AHO ESTALIAN
EZ SARTZEN EULIRIK
Ikerrek biharamunean urrutizkinez hitz egin zion Jon Bidarti. Garibai kalean zeukan langelara, arren etortzeko!
Goizeko hamaiketan han zegoen Jon ate joka. Idazkari batek ireki zion nagusiaren gela. Bidart sartzerakoan, Iker Sarasketa zutitu egin zen. Ikusi hutsez bakarrik ezagutzen zuten elkar.
Notarioa hurbiletik ikusita, gizon begikoa egin zitzaion detektibeari. Sarasketaren aurpegi borobilak, haren begi alaiak gizonaren onginahia salatzen zuten.
Arauzko agurrak egin ondoren, biak eseri ziren.
«Horra zertarako deitu zaitudan. Atzo, badaezpada ere, ez nizun urrutizkinez neure hizpidearen berri eman».
«Zer edo zer sumatzen dut, baina...».
Notarioa gogaketan bezala gelditu zen. Kokotsa ezkerreko erpuruaren eta bigarren eriaren artean jarri zuen; hizketan hasi baino lehen gauzak ongi hausnartu behar.
Goitik behera begiratu zion Bidarti. Haren itxurak bete egiten zuen. Ez zen 35 urte baino zaharragoa, noski. Mutil tantai eta mardula, alazankoa!
Hazpegi oso finak zituen eta adoretsuak. Baina batez ere begiak: hura begien ederra! Urdin alai-distirak ziren, detektibearen izate osoari itxura bihozti eta atsegina ematen ziotenak.
Bazekien gero bere ile beltz ugaria apaintzen ere; atzerantz orrazten zuen eta bekoki aldean galdotz handi bat zeukan. Oso egoki egindako soineko arrea zeraman.
Lehen ere ikusita zuen Sarasketak bai egunkarietan baita Donostiako kaleetan ere, baina orduan aurrean ikustean, mutil sendo haren soinaldea bikaina baino bikainago begitantzen zitzaion.
«Arrazoia zian bai On Jazintok», esan zuen bere baitan. «Ikusi orduko bihotza irabazten duten gizakume horietakoa duk hau».
«On Jazintok gure amaren heriotzaz hitz egin zizun, ez da?» ekin zion berriz ere Sarasketak.
«Bai. Larunbat arratsaldean hark hots eginda, «Lorategira» nintzen... Ez, ezer ez. Arrastoren bila ibili nintzen baina ez nuen gauza handirik atera».
«Baina abarken aztarrenik aurkitu omen zenuen!».
«Bai, aulki bateraino zihoazen abarka aztarrenak eta oin biren arrastoa. Aulki gainean «Donostiako Berriak» egunkaria zegoen».
«Orduan bi xehetasunen jabe bagara. Amona aulkian periodikoa irakurtzen ari zela eta gizonezkoren batek askara eraman zuela...».
«Lehengoarekin bat nator. Hala dirudi behintzat. Baina kontuz bigarrenarekin. Gizonezkoren batek eraman zuela ez dago hain garbi. Emakumeek ere jantzi litzateke abarkak eta».
«Bada ...arrazoia duzu. Baina inola ere ezin dut sinetsi emakume batek gure ama hil duenik».
«Mundu honetan hori baino gauza harrigarriagoak ikusten ohituta nago ni», erantzun zion Bidartek. «Emakumeak beren senarra eta haurrak hiltzeko gauza baldin badira, ez harri beste kristauak ere hiltzeaz.
Baina utz ditzagun alde batera solas hauek eta goazen geure harira. Jakin al liteke zertara deitu nauzun?».
Iker urduri eserlekuan higitu zen.
«Atzo ahaidekoek arazo hau zure eskuetan jartzea erabaki genuen... gaizkilea aurkitzearena, alegia».
Isilaldi bat izan zen. Bidart gogoetatsu jarri zen. Iker begira-begira geratu zitzaion, erantzunaren zain.
«Ederki», ihardetsi zion detektibeak, begi erdi itxiak Sarasketarengana zuzendurik.
«Nork daki benetan zuen ama nola hil zen?».
«Gure senide guztiez gainera, On Jazintok, gure etxeko sendagileak, bere bi lagunek, eta... Zorion neskameak, uste dut. Guztiok zure mende gaude, zer edo zer galdetu nahi baduzu».
«Zergatik uste duzu neskameak ere badakiela?».
On Jazinto heriotzaren egiazko argibideak ematen ari zela, Zorion neskamea konorterik gabe nola erori zen azaldu zion Sarasketak.
Jon Bidart berriro hausnartzen gelditu zen une batez. Galderarik jasotzen ez zuela eta, Sarasketa jarraitu zitzaion.
«Jauna, orain lagunartean bezala... Norbaiten susmo txarrik ba al duzu?».
Galdera inozo hark Bidarti ia beti barregura eman ohi zion. Berak ere sarritan egin behar izaten baitzuen. Berriz ere Sarasketari begira gelditu zitzaion.
Gorputzez potoloa zen Iker Sarasketa hura. Bai, lehenengo begiraldian ona, onegia, geldo antzekoa ematen zuen. «Itxurak maiz engainagarriak», pentsatu zuen bere baitan detektibeak.
Baina, egiatan, horren xaloa al zen Sarasketatarren anaia zaharrena? Bazekien behintzat, besteei entzuten zegoenean, arduragabeko aurpegia jartzen. Erantzuterakoan ordea, xehetasun guztiak ongi aditu zituela erakusten zuen.
Tarrapatarik gabe hitz egiten eta hitz bakoitzari bere indarra ematen ere ez zion inork eramango.
«Galdera hori hamaika aldiz entzun ukan dut eta entzun beharko dut gerogarrenean ere, biziko naizen arte» erantzun zion detektibeak irribarrez.
«Gehienetan gezur edo egia erdi batez erantzun behar izaten dut. Heriotza gehienetan, bat-batean norbaiti susmo txarra hartzen diozu. Hain zuzen ere, hasieran susmo txarra hartu diozun kristau hori errugabea izaten da ia beti.
Baina oraingo honetan egia osoa esango dizut: ez dut astirik izan inorentzat irudipen txarrik hartzeko».
«Ez, barka. Ez noa horretara», eten zion hizketa Sarasketak. «Hiltzailea gure ahaidekoren bat ala bestelako ezezagunen bat ote den galdetu nahi nizun. Hau da guztiok geure buruei egiten diegun galdera, garbi agertzen inor ez ausartu arren».
«A, hori beste koska da. Nik ere pitin bar irauli dut galdera hori neure kolkoan. Zuetako inork abarkarik janzten al du?».
«Ez, inork ez».
«Jakina, azaletik begiratuta behintzat, abarken arrastoek gaizkilea kanpokoa dela adierazten dute. Dena dela, oraindik ez naiz hasi lanean eta ezin esan!».
«Noiz hasiko zara, bada?».
«Etzi. Gaur eta bihar zeharo lanpetuta egongo naiz».
«Ederki. Zer esanik ez, diru eralgitze guztiak gure bizkar izango dira eta horretaz gainera berrehun mila laurleko jasoko dituzu. Hurrengo bi hilabetetan erailea harrapa edo aurki bazeneza, beste horrenbeste saritzat... Ez, ez da nire burubidea. Gure seme Gotzonek horrela erabaki du» erantsi zion irribarrez, semeaz harrotzen zela estali ezinik.
«Eskerrik asko. Ahaleginak egingo ditut. Eta orain, arren, galdera batzuk egin nahi nizkizuke. Zu izan zinen amaren gorputza askan aurkitu zuena, ez da?».
«Bai».
«Zergatik joan zinen larunbatean "Lorategira"? Ohitura al zenuen bada larunbatero hara joateko?».
«Ez, aurreko egunean amak berak eskatuta joan nintzen».
«Barka, baina... zertara?».
«Nik galdetu arren, ez zidan esan. Biharamunean azalduko zidala agindu zidan. Beraz, larunbat arratsaldean joango nintzelako hitza eman nion».
«Eta bete egin zenuen! Arren, esazkidazu zehetasun guziak. Zu ni bezala legegizon zara. Badakizu mataza hariltzeko hari-muturretik hasi behar dela».
«Bai, bai. Neronek ere horrelako galderak egin behar izaten ditut. Bada, begira. Larunbatean hamabi t'erdietan hortxe-hortxe, bazkaltzen hasi ginen».
«Nortzuk?».
«Emaztea, Gotzon gure semea eta hirurok. Kafea hartu eta bazkalondoko berriketalditxoa egin... eta ordu bata t'erdiak jo berri samarrak ziren etxetik irten nintzenean. Eguraldi ona zela eta amarengana joan baino lehen autoz ibilaldi bat egitea erabaki nuen».
«Zenbat automobil daukazue?».
Iker pixka bat harritu zen galdera hartaz, baina txeraz erantzun zion: «Hiru... bai, denok dakigu gidatzen eta sarritan guztiok toki berera joan nahi izaten ez dugulako, sakabanatu egiten gara, nor bere gogarako lekura.
Batez ere nire emazte Loreri izugarri atsegin zaio autoz ibiltzea... Ez harri! Artean gaztetxo zela, nonbait Eibarren Ford baten jabe egin zen eta hamalau urterekin beribila erabiltzen ikasi omen zuen».
«Eta noranahi bakarrik joaten al da?».
«Bai horixe! Euskal Herria, luze-zabalean inork baino hobeki ezagutzen du. Baina batez ere Frantzia aldera joatea zaio atsegin. Donostia baino Miarritz maiteago duela dio. Eta nik ez dakit nola konpontzen den, baina beti aurkitzen du lagunen bat, bakarrik ez joateko. Bakarrik ibiltzea oso aspergarri omen zaio».
«Litekeena da», pentsatu zuen Bidartek eta txindurrituta zeukan eskuineko zangoa igurtzika hasi zen.
«Gogora ezazu», gaineratu zion Sarasketak irribarrez, «emakume buru-azkar batek hitzik egin gabe egon behar hori... Halere, Lorek dio, ez duela inoren beharrik munduan barna ibiltzeko...».
Sarasketaren lasaitasuna ikusita, Bidarti ere aldarte ona areagotzen ari zitzaion.
«Hots, haritik irten gara. Zer esaten ari nintzen ere burutik joan zait. A, bai. Ordu bata t'erdiak jotxoak zirela beribilera nintzanerako.
Hernani aldera jo nuen baina ez nintzen bertaraino heldu. Honantzaxeagoko baserri-bide batean gora ekin nion. Beribiletik irten, zelai batean sartu, belar gainean lasai etzan eta lo kuluxka bat egin nuen. Iratzarri nintzenean egunkaria hartu eta pixka bat irakurri nuen. Gero Lorategirantz itzuli nintzen».
«Barka, Jauna. Zelaian edo bestela joan-etorri horretan norbaitek ikusi al zintuen?».
«Ez dut uste... Jakina, nire ondotik beribil asko igaro zen. Baina es dakit inor ohar zitekeenik».
«Ez dio axola», lagundu zion Jonek. «Aurrera!».
«Bost t'erdietan iritsi nintzen Lorategira».
Elebidearen une honetara heldu zenean bekokia zimurtu eta hitzak totel eta indarka bezala jalki zitzaizkion.
«Ohitura nuenez zuzenean etxera joan nintzen amarengana. Atea irekita zegoen. Egongelara sartu nintzen. Han ez zegoen. Gero sukaldera. Ezta ere. Oihu egin nion. Gero Zorion neskameari. Berehala gogora zitzaidan neskameak bere opor-eguna zuela eta ama baratzean edo egon zitekeela.
Baratzeko bazterrak arakatu nituen. Arrastorik ez. Etxe atzeko muinotxora igo nintzen eta han, zuk ezagutzen duzun aulki haren gainean nik ere «Donostiako Berriak» egunkaria ikusi nuen. Egun hartakoa zen: larunbata, abuztuak 7. Ez zegoen ezbairik, ama han izana zen. «Adiskideren bat ikustera irtengo zian», bururatu zitzaidan.
Hori gogoan nuela askaren albotik igaro nintzen. Bat-batean askan dunbuilo luze beltz bat begiz jo nuen. Hurbildu eta ikara batek astindu ninduen burutik oinetaraino. Gure ama zen. Ahozpez zegoen ur-azalean, ilea nahastuta... urbelarrez erdi estalia. Beste munduko bat zirudien».
Bidartek arretaz eta itzal handiz entzuten zion guztia.
«Lehendabiziko bihotz ikara igaro zitzaidanean uretan sartu nintzen, jantzi eta guzti. Gorputza urmaeletik atera eta belar gainean etzanda jarri nuen. Neure txamarreta burupean ezarri nion. Begiak ireki nizkion. Eskumuturrean odol-takatekoak neurtu. Ez zen zalantzarik. Ama hila zegoen.
Badaezpadan ere ahoz aho arnasa egin nion. Dena alferrik. Etxe barnera sartu eta On Jazinto urrutizkinez deitu nuen. Handik laurden batera Lorategin zen. Gainerakoa ongi dazaguzu».
«Ziur zaude, beraz, ama askatik atera zenuenean bila zegoela?».
«Zalantza izpirik gabe. Gerra denboran hamaika hildako ikusi behar ukan nuen. Gainera On Jazintok eta beste sendagile biek ama hiru t'erdietatik lau t'erdietarainoko bitarte horretan hila zela esan zuten. Eta ni bost t'erdietan heldu nintzen «Lorategi»ra.
«Bai, arrazoia duzu. Hau garrantzi handiko xehetasuna dugu... bestela beste galdera batzuetara jo beharko genuen. Ez al zaizu hori buruan jaio?
Ba oso erraza da... zuen amak konortea galdu zuela eta, horra egokiera ezin hobea bere bihotza zulatzeko... Ez, ez naiz zutaz ari. On Jazintori hots egitera urrundu zinenean gorputza bakarrik utzi zenuen, ez al da ala? Ba, une hartan edonork zakail zezakeen haren gorputza. Edo geroago... On Jazintok berberak gorputza aztertzen bakarrik gelditu zenean».
«Tira! Sinesgaitz da hori!».
«Bai, bai... Baina bidean aurrera garbi joan behar dugu, gero alferrikako nahasketak ez egiteko. Eta orain beste galdera: arren, esango al didazu amonaren ondasunak norentzat gelditu diren?».
Sarasketak xeheki azken-nahiaren berri eman zion. Bidartek hitzik galdu gabe entzun ere. «Eta hilburuko hori amona hil baino lehenago ezagutzen al zenuten?».
«Eee... ez! Ezer guti. Noiz behinka zer edo zer, hitzerdiren bat edo aipatu ohi zuen: bere ondasunak gure artean banatuko zituela. Zorioni ere zerbait utziko ziola... beste argitasunik ez. Harritzen al zara?...
Bai, ni notari naiz, baina gure ama orain duela bost bat urte testamentua egin baino pixka bat lehenago nire emazte Lorekin biziki haserretu zen. Emakumeen zimak! Orduan nire emazteari ezer ez emateko asmoa hartu zuen. Harrez gero ez zuen nirekin testamenturik egin nahi izan. Gure amak holakoxe aldarteak izaten zituen».
«Eta Julenek, zure anaiak edo beste norbaitek ba al zekien testamentuaren berririk?
«Ez dut uste. Jakina, notarioak eta bai. Baliteke nire amak bere Aita Zuzendariari, on Frantzisko delako bati zer edo zer esatea. Baina ziur ez dakit. On Frantzisko horrekin uste osoa zuen gure amak».
«Zure emaztea eta zure ama haserrean bizi izan al ziren geroenean azkenera arte?».
«Azalez behintzat bakeak egin zituzten. Badakizu, emakumeen gorrotoak ez dira borren sakonak eta iraunkorrak izaten. Barkamena eskatuz gero, berehala beraxten dira. Emakumeen bihotza biguna da; bular azpian dute eta».
Bidartek barre egin zuen.
«Zergatik diozu, bada, "azalez"?».
«Gure amak horrez gero testamentua aldatu ez zuelako. Esan dizut, bada, nire emazteak ez duela hilburukotik txakur txiki bat bera ere jaso».
«Horregatik haserre al dago?».
«Batere ez. Batetik Lorategi nik neureganatu dudalako. Etxe horretxen irrikaz nuen emaztea. Bestetik Gotzonek testamentuaren zatirik bikainena jaso duelako. Nik esango nuke... Lorek ezer ez hartzea ongi etorri zaigula denoi. Horrela nire anaia eta etsiago gelditu dira... Iñaki eta Itziar Gotzonen aldean baztertuta gelditu baitira, esate baterako».
«Hobe horrela. Sarritan testamentuak familiak banatzeko biderik onena izan ohi dira».
Minutu erdi bateko isila izan zen gero.
«Zein adinekoa zen zure ama?», galdetu zion detektibeak hizketa aldatuz.
«Maiatzean 74 urte beteko zituen».
«Eta aspaldi hil al zen zuen aita?».
Aitaren izena entzunda, begiak lausotu egin zitzaizkion Ikerri. Urrutira begira gelditu zen, aspaldiko oroitzapena zehazki bururatu nahirik.
«Orain zazpi urte».
«Barka, ez zintudan nire galderaz mindu nahi», esan zuen Bidartek Ikerren larria ikusi eta bere burua zuritzeko.
«Hain gaizki gordetzen al ditut, bada, neure sentimenduak? erantzun zion notarioak. Irribarre ilun bat zeukan ezpainetan.
«Zergatik gorde behar ditugu gure sentimenduak?» galdetu zion detektibeak. Eta erantzunaren zain egon gabe gaineratu zuen: «Emakumeei beren aurpegi zimurrak ezkutatzen dituztelako barre egiten diegu... Hobeak al gara gu, gizonezkook, geure sentimenduak agertzen lotsatzen garenean?».
Ikerrek gogo txarrez esan zituen hurrengo hitzak:
«Ia ez dut ezagutu aita...».
Bidartek isilik iraun zuen hitzik atera gabe. Aurpegia serio-serio zuen, baina begiak alai, solaskideari bere barrua hustera lagundu nahi balio bezala.
«Donostian ez da hau ez dakienik. Nik bost urte nituenean eta Julenek hiru, gure aitak alde egin zuen Filipinetara. Gure amarekin ez zen ongi etortzen. Ez zen harritzekoa. Burubide askotan oso ezberdinak omen ziren.
Gure ama oso elizkoia zen. Familiatik zetorkion hori. Bere neba bat Kamerun-en misiolari izan zen. Aspaldi hila da. Eta ahizpa bat berriz moja. Hiru bat urte dira Bilboko Agustinetan hil zela.
Aita ostera hotza omen zen elizarekiko. Jaiegunetako agindua ere betetzen ez zuena. Hark ere jatorriz zuen hoztasun hori. Gure aitona zenak diru arazo batzuk zirela eta egundoko haserrea izan omen zuen apaiz batekin. Geroztik ez omen zuen elizan hankarik sartu».
«Gauza polita diru-gose den apaiza!».
«Gure amak ez zuen jakin gure aitaren gizabidea otzanki eramaten. Senarrari baketan utzi eta maitasunez hartu beharrean, errietaz asperrarazten zuen. Gure ama ona zen, baina berekoia. Gauzek bere nahiera makurtu behar zuten.
Etxeko bizitza gaizkiagotuz joan zen Julen nire anaiaren jaiotzaz geroztik. Erdiondoko gaitzak jota gure aman odola pozoitu egin zitzaion eta aurpegia pikortaz itsustu. Hil zorian egon arren, azkenean onez atera zen. Betiko galdu zuen, ordea, ordura arte izan zuen edertasuna.
Hori zela medio eta gero etxeko eztabaidengatik gure aitak alde egin zuen».
«Gure» hari doinu berezia eman zion.
«Ez da harritzekoa!» bota zuen detektibeak, buruari batera eta bestera eraginez. Ikerrek ez zion entzun. Bere pentsamenduetan murgildurik zegoen.
«Aita-amak biak ziren aberatsak. Gure aitak alde egin baino lehen Euskal Herrian zeuzkan ondasun guztiak gure amari utzi zizkion.
Toki askotan entzuna dut oso zuzen eta jendekiko zela gure aita. Filipinaserakoan sal-erosketarako behar zituen diru batzuk eraman zituen, besterik ez. Ez dakit zergatikan, baina ziur nago aitarekin ondo etorri izan nintekeela».
Azken esaera hau ia konturatu gabe zitzaion eta Bidartek beste alde batera begiratu zuen baratariari masailetan atera zitzaion gorria ez ikusi-iduria egiteko.
«Ez dut esan nahi amarekin ez nintzela ongi etortzen» gaineratu zuen bere burua zuritu nahirik.
«Ez genuen gure aitaren berri gehiagorik izan, orain duela zazpi urte arte. Aitaren notariok Manilasetik eskutitz bat bidali zigun. Gure aita bil zela eta ia bere ondasun guztien jabe bere emaztea egiten zuela. Handiak ziren. Lurralde asko zeukan, kafe eta azukre alorrak eta Manilasen bertan etxe batzuk. Gure aita ezagutu zutenak lanerako eta diru jardunetarako gizon oso trebea zela diote. Sarasketatarrek lan arazoetarako mendua harengandik hartu dugu» esan zuen atseginez. «Gure ama oso moldagaitz zen diru-kontuetan. Hara gure aitaren argazkia».
Patrikatik diru-zorroa atera zuen. Handik erretratu bat eskuratu eta Bidarti erakutsi zion. Begi-niniak dantzan ari zitzaizkion.
Bidartek ezpainak estutu eta borobildu zituen. «Bikote bikaina benetan!».
Argazkian notarioaren aita-amak zeuden, artean ezkongai zirela, inbidia emateko bezalakoak! Rosariok argizko sorgin bat ematen zuen. Ile hori eder ugaritsua zuen, sorbalda gainean airoski askatua.
Aurpegian ez zeukan gero itsusi egingo zuen zarpuiloa. Larmintza fina eta hazpegi garbi eta dotoreak ikusten zitzaizkion. Haren itxura osoa izua eta apala erakusten zituen, gero ezkondu ondoren inoiz erakutsi ez omen zituenak.
Senargaia ez zen itsusiago. Mutil eder galanta zen, errotsua, hile motz kizkurduna. Eskuak ipur gainean jarrita zeuzkan eta bularra aterata, tente-tente, etorkizunari begira bezala.
Argazki horren azpian «ezkongai zoriontsuak» idatz zitekeen.
«Hots», esan zuen Bidartek alabantza batzuk bota eta erlojuari begiratu ondoren, «gaurkoz aski dela uste dut. Oso atsegin izan zait zurekin hitz egitea. Orain joan beharra dut...».
Elkarri agur bero egin eta berriz ere lehengo neskatxak kalerako atea ireki zion.
Egun zoragarria zen. Halere lantegiak mehatxuka zeudela ematen zuen tximinietako keaz beren kezkak zeru urdinean idazten.
Bidartek nazka hartua zion aspalditik ke hari. Aurrerapenaren lerde zikina zen hura, gizonari azken bazterretaraino ere segituko zitzaiona.
Baina ez zen zeru-lurretako lohia bakarrik. Gizonen artean ere bazen likiskeria. Eta berari, hain zuzen ere, garbitzeko lanak tokatu zitzaizkion. Zikina gizartetik kentzen jardun behar. Ez al zen bera ere eginkizun hartan goiz edo berandu zikindu egingo?
Horrelako gogoetarik asko egiten zuen Bidartek. Baina arestian izandako elkarrizketa iraultzeari ekin zion kotxez bere etxerantz joan bitartean.
Sarasketatar anaia zaharrenak aita bihotzez maite ukan zuela garbi ageri zen. Eta bere ama?
Gorputz atal bat galtzen denean, besteek indar handiago hartzen dute. Begi bat galduz, bestea bizkortzenago da.
Iker Sarasketaren aitarenganako maitasun oldartsu hark amarenganakoa galdua zuela ez al zuen erakusten? Izan ere, amaren erruz ez al zen ume-umetatik aitaz gabetua izan?
Gorroto hartu al zion amari? Norainokoa? Urak bezala, gorrotoak ere pikardi galantak egin ohi ditu, gainezka egiten duenean...
© Gotzon Garate