gehiago izanda hobe. Baina, hasteko, mokadu ederra hori. Errosario anderea hil zen aste hartan bertan berarekin hitz egiten ari nintzela ustekabean neure gutizi hau aipatu nioan».
«Eta...?».
«Ez zidaan gauza partikularrik erantzun. Asmo bikaina zela! besterik ez. Hau astelehenean huen, abuztuaren aurrenean. Ni hizketa honetaz ahaztuta nengoan. Joan zen ostiralean zortzi nire gelan nengoan igandeko hitzaldia gertatzen. Telefonoak jo zian.
Jaso nian. Errosario anderea huen. Ahotsaren doinuz bihotz hunkituta zegoela igarri nioan. Betiko agurrak egin ondoren, gauza inportante eta eder bat niri esateko zuela esan zidaan. Azken lau egun haietan gure elkarrizketaren gaia hausnartu eta iraultzen jardun zuela. Niri 300 milioi pezeta ikastoletarako ematea erabaki zuela. Bera ez zela urte askotarako eta hil baino lehenago horren antzeko gauza on bat burutzea ikusgarri iruditzen zitzaiola.
«Harrituta gelditu ninduan...».
Hitzok entzunda Jon bera ez zen gutiago harritu:
«Ez nian sekula holakorik uste izango!».
«Ez pentsa! Errosario Iruarrizagak euskara eta euskal kultura zintzoki maite zizkian. Hori bai, ia inoiz ez zian euskaraz egiten oraindik Donostian modan ez delako jarri. Beste askok bezala ez zian indarrik ahulezia eta arduragabetasunari ihardukitzeko.
Baina euskararen arazoa irteten bazen beti defenditu ohi zian. Hau ere euskaldun gehienak bezala... Balitekek asmo hori barneko kezkak eraginda hartua izatea. Bere bizitzako zabarra zuritzeko... Bon, haizeak eraman dizkik anderearen asmoak...».
«Diru hori noiz ematekotan gelditu huen» galdetu zion Jonek galdera hark zeukan garrantzia salatu nahi ez eta.
«Oso laster. Berehala testamentua aldatu behar zuela adierazi zidaan. Egun hartan bertan Iker bere semearekin hitz egingo zuela. Badakik notari dela».
«Eta ez al zen konturatu testamentua aldatze horrek ekarriko zituen istiluez...?».
«Neuk ere eragozpen hori jarri nioan begien aurrean. Berak beldur ez izateko esan zidaan. Hortikan bake galtzerik ez zela izango. Bere semeak oso aberatsak zirenez gero erabaki hori ongi hartuko zutela.
Hori huen behintzat bere itxaropena».
«Eta hik zer pentsatzen duk».
«Ez zekiat. Bai, egia duk, bai Iker eta bai Julen oso euskaltzale dituk. Gotzon eta Iñaki ez esan. Itziar ez horrenbeste. Gotzonek Bilboko «Aurrera» antzerki lanetan jarduten dik. Iñakik «Zeruko Argian» idazten dituen lanez, ordea, lehenago ere hitz egin genian.
Baina dirua dirua duk. Eta zaletasun guztiak galdu ohi dira dirua galdu baino lehenago...».
«Esan al zian 300 milioi horik nondik atera behar zituen?».
«Ez».
«Testamentua nola aldatu behar zuen alegia?».
«Ez, ez zidaan holakorik esan. Gure elkarrizketa laburra izan huen. Testamentua aldatu behar zuela, besterik ez eta niri 300 milioi eman.
Egia esan, pozik nengoan dirutza horik jasotzeko. Eta hara, zer eta biharamunean anderea hil. Nire asmoak pikutara...».
«Patxi, amonaren asmo hortaz norbaiti mintzatu al hintzaion?».
«Inori ere ez».
«Eta Errosario andereak berak?».
«Hori ez zekiat nik, baina esan diat, egun hartan bertan, ostiralean, Ikerrekin hitz egiteko zela. Hitz hori bete ote zuen ez jakin. Baina nik baietz uste diat. Errosario gauzak egiten bizkorra huen, behin erabaki bat hartuz gero».
Jonek ezpainak okertu egin zituen artegatsu.
«Zer ordu zen Errosario andereak telefonoz asmo horren berri eman zianean?».
«Ba... zortzitako meza eman nian, gero gosaldu... bederatzi t'erdietan hor hor, izan huen. Baina zertarako horrenbeste galdera?».
Jon serio-serio jarri zen.
«Patxi. Orain entzungo duana apeza haizenez esaten diat.
Aitortzen banintz bezala. Errosario anderea hil egin ziaten!». Apeza totel gelditu zen, begiak irtenda. «Zer?».
«Bihotza ziztatu ziotean». Bidartek heriotzaren xehetasunak kontatu zizkion eta berari emandako eginkizuna. Apezaren aurpegiak pago zurezkoa zirudien. Ezin igarri barnean amorruak edo penak zeinek egiten zion pisu handiago.
«Ikusten duanez, hire berri honek heriotzari argi berezi bat ematen ziok».
On Frantzisko une batez pentsatzen gelditu zen. Gero hitzak indarrean eta poliki jaulki zitzaizkion.
«Hiri orduan etxekoren bat heriotzan harremanik izan duela iruditzen zaik?».
«Gauza ez zegok oraindik garbi. Baina uste hori sendotu egiten zaidak, hire argitasunak direla eta».
«Azken nahiaren aldaketa ez ezik, sinesmen horri eusteko beste arrazoirik ba al duk?».
«Ez, aitzitik. Lapurra abarkaz jantzita ibili eta eraztuna ebasteak, lehenengo begiradan behintzat, ahaideenganako iruditu gaiztoak kentzen zizkidatean». «Sarasketatar batek bere ama edo amona hil duela sinesgaitza duk».
«Edo bere amaginarreba. Hor zeudek Lore eta Emiliana ere. Aiurri interesgarriak, entzun dudanez. Dena dela, diru gutiagogatik ere ama edo aita hiltzea gertatu izan duk».
Zein asmo duk orain?».
«Betikoa: galdetu, entzun, arakatu. Ez zegok hutsik egiten ez duen gaizkilerik. Begiak erne izan behar. Ikusi eta ikasi. Pentsa eta ondorioak atera.
Eta hasteko, galdera batzuk hiri. Amak ostiralean telefonoz biharamunean «Lorategira» joateko dei egin ziola esan zidak niri Ikerrek, baina zertarako zen esan gabe. Egia ote?».
«Humm...» erantzun zion lagunak buruari eraginez. «Errosario ez huen izukor horietakoa. Halere, esaerak dioen bezala, «nemo mendax nisi probetur».
«Beno, dena dela hor ez zegok koskarik. Ikerrek beste zerbait ere esan zidaan: amak lehenago ez zuela berarekin testamentua egin nahi izan. Nola deitu zuen bada orain bigarren testamentu hau egiteko?».
Nik ez zekiat, baina gauza bat bururatzen zaidak. Niri andere Errosariok berak esan zidanez, garai hartan bere errainarekin haserre omen zegoan eta beste notari batengana jo omen zian.
Balitekek orain orduko haserreaz ahaztuta egotea eta testamentua aldatzea garrantzi handiko zela eta, gauzak bere semearekin garbi-garbi utzi nahi izatea».
Ez zitzaion Bidarti erantzun txarra iruditu. Gainera berak ere aurretik jasoak zeuzkan berriekin bat zetorren.
«Eta hik zer uste duk: testamentua aldatzeko asmotan zegoela esan bazion ere, esan ote zioan zein asmo zuen, hiri diruketa hori ematea, alegia?».
«Horri erantzutea are zailago duk. Agian bai, agian ez...».
«Eta esan bazion, Ikerrek berak bere anaiari kontatu ote zion?».
«Hara beste galdera ...hik, Euskal Herriko detektiberik ospetsuenak askatu beharko duana».
Ez zuen bukatu. Eskaileretan kriski-kraska bat entzun zen eta Don Frantziskok lagunari isiltzeko keinu bat egin zion.
Atea ireki eta apaizaren ama sartu zen. Elkarri agur egin zioten.
«Eta ez diok Joni kaferik eskaini?» esan zion semeari erdi barrezka, mahaia hutsik ikusi zuenean.
«Ama, horren ezjakina naizela uste al duzu? Jon mezatara omen doa eta kafea hartuz gero ez omen du sermoi denboran gustura lo egiten. Baraurik joatea nahiago omen du».
Amak belarritik tiratxo bat egin zion, bost urteko haur bati bezala.
«Baraurik eta garaiz heltzea gustatzen zait» amaitu zuen Jonek, jaikiz. «Hurrengo arte».
© Gotzon Garate