AHOAN DUENARI MIN,
EZTIA ZAIO SAMIN
Hurrengo bi egunetan Jon Bidartek esku tartean zeukan arazoa burutu zuen. «Maria Cristina» hotelean lapurreta handi bat egina zen. Lau egun lehenagoko goizean diru-kutxa irekita aurkitu zuten eta diru eta bitxi guztiak falta.
Jon Bidart deitu zuten esku-zikina harrapatzeko. Aurreko gauean diru-gela inguruan sukaldari bat ikusi zutelako, kulpa guztiak sukaldariaren gain botatzen zituzten. Baina Bidartek egiazko ebaslea bilatu zuen: Paraguay'ko kontsul jauna. Lapurretan egiteko sukaldariaren antzeko jantziak ipini baitzituen.
Hoteleko nagusia xoratuta gelditu zen detektibearen zuhurraz.
Arazo hau bukatu eta, esan bezala, Sarasketatarren auziari ekin zion.
Egun iluna zen. Bezperan sargoria egin zuen eta beroaldiaren eraginez Galizia aldetik zetozen hodei astunek zerua beltzen zuten.
Bidart gogo urriz zegoen. Maiz gertatu ohi zitzaion eginkizun berri bati lotzerakoan. Pareta beltz batean zuriz idatzita bezala jasan behar zituen nekeak irakurtzen zituen: galderak, joan-etorriak, etsipenak, hutsegiteak, arriskuak.
Batez ere pentsamendu batek ia lan egiteko gogo guztia kentzen zion. Gaizkilea bere burua ihiztatuta eta hertsituta ikusten zuenean, etsipenaren etsipenez edozein burugabekeria egiteko gauza izaten zela. Zoritxarra arindu beharrean handitzenago zen.
Emakume zahar hura —goian egon zedila— ez zuen zulo handirik utzi. Zergatik burua nekarazi Jainkoak egunen batean epaituko zuen gaizkilea bilatzen?
Dena dela, han zegoen, "Lorategi" aurrean. Lehendabiziko auzia gaizkilearen aztarrenik aurkitzea zen. Kanpotarra ala Sarasketatarren bat al zen Errosario anderea hil zuena? Hura zen argitu beharra.
Atal-zakur lotu batek bere txokotik zaunka hasi zitzaion, automobila etxe aurreko enparantzatxoan utzi zuenean.
Zakurra zaunka eten gabe. Haurtzarotik maite zituen zakurrak Bidartek. Zakur handiak, batik bat: urzakurrak, mutur-zakurrak, artzanorak eta beste. Txalin zakurrak nahiago zuen emakumeen gonetan ikusi. Edo ezta han ere.
Zakurrarenganaino hurbildu eta hitz-loxinka hasi zitzaion. Baina otso-zakur hark humore txarra zuen eta gero eta biziago ari zitzaion ahausika, katea eten beharrean.
Tupustean atalondoan neskatxa gazte bat agertu zen. Zakurrak neskatxa ikusita areago eman zion zaunkari nagusiari bere zintzotasuna erakusteko.
«Egun on Jainkoak» egin zion hortzargi detektibeak. «Bai zuri ere» erantzun zion neskatxak ahots zoliz.
Hemen al da Zorion Epelde?».
Neskak irriño bat egin zuen. Gizonezko bikaina saltzaile hura. Zer saltzera zetorkion karpeta eta guzti besapean?
«Ni naiz Zorion Epelde, Jauna» erantzun zion. Haur baten bezalako begiak zituen, xalo-xalo.
«Zer nahi duzu bada?». «Ni Jon Bidart naiz».
Neskaren alaitasuna itsumustuan ihartu zen. Ezaguna zuen izena, noski. Arranoak! Jendeari ezin buruan sartu bera ez zela polizietako bat. Eta neskatxa hark ezkutatzeko ezer ez bazuen, zergatik horrela muturtu? «Arren, arren, hegoak ez bil!».
«Zer nahi duzu, Jauna?» galdetu zion neskatxak beltzuria argitu gabe.
«Zurekin hitz egin. Ez da hau... zorionez... azken aldiz izango...».
«Pasa barrura, mesedez». Neskatxak lehendik ezagutzen dugun areto nagusira eraman zuen, hitzik esan gabe.
Aspalditik zegoen Jon Bidart begitarteak irakurtzen ohituta. Ohituta baino gehiago eskolatuta. Bihotz barneak zulatzeko sena soila ez zen nahikoa. Sena hezi egin behar. Betilune haren azpian buruhauste bat zegoen estalita.
Baina Bidartek bere aurpegi alaiarekin jarraitu zuen. Sarritan esan ohi zuen alaitasunak kinka txarretatik atera zuela.
Pistola guztiak baino eraginkorrago omen ziren maiz begi irribarretsuak. Hitz leunak haitzak hausten ditu.
Bai, buruhausteren bat bazuen neskameak. Baina zein kezka zeukan edo noren beldur zen? Berarena edo beste norbaitena? Zein arazok hesten zuen hogei urte inguruko neskatila lirain luze hura? Zeren estutasunean zegoen begitarte eder hura?
Bazekien Bidartek neskatxaren zenbait berri. Zorion Epelde borda bateko alaba zen. Baina oso bestelakoa zuen itxura; ez zitzaion hari bordako lanek eskuetan eta aurpegian sortzen duten gogorkeriarik sumatzen.
Azala fina zuen, zuri-gorrixka masailetan. Eskuko atzazalak luze eta borobil, lakaz distiraka.
Ile beltz beltza, oso bikain orraztuta, motz samar eta eskuin ezkerretara hegatxo bat eginez. Tergalezko soineko nabar xoil fin bat jantzia zuen, osoa ehin batean egina.
Sudur sotil grekoak aristokrazia puntta bat ematen zion. Haren begi gris handiek bi bepuru mehetan uztartuta, kutxatxo batean gordetako bi harri bitxi ziruditen. Begi lirain, zoli haiek zorrotz ziren, sakon; ohi ez bezalako buru azkarra erakusten zuten.
Aretoan sartu eta xapaldan hobeki egongo zirelakoan hara ziren. Neskatxak esertzeko keinu egin zion eta barkamena eskatu ondoren ezkutatu egin zen laster etortzekotan.
Toki zoragarrian egina zegoen "Lorategia". Bazter zabalak begiztatzen ziren handik. Etxea lorez, belardiz eta zuhaitzez inguraturik zegoen.
Beherago hiruzpalau etxe zuri, beren baratze eta lurralde loretsuekin. Harantzago itsaso mugagabea bere magalean ontziak laztantzen zituela.
Neskamea «Amontillado» bonbilatxo batekin itzuli zen eta jateko zizka-mizka batzuekin. Beste ohe sare batean eseri zen.
«Eskerrik asko» esan zion Bidartek. Neskameari irribarre triste bat loratu zitzaion ezpainetan. Baina gero berriz mutur.
Hizketan hasi ziren. Zorionek Errosario anderearen heriotzako berri guztiak zekizkien, Lorek esanda. Jon Bidart detektibea galdera batzuk egitera etorriko zitzaiola honek berak abisatu omen zuen aurretik. Bidart nahiko harritu zen hau entzunda. Nondik zekien Lorek honen berri? Detektibeak berak inori ez baitzion esan neskamea ikustera etorriko zenik.
Jakina, Iker Sarasketak esango zion bere emazteari biok izan zuten elkarrizketaren gorabehera, baina nola bururatu zitzaion Loreri galdeketan Zorionekin hasiko zela? Eta zergatik abisatu zuen? Harrigarria, zinez, emakume hura...
Zorion Epelde hizketan hasi zen. Beste astebete bat egingo omen zuen «Lorategin», Lorek etxe hartako xehetasunak ikasi arte. Hori eskatu omen zion Lorek berak. Gero ez omen zuen bere beharrik gehiago izango.
Bere betiko neskameak omen zituen eta haiekin aski omen zuen. Esan omen zion bai, nahi izanez gero, han gelditzeko... baina nola esan zion?... nolako doinutan?
Bezperan Lore eta Emiliana han izan omen ziren etxeko zoko-moko guztiak aztertzen, Errosario anderearen eraztuna aurkitzen ote zuten. Dena alferrik!
«Heriotza egunean etxean zer edo zer peitu al zen, gauzaren bat ezkutatu al zen?» galdetu zion Bidartek. Ezetz. Ez etxean, ez bestela ere ez omen zuten ezer eraman, eraztuna baino. «Eta gero? Azken lau egunotan, esan nahi dut». «Nik dakidanez ez».
«Balio gutxiko gauzaren bat edo...».
«Ez dut ezeren faltarik sumatu».
Alde honetatik ez zen lapurra kanpotarra edo senidekoren bat ote zen jakiteko argibide zuzenik.
Kanpoko lapur bat izanda, eraztuna ikusiz gero, ez zen harritzekoa hartaz zorabiatzea, eraztun hark zenbaterainoko balioa zeukan lehendabiziko begiratuan ikusten baitzen. Gainera Donostia osoan ezagun zen Errosario anderea bere bitxi garestien zaletasunaz.
Baina lapurren bat heriogilea izan zitekeela eta, hori ez zen nahikoa ahaidekoen zuzentasuna ikusteko.
Heriotzaren arrazoi bat bilatu behar zen, eta hain zuzen ere Sarasketatar guztiengan aurkitu zitekeen arrazoi hori. Denak ama-amonaren heriotzaz diru mordoa jaso baitzuten. Baina zergatik ez itxaron berez hil arte... ? Hau ere ilun zegoen.
«Etsairik ba al zuen Errosario andereak?» jarraitu zitzaion Bidart, ardoari xurrupa tipi bat egin ondoren.
«Ez dut uste. Nik behintzat ez dakit. Ez dut holakorik ezer entzun. Adiskideak, berriz, anitz».
Galdera guztietarako oso ederki gerturik zegoen neskatxa hura. Agudo konturatu zen Bidart honetaz. Erantzunak laburki ematen zituen, zalantzarik gabe, maisuari buruz ongi ikasitako lezioa ematen zaion bezala.
Baina detektibea ez zen ume zapo gorri. Ez horixe! Ohituta zegoen holako kristauekin hitz egiten. Hemen ziri, han ziri, nondik edo handik aterako zizkion behar zituen argitasun guztiak.
Heriotza aurreko egunetan susmo txarrekoren bat ez ote zen agertu «Lorategi» landetxean galdetu zion. Ezetz! Beti bezala bizpahiru eskale, esneduna eta oso ezagunak zituzten diru biltzaile batzuek.
«Larunbat arratsaldean kanpoan zinela uste dut, ez da?». Neskatxaren ezpainetatik ez zen «bai» labur, lehor bat baizik atera.
«Noiz ikusi zenuen azkeneko aldiz bizirik zure etxekoandrea?».
«Ordu bata t'erdiak inguruan, "Lorategi"tik irten baino urte bat lehentxeago. Beti bezala Errosario anderea eta biok batera bazkaldu genuen. Gero baxerak egin eta arratsalderako kafea paratu eta labean sartu nuen. Jantziak aldatu, anderea agurtu eta hirira jaitsi nintzen».
«Zein ordutan etorri zinen Lorategira atzera?».
«Zazpietan edo... Larunbatetan beti zazpi t'erdiak arte libre izaten nuen».
«Donostiara jaitsi zinela diozu. Zer egin zenuen han?». «Arratsalde osoa nire ahizparenean igaro nuen...». «Noiz irten zinen handik?».
Sei t'erdietan, gutxi gora behera». «Non bizi da zure ahizpa?».
Egaña kalean, 21. zenbakian. Ezkonduta dago. Agustin
Urbieta du bere gizona».
«Zure ahizpari esan al diozu Errosario anderea nola hil zen,... norbaitek hil zuela, alegia?». «Ez. Ezta hitzik ere!».
«Eta beste norbaiti».
«Inori ere ez».
Sendagileak heriotzaren berri eman zuenean, ate ondoan entzuten zergatik gelditu zen galdetzeko gogoak eman zion Bidarti. Baina alferrikako galdera zenez gero, baztertu egin zuen.
Hizketako gaia aldatu zuen.
«Noiztik zaude hemen Lorategin?».
«Zazpi urte dira hona etorri nintzela... Ez, ez. Orduan 15 urte soilik nituen. Goizetan bakarrik gelditzen nintzen mandatuak eta egiteko. Sukaldean eta garbiketan ere laguntzen nion Anita, orduko neskameari.
Gero Anita gaixotu egin zen eta Errosario andereak deitu egin ninduen. Mesedez, bere zerbitzuan egun osorako geldituko ote nintzen. Gurasoei baimena eskatu ondoren, baietz esan nion».
«Barka, baina, zein asmo daukazu etorkizunerako?». «Ez nago seguru. Ez litzaidake gustatuko berriz ere neskame joatea, ordea».
Bidartek buruz onespen keinu bat egin zion.
«Ongi ezagutzen al dituzu Sarasketarrak?» galdetu zion detektibeak. Korapiloa askatzeko ahal zen hari muturrari heldu behar.
«Bai. Hots, ez dakit... hemen sarritan izaten ziren baina...
Jakina, Errosario anderea ezagutzen nuen ongien. Besteak hemengo bilera eta elkarregunetan erakusten zituzten aldarteen arabera».
«Errosario anderearen izaera gogorra iruditzen al zitzaizun?».
«Bai eta ez. Ongi tratatuz gero leuna eta eztia zen. Nik sekula ez nuen harekin haserrerik ukan».
«Beste askok ez du hori esaten, bada. Errosario andereak petrala eta agintzalearen izena zuen».
«Nahi eta nahiez izan behar sarritan. Sarasketatar guztiak haren diruaren atzetik baitzebiltzan. Beno, denak ez...». «Nor zen, bada, ez zebilena?». «Ez dakit, ez dakit, ez du inportantziarik».
Nabarmen zen neskatxa hark ematen zuen baino gehiago bazekiela. Helduko zen garaia alde honetatik berriz zirikatzeko.
«Nolakoa iruditzen zaizu Iker Argarate?».
«Gizon atsegina, berez... baina bere burges irizkiei zeharo atxikia. Horietatik ateratzea baino nahiago luke hiltzea...». «Edo beste norbait hiltzea», pentsatu zuen bere baitan
Bidartek.
«Zertan da ba horren amoregaitza?».
«Denetan» erantzun zuen neskameak etsi etsian, han dudatzeko arrazoirik ez balego bezala.
«Ongi etortzen al zen bere amarekin?».
«Kanpotik ikusita bai... baina. Ez dakit. Beti iruditu zitzaidan ama-semeak baino, edukazioz ongi datozen bi kristau arrotz zirela. Bihotz maitasunik... ez».
«Azken denboretan bien artean eztabaidarik edo horren antzekorik izan al zen?».
«Ez. Ez dut uste».
«Ba al zekiten Sarasketatarrek beren amaren testamentuaren berririk?».
Neskatxaren begietan zalantza izpi bat ikusi zuen.
«Ez izan beldurrik dakizuna esaten», lagundu zion Bidartek. «Nire lana ez da familia nahastea, egia aurkitzea baizik. Eta hori ahal den modurik onenean. Hobe duzu gauzak niri esatea, poliziari baino...».
«Errosario andereak testamentua isilean egin zuela banekien nik. Testamentua egin zuela eta inori ez ziola erakutsi nahi, esan zidan behin, bestela bere bizitzako azken urteetan bakerik ez zuela izango eta... Badakizu denak ez direla konforme izaten».
«Halaxe da» erantzun zion Bidartek. Neskatxa gehiago argitu zen.
«Dena den dela, Errosario andereak testamentuaren kopia bat bazuen bere gelan giltzapean. Orain hiru urte Madrilera joan behar izan zuen diru arazo batzuen kontuak konpontzera.
Haietako egun batean Julen, bere seme gazteena hemen izan zen. Bere amari paper batzuk utzi zizkiola eta behar beharrezkoak zituela esan zidan.
Nik orduan bere amaren giltzak eman nizkion eta testamentua irakurri zuela ziur nago. Nire ustetan paperak hartu behar hura dena, testamentua ikusteko aitzakia bat besterik ez zen izan»,
«Eta Julenek testamentua ikusi zuela nola dakizu?».
«Gutunketariak ekarritako eskutitz batzuk uzteko aitzakiaz neu ustekabean anderearen gelan sartu nintzelako eta Julen testamentua irakurtzen ikusi nuelako... Ni ikusita oso urduri jarri zen eta bere paperak ez zituela aurkitzen eta... ez dakit zenbat hitz totel jaulki zitzaion».
«Eta ziur zaude testamentua irakurtzen ziharduela?».
Neskatxa bat-batean anpolari gorria baino gorriago gelditu zen. Oso ederki ematen zion gorriak eta are ederrago iruditu zitzaion Bidarti.
«Ulertzen dut, andereño», esan zion gauzak goxatzeko, «Errosario andereak zugan konfiantza handia izan behar zuela.
Zuk hura maite zenuen eta ezbairik gabe baita hark zu ere. Badakit emakume zaharrek beren bakardadean norbait behar dute. Ia kolkoan dituzten kezkak arintzeko. Normala da... Eta, jakina zuk testamentua ezagutzen zenuen;... eta norbaiti esan al zenion?».
«Nik... ez. Ez Jauna, inori. Benetan, nik...».
Bidarten begi urdinek zorrotz begiratzen zioten. Hitz haietan ez zegoen sinesmen handirik. Gezurrak zainak labur baina hobe zen sinetsiarena egitea.
«Eta zer deritzozu Loreri?». Bidart inbidiaz zegoen neskatxak zer erantzungo ote zion jakiteko.
«Bere gizona bezain haizetsu da. Seinale da lapiko beretik jaten dutela. Gainera semearen ona bilatzen duela ari da esaten beti. Baina... horrek euskara errazean semeak amaren nahi eta desio guztiak bete behar dituela esan nahi du».
«Gotzon hain guria al da?».
Neskatxa izpiño bat gorritu zen eta galde-begiratu bat egin zion detektibeari.
«Gotzonek mutil zintzoa dirudi nahiz eta askotan kemen guti izan...».
«Andregairik ez omen du» gaineratu zion Bidartek. «Hori ere mutilaren belaxkagatik izan daiteke...».
Zorionek begiak apaldu egin zituen minduta bezala. Baina ez zegoen lurrera begira; begiak galduta zeuzkan urrutiko pentsamenduetan.
Harritzekoa neskatxa batek andregai konturik aipatu nahi ez izatea. Besteak ez bezalako neskatxa zen Zorion hura!
«Egia al da Errosariok Lore baino Emiliana maiteago zuela?».
«Bai. Errosario andereari ez zitzaion atsegin bere ondoan emakume harrozkoak izatea... Garai batean Lore ia beti eztitsu agertu zitzaion. Baina andereak laster antzeman zion zeren bila zebilen... Emiliana berriz horren isila denez gero gogokoago zuen».
«Zergatik haserretu ziren Errosario eta Lore?».
«Ez dakit zergatik... Zeharo gaitzitu zirela bakarrik dakit nik. Eta ordutik ez ziren ongi elkartu. Testamentuan ezer ez diola utzi, badakizu noski!».
Baietz erantzun zion Bidartek, ahots isilez. Urrutietan, itsas ertzean ikusten zen txalupa batetik begiak kendu gabe itaundu zion:
«Zu oso ongi konpontzen zinen Errosario anderearekin, ez da?».
Neskaren ezpainetan arantza arrosaren antzeko irriño mingots bat agertu zen.
«Ni zozoa naizenez gero... ongi konpontzen naiz ia guztiekin. Areago Errosario anderearekin. Niretzat beti izan zen onbera».
«Eta Julen eta Emilianaren semea?».
«Iñaki? Gaingiroki bakarrik ezagutzen dut. Baina mutil jatorra iruditzen zait. Atsegina, ongi hazia, isila bere ama bezala. Halere, entzun dudanez, antzetsu da aldizkarietan idazten».
«Eta bere arreba?».
Zorionek nazka-keinu bat egin zuen.
«Neskatxa higuingarri eta txepela, haizeak darabilen orbela bezalakoa. Beti modako jirabiran ibili behar. Kemenik ez duenik ez nuke esango... nahi duenerako, jakina.
Baina Sarasketatar guztien artean bera ergelena dela... diote. Ni, bordako alaba naizelako, beti gutietsi nau. Gutxitan mintzo ohi da nirekin, baina beti ezer ez dakien arlote batekin bezala».
«Oso azalez ezagutzen zaitu orduan».
Zorrotz begiratu zion neskameak. Baina Bidarten begietan ez zen irrizurik ikusten.
«Zu legegizon zara, ezta?».
«Bai».
«Egia al da zuzenbide karrera hori denetan errazena dela?».
Bidartek gogotik barre egin zuen. Baina neskatxari graziarik ez ziola egiten ikusita berehala jarri zen serio.
«Badakit bai; askoren ustez beste ezertarako balio ez dutenek legeak ikasten dituzte. Baina ez da hori egia. Zuzenbidea beste edozein karrera bezala, zintzo ikasiz gero, erraz samar ikasten da, noski. Gainera, lege ikasketak dira gizonaren alderdi guztiak ongien osatzen dituen karrera. Zergatik galdetu didazu hori?».
«Ba, ba... ezergatik ez».
Denbora aurrera zihoan. Bidartek beste itaun batzuk ere egin zizkion. Iñaki eta Gotzon oso lagun omen ziren. Inoiz haserrerik ez; anaiak bezala jokatzen omen ziren, beti elkar defenditzen.
Julenek eta ama zenak harreman bihoztiak omen zituzten; halere, hark jokorako zuen zaletasunagatik, behin baino gehiagotan, haserretu egin omen zitzaion ama. Julen gizon diru zalea eta diru xahutzailea omen zen. Nola irabazi, hala irazi.
Sarasketatarren bi sendiak ongi konpontzen omen ziren, batez ere kanpoan agertzen zirenean. Ez zitzaien atsegin maxiatzaileei Sarasketatarren izena zikintzeko aitzakiarik ematea.
Aldirako gehiago galdetzeko ez zegoela eta Jonek zutitu eta legezko agurrak egin zizkion. Adiskide samar urrundu ziren biak.
Baina neskatxa zer edo zerk kezkatzen zuela garbi zegoen. Haren begietan berriz ere beldurra ikusi zuen Bidartek. Norena...? Zerena...?
© Gotzon Garate